Osasunaren kontzeptua asko aldatu da azken urteetan, 70.eko hamarkadaz geroztik batez ere. Osasunak eta gaixotasunek ingurugiroarekin duten harremana aipatzen da osasunaren definizio berrietan.
Egun, osasun publikoa, eta horren baitan dagoen lan-osasuna, ulertu eta kudeatzeko eredu ekologikoak erabiltzen dira. Filosofia honen arabera, banakoaren eta ingurugiroaren artean oreka-harreman dinamiko bat legoke: oreka hautsiko balitz gaixotasuna agertuko litzateke.
Osasuna eta ingurugiroaren arteko harreman estuaren onarpena, beraz, gaur egungo pentsakeran eta sistema soziopolitikoan normalizatuta dagoen gauza dela esan daiteke. Halaber, egungo hazkunde ekonomiko mugagabea eta ekoizpen-sistema zarrastelak inguruneari egundoko hondamendia ekarri diola gehientsuenek onartzen duten kontua da. Gure planetak dituen arazoen gune-gunean industriak daude eta haietan langileak jarduten dira eguneroko lanean, erabiltzen dituzten produktu eta teknologia poluitzaileen ondorioez oso jabetuta ez daudela. Eta osasun-kalteak jasaten badituzte ere, askotan ez dakite ingurugiroaren egoera larriaren eta beren gaixotasunaren artean harremanik badagoela.
Produkzio-sektoreek, eta oro har industriek, eragiten dituzten ingurugiro-inpaktuak arazo oso latza diren arren, arazoei konponbidea eskaintzea neurri handi batean industriaren esku ere badagoela esan beharra dago. Izan ere, Europako Elkarteko Ingurugiro-Ekintzarako V. Egitarauak ingurugiro-arazoak gainditu nahi badira industriaren baitan diharduten gizarte-taldeen arteko akordioak bultzatzea interesgarria dela dio.
Langileek eta berauen erakundeek ekoizpen-jardueretan funtzio oso garrantzizkoa jokatzen dute, ezbairik gabe. Hala ere, akordioak oztopatzen dituen harkozkor ugari azaltzen da elkarlanerako bidean: batetik, enpresetako zuzendaritzaren eta langileen artean, elkarren arteko konfidantza-falta dela eta, komunikazio-eragozpenak sortzen dira. Bestetik, langileari ematen zaion informazio teorikoak eguneroko lanean aldaketa praktikoak ekarriko dituela bermatuko duen metodologiaren falta nabari da. Hutsune horiek gainditzeko asmoz, lanbide-osasunean osasun-prebentzioari begira arrakasta handiz aplikatu izan diren metodologiak (lanpostuan, osasunerako arriskuak identifikatu eta ebaluatzeko metodologia, hain zuzen) ingurugiro-arazoek sortzen dituzten arriskuak ebaluatzeko erabiltzen hasi dira.
SAT/OIL (“Osasuna, Ingurugiroa eta Lana”) izeneko egitaraua, hain zuzen ere, bide hori jorratzen ari da. Langileak beren lanpostuan sortzen diren osasun eta ingurugiroko arazoen ezagupenean janztea du helburu. Proiektua burutzearekin batera enpresa barnean akordioak sortzea litzateke bere azkenburuko helburu edo xedea. Europako Batzordeko XIII. Zuzendaritza Orokorraren dirulaguntza duen egitarau honek, Europako Elkartean pestizida eta disolbatzaile organikoen inguruan burututako esperientzia aurreratuenak baitaratzen ditu. Gizarte-partehartzea helburu duen proiektua izanik, hiru langile-sindikatu dira egitarauaren bultzatzaile nagusiak: Espainiako CC.OO, Suediako LO eta erresuma Batuko TGWU.
Lurralde hauetariko bakoitzean bina proiektu ipini dira martxan, pestiziden eta disolbatzaile organikoen inguruan, haietako bat Gipuzkoan, Itziarreko Industri Poligonoan, hain zuzen. Datorren abenduan burutuko den bilkuran egitarau guztien emaitzak aztertuko dira.
1997. urtean Itziarreko Industri Poligonoko lau enpresatan ingurugiro-diagnostiko bat egin zen.
Diagnostikoaren buruan IHOBE eta enpresen artean neurri zuzentzaileak ezartzeko akordioa erdietsi zen.
Esperientzia hura oinarri gisa hartuz, duela urtebete SAT/OIL egitaraua bertan ere aplikatzea erabaki zen. Egitaraua hiru enpresatan burutu da, enpresetako sindikatu guztien adostasunarekin eta disolbatzaileak aztergai gisa hartuz.
Ikastaro berezituak antolatu dira disolbatzaileek eragiten dituzten kalteak azaltzeko eta langileentzako jokamolde egokienak zeintzuk diren agertzeko. Ikastaroak sentsibilizazio-kanpaina batekin osatu dira eta kanpainaren hasieran eta bukaeran inkesta bana burutu da, langileen ezagutzak aldaketarik jasan ote duen ikusteko. Enpresa bakoitzean arriskuen mapa bat taxutu da egitarauaren azken ondorio edo emaitza gisa.
Itziarreko esperientziaren ondorio bezala, OIL/SAT tresna interesgarria dela eta metodologia baliotsua erabiltzen duela frogatu ahal izan da, ondorioak bi izanik: batetik, disolbatzaileak eguneroko lanean erabiltzen dituzten langileak gaian jantziagoak irten dira prozesutik eta, bestetik, enpresen baitan akordio interesgarriak bultzatu ahal izan dira.