Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea
Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz
Azken urteetan asaldura horiek konpontzeari ekin diote fisikari, mediku eta zientzialari ugarik. Askotan, ikertzaile eta profesional horien helburua gaixoen bizi-kalitatea hobetzea izaten da, hau da, edozein hezur-, gihar- edo giltzadura-lesio izan ondoren gaixoen errekuperazioa azkartzea, lehen zuten bizimodua lehenbailehen berreskuratzeko.
Tratamenduaren arrakasta ziurtatzeko, hainbat teknika eta protokolorekin probatzen ari dira, besteak beste, teknika kirurgiko berriak, inplante eraginkorragoen diseinua, diagnostiko-tekniken aurrerapenak eta prestakin biologikoen erabilera. Azken horien artean, nabarmentzekoa da Gasteizko Biotechnology Institute-k (BTI) garatutako prestakinaren (PRGF) erabilgarritasuna eta eraginkortasuna.
Prestakin biologiko hori, ehunak azkarrago konpontzeko baliagarria izateaz gain, ehunak birsortzeko eta ehun-ingeniaritzarako ere erabil daiteke. Gainera, prestakina hartzailearen beraren odola erabiliz egiten denez (prestakin autologoa), sistema immunologikoaren errefusa saihesten da. PRGFren arrakasta besteak beste haren ekintza-mekanismoan datza; izan ere, gorputzaren berezko konponketetan parte hartzen duten mekanismo biologiko eta zelular berak erabiltzen ditu. BTIko ikertzaileen ustez, hazkuntza-faktoretan aberatsa den prestakin honek konta ezin ahala erabilera ditu, eta gihar edo eskeletoko asaldurak ez ezik beste gaixotasun asko tratatzeko ere erabil daiteke.
PRGF plaketaz aberatsa den plasma batetik eratorritako prestakin autologo bat da. Esan bezala, gaixo bakoitzaren odolarekin prestatzen da, eta proteina autologoz eta hazkuntza-faktorez aberatsa da. PRGFren berezitasun bat plaketen kontzentrazioa da. Izan ere, plaketen kontzentrazioa 600.000 plaketa/mikrolitro baino handiagoa izan daiteke. Horrez gain, bibliografian ikusitako beste prestakinekin konparatuz, ez du ez leukozitorik ez erantzun immunea eragin dezakeen beste osagairik ere. PRGFren konposizio nagusia plaketak dira, eta, horrekin batera, hainbat proteina plasmatiko, esaterako, fibronektina eta bitronektina.
Boluntarioaren bena periferiko batetik odol-bolumen txiki bat hartzea besterik ez da behar PRGF prestatzeko. Ondoren, zitrato sodikoa erabiltzen da antikoagulatzaile gisa. Azken urrats hori ondo egitea funtsezkoa da plaketen morfologia eta funtzionaltasuna mantentzeko. Izan ere, beste antikoagulatzaile batzuk erabiliz gero, plaketak handitu eta ohiko itxura gal dezakete, eta prestakinaren eraginkortasun terapeutikoa arriskuan jarri. Jarraian, odola zentrifugatu egin behar da plasmaren frakzio guztiak ondo bereizteko. PRGF izeneko hirugarren frakzioak interes terapeutikoa du eta hainbat helbururekin erabil daiteke.
Urte askotako lanaren ondoren, BTIko ikertzaileek zentrifugazioaren abiadurak prestakinaren funtzionamenduan duen eragina ulertu dute. Hori dela eta, zentrifugazio lasaia eta bakarra egiten dute PRGF prestatu nahi duten bakoitzean.
PRGF aktibatzen denean, kaltzioa edo tronbina gehitu ondoren, prestakinak koagulu bat sortzen du eta une horretan plaketak ere aktibatzen dira. Hori gertatutakoan, plaketen egitura erabat aldatzen da: pikorrak erdigunean biltzen dira eta proteinak zein faktoreak isuri egiten dituzte. Azken horiei esker, PRGF oso eraginkorra da hainbat lesioren errekuperazioa azkartzeko. Kontuan izan behar da ehunak hazteaz gain funtsezkoa dela ehun horiek elikatzeaz arduratuko diren odol-hodiak ere sortzea, eta, esan bezala, faktore horiek guztiak prestakinean azaltzen dira.
BTIk hainbat entsegu egin ditu jakiteko zenbateraino den baliagarria hazkuntza-faktoretan aberatsa den prestakina. Horretarako, hainbat zelula primario hazi ditu laborategian, eta zehatz-mehatz aztertu ditu PRGF gehitu ondoren izandako aldaketak. Bi motatako plasmak aztertu zituzten: bat plaketatan aberatsa eta bestea ez. Azterketa horiek argi erakutsi dute lehen deskribatutako faktore gehienak plaketetan bakarrik daudela, baina plaketetatik kanpo ere badaude batzuk; horregatik, interesgarria da bi plasmak konparatzea.
Guztira hiru zelula-mota aztertu ziren: gihar-zelulak, tenozitoak eta hezur-zelulak. Aktibatu gabe dagoen eta plaketatan urria den plasmarekin alderatuta, emaitzek oso argi frogatu zuten plaketatan aberatsa den plasma aktibatzean –eta, beraz, faktore guztiak isurtzea ahalbidetzen denean–, zelulen hazkuntza asko sustatzen dela. Beraz, alde batetik, azpimarratzekoa da aktibazio-prozesua funtsezkoa dela efektu terapeutikoak lortzeko.
Hala ere, ikertzaileek beste aurkikuntza bitxi bat egin zuten lan honetan: bi plasma-motak aktibatzean zelulen hazkuntza suspertzen zela ikusi zuten. Ondorioz, nahiz eta plaketatan aberatsa den plasmak efektu bortitzagoak eragin, ez dago oraindik guztiz garbi zer zentzu duten plaketen funtzio guztiek.
Edonola ere, garbi dago plaketatan aberatsa den prestakinaren potentzial terapeutikoa izugarrizkoa dela. Lesio edo asalduraren errekuperazioa azkartzeaz gain, ehunak birsortzeko ere balio dezake. Gainera, min-sentsazioa asko murrizten da prestakinak erabili ondoren. Adituen ustez, etorkizunean PRGFren erabilera zeharo hedatuko da beste zenbait gaixotasun berri tratatzeko.
Prestakinaren osagai nagusia plaketak izanda, interesgarria da plaketen osagaiak eta funtzionamendua aztertzea PRGFren eraginkortasuna hobeto ulertzeko. Plaketak funtzio fisiologiko oso garrantzitsuak dituzten organuluak dira, batez ere ehunak konpontzen, homeostasian –organismoaren barne-ingurunea konstante mantentzen– eta ehunak birsortzen. Plaketek hainbat pikor dituzte eta pikor horien barnean daude hazkuntza-faktoreak eta beste zenbait substantzia fisiologiko. Adibidez, pikor dentsoetan katekolaminak daude (serotonina eta dopamina) eta -pikorretan aldiz proteina plasmatikoak eta hazkuntza-faktoreak.
Lan astuna izan da, baina faktore-nahasketa horren osagaiak karakterizatu dira: VEGF, PDGF, TGF- , bFGF eta beste hainbat faktore aurkitu dira. Molekula horien funtzioak guztiz aldakorrak dira. Batzuk mitogenoak dira (PDGF,TGF- , etab.), hau da, zelulen hazkuntza sustatzen dute; beste batzuk angiogenesiaren sustatzaileak (VEGF, bFGF, etab.) edo inhibitzaileak (PF4, TSP-1, etab.) dira...
Bibliografia