Estratosferako ozonoaren arazoa politikoki ia amaituta dagoen gaia dela esan badaiteke ere, ez da horrela gertatzen maila zientifikoan. Batzuontzat argi dago interes desberdinak direla medio gertakarien neurria eta arriskua areagotu egin direla eta hainbat aspektutan azaleko ikuspegia emateaz gainera, askotan, faltsutu ere egin dela.
Adibidez, garrantzitsuena litzatekeen eta alarmaren funtsa dena, hau da, erradiazio ultramore kaltegarria gehitzea, ez da baieztatu. Aitzitik, ozono troposferikoaren handitzearen eta hirien hazkundearen eraginez ia seguru da giza populazioak, orokorrean, gero eta eguzki-erradiazio ultramore gutxiago jasoko duela. Oso poluituta dauden Txinako hirietatik datozen berriak erradiazio ultramoreen gabeziak sortutako arazoaz mintzo dira eta ez gehiegizkoak sortuta eta horrek haurren garapen fisikoan eragin dezake, eguzkiak ematen duen D bitamina beharrezkoa baita osasuntsu hazteko.
Poluitutako hiriguna askotan, Mexikoko Barruti Federalean esaterako, troposferako ozonoa gehitzeak ozono estratosferikoaren balizko mehetzeak baino kalte larriagoa eragin dezake giza osasunean, arnas sisteman bereziki. Arinki mintzatuz, troposferako ozonoa “txartzat”, toxikotzat, hartu izan da eta estratosferakoa “ontzat”, erradiazio ultromoreetatik babesten baikaitu. Alabaina, hau ere ez da egia. Molekulaz molekula, troposferako ozonoak estratosferakoak baino arinago zurgatzen ditu izpi horiek, eta ondorioz, toxiko izateaz gain erradiazio ultramoreez ere “babesten” gaitu. Arazoa, ordea, gehiegi babestean egon daiteke, eguzki-erradiazio ultramoreen onurak oztopatzeraino babestean, hain zuzen.
Gero eta zalantza gehiago dago Antarktikako “ozono-zulo” bezala ezagutzen den fenomenoa, kontinente horren gaineko ozono-geruzaren denboraldi baterako gutxitzea baino ez dena bestalde, gertakari berria dela baieztatzerakoan. Estratosferako kloroa gehitzeak arazoa areagotu egingo luke seguruenik, edonola ere, ez dago hura baino leku egokiagorik fenomeno hori gerta dadin, bai bertan bizitzeko dauden zailtasunagik eta baita eguzki-erradiazioak bertan duen eragin urriagatik ere.
Zalantzazkoa da gune populatuagoetara (Patagonia, Hego Afrika, Australiako hegoaldea) heda daitekeen ozono gutxiko aireak, bertako landare eta animaliengan, ondorio kaltegarri esanguratsuak eragiten dituela. Aski da, edozein egunetan, ozono banaketaren mapa interneten behatzea Australiako iparralde tropikalak, bere kokapenagatik pairatzen duen erradiazioa dela medio, Antarktikako zulotik gertuago dagoen hegoaldeak baino ozono-geruza meheagoa duela ohartzeko.
Bestalde, argi dagoela dirudi, poloetako atmosferaren egoera termiko eta dinamikoen urtetik urterako aldakortasunak giza eraginen etengabeko eraldaketa kimikoek baino gehiago eragiten duela aldizkako zuloen aldaketan.
Ozonoaren desegite-prozesuaren atzeraezintasuna da zabaldu den beste okerreko ideia, errekurtso ez-berriztagarria bailitzen. Alabaina, litekeena da iraganeko gertakari batzuetan, hala nola erupzio bolkaniko kataklismikoen ondoren, ozonoaren maila 1991ko ekainean izandako Pinatuboren erupzioaren ondorengo mailaren azpitik, eta nahikoa azpitik gainera, egotea aldiren batean. Pinatuboren gertaerarekin % 8 jaitsi zen kota Europan. Eta bizitzak, lehen eta orain, aurrera darrai. Eta ozona-mailak ere gora egin zuen.
1996az geroztik herrialde garatuenetan CFCaren fabrikazioa debekatuta dagoen arren, hozkailuetako eta apar isolatzaileetako gasek estratosferako kloro-kopurua gehitzen dute, eta aurrerantzean ere gehituko dute, baina zientzilariek eta aztiek aurreikusten zuten baino askoz ere denbora laburragoan; izan ere, CFCak atmosferan beti irango zutela uste baitzuten.
CFCn debekua adostea nahikoa erabaki politiko eta ekonomiko erraza izan zen, estatu eta industria ahaltsuak ez baitziren kalteturik ateratzen. Aitzitik, seguruenik, alderantziz. CFCak fabrikatzen zituzten industria kimiko nagusiek, Dupont e ICI multinazionalek, HCFCz ordezkatzea proposatu zuten, negozioa biribildu eta monopolioa sendotuz. Ez da harritzekoa, beraz, Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko gobernuak izatea Montrealgo hitzarmeneko protagonista nagusiak. Aipatu behar da bestalde, estratosferako kloro kopuruaren eta ozonoaren orekan behetik eginiko aldaketaren arteko erlazio koantitatiboa zehaztu aurretik iritsi zirela konpromezura. Erlazioa doitzeko, berriz, atmosferako kloroa zein konposatu kloratutan banatzen den eta banaketa hau nola eta zein baldintzatan aldatzen den zehaztasunez jakin behar da. Horrez gain, eta batez ere, poloetako hodei estratosferikoek duten eragina zein den jakin behar da.
Hain zuzen, jakina da poloetako hodei estratosferikoek zeregin erabakiorra dutela kloroak ozonoaren aktibatze- edo desegite-prozesuetan duen eraginari dagokionean. Aldi baterako desegite-prozesuan bi faktore horietako zeinek, poloetako hodei estratosferikoa gehitzeak edo kloro-kontzentrazioa areagotzeak, eragiten duen gehien argitzeke dago. Eta hodei horien eratze-prozesua determinatzen duen faktorea ez da estratosferako kloro-kopuru handia edo txikia, estratosferako tenperatura eta zikinkeria baizik.
Estratosferako desnitrifikazio-erreakzioak ere ezinbestekoak dira, horiek gabe ez baitu eragiten kloroak, baina beren abiadura zehazteko kalkuluetatik urrun gaude oraindik. Jakina da, adibidez, sumendiek aireratzen dituzten aerosol sulfatatuek atmosfera desnitrifikatzen dutela eta, kloro-kopurua berean mantenduta ere, berau eraginkorragoa bilakatzen dela ozonoaren desegite-prozesuan. Estratosferak onartzen duen produktu sulfatatuen maila normala zein den ez dakigu oraindik, baina, azken erupzioak direla medio, ohi baino zikinago dagoela uste da; horrek jakina, ozonoaren oreka-mailan eragingo luke.
Amaitzeko esan, sarriegitan aipatu diren bi hondamendi atmosferikoak gaur egun oraindik nahastu egiten direla: ozono-geruzaren zuloa eta berotegi-efektuak eragindako berotze globala. Askotan gainera, inozo bezain xumea den azalpena eman izan da hauen arteko erlazioa azaltzeko: ozono-geruzaren zulotik erradiazio gehiegi iristen da eta horrek Lurraren gainazala berotu egiten du.
Egia, ordea, bestelakoa da, balizko ozono-geruzaren mehetzea dela eta gainazalera iritsiko litzatekeen eguzki-energiaren gehikuntza hutsala litzateke, ozonoak zurgatzen duen erradiazio ultramorea oso txikia baita eguzkitik jasotzen dugun energia osoarekin alderatuz, % 0,04 baino gutxiago, hain zuzen ere. Paradoxikoki, kontrako ondorioa da gerta litekeena; hau da, ozono-geruza mehetzeagatik gainazala hoztea. Ozonoa, ur lurrinak eta CO2 bezala, berotegi-efektua eragiten duen gasa da eta Lurraren gainazalak espaziora isurtzen duen erradiazio infragorriaren galera oztopatzen du behera itzularaziz; hots, lurrazalaren oreka-tenperatura igoarazten du. Bere balizko gutxitzeak lurrazala hoztea ekarriko luke, baina litekeena da, ateratako zalapartaren kontra, datozen hamarkadetako arazoa ozono globala handitzea izatea eta ez gutxitzea.
Berotze globalaren auzian ez dira Montrealgoa bezain hitzarmen errazara iritsiko. Mundua zertxobait berotzea ez da planetako ozonoaren ustezko desegiteak sortarazitako balizko minbizia bezain deigarria. Errusiarrei eta txinatarrei, eta ez dira gutxi, ongi etorriko litzaieke batezbesteko tenperatura gradu bat edo bi igoko balitz. Bestalde, ez dago CFCaren kasuan gertatzen zen bezala, interes ekonomikoetan adostasunik, bi esparru desberdin baizik.
Batetik, eta aliantza paradoxikoan, ekologista utopikoak eta energia nuklearraren aldekoak daude eta, bestetik, ezagunak diren ohizko energi baliabideak (ikatz,petrolio eta gasean oinarritzen direnak) erabili eta urtetan erabiltzen segituko duen gehiengo errealista.