Rio-ko gailurra: zazpi minutuko ametsa

Joan den ekaineko 3 eta 14aren artean Rio de Janeiro-n “Munduko gailurra” izenaz ezagutzen dena egin zen. Oraingoa ez da honelako lehenengo batzar nagusia izan; duela hogei urte Stokholm-en egin bait zen lehena. Orduz geroztik gaurdaino Lurraren osasunak txarrera egin duela esanda denak ados daude, baina egoera aldatuko denik ez dago hain garbi.

Batzarra baino hilabete batzuk lehenago hasi ziren Lur osoko politikari eta erakundeak negoziatzen. Beraz, Rio-ko bilerak egin zirenerako ia dena erabakita zegoen.

Negoziazio hauetan hitz egindako guztia jaso ordez gai nagusien egoera errepasatzea da bidezkoena.

I. Nogeras

Ipar eta Hegoaren arteko harremana. Iparrean Lurreko populazioaren % 18 bizi da, baina kopuru honek munduan produzitzen den energiaren % 80, altzairuaren % 79, paperaren % 85 eta burdinazkoak ez diren metalen % 86 kontsumitzen du. Kontsumo honen ondorioak maila desberdinetan gauzatzen dira. Alde batetik, hirugarren munduko herrietako lehengaien ustiapena dago eta bestetik ingurugiroko zikinkeria eta poluzioa dira begien bistakoen dauden arazoak.

Klima-aldaketa. Herri industrializatuek negutegi-efektuan erantzukizun zuzena dute. Gaur egun dagoen gas-emisioaren maila mantentzen bada, datorren mendean tenperatura igo egin daitekeela iragartzen da.

Ozono-zuloa. Hain erabilera desberdin bezain ugari dituzten CFC substantzien eraginez, ozono-geruza mehetuz joan da azken urteotan. Orain arte ozono-zuloa geografikoki hego hemisferioan egon baldin bada ere, azken urteotan ipar hemisferioko ozono-geruzaren ahuleziaren lehen seinaleak azaldu dira.

Dibertsitate biologikoa. Lehengai-premiagatik eta naturako baliabideen ustiapenagatik, milaka espezie desagertzear daude. Oro har, espezie-anizkoitasunik handiena hirugarren munduko herrietan dago. Herri hauek garapen bidean jartzeko derrigor ustiatu behar dituzte beren natur baliabideak. Bestalde, manipulazio genetikoaren alorrean gero eta saiakuntza gehiago burutzen ari dira. Saiakuntza hauek sekretupean egiten dira eta giza geneak ere manipulagai dira.

Orain arte ozono-zuloa hego hemisferioan detektatu baldin bada ere, azken urteotan ipar hemisferioan ozono-geruzaren ahultzea nabaria izan da.

Desarmea eta desmilitarizazioa. Gerra hotza amaitu denez gero, une aproposa izan daiteke hamarkada hau gastu militarrak murrizteko. Aurreztutako diru hau pobrezi arazoak konpontzeko nahikoa izan daiteke. Datuak datu, Lurrean ia 800 milioi pertsona erabat pobre bizi direla aipatzekoa da.

Hondakinak eta produktu toxikoak. Gizarte industrializatuen arazorik larrienetakoa produzitutako hondakinak ezabatzea da. Gainera, zenbait hondakin kimiko eta nuklear ezin dira ezabatu eta metatu egin behar izaten dira; produktu toxikoentzako biltegiak hirugarren munduan daude gero eta gehiago.

Multinazionalak. Lurreko ingurugiroan eragiten ari diren aldaketen erantzule multinazionalak dira neurri batean; beren iharduera kontrolatuko duen nazioarteko araurik ez bait dago.

Basoak. Tropiko artean dauden basoak Lurreko birikak dira, baina garapenaren eraginez urtero gero eta baso gehiago botatzen da. Estatu aberatsetan, aldiz, baso ugari gaixorik dago euri azidoaren eraginez.

Garraioak. Errepidez edo airez egindako garraioak, energi-kantitate handiak kontsumitzea dakar, eta ondorioz, ingurugiroaren poluzioan kontutan hartu beharreko faktore dira. Bizi-kalitatea hobetu beharrean, neurri batean behintzat txartu egiten dela esan daiteke. Honen adibide, istripuz hildako nahiz zauritutakoak eta zarata-arazoak ditugu.

Giza bizilekuak. Garapen bidean dauden estatuetan, batez ere, jendeak lurrak utzi egiten ditu hirietara bizitzera joan ahal izateko. Baina, hirietara joandako askoren egoera definitzeko miseria da hitz egokiena, hauentzat eraikitzen diren auzoak azpiegitura eta zerbitzurik gabekoak dira eta.

Nekazaritza eta elikadura. Nekazaritzan gero eta gehiago erabiltzen dira ongarriak eta pestizidak. Hauek, nekazal produktuak kontsumituta giza gorputzera igarotzen dira.

Basamortutzea. Deforestazioa, artzaintza eta zenbait nekazal iharduera dira basamortutzearen erantzule.

Itsasoak eta urak. Itsasoetara hondakinak mugarik gabe eta etengabe isurtzen dira, eta hondakinen artean hondakin erradio-aktiboak dira, batez ere, arriskurik handiena sortzen dutenak. Bestalde, hego hemisferioan 2.000 milioi pertsona baino gehiago bizi da edateko ur onik gabe.

Aire-garraioak bizi-kalitatea hobetzen lagundu digu, baina atmosferaren poluzioan gero eta garrantzi handiagoa hartu du.

Aipatu gai hauen azpian garapen-lasterketa eta estatu pobre eta aberatsen arteko diferentzia daude. Ipar hemisferioko estatu aberatsetan produkzioak ez du mugarik eta horren ondorioz atmosferako poluzioari eta hondakinei ez dakigu zer egin. Aldi berean, kontsumismoak lehengaien ustiapen masiboa ekarri du, ondorioz hirugarren munduko baliabideek astindu ederra jasan dutelarik.

Rio-ko gailurraren helburua ez zen arazo guzti hauek konponbidean jartzea, baizik eta askoz ere umilagoa, hots, “gizarteko sektore desberdinek, arazoen inguruan kontzientzia hartzea”. Ez zen beraz, akordio ikusgarririk itxaron. Eta horrelaxe gertatu da. Ikus dezagun, bada, Rio-ko gailurraren ondoren gairik garrantzitsuenak nola geratu diren.

Biodibertsitatea. Munduko 150 estatu, sinatutako akordioaren arabera, biodibertsitatea zaintzeko behar diren neurriak hartzearen alde azaltzen diren bitartean, EEBBek ez zuten akordioa sinatu nahi izan. EEBBek duten pisua kontutan hartuz, akordioa hankamotz geratu dela esan daiteke.

Klima-aldaketa. CO 2 aren emisioa 2000. urtean 1990. urtean izandakoaren berdina izatea nahi zen, baina hemen ere EEBBen iritzia kontutan hartu behar izan da eta 2000. urteko muga hori “sine die” luzatu da.

21 agenda. Agenda hau intentzio onez beteriko gai-zerrenda da. Datorren mendean zehar garatuko da eta horretarako diru-kantitate batzuk esleituko dira. Estatu aberatsek gaur egun ingurugiroa zaintzeko Barne-produktu gordinaren % 0,35 gastatzen badute, datorren mendean kantitate hau bikoizteko erabakia hartu dute.

Sumendietatik atmosferara isurtzen diren gasek eragina dute klima-aldaketan, baina ez gizakiak isuritakoek adinakoa.

Basoak. Betidanik zur-merkataritza zuten estatuen eskubideak aitzatetsi eta arautu egin dira.

Ikusten denez, akordioak baino gehiago intentzio onez egindako adierazpenak izan dira.

Munduko mandatarietako bakoitzak zazpi minutu izan zuen beste ordezkaritzen aurrean hitz egiteko. Zazpi minutuz ametsetan aritu ziren. Ametsetik errealitatera igarotzea ez dakigu posible izango den, baina guk amesten segituko dugu.

BIODIBERTSITATEA

Biodibertsitatea, orain dela gutxi arte adituek baizik erabiltzen ez zuten terminoa da. Berriki, aldiz, Rioko gailurra dela eta, komunikabideek behin eta berriro erabili duten “biodibertsitateari buruzko akordioa”k guztiontzat ezagun bihurtu du. Ezaguna bai, baina kontzeptuak sakonean zer esan nahi duen jakin gabe. Ez gaitezen horregatik estutu; ez bait gara ondo menderatzen ez ditugun kontzeptuz inguraturik gabiltzan bakarrak. Rioko gailurrean munduko 152 buruzagik definizio guztiz mugatu eta hertsirik ez duen gai baten azpian ezarri dute beren sinadura.

Adituek biodibertsitatea definitzeaz gain, nola neur daitekeen eta, ondorioz, “kontserbatzeko” zer egin beharko litzatekeen jakitera bideratu dituzte beren ahaleginak; biodibertsitatea neurtzea espezieen zerrendak egitea baino zerbait gehiago bait da. Espezieei izena eman eta zerrenda formalak egiten diren bitartean, espezie asko desagertzen ari dira eta, beraz, zerrenda formal horiek laguntza mugatua eskaintzen diote kontserbazionistari. Honek behar duena, oso ondo formalizatu gabeko zerrenda izanik ere, informazio taxonomikoaz gain, habitat, banaketa-area, kontserbazio-egoera eta harreman filogenetikoei buruzko datuak dituen zerrenda da.

