Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea
Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz
Plaketatan aberatsa den prestakina, klinikan, 1990eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen, aho-kirurgian. Plaketetatik eratorritako sendagaiak hezurren sorkuntza sustatzeko ahalmena zuela frogatu nahi zuten haginlariek, batez ere, ahoko inplanteak bultzatzeko. Hala, 1998an Robert E. Marx-ek eta Eduardo Anituak hainbat ikerketa jarri zituzten martxan, aurpegi-masailetako kirurgian eta aho-kirurgian, hurrenez hurren.
Biek konposizio ezberdinetako prestakinak erabili zituzten. Marxek, behi-tronbinaz gain, leukozito kontzentratuak gehitu zizkion plasmari. Anituak, aldiz, bi osagai horiek ez erabiltzea erabaki zuen, behi-tronbinak eta globulu zuriek gaixoetan eragin zitzaketen asaldura immunogenikoak saihesteko. Horien ordez, kaltzio kloruroa erabili zuen plasmaren gatzapena 5 edo 6 minutuan egiteko, eta, bestetik, zentrifugazio-protokolo berezi baten bidez, globulu gorriak eta zuriak ezabatu zituen. Beraz, funtsezkoa da azpimarratzea ikerketetan probatzen diren prestakin guztiak ez direla berdinak; eta, batzuetan, horrek azaltzen du zergatik diren desberdinak emaitzak.
PRGF prestatzea lortu ondoren, Anituaren hurrengo helburua plaketen agregazioa eta funtzioa aztertzea izan zen. Izan ere, PRGFren osagai nagusia plaketak dira. Frantzian egindako ikerketei esker, plaketen pikorretatik kanporatzen ziren molekula funtzionalak aztertu eta kuantifikatu zituen, batez ere ehunak birsortzeko garrantzia zutenak. Nahiz eta plaketatan aberatsa den prestakinaren ahalmen guztiaren jakitun ez izan, 1999an Biotechnology Institute enpresa sortu zuen Anituak. PRGFren aukera terapeutikoak mundu guztira zabaltzea zen ideia. Ordutik aurrera, traumatologian eta ortopedian espezialista den Mikel Sánchezi esker, prestakinaren erabilera terapeutikoak zabaldu egin ziren: giharrak, kartilagoak eta ultzerak konpontzeko erabiltzeko aukera garatu zuten.
PRGFren ibilbide terapeutikoa laborategian eta animaliekin hasi zen. Hainbat zelularen hazkuntza sustatzeko ahalmena frogatu ondoren, zenbait lesiotan probatu zen, esate baterako, gihar-pitzaduretan, hezurren eta tendoien hausturetan, etab. Ondoren, prestakinak gizakietan duen potentziala aztertu zen. Prestakina hartzailearen beraren odoletik eratorritakoa denez, eta, beraz, medikamentu autologotzat har daitekeenez, guztiz segurua dela ziurta daiteke.
Esan bezala, PRGFren lehenengo aplikazio terapeutikoa ahoan izan zen. Hortza kendu ondoren, erauzketagunearen alboan probatu zen. Inplante berriek hezur-maila minimo bat behar dutenez egonkor mantentzeko, gaixo batzuetan PRGF administratu zen eta beste zenbaitetan ez, prestakinaren eragina frogatzeko. Emaitzak ikusgarriak izan ziren. Izan ere, berez 6 hilabete behar dira hezurra sortzeko, eta, PRGF erabili ondoren, denbora hori 8 edo 10 astera laburtu zen. Emaitza horiekin batera, zientzialariek ikusi zuten gaixoen min-sentsazioa dezente murrizten zela, hanturak arintzen dituzten hainbat molekula dituelako prestakinak.
Mikel Sánchezen laguntzari esker, prestakina beste zenbait asaldura tratatzeko ere erabili ahal izan zen. Hasiera batean, oso pronostiko txarra zuen ultzera batean aplikatu zen PRGF. Emakume batek hanka galtzeko arriskua zuen, eta astero prestakina eman ondoren, aipatzeko moduko errekuperazioa izan zuen. Gaur egun, emakumeak ez du inolako arrastorik eta hankaren funtzionaltasun guztia berreskuratu du.
Hezur-hausturetan ere maiz probatu da PRGF, eta oso emaitza positiboak eman ditu, baina, azkenaldi honetan, kirol-medikuntza goitik behera aldatzen ari da prestakina. Futbolean, saskibaloian eta beste zenbait kiroletan aritzen diren kirolariek izaten dituzten asaldurak tratatu dira PRFGrekin, besteak beste, gihar-pitzadurak, tendoien eta lotailuen haustura, etab.
Azken urte hauetan BTIk Euskal Autonomia Erkidegoan aritzen diren zenbait kirolari ezagunek izandako lesioetan aplikatu du prestakina, adibidez, Joseba Beloki txirrindulariaren hezur-hausturan, Elmer Bennet saskibakoi-jokalariaren tendoi-hausturan edo Olaizola pilotariaren gihar-pitzaduran. Emaitza onak izan dira.
Gihar-pitzaduren tratamenduan PRGF erabiltzea Mikel Sánchez-ek garatutako aplikazio terapeutiko bat da. Pitzaduren ondorioz, giharren atzerapena gertatzen da eta gihar-muinoi batzuk agertzen dira.
Makroskopikoki adierazgarriak diren muinoiak nabariagoak egiten dira gihar-pitzaduraren maila handiagoa denean. Izan ere, giharrak atzeratzen direnean odolez betetzen den barrunbe bat sortzen da, eta barrunbe horren tamaina handiagoa denean denbora gehiago behar da asaldura leheneratzeko. Kasu horretan, tratamenduaren filosofia odol-tronboa PRGFren bidez ordezkatzea da. Hau da, medikuak ziztada baten bidez metatutako odola xurgatzen du, eta, leku horretan, plaketetan aberatsa den prestakina injektatzen du ingurune guztian giharren birsorkuntza eta odol-hodien sorkuntza akuilatzeko.
Plaketetan aberatsa den prestakinaren funtzionaltasuna frogatuta dago hainbat asaldura patologikotan, eta ikerketa berriak egiten ari dira beste zenbait lesiotan probatzeko. Kirol-medikuntzarako ere tresna eraginkorra bihurtu da, lesionatutako kirolari askoren errekuperazio-denborak izugarri murriztu baititu. Gainera, kirurgia-kosmetikoan dituen aplikazio berriek prestakinaren erabilpena hedatu egin dute beste alor batzuetara.
Hurrengo urteei begira, baina, oraindik argitzeke dauden hainbat galderari erantzun beharko diete ikertzaileek. Esate baterako, zer funtzio dituzte zehazki plaketek? Edo, zer molekula funtzionalek hartzen dute parte ehunen birsorkuntzan eta orbaintzean?