AT/OIL Egitaraua Zientzia eta Teknikaren azaroko alean aurkeztu genuen, proiektuaren oinarria aditzera emanez. Enpresetan ingurugiro-egoera zein den jakiteko eta arazoei konponbidea bilatzen hasteko metodologia da funtsean Egitarau honek eskaintzen duena, sindikatu eta langileen laguntza oinarri duelarik. Gipuzkoako Itziarreko Poligono Industrialean Egitarauaren atal bat burutu da (estatu-mailako proiektua baita hau), disolbatzaileen ingurukoa, hain zuzen ere.
Aldi berean, Suedian ere bertako sindikatuek bultzatuta antzeko egitaraua burutu da, Volvo eta beste enpresa batzuetan. Emaitzak, ordea, oso desberdinak izan dira bi tokiotan eta aitortu egin behar da Suedian askoz aurreratuagoak daudela kontu hauetan. Arrazoia kontzientzia ekologikoa Suediako gizartean oso sustraitua egotea da, salbuespenak salbu, ezin baita ahaztu Boliden enpresa suediarrak Doñana inguruan egindako aldrebeskeria.
Itziarren landutako proposamenak langilegoaren ezagupen eta ohiturak areagotzeko bakarrik egin diren bitartean, Egitaraua aplikatu den Suediako enpresetan produktuetan aldaketa galantak proposatzen ari dira jada. Esaterako, disolbatzaileak erabiltzen dituzten Suediako enpresa ia gehienek (% 90 inguru) disolbatzaile-oinarria duten pinturak ur-oinarria duten pinturez ordezkatu dituzte. Areago oraindik, ur-oinarri horren glikol atalak langilearen osasunari kalte egin diezaiokeen susmoa dagoenez, oinarri horren kaltegarritasuna ikertzen ari dira eta horrek aldaketa gehiago ekar ditzake ondorioz.
Aurrediagnostikoa lau enpresatan egin bada ere, SAT Egitaraua GKN (AIRE CARDAN), IRUDEX eta ANAYAK enpresetan burutu da. Hiru enpresa hauetan disolbatzaileak zein prozesutan erabiltzen diren eta langileek horri buruz zer dakiten aztertu da. Arakatutako prozesuak hauexek dira: aukeraketa eta erosketa, metaketa, erabilera eta hondakinen tratamendua.
Azterketak eman dituen ondorioak berriz, ondokoak dira:
Erabilitako metodologiak, berez, enpresarien partehartzea eskatzen ez zuen arren enpresariek lagundu egin dute kasu gehienetan, laguntza horrek lana erraztu egin duelarik. Lau sindikatuk batera —CCOO, UGT, ELA eta LABek— parte hartu izana eta elkarlanean aritu izana ere funtsezkoa izan da Egitaraua egoki burutzeko, pluraltasun horri esker era desberdinez ikusi baita lan hau sektore guztietatik.
Egitarauaren baitan hezkuntzak eta sentsibilizazioak izan dute lekurik garrantzizkoena, langileen jarrera aldatzea izan baita helburu nagusia. Bada, hezkuntza-ikastaro bat eskaintzeaz gain lau material baliatu ditu Egitarauak fase hau osatzeko: triptikoa, aldizkari espezializatua, CD-ROMa eta bideoa. Metodo eta material hauen emaitzak desberdinak izan dira baliagarritasunaren ikuspuntutik: ikastaro eta triptikoekin izandako emaitza onak izan diren bitartean, beste materialak hutsaren hurrengo erabili dira. Emaitza eta lorpenak aztertzeko langileen ondorengo portaera aztertzea funtsezkoa izan da. Oro har, langilearen produktuarekiko arreta areagotu egin dela ikusi da. Zalantzan dago, ordea, arreta hori ohituretan betirako sustraituta noraino geratu den. Hori aurrerago ikuskatu beharreko puntu gisa geratu da.
SAT/OIL Egitarauaren lehen fase honek fruituak eman ditu. Etorkizunari begira, beste hezkuntza-ikastaro bat antolatzea erabaki da, langileari produktu bakoitzari buruzko informazio sakonagoa eskaintzeko eta ordezko produktu eta prozesuen berri emateko. Azkenburuko helburua enpresariekin batera eztabaida-mahaiak antolatzea eta aldaketak martxan jartzeko proposamen eta epeak erabakitzea litzateke.
Jarduera | Emisioen portzentaia |
Pinturen aplikazioa automobilen fabrikazioan | 6,3 |
Pinturen aplikazioak beste industrietan | 32,0 |
Metalen deskoipeztaketa | 12,8 |
Lehorreko garbiketa | 4,1 |
Kautxuaren tratamendua | 2,1 |
Farmazi produktuen fabrikazioa | 4,5 |
Pintura eta tinten fabrikazioa | 1,4 |
Itsasgarrien fabrikazioa | 3,6 |
Inprenta | 13,4 |
Koipeen eta olio jangarri eta ez jangarrien erauzketa | 4,3 |
Estaldura itsasgarria | 10,4 |
Basoen kontserbazioa | 5,1 |