Biodibertsitatea beraz, epifenomenoa da, hau da, faktore biotiko eta abiotiko desberdinen elkarrekintzaren adierazpena. Beraz, biodibertsitatea taxonomia baino harantzago doa, nahiz eta biologi bildumak eta taxonomian aditu direnak oraindik ere zutabe nagusi izaten jarraitu. Faktoreen aniztasun horren adierazgarri, biodibertsitatea neurtzeko egun erabiltzen diren planteamendu desberdinak ditugu, hala nola, harreman filogenetikoen sarea, habitat eta banaketa biogeografikoen hedadura, espezie adierazleen ugaritasuna, elkarrekintza ekologiko jakin batzuen identifikazioa edo planteamendu hauen arteko konbinazioak. Aipatu ditugun adierazle horien tratamenduak, eredu matematiko konplexuak erabiltzea dakartza.

Oihan tropikala Lurreko birika da. Baina, aldi berean, dibertsitate genetikoaren biltegi ere bai.

Biodibertsitatearen esanahia gainera, erreferente kulturalez jantzia agertuko da; bistakoa bait da, kontserbazio-politikak, zientzi oinarri sendoak izanagatik, bete eta sustatu behar dituzten testuinguru kultural desberdinetan “ulergarriak” badira bakarrik izango dutela arrakastarik.

Guzti horiek kontutan hartuta ere, erdigune den galderari erantzuten saiatu behar dugu orain. Eta hauxe da: zer dela eta kontserbatu biodibertsitatea? Zaila da kontserbazioaren aldeko argudioak aurkitzea, biodibertsitatea espezie-zerrenda huts moduan ulertuz gero. Noski, beti ere aurki daitezke espezie jakin batzuen kontserbaziorako argudio moral edo estetikoak, baina hauek kultura batetik bestera alda daitezke. Bale arrantza dela eta, arrantzale diren eta ez diren herrien artean urtero izaten diren liskarrak lekuko. Modu berean, herri garatuetako biztanleek habitat batzuen hondamena dela eta sortzen duten zalaparta argudio hutsala da epe laburreko bizitza ekonomikoa habitat horien ustiapenaren menpe duenarentzat.

Elefante afrikarra eta balea urdina desagertzeak tristura sor dezake, baina ez da erraza horietxek salbatzeko bestelako arrazoirik aurkitzea milioka espezieren arteko bi besterik ez badira. Bestalde, espezie bakar batzuk balizko etorkizun batean nekazaritzan edo medikuntzan erabilgarri izan daitezkeelako milioika guzti horiek kontserbatu beharra argudiatzeak ere ez dirudi oso zentzuzkoa denik. Horiek irudi osoaren alderdi batzuk besterik ez dira eta ez dute biodibertsitatea oro har kontserbatzeko adina pisu.

Pisu handiagoko argudioak aurkitzeko, biodibertsitatea espezie-zerrenda baino gehiago, espezien arteko elkarrekintzen batura moduan ulertu behar da. Biodibertsitateak beraz, sistemari egiten dio erreferentzia eta ez osagaiei, nahiz eta sistemaren iraupena eta malgutasuna osagaien babes eta iraupenak bakarrik ziurtatu ahal izan. Bide batez, etorkizuneko ikerketa eta ustiapen ekonomikoa ere barne hartuta eta ziurtatuta geratzen dira horrela.

Azken urratsa emanez, biodibertsitatea gizarte-ongizatearekin lotuko dugu. Eta nola liteke hori? Benetan, gutxik izango lukete bere bizikalitatean honako edo halako espezie desagertzeak ekar diezaiokeen kaltea zehazteko eta, are gutxiago, koantifikatzeko ausardia. Baina, bestalde, Lurrean bizi eta arnasteko aukera ematen diguten baldintza fisikoak biodibertsitate horren ondorio zuzen dira. Milioika urtetako elkarrekintzaren fruitu dira atmosfera arnasgarria, lurzoru emankorrak eta edateko ura

eta gu geu ere material hauetara egokituta gaude, eta ez izan zitezkeen beste batzuetara

Adituak bide hauetan barrena dabiltza biodibertsitatea zer den eta kontserbatzeak zer eragin duen argitzeko. Sinatu dutenek zein esanahiren azpian egin ote dute errubrika!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila