Oinakar: biltegi automatikoaren bidean

Enpresen arteko lehia dela eta, produkzio-kateako maila desberdinetan automatizazioa ezartzen ari da. Baina, produktua sortu ondoren metatu egin behar izaten da eta hemen fase berri bati hasiera ematen zaio, hots, biltegiratzeari. Arlo honi buruzko informazioa eskuratzeko, Euskal Herrian biltegiratze-sistema automatikoan espezializaturik dagoen enpresetan aurreratuenera, hau da, OINAKAR-era, jo dugu. Bertan, Jon Ander Mujika injinerua izan genuen solaskide.

Orga jasotzailearen alorrean munduan dagoen enpresa ospetsuenetakoa MITSUBISHI da.
Oinakar

OINAKAR enpresa ULMA kooperatiba-taldekoa da. Talde honetan iharduera desberdineko enpresak daude; nekazaritza, eraikuntza, ontziteria eta enbalajeak, forjaketa eta manutentzioa lantzen dituztenak, hain zuzen.

Oñatin kokaturik dagoen enpresa honek batez ere bi produktu egiten ditu: orga jasotzailea eta biltegi automatikoa. Horretarako bi enpresa japoniar ospetsurekin harremanak dituzte.

Orga jasotzaileen alorrean MITSUBISHI enpresarekin batera hamasei eredu desberdin komertzializatzen dituzte. Orga hauek 1 eta 3,5 tona bitarteko pisuak jaso ditzakete. Motoreari eragiteko gasolina, gas likidotua, propanoa eta gasoila erabil daitezke eta ateratako zarata eredu zaharrarena baino dexentez txikiagoa da.

Aipagarri diren beste ezaugarri batzuk ere badituzte orgek. Batetik, gauean lan egin ahal izateko koadroko monitorea argiztatua dago. Bestetik, direkzioa hidraulikoa da, eta nahi izanez gero, eskuzkoa ere izan daiteke.

Hala ere, OINAKAR-ek komertzializatzen duen produkturik garrantzitsuena BILTEGI AUTOMATIKOA da. Hain zuzen ere, Jon Ander Mujika da arlo honetan aditua.

Orga jasotzaileen alorrean MITSUBISHI enpresa japoniarrarekin elkarlanerako duten akordioaren antzera, biltegi automatikoan hango DAIFUKU enpresarekin dute elkarlanerako akordioa. Enpresa hau 1937. urtean sortu zen eta jadanik merkatu japoniarraren % 50 bereganatua du.

Biltegi automatikoak oinarrizko unitateak ezezik, beste sistema automatiko batzuk ere izan ditzake. Irudian, adibidez, robot-orgak ditugu.
Oinakar

Jon Anderri biltegiratze-sistema honetan gorde ahal izateko ea zein produktu-mota den egokiena galdetu genion. Bere erantzuna hauxe izan zen: “gorde behar den edozein produkturentzat da egokia biltegi-sistema automatikoa; farmazi botikak, elektrizitate-gailuak, zaku porlanak, pintura-lata edo -bidoiak, mekanizazio-piezak, etab.” Paletizatuta dagoen edozer erabil daiteke.

Sistemak, oro har, ondoan azalduko diren alderdiak ditu. Alde batetik, paraleloki kokaturiko apalategiak daude, bi apalategiren artean pasabidea dagoelarik. Apalategien luzera nahi adinakoa izan daiteke eta altuera 2 m-tik 15 m-ra bitartekoa da. Pasiloan, errail bat dago eta honen gainean orga bat higitzen da. Orga honek piezak hartu eta utzi egiten ditu apalategian. Horretarako, behar den lekuan kokatzen da eta behar diren higidurak burutzen ditu nahi diren piezak hartu ahal izateko. Ekintza hauek burutzeko behar diren translazio- eta igotze-higidurak azkarrak eta leunak dira.

Biltegi automatikorako unitate baten egitura

Sistema honen kontrola eskuz edo ordenadorez egin daiteke, baina askoz ere interesgarriagoa da ordenadorez egitea. Ordenadorez eginda, stockaren kontrol zehatza eduki daiteke; orgak apalategitik zerbait hartu edo uzten duenean aldez aurretik ordenadoreari jakin erazi egin behar bait zaio.

Ordenadore bidez orgari ematen zaizkion aginduak noiznahi eman dakizkioke, hau da, ekintza bat bukatu arte beste agindu bat eman ahal izateko ez dago itxaron beharrik. Apalategiak zenbakituta eta ordenatuta daude. Alde batetik, ezkerreko eta eskuineko apalategiak ditugu. Bestetik, ezkerrekoa edo eskuinekoa hartuz, horizontalki zenbakitzen dira, hots, 1, 2, 3, ..., etab. eta azkenik horizontalki zenbakitutako apalategi bakoitzari, posizio bertikala adierazten duen zenbakia eransten zaio. Adibidez, “ezkerra, 18, 3” aginduak ondoko hau esan nahi du: “ezkerreko apalategian horizontalki 18 apal zenbatu eta hor lurretik hasita 3 apal gora joan zaitez.”

Biltegi automatikoko sistemaren kontrola bertako langileek egiten dute, batere arazorik gabe. Stockaren higidura guztiak lantegiko ordenadore nagusienera, sare batez baliatuz adibidez, garraiatzen dira, horrela kontabilitatea asko errazten delarik.

Biltegi automatikoaren unitate minimoa irudikoa da.

Produkzio-lekua eta biltegiratze-lekua automatizaturik eta konektaturik daudenean, ezinbestekoa da kontrola ordenadore bidez egitea.

Baina, biltegi automatizatuak, arestian aipatu elementuak ezezik osagai gehiago ere izan dezake. Esate baterako, orgak piezaren bat apalategitik hartu eta irteera-mahaira eraman ondoren, delako mahaiaren ordez zinta garraiatzailea edo robot-orga egon daiteke, honela pieza lantegiko beste leku batera garraia daitekeelarik.

Lantegi bakoitzak ikusi behar du beharren eta ekonomi posibilitateen arabera, bere biltegia noraino automatiza dezakeen. Hortaz, mota askotako biltegi automatizatuak egon daitezke, oinarrizkoena artikulu honetan azaldu dena izanik.

Beraz, gordailu baten automatizazio-kostuak oso desberdinak izan daitezke kasu batean ala bestean. Prezio zehatzak ematea zaila baldin bada ere, enpresa txiki batek 15.000.000 pta-ko inbertsioa eginez nahikoa automatizazio-maila ona lor dezake. Enpresa handitako kostuak, aldiz, 500.000.000 pta-rainokoak izan daitezke.

Berrikuntza honek enpresa-antolaketan organizazio eta ikuspegi berriak behar ditu. Berrikuntz prozesu honetan enpresariek ezezik langileek ere parte hartu behar dute, batzuek teknika berri hauen bidez enpresak eraberrituz eta besteek lan fisikoa burulanez ordezkatzen ari dela konturatuz.

Azkenik, Jon Ander Mujika eskertu nahi dugu erakutsi eta azaldu digunagatik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila