Izerditzea gauza fisiologikoa da, 'normala' beraz, era horretan gure gorputzak tenperatura jaitsi eta hondakinak kanporatzen baititu; baina zenbait kasutan asaldura serioak ager daitezke. Galtzarbe edo besapeetako, eta eskuetako izerdiaren kasuan, ondorio negatiboak alderdi sozialean nabarmenduko dira gehienbat, arazoa jasaten dutenek halako deserosotasun bat senti dezakete-eta eskua eman edo jendaurrean agertu behar dutenean. Baina gehiegizko izerditzea oinetan ere agertzen denean, arazo fisikoak ere izan ditzakete, oinak estalita eramateak behar bezala lurrundu eta 'egurastea' eragozten duelako.
Izerdi-guruinak arduratzen dira larruazalaren lurrunketa horretaz, eta guruin horiek gorputz osoan zehar zabalduta daude; beraz, baita oinetan ere. Eta gorputzeko atal horiek, oinak alegia, estalita eraman ohi ditugunez, gehiago izerditzen dira.
Izerditzea ez dago gure borondatearen mende, ezin dugu eginkizun hori gure nahierara kontrolatu; nerbio-sistema begetatiboak gobernatzen du. Eta nerbio-sistemaren atal horrek behar baino ahulago funtzionatzea batetik eta izerdi-guruin gehiago edukitzea bestetik dira, zenbait aditurentzat, oinetako izerdia arazo serio bihurtzeko arrazoia. Beren sistema begetatiboa ahulago duten pertsonak errazago gorritzen (edo lotsatzen) dira, eta belarriak edo paparra gorritu egiten zaizkie.
Bi adin-talde dira, batik bat, oinetako gehiegizko izerditze hori beren nerbio-sistema begetatiboaren ahultasun horrek eragina dutenak: umeak eta adoleszenteak, hain zuzen ere.
Baina kasurik gehienetan, arazoa ez da izerdi-kantitatea bakarrik izaten, izerdi horrek botatzen duen usain txarra edo kiratsa ere kontuan hartu beharra baitago: larruazalean bakterio ugari dago, eta oinak estalita badauzkagu, izerdiarekin batera bakterio horiek degradatu egiten dira. Eta hurrengo pausoa ere berehala dator: gehiegi izerditu diren oinetan, behar bezala ibiltzea eragotziko diguten arazo fisikoak agertuko dira. Zapatek eragindako marruskadurak areagotu egingo dira, baita onddoek sortutako gaixotasunak ere, giro busti edo heze hori ezin hobea baita onddoak ugaltzeko.
Zure gehiegizko izerditze hori kezkatzeko modukoa gertatzen bazaizu, hoberena espezialista baten eskuetan jartzea izango duzu (pediatra, umeren baten kasuan; dermatologoa edo bai podologoa ere, pertsona helduentzat). Baina, dena den, har itzazu kontuan ondorengo puntu hauek:
Gazteek beren gustuko zapatak utzi eta beste batzuk erabiltzea ia ezinezkoa denez, komeniko litzateke bi zapata-pare edukitzea eta egunero horietako bat txandaka erabiltzea. Eta bero gehien egiten duen sasoian (udan, adibidez), ahal bada behintzat, zapata irekiak eta sandaliak, txankletak eta horrelakoak erabili, oina behar bezala egurasteko.
Normalean, aipatutako gomendio horiek nahikoak izaten dira oinak izerditzeari utzi eta, bide batez, usain txarrak uxatzeko. Hala ere, salbuespenezko kasuetan eta izerditzeak neurri guztiak hausten dituenean (izerdi-tantak ere erortzen direnean), neurri higienikoak ez dira nahikoak, eta metodo gogorragoak erabiltzera behartuak aurki gaitezke: substantzia agresiboagoak batetik eta kirurgia besterik (ikus koadroa).
Tratamendu gogorragoakZenbait kasutan, oinetako izerdiaren kantitatea eta kalitatea halakoa da, ezen neurri higienikoak ez direla aski eta tratamendu serioagoei eta gogorragoei ekin beharko diegula arazoa konpondu nahi badugu.
|