Urtarrila edo ilbeltza negu-neguko hilabetea dugu. Elurrik ez den bitartean mendiek ez dute bere itxurarik politena erakusten. Hostozabal gehienek aspaldi galdu zituzten hostoak eta zuhaitz bilutsiek hotz-sentsazioa ematen diete baso hostogalkorrei. Bizkaia eta Gipuzkoako birpopulatutako pinudietan, espezie batzuk babes ona aurki dezakete, baina askoz hobea hostoari eusten dioten baso autoktonoetan; hala nola, kostaldea, Nafarroa eta Arabako artadietan, Pirinio aldeko pinudietan eta abarretan.
Tenperatura baxuen ondorioz, garai kaxkarra dugu narrasti edo anfibioak ikusteko. Hizkera arruntean, animalia hauek, “odol hotzekoak” direla esaten dugu, eta izan ere, euren tasa metabolikoa oso baxua dela eta, ez dira gorputzean beroa sortzeko gai. Hortaz, ugaltzen has litezkeen baso-igel gorriak edo uhandre palmatuak kenduta eta, ezohizko berorik ez den bitartean, odol hotzeko animalia gehienak zuloren batean ezkutatu eta garai epelagoen zain ditugu. Era berean, intsektuak eta oro har, ornogabeak ere ez dira sobera ikusten. Hauetariko askok negua arrautz edo larba forman pasatzen dute eta kanpoan dabiltzan helduak ez daude garai bizkorrenean. Etxean adibidez, euli gutxi eta haiek motelduta ditugu eta udan ez bezala, erraza da txaplata jartzen direnean gainetik kolpe batez kentzea.
Atlantiar isurialdeko poluziorik gabeko ibaietan, Bidasoan, Errobin, Aturrin eta abarren alegia, itsas aldetik arrain dotore batzuk sartzen hasten dira. Itsasoan urte batzuk eman ondoren eta ugaltzeko senak bultzatuta, izokinak Groenlandia inguruko uretatik, haiek jaio ziren uretara hurbildu dira. Honela, ibaian sartu eta uraren salinitate desberdinera egokitzeko, poliki-poliki gorantz doaz datorren udazkenean arrautzak jarriko dituzten lekuaren bila. Etsirik hartu gabe, tarteko oztopoak jauzi bikainen bidez gainditzen dituzte gorantz heldu nahiean.
Itsasotik ibaian gora, baina izokinen kontrako zikloa eginez, angulak ere badatoz. Hauek Sargazoseko itsasoan jaio ziren duela hiru urte, eta 7.000 kilometroko bidaia egin ondoren, ibaietan gora igotzen hasi dira bertan hazi eta aingira bihurtzeko asmoz. Angulen zoritxarrerako, inguruotan izugarri estimatzen ditugu eta 1997an kiloa 40.000 pezeta ingurun saldu omen zen. Donostiako eguna inguratzen ari den garai honetan, esaterako, eskaera handia egoten da eta jende askotxo saiatzen da urrezko arraintxo hauen arrantzan. Ondorioz, noski, presio handia (agian handiegia) jasaten dute aingiren larba ospetsu hauek.
Iadanik esan dugu hilabete honetan hotz fina egin dezakeela. Arazo honi aurre egiteko moldapen desberdin ugari egon daiteke, baina, orokorrean, animaliek hartu dituzte gorputzak kanpoko girotik babesteko neurriak. Hegazti askok, garai gorrienetako erreserba izanen den gantz edo koipe estalkia bildu dute. Lumajea ere trinkoagoa dute eta maiz lumak harro-harro jartzen dituzte aire-kapa beroak, kanpoko haize hotzetik isola ditzan.
Ugaztunak ere aurreko hilabeteetan bapo jan eta energia metatzen saiatu ziren eta, orokorrean, ile luzeagoz eta larruazal trinkoagoz jantzi dira. Besteak beste, oreinak larru ilunagoa ageri du, katagorriaren belarriak iletsuak dira oso, eta ardien kalparra ere aski luzatu da. Gainera, ospeletik ihesi, animalia asko eguterara mugituko da eguzki-izpi gozagarrien esperantzan.
Harkaitz labarretan, berriz, harrigarria den arren, gure hegazti handienen ugalketa hasia da. Abendua eta otsaila bitartean errun dezaketen arren, sai arre eta ugatz gehienek urtarrilean jarriko dute arrautza. Habiak, inor gutxi iristeko moduko amildegietan, harkaitz zulo eta erlaitzetan paratzen dituzte eta gurasoetako bat erabat gainean egoten da arrautza hoztu ez dadin. Mendizaleak eta, batez ere, eskalatzaileak baldin bazarete, kontuan eduki Etxauri, Urkiola eta abarren, ugalketa-garaian sarraskijale hauen habi inguruetan ibiltzea ez dela batere komeni.
Ugaztunei dagokienez eta araldia hasten dutenen artean, azeria eta erbia aipa ditzakegu. Tarteka azken hauen ile-xerloak aurkitzen dira mendian, arrek emeak eskuratzeko lehian izan ohi dituzten liskarren lekuko.
Eztei-ondorengo migrazioa bukatu zen. Hegazti gehienak uda-bukaeran eta udazken aldera pasa ziren gure gainetik, baina oraindik ere hegazti-sarrera handiak egon daitezke. Europako erdialdean eta iparraldean ipar-haizea sartu eta elur-ekaitzak hasi orduko, hegazti asko mugitzen da latitude hauetara, eta aipagarrienak, oilagorrak, hegaberak eta ahateak izan daitezke. Euskal Herria herrialde epel samarra da eta bakean utzi ezkero gustura gelditzen dira gurean bolada baterako. Honela, leku asko hegaztiz gainezka daude eta Arabako urtegietan edota Nafarroako hezeguneetan, adibidez, hamarna mila ahate, kopetazuri eta uretako hegazti bil daitezke urtarrilean.
Hauxe duzue prismatikoak hartu eta Ulibarriko urtegian hegaztiak barra-barra behatzeko tenorea. Era beran, Urdaibai, Pitillas, Miarritze edota Txingudin ere, hegazti hauek behatzeko garai aproposa izan daiteke.
Gure kostaldean negua epel samarra den arren, goi-mendian ikaragarria izan daiteke. Euskal Herriko Pirinioak aldean kanpoko giroaz gehiegi arduratu gabe, hartza (baldin bada) eta marmota, zurrunkaka ditugu aspaldi honetan. Pirinioetako animalia guztiek, ordea, ez dute hibernatzeko gaitasunik. Sarrioek, esate baterako, goi-menditik beherantz jo dute elur gutxiago dagoen lekuen bila eta basoan aurkitu dute babesa. Zuhaitz-tarte epeletara sartzeaz gain, haizeak garbitutako mendi-hegalak bilatzen dituzte aztarrika bada ere belarra aurkitzeko.
Orkatzak ere baso eta sastrakadietan sarturik ditugu eta garai honetan arren adarrak luzatzen ari dira. Azaro inguruan, urtero bezala, adarrak galdu zituzten eta orain, belusa batez estalirik hazten hasi zaizkie.
Gizakiak, azkenik, lasai antzean edo. Hiru bat hilabete dira artzaiek goiko larreetatik aziendak etxe ingurura jaitsi zituztela eta baratzetan ezer gutxi geratzen da. Dibertsiorako garaia izan daiteke eta izan ere, halaxe da hainbat lekutan. Donostiako egunaren inguru horretan, festa galantak, sagardotegien denboraldia eta hainbat herritan, ihauteriak hasiko dira. Gizakion ohitura bitxiak ikusteko garai ederra!