1970eko hamarkadaren hasierarako, ikatzaren garrantzia oso murriztuta zegoen energiaren esparruan. Ordurako, petrolioa eta gasa ziren erregai nagusiak: 1972an, esate baterako, kontsumoaren % 64,4 hartzen zutela kalkulatu da. Kontsumoa, gainera, urtez urte handitzen ari zen, eta erreserba aurkitu berriak ez ziren urteko kontsumoa hornitzeko adinakoak. Egoerak larria zirudien. Bukatuta zegoen Lurreko petrolio guztia?
Ez litzateke zuzena izango gaur petrolioaren krisialdia izenez ezagutzen duguna ustezko petrolioaren eskasiari leporatzea; politikak eta ekonomiak ere hartu zuten parte krisialdian. Alde batetik, munduko petrolio gehiena zuten herrietan egoera politikoa oso ezegonkorra zen. Ondorioz, petrolio gordinaren prezioak sekulako igoera izan zuen oso epe laburrean.
1973ko urriaren 16an, petrolio-upela hiru dolarretik bostera garestitzea erabaki zuela iragarri zuen LPEE erakundeak. Abenduan, hamabi dolarrera igo zuten prezioa, hau da, hiru hilabetean laukoiztu egin zen. Nahiz eta igoera mantsoagoa izan, hurrengo urteetan joera ez zen aldatu, eta 1981eko bukaerarako 34 dolarretan saltzen zuen upela LPEEk. Horrek guztiak, eta tartean gertatutakoek, munduaren ekonomia baldintzatu zuten.
Krisiak krisi, iturriaren galdera azaleratu zen: noiz agortuko da petrolioa?
Galdera horri ezin izan diote adituek erantzun, nahiz eta asko espekulatu duten. Hala eta guztiz ere, espekulazio horiek kontuan hartzekoak dira, askotan iragarpen zuzenak ekartzen dituztelako. Hori gertatu zen 1956an M. King Hubbert doktoreak egindakoarekin: bere kalkuluen arabera, petrolio-ekoizpenak 1970 inguruan joko zuen goia. Eta hala izan zen.
Ikuspuntu guztietatik ikusita, 1970 inguruko egoera larria zen. Petrolioa agortzen ari zen, eta produktuak garestitzen; petrolio-iturri berriak bilatu beharrean zeuden enpresak. Bilaketa sistematikoak egiten hasi ziren, eta emaitzak azkar etorri ziren. Adibidez, Britainia Handia eta Norvegia petrolio-hobi berriak ustiatzen hasi ziren Ipar Itsasoan.
Baina non eta nola bilatzen da petrolioa? Kontuan hartu behar da zenbat eta sakonagotik atera eta zenbat eta poloetatik gertuago egon, orduan eta zailagoak direla bilaketa eta erauzketa. Zailtasunak, noski, garestitu egiten du produktua.
Hasieran esplorazioak datu ezagunetatik abiatuta bideratu zituzten. Lehen hobiak lehorrean zeuden, baina argi zegoen petrolio-hobi batzuk itsas hondoaren azpira hedatzen direla; pixkanaka, petrolioa itsaspetik erauzteko teknologia garatu zuten.
Bestalde, petrolioaren jatorria zein den jakitea ere garrantzitsua izan daiteke hobi berriak bilatzeko. Lurrazalean mendiak eta bailarak dauden bezala, lurpean ere topografia oso konplexua da, ia toki guztietan ezezaguna. Ez da harritzekoa ezezaguna izatea, itsas hondoa bera nolakoa den jakiteko izugarrizko oztopo teknikoak gainditu behar baititu gizakiak. Lurpeko topografia aztertzeko oztopo horiek are handiagoak dira.
Lurrazalaren azpikoa are gutxiago ezagutzen da. Petrolio asko pilatu duten arro handienak, arabiar-irandarra adibidez, aspalditik ustiatzen dira. Baina, noski, esplorazioek ez dituzte arro horiek bilatzen, erraz aurkitzen ez diren erreserbak baizik.
Oro har, petrolioa eta gasa hobietan pilatzen dira lurrazalaren azpian, baina prozesua ez da hobi guztietan berdina. Inguru geologikoaren porositateak, han dauden formazioek eta beste faktore geologiko askok alda dezakete hobi baten sorrera. Horrez gain, hobi bat bertan sortutako olioak osatzen du batzuetan, baina beste batzuetan haraino 'migratutakoak'. Migrazioa egon baldin bada, agian sorlekuan ere egongo da petrolioa pilatuta, eta, beraz, migrazioaren bideari atzeraka jarraitzea esplorazio-metodo eraginkorra izan daiteke.
Baina nola jakin daiteke putzu batetik erauzitako petrolioa bertan sortutakoa den ala ez? Adituek hainbat seinale kimiko erabiltzen dute hori argitzeko. Azken batean, migrazioaren prozesuak eraldaketa kimikoak eragiten ditu petrolioaren konposizioan.
Migrazioak ibilbide bertikala duenean, gainera, kondizioak bortizki aldatzen dira, bai presioa eta bai tenperatura ere. Kondizio horiek eraginda, molekula handiak zatitu egiten dira. Kimikariek, zein molekula sortu den eta zein ez ikusita, petrolio horren 'historia' eta, beharbada, ibilbidea iker dezakete. Adibidez, oso kantitate txikietan agertzen den hidrokarburo batek, benzokarbazolak alegia, migrazioa gertatu den ala ez adieraz dezake, kontzentrazioaren eta molekularen konformazioaren bitartez. Aditu batzuk, zenbat kilometro migratu duen iragartzen ere ausartzen dira horrelako parametroetatik abiatuta.
Baina hori teoria da. Hobi ezagun bateko informaziotik abiatuta ere, praktikan, ez da erraza hobiak bilatzea edo petrolioaren migraziobideak zein diren igartzea. Horretarako, adituek ahal izan dituzten teknika guztiak erabili dituzte. Dena dela, oro har, hiru teknika nagusitu dira azterketa horietan.
Lehen teknika lurrazalaren mapa zehatza egitea da. Batzuetan, mapa horietatik lurpeko formazioak eta egiturak estrapola daitezke, eta lurpeko topografia ezagututa, hobian non bilatu erabaki daiteke. Azterketa horrekin batera, gas naturalaren kontzentrazioak neurtzen dituzte askotan, atmosferako gasak petrolioaren presentzia adieraz dezakeelako.
Dena dela, petrolio-hobi askoren inguru geologikoa ezin da lurrazalaren topografiatik abiatuta iragarri, eta, beraz, askotan metodo hau ez da eraginkorra izaten.
Bigarren metodoaren helburua lurpeko egitura zuzenean aztertzea da, hain zuzen ere. Horretarako, uhin sismikoak erabiltzen dituzte petrolio-enpresek, sonarra uretan erabiltzen den antzera. Leherketa txiki batek eragindako uhinaren isla orientazio ezberdinetan kokatutako mikrofonoen bitartez jasotzen da. Isla horretatik abiatuta lurpeko geologiaren mapa osa daiteke.
Azkenik, grabitate-azterketak ere erabiltzen dituzte petrolioa bilatzeko. Grabitatea ez da ia aldatzen lurrazalean, are gutxiago aztertzen den lurraldea ez bada oso zabala. Horregatik, oso neurketa zehatzak egin behar izaten dituzte lurpeko materialen dentsitatea jakin ahal izateko. Dentsitate horietatik, noski, harria, petrolioa, gasa eta abar non dauden iragar daiteke.
Teknika horien guztien helburua, azken batean, lurpeko formazio geologikoei igartzea da; ez da lan erraza. Ustiatu ziren lehen hobiak egitura sinpleenetan daude, hau da, ganga-itxurako formazioetan harrapatuta. Orain aurkitu nahi dituzten hobi berriak, aldiz, oso egitura konplexuetan daude, eta horregatik dira zailak aurkitzeko eta garestia erauzteko. Ipar Itsasoan, adibidez, hiru zundaketatik bat bakarrik izaten da emankorra.
Argi dago: ez dago ziur jakiterik toki batean petroliorik dagoen ala ez lurrazala zulatu eta bertakoa analizatu arte. Gainera, petrolioa bilatzeko ia prozesu guztiek eskatzen dute zulatzea; esate baterako, uhin sismikoak eragiteko leherketa zulo txiki batetik egiten da, eta gasa edo petrolioa analizatu nahi direnean ere, lagina hartzeko zulatu egin behar izaten da. Zeresanik ez, petrolio-hobi berri bat aurkitzen denean, putzuak egin behar dira erauzten hasteko.
Industriak diru eta denbora asko eman du zulatze-teknikak garatzen. Edozein zundaketa edo putzu egitean teknikariek ezin dute aldez aurretik jakin zer harri-motarekin ari diren lanean. Nolanahi ere, zulagailuari lohiak gehitzen zaizkio, bai labainarazteko, bai eta beharrezkoak diren hainbat substantzia gehitzeko ere
Zulatze-prozesuak beti eragiten du kalte ekologikoa, lehenik, zulo berriak lurpeko hainbat substantzia askatzen dituelako, eta, bigarrenik, etengabe injektatu behar den lohia ere ingurunean barreiatzen delako. Lohi hori bi motatakoa izan daiteke, bere osagai nagusiaren arabera, hots, batez ere olioa edo ura duena. Zulatze-teknikak asko aldatzen dira lohi-mota batetik bestera.
Noiz erabiltzen da lohi-mota bat eta noiz bestea? Petrolio-konpainiek denborarekin lohi urtsuak erabiltzeko joera hartu dute, besteak baino garbiagoak direlako, eta, beraz, gutxiago poluitzen dutelako. Dena dela, zenbait kasutan lohi oliotsuak beharrezkoak izaten dira; adibidez, harri gogorra zulatu behar izaten denean, zulagailuak berak eskatzen du olioaz labainaraztea. Olio horren osagai nagusiak, oro har, gasolioa eta hidrokarburo arinak izaten dira.
Lohiak berak gehigarri asko behar ditu zulatzea eraginkorra izateko. Izan ere, parte hartzen duten substantzien zerrenda oso luzea da, eta mota guztietako molekulak izaten ditu. Besteak beste, zulagailuari injektatzen zaion lohiak substantzia lubrifikatzaileak izaten ditu, eta askotan horiek izaten dira ingurumenaren ikuspuntutik gehigarririk arriskutsuenak.
Beste alde batetik, lurpetik erauzten diren substantziak ere kontuan hartu behar dira. Zenbat eta sakonago zulatu, orduan eta hondakin zikinagoa irteten da azalera. Oro har, sakondu ahala, gero eta material solido gutxiago eta likido gehiago azaleratzen da. Likido hori urtsua da, baina zulatzen den heinean, gero eta hidrokarburo-kantitate handiagoak ditu esekita. Ateratzen den hondakin-ur hori, isuri baino lehen araztu egin behar izaten da; horrek prozesua garestitu egiten du, eta are gehiago itsasoko plataforma batean.
Petrolioa ateratzen hasten denean, normalean, olioz estalitako hondar fina erauzten da. Hondar hori ere poluitzaile-iturri nagusietako bat da. Baina beste produktu asko erauzten dira prozesu horretan, metal astunak eta isotopo erradioaktiboak barne. Horregatik, talde ekologistek kanpaina ugari jarri dituzte martxan material horien isurketen aurka.
Petrolio-konpainiek diru asko gastatu behar izaten dute hondakinak garbitu eta ura arazteko, eta gastua askoz handiagoa da hobiak itsasoan edo poloetatik gertu daudenean. Eta gogoratu behar da erreserba berri gehienak toki horietan daudela. Beraz, petrolio gutxi egoteak ez ezik, hori aurkitzeko eta erauzteko behar den teknologiak ere garestitzen du produktua.
Orduan, berriz ere, galdera bera: zenbat petrolio-upel gelditzen dira lurpean? Ez dago zehazki esaterik. Beharbada, ez dugu inoiz jakingo. Adituen ustez, 2005etik aurrera hasiko da ekoizpena urritzen. Kalkulu horren arabera, 2050 inguruan agortuko dira erreserbak, gutxi gorabehera. Nolanahi ere, petrolioa garestitzen den heinean, gizarteak beste energia-iturri batzuk ustiatzen hasi beharko du.
Petrolio-enpresek badakite hori; horregatik, energia berriztagarrien inguruko ikerketa-sailak jarri dituzte martxan. Dena dela, urteak beharko dira petrolio-hobi berrien bilaketa amaitzeko, eta, bilatze horretan, ingurumena errespetatzeko itunak aurrez aurre izaten dituzte enpresek eta gobernuek.
Horren adibidea Estatu Batuetako gobernuak baimendu behar izan duen Artikoko esplorazioa da, Alaskan; berez, babestutako eremua da.
Ingurumenaren ikuspuntutik, petrolioaren erauzketak eztabaida asko sortu ditu, batez ere itsasoko instalazioei dagokienez. 1970eko hamarkadan, itsaspeko hobien ustiaketa sustatu zen, eta, horretarako, ehunka plataforma instalatu ziren munduan zehar (gaur egun 635 daude mundu osoko itsasoetan). Plataforma horien bizitza baliagarria hogei urte ingurukoa izateko instalatu ziren asko. Epe hori pasatuta, hobi horiek ez zeuden agortuta, ezta gutxiagorik ere, eta eztabaida sortu zen: desmuntatu egin behar ziren instalazio horiek?
Desmuntatze-lanak asko aldatzen dira plataforma-motaren arabera. Ustiatzen duten itsas hondoa ez bada oso sakona, plataformek hondoraino iristen diren hankak izaten dituzte. Baina hondoa 150-200 metrora dagoen kasuetarako plataforma flotatzaileak erabiltzen dira, ainguren bitartez finkatuta eta zementu-bloke handiekin lotuta. Plataforma horiek desmuntatzeko garaian ez dira, hankadunekin bezala, arazoak sortzen. Gainera, askotan plataforma osoa askatu eta hobi batetik bestera garraia daiteke kostua merkatzeko. Batzuetan, plataformen ordez itsasontziez baliatzen dira enpresak putzuak egiteko.
Ingurumenaren ikuspuntutik, plataformen jarduerak eragiten duen kalte ekologikoa itsasontziek eragiten dutena baino askoz txikiagoa izaten da. Dena dela, olioa, hondakin-ura eta beste hainbat produktu isurtzen dituzte itsasora. Bestalde, plataformen istripuak ez dira salbuespenak izan olio-industrian. Isurketa horiek itsas biologian ere islatzen dira, eta hainbat espezieren populazioen gainbeherak gertatu dira plataformen inguruan.
Baina petrolio-plataformen eta biologiaren arteko harremana ez da inolaz ere gai sinplea. Esate baterako, 1997an oso kasu berezia aurkitu zuten Eskoziako ozeanografo batzuek. Desmuntatzear zeuden plataforma batzuen hanketan, Ipar Itsasoan, Lophelia pertusa koralaren koloniak detektatu zituzten. Ur hotzeko korala da, baina Ipar Itsasoan ez da agertzen, bertako hondoa hareazkoa delako, eta beraz, koloniek ez dutelako euskarririk hazteko. Plataformen hankei, ordea, erraz eusten diete.
Eztabaida arraro bat sortu zen orduan. Ekologistek plataformak ez desmuntatzeko eskatzen zieten petrolