Ordenadorea ikurrak edo sinboloak erabiltzen dituen makina elektronikoa da; programa bati jarraituz informazioa prozesatzen duena.
Ordenadoreen barne-egituraketa dela eta, makina horiek erabil dezaketen informazio-mota digitala da, hots, 0 eta 1 ikurren bidez kodeturik dagoena. Horrek ez du esan nahi erabiltzaileak informazioa horrela adierazi behar duenik. Ordenadoreak digitalki lan egin arren, operadorea aginduak ematean hizkuntza arrunten antzerako lengoaia batez baliatuko da.
Ordenadoreen eginkizuna bete ahal izateko datuak eta aginduak nonbait gorde behar dira, eta gauza bera bitarteko emaitza eta azken emaitzekin. Biltegiratzeko beharrezkoa den toki horri memoria esaten zaio, datuak pilatzeko balio du eta aurrerago adieraziko dugunez ez da disket edo diskoekin nahastu behar.
Informazio-unitate txikienari bit ( bi nary digi t ) deitzen zaio eta balio bakar bi izan ditzake; bit batek zero ala bat balio dezake. Eta unitate txikiegia gertatzen denez, byte izeneko unitatea gehiago erabiltzen da. Bytea karaktere bat adierazteko behar den bit-multzoa da. Gehienetan zortzi bitez osatzen da eta orduan zortzikote deitzen zaio, baina seikoteak ere izan daitezke. Ondokoak dira gehien erabiltzen diren byte unitatearen anizkoitzak:
Anizkoitzak Balioa IkurraKilo
Mega
Giga
Hona hemen ordenadore baten memoriak dituen osagaiak: memori taula, helbide-erregistroa, deskodetzailea eta datuen erregistroa.
Memori taula
Informazioa gordetzeko erabiltzen da eta bi egoeratan egon daitezkeen elementuez osaturik dago. Elementu hauetako bakoitzak bit bat adierazten du. Bit hauek elkarrekiko independente diren multzotan elkarturik daude eta multzo hauetako bakoitzari memori hitza deritzo. Memori hitzaren luzera desberdina izan daiteke ordenadore batetik bestera, byte batekoa, bikoa edo hirukoa ere izan daitekeelarik. 1. irudian erakusten den memorian, memori hitzaren luzera 5 bitekoa da, eta adibide gisa hartu behar da; benetako ordenadoreek luzera handiagoko hitzak izaten baitituzte.
Memori taulako zelula edo bit-multzo independente horiek gelaska izenez ezagutzen dira eta informazioa gordetzeko gaitasuna dute. Oso garrantzitsua den beste ezaugarri bat ere badute: gelaska bakoitza identifikatuko duen helbidea.
Informazio bat memoriatik eskuratzeko, bere helbidea zehaztu egin behar da. Beraz, memoriak buzoi-multzo baten antza du, non informazioa, buzoien edukina eta helbidea buzoiaren kokapena baitira. Lehenago esan dugunez, informazioa kode bitarrean gordeko da eta helbideak ere kode bitarrean daude, baina kontzeptualki desberdinak dira erabat: helbide bateko gelaskan denboran zehar kokatzen diren datuak desberdinak izan daitezke, baina gelaska horren helbidea iraunkorra eta aldaezina da.
Helbide-erregistroa
Memorian egingo den hurrengo eragiketa memoriako zein gelaskatan gertatuko den adierazten du. Memoria batek onartzen dituen eragiketak irakurketa (memoriako gelaska bateko informazioa eskuratzea) eta idazketa (memoriako gelaska batean datu bat gordetzea) dira. Helbide-erregistroak hurrengo eragiketan erabiliko den gelaskaren helbidea zehazten du.
Helbide-erregistroaren luzera, hots, onar dezakeen bit-kopuru maximoa, memori taulan dagoen gelaska-kopuruarekin erlazionaturik dago. Irudian ikus daitekeenez, gelaskak 8 badira 3 bitez lor daitezkeen helbideak aski dira edozein gelaskatako helbidea adierazteko. Helbide-erregistroaren luzera eta memori taularen arteko erlazioa ondokoa da: helbide-erregistroak n bit baditu helbidera daitekeen gelaska-kopuru maximoa 2 n da.
Deskodetzailea
Helbide-erregistroan dagoen helbidea kodetuta dago, eta kode horri dagokion gelaska aktibatu behar da. Aktibaketa edo pizketa hori elektrikoki egin behar da eta horretarako tartekatzen da deskodetzailea izeneko osagai hau. Deskodetzailearen lana kode bitarrean emandako helbidea hartu eta kode horri dagokion gelaska pultsu elektriko baten bidez aktibatzea da.
Datuen erregistroa
Memoriako atea da, hemendik iragaten dira memorian idatziko diren datuak eta bertatik irakurtzen direnak ere bai. Datuen erregistroak duen bit-kopurua, memori hitzak duen luzeraren berdina da, hots, 5 gure adibidean. Erregistro hau datu-busari konektaturik dago. (Ikus 1. irudia).
Bi dira memoria batean burutu daitezkeen eragiketak: irakurketa eta idazketa.
Irakurketa bat egitean memoriako gelaska batean dagoen datua edo agindua ordenadoreko beste toki batean kopiatzen da; memoria dagoen dagoenean geratzen delarik. Hona hemen irakurketan ematen diren urratsak:
Idazketa egitean memoriako gelaska batean kanpotik datorren datu bat gordeko da. Hona hemen idazketa bat burutzeko eman beharko liratekeen urratsak: