Eguneroko lanean izugarrizko iraultza ekarri du. Bere aurrean eseritzen garenean, denbora oso azkar joaten da, ia konturatu ere egin gabe. Baina luzarora arazoak saihesteko hobe da gauzak taxuz egin eta aholku erraz batzuei jarraitzea.
Gure irakurleetako asko eta asko izango dira egunero-egunero ordenadore baten aurrean lautik sei ordura bitartean emango dituztenak. Lan-kontuak behartuta, noski, baina zenbait kasutan lanekoez aparte etxean, jolasean edo, sartutakoak ere aurrekoei gehitu behar zaizkie. Eta horrela baldin bada, eguna bukatzerako ondoren aipatuko ditudan sintoma bat edo gehiago jasango zituen gure irakurleak: ikusmen nekatua edo zirriborrotsua, begi narritatuak, buruko edo lepoko mina eta neke orokorra. Eta hori guztia frogatzeko Ameriketako Oftalmologia Elkarteak kaleratutako estatistika baten emaitzek diotenez, pantaila baten aurrean lan egiten dutenen hiru laurden inguruk (% 75) arazoren bat eduki du ikusmenean: horren arrazoia, neurri handi batean, ordenadoreko lanak eskatzen duen begirada finkoak dakarren begi-kliska gutxitzea da, luzarora narritadura agertuz.
Dena den, informatikariak, ordenadore-zaleak edota erabiltzaile arruntak lasai egon daitezke osasun-arazo horiek guztiak ebitatzeko modukoak baitira eta ez dira, gainera, gaitz larriak. Baina, noski, ordenadore baten aurrean eseritzerakoan ondorengo gomendio eta oinarrizko aholku hauek kontuan hartzea komeni da, irabazitako guztia (denbora, erosotasuna, etab.) geure osasunaren galerarekin berdindu nahi ez badugu.
Gure lanean pantaila baten aurrean etengabe egotera behartuta bagaude, pantailak distantzia jakin batera egon beharko luke (50-70 zentimetro bitartean), etengabeko irakurketaren bidez ikusmena ez nekatzeko. Muskuluetako minak ebitatzeko, lan egiteko erabiltzen dugun mahaiaren altuera ere oso kontuan hartu behar da, besoek angelu zuzenean egon behar luketelako mahaiaren gainean. Aulkiei dagokienez, bizkarra oso osorik bilduko diguten aulki birakari horietako bat aukeratu behar da eta ez eseri aulkiaren aurreko aldean; beti aulkiaren bizkarraldean eseri eta ahal izanez gero, oinak goian dauzkagula lurretik hogei bat zentimetrora kokatuak.
Edozein jarrera estatiko desegokia da luzaroan mantentzen bada. Horregatik, bi ordutik behin edo, etenaldi laburrak egin beharko lirateke: aulkitik jaiki, paseotxo bat eman zangoetako muskuluak luzatuz eta askatuz eta begirada pantailatik libratzeko aprobetxatu.
Erlaxazioa ere oso garrantzitsua da. Garondoan mina sentitzen baduzu, egin itzazu lepoa mobilizatzeko ariketak, lasai-lasai, muskuluen uzkurdura eta mina prebenitzeko (adibidez, oso mesedegarria da lepoa ezkerretik eskuinera jiratzea poliki-poliki eta alderantziz ondoren, ariketa hori egunean zehar hainbat aldiz errepikatuz). Lanean bakarrik baldin bazaude (bestela lankideak harritu eta izutu egingo dira eta) edota etxean zaudenean, beste ariketa hau ere egin dezakezu, poliki-poliki: aulkiaren ertzean eserita, bota gorputz-enborra aurrerantz eta nabari ezazu nola jaisten den bizkarrezur osoa, gero utzi besoak alboetarantz erortzen eta azkenik burua hanka-tartean sartu. Behin behean dagoenean, burua jira ezazu eskuinetik ezkerrera.
Gauzarik garrantzitsuena pantailan islada edo distirarik ez sortzea da. Ordenadorea ez litzateke inoiz leiho batekiko paralelo jarri beharko, isladak eta distirak ebitatzeko. Argi artifizialak ezkerraldean kokatua egon behar du. Markako monitoreak behar bezala babestuta etortzen dira fabrikatik normalean, baina kasuren batean iragazkiaren babesa beharrezkoa izan daiteke; horretan erabiltzailearen sentiberatasunak ere zeresan handia dauka.
Hotsei dagokienez, zenbait ordenadorek frekuentzia altuko soinua egiten dute, gogaikarria izateaz gain, luzarora belarriarentzat kaltegarria ere gerta daitekeena. Kasu horietan tapoiak erabiltzea gomendatzen da.
Kontua da oso distantzia laburrera kokatua dagoen foku baten gainean eta begirada guztiz kontzentratua edukiz ordu asko lanean aritzea: horixe baita ordenadore-pantaila baten aurrean lan egitea. Horregatik, begiei atsedenalditxo bat ematea komeni da, ordu erdioro adibidez. Eta tarte horietan begi-kliskak maiztasun handiagoz egin.
Optikan adituak direnek ordenadorearen aurrean ordu asko pasatzen dituztenei noizean behin pantaila garbitzea gomendatzen diete, hautsak eta zikintasunak konjuntibitis-mota jakin batzuk ekartzen baitituzte.
Erabiltzaileak antiojoak baldin badauzka, edota astigmatismoa edo errefrakzio-akatsen bat (miopia edo hipermetropia), aldez aurretik espezialistarengana joan beharko luke. Azkenik, lente bifokalak erabiltzen dituztenek ordenadorea beren ikusmenera egokitu beharko dute (distantzia egokituz batez ere) eta optometristarengana joan, honek lente berezi batzuk emango baitizkio ordenadorearen aurrean dagoenean erabil ditzan.