Otsoaren arazoa eta kontserbazioa (eta 2)

—Nora zoaz, Txanogorritxu? —Amonarenera, ihauterietarako mila durokoa eskatzera...

M.M. Elosegi

Gero gertatuko dena asmatzea, noski, ez da zaila. Otso aluak amona jango du eta Txanogorritxu gizarajoa bera ere larri ibiliko da. Txanogorritxurena ipuin zahar bat besterik ez bada ere, adierazgarria gertatzen da oso. Izan ere, umeek txiki-txikitatik otsoa animalia gaiztotzat hartzen ikasten dutelako, eta etorkizunean beldurra eta gorrotoa sentitzeko hazia ereinda gelditzen delako.

Gizakia artzain bihurtu zenetik otsoak, ardiak jan dizkionez, ezinikusi latza du “pizti” honekiko. Arazo hau, ordea, mende honen erdialdera desagertu zen Euskal Herrian, 1923an Urbasan, 1955ean Gibijon, eta 1967an Turtzioz-en azken otsoak hil zituztenetik. Geroztik, artzainek gauean lasaitasun osoz utzi ahal izan dituzte ardiak zaindu gabe, eta bizimodu erosoagoa izan dute. Baina azken urteotan gezurra zirudiena gertatu da. Gure mapatik desagertarazi genuen animalia inolako ahaleginik egin gabe, mendebaldetik, Burgos eta Kantabria, eta baita Soria aldetik ere, sartzen hasi da.

Lehenik eta behin, berri hau pozgarria dela esan behar dugu, azken mende honetako komunikabideek sorturiko hesi-efektua ez delako erabatekoa, eta gure ingurunea oraindik ere harrapakari honentzako egokia izan daitekeela erakusten duelako. Sartu orduko ordea, otsoaren alde eta aurkakoen arteko saltsa eta eztabaida bizia sortua zen.

Ikus dezagun baina, zenbakitan zer-nolako kalteak sortzen dituen animalia bikain honek. Adituen arabera Espainiako Estatuko 2.000 otsoek, urtero 5.000 ardi-azienda, 400 behi azienda eta 1.000 zaldi-azienda hiltzen dituzte guztira, honek 120 milioi pezetako galera duelarik. Zatiketa erraz baten bidez, otso bakoitzak urteko 60.000 pezetako kalteak eragiten dituela ondoriozta dezakegu, baina kalte hauek leku batetik bestera oso aldakorrak direla ere baieztatu ahal izan da. Kantauriko mendizerrako otso bakoitzak adibidez, urtean 250.000 pezetako kaltea eragiten omen du eta hegoaldean, Castilla aldean, otso bakoitzak 10-15.000 pezetakoa baino ez. Euskal Herrian adituen arabera, 1992ko urria eta 1994ko abuztua bitartean, otsoek 179 azienda hil, 35 zauritu eta 86 desagertarazi zituzten, 2.550.000 pezeta inguruko kalteak sortuz.

1987-94 bitartean, Euskal Herria, Burgosko iparraldea eta Kantabriako ekialdean 50-53 otso hil dira. Argazkian, 1996an Araban hil eta disekatutako otsoa.
M.M. Elosegi

Oso bitxia gertatzen da bestalde, otsoek baino kalte handiagoak eragiten dituzten animaliak badaudela jakitea. Intsektu askok edo basurdeek adibidez, nahiz eta kalte handiagoak eragin, ez dute komunikabideen arreta erakartzen eta ezta nekazarien artean halako gorrotorik pizten ere. Baliteke basurdeek soroetara han-hemenka eta maiz hurbiltzearen ondorioz, nekazari bakoitzari txikizio handiegirik ez eragitea eta otsoek, aldiz, gau bakar batean artzain baten ondasun guztia honda dezaketenez, askoz ere amorru handiagoa piztea. Dena den, bitxia da animalia batzuk, besteak bezain kaltegarriak izanda ere, gorrotorik ez sortaraztea.

Estatistikekin jarraituz, otso bakoitzak urtero batezbeste 3 azienda inguru hiltzen dituela ondoriozta dezakegu, baina sarraskiak ustiatuz, etxeko azienda gehiago jaten dute hiltzen dutena baino . Baliteke ordea, Euskal Herrian dabiltzan otsoek, gazte eta esperientzi gutxikoak izanik, esandakoak baino kalte handiagoak sortzea. Demanda aldean adibidez, otso bakoitzak urtean 7,6 ardi hiltzen dituela ikusi da eta inguru hauetakoek ere antzera egin lezakete. Kalteak aipatu ditugularik, egokia litzateke otsoek inolako mesederik egin ote lezaketen ere ikustea.

Harrapakari hauek ungulatuen populazioen kontrola eta hobekuntza burutzen dute eta adituek otsoen lurraldeetan ageri diren azeri-populazio orekatuak eta basa-zakur eskasia edo gabezia azpimarratu izan dituzte, besteak beste. Nolanahi ere, arazo honen aurrean har daitezkeen aukerak aztertzeari ekingo diogu. Goazen bada.

Jende askorentzat, otsoa pizti txikitzaile eta arriskutsua da; zaila izango da hortaz, gure herrian finkatzen uztea.
M.M. Elosegi

Aukeretako bat lehengo egoerara itzultzea izango litzateke; hau da, otsoak hemen lekurik ez duela erabakitzea eta azken alea hil arte ekitea. Neurri batean hauxe izan liteke gaur egun egiten ari garena, mendebaldeko populazioetatik honantz jotzen duten 5 bat otso hiltzen baititugu, urtero, eta gure lurraldeko eskualde batzuetan finkatuxe dagoen arren, animalia hau ez baitute Euskadiko Autonomi Erkidegoan mehatxupean dauden ornodunen zerrendan sartu.

Bestetik, animalia hau Europako mendebaldean eskasa dela eta, guztiz babestea proposa liteke, altxor hau gure faunaren ondarerako berreskuratuz. Aukera honen arabera, artzainei egindako kalteak eskuzabalki ordainduko litzaizkieke eta otsoak dauden lekuan utzi. Euskal artzainek, ordea, kalte-ordainak jasota ere ez lukete aise onartuko bizimodu hau Aralar, Urbasa edo antzeko lekuetan. Hain inguru gizatiarretan otsoen ehizakiak neurri handian abereak izango lirateke eta egoera txarrean dagoen lanbide hau egoera jasanezinean murgil liteke.

Saia gaitezen ordea, zaila dela jakinda ere, otso eta artzainen kontserbazioa ahalbidetuko lukeen tarteko egoera planifikatzen. Hasteko, otsoaren erasoa dagoen leku guztietan eta aldi oro artzainei kalte-ordain azkarra emango litzaieke. Ez noski hildako ardiena soilik; galdutakoena, desagertutakoena, estresarena, eta baita produkzio eta emankortasunaren jaitsierari dagokiona ere. Baina abere asko hiltzen dituzten otsoen kontrola burutuko genuke. Zergatik?

Alde batetik, animalia azkar hauek abereetara hurbiltzea arriskutsua dela ikas dezaten, eta bestetik, artzainak lagunduta senti daitezen, euren etsipena eta gorrotoa neurri batean bigun dadin, eta garrantzitsuena dena, euren aldetik pozoiak eta antzeko iharduera arriskutsuetara itzul ez daitezen. Baliteke baina, giza populazio txikiko mendikatearen batean (Nafarroako Pirinio aldean edota Arabako eskualderen batean esate baterako) otsoa ia oharkabean pasatzea eta orkatz, basurde eta bestelakoetaz elikatzea. Ale hauek noski, bakean utziko lirateke.

Otsoa eta artzantza bateragarri egin nahi ahal izateko plangintza beharrezkoa da. Eta kasu guztietan egiten dituzten kalteak ordaindu.
M.M. Elosegi

Artzainen aldetik azkenik, hildako ardien ordaina eskuzabaltasunez, azkar, eta inolako burukominik sorrarazi gabe bideratzeagatik, ardien zainketan nolabaiteko ahalegina egiteko konpromezua beharko litzateke. Egokia izan liteke, artaldeetan artzanorak edo mastin arrazako zakurrak edukitzeko laguntzak ematea, otsoaren erasoei aurre egiteko oso egokiak direlako. Zoritxarrez ordea, azken bi belaunaldietan artzainek otsoekin kontakturik izan ez dutenez, eta bizimodu askoz erosoagoa daramatenez, ez dute lan gehiago hartzerik aise onartuko. Pentsatzekoa da beraz, otsoak, Euskal Herriko harrapakari basati bikainenak, betiko alu, basati eta txikitzaile fama gainean eramango duela eta inolaz ere ez diogula gure lurraldean finkatzen utziko. Nahiago nuke oker banengo!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila