Umeen portaera erasaten duen AGHA izeneko asalduraren ezaugarri nagusia umeak geldi egoteko, kontzentratzeko eta gauzei arreta jartzeko duen ezintasuna da, batetik, eta bizkorregi erreakzionatzea, bestetik. Kasuen % 60an, gutxienez, sintomek iraun egin dute helduaroan ere. Arreta falta, hiperaktibitatea eta inpultsibitatea dira sindromearen hiru sintoma nagusiak, eta normalean zazpi urte egin aurretik agertzen dira. Beraz, adin horretara iritsi aurretik egin behar da diagnostikoa.
Adituek diotenez, amak haurdun dagoen bitartean ‘nabaritzen’ omen du fetuaren portaera egonezin edo urduria. Hiperaktibitatea duen haurra oso azkar hasten da ibiltzen, 9-10 hilabeterekin. Eta, zeinu orokorrekin amaitzeko, amaren eta haurraren arteko harmonia ez omen da erabatekoa izaten, umeak txiki-txikitatik izaten baitu amarekiko aurkaritza
Eta hiru sintoma horiek koadro kliniko nabarmena osatzen duten arren, zoritxarrez, oraindik ere badira behar bezala diagnostikatu eta tratatu gabeko umeak. Zenbait kasutan, gurasoek ez diete sintoma horiei asaldura bat osatzeko adinako garrantzirik ematen; bestetik, portaeraren asaldurak nolabait ‘toleratu’ egiten dira gure gizartean; eta, azkenik, diagnostikatu arren, ume batzuk ez dira tratatzen, ondorioak larriak izan daitezkeen arren.
Ameriketako Psikiatria Elkartearen DMSN gidaliburuaren arabera —buruko gaitz eta asalduren diagnostikoa egiteko tresnarik onena gaur egun—, AGHA diagnostikatzeko beharrezkoa da arreta falta edo hiperaktibitate edo inpultsibitateko sei sintoma edo gehiago agertzea. Sintoma horiek gutxienez sei hilabete iraun behar dute, egokitzapen edo moldaera-arazoak sortzeraino eta umearen garapen-mailarekin bateraezin gertatzeraino.
Bestalde, AGHAren zeinu edo sintomek zazpi urte bete aurretik agertu behar dute, eta beharrezkoa da egokitzapen falta hori begi-bistakoa izatea bi egoeratan edo gehiagotan (etxean, eskolan, etab.). Eta sintoma horiek ez dute agertu behar buruko bestelako asaldurekin nahastuta.
Ikerketek oraindik ez dute identifikatu AGHAren behin betiko kausa, baina, itxura guztien arabera, gaixotasunaren sorreran garrantzi handia dute faktore biologikoek, dopamina eta noradrenalina neurotransmisoreen faltak, batik bat.
Dopamina gai kimiko naturala da; adituek diotenez, ‘sariaren’ edo sozialki onartua dagoen portaeraren errefortzuaren atzean dauden garuneko egiturak aktibatu egiten ditu dopaminak. Noradrenalinak, berriz, lausoago jokatzen du garunean, eta, uste denez, alerta-zentzua, arreta selektiboa izateko gaitasuna eta orientazioaren zentzua kontrolatzen ditu. Beraz, erraz uler daiteke dopaminak edo noradrenalinak huts eginez gero lehen aipatutako sintomak agertzea.
Horrez gain, AGHAk oinarri hereditarioa duela pentsatzen dute adituek, baina asalduran inplikatuak dauden geneen sekuentziak zein diren jakiteko hasierako faseetan daude oraindik. Dena den, ingurunearekin lotutako faktoreak ere garrantzitsuak dira, eta familiaren baitako ezaugarri eta faktore dinamiko ugarik eragin edo azalera ditzakete asaldura honen sintomak.
Tratamenduak ume bakoitzari egokitutakoa izan behar du, baina, ikerketen arabera, botikak eta interbentzio psikologikoa, heziketakoa eta soziala konbinatuta lortzen dira emaitzarik onenak. Arrakastarik handiena lortzeko, tratamenduan umeak berak, gurasoek, beste senideek eta hezitzaileek hartu behar dute parte, betiere medikuaren kontrolpean, noski.
Tratamendu farmakologikoa 6 urterekin hasi behar da, 2-3 urterako. Gaur egun, neurotransmisoreen funtzionamendua berrantolatzen duen metilfenidatoa erabiltzen da gehien. Botikez gain, garrantzi handikoa da umeek jasan dezaketen baztertze soziala ere kontuan hartzea, eta horren kontrako neurriak hartzea. Ume hiperaktiboak oldarkorragoak izan ohi dira, gauzak suntsitzera emanak, menperatzaileak, muturluzeak eta beren lagunak baino zakarragoak, eta horrek guztiak halako gaitzespen eta arbuio bat eragiten du taldean. Jakina, luzarora umearen portaera okertu eta errendimendua gutxitu egiten da. Kontuz, beraz, alderdi sozial horrekin, garrantzi handikoa da eta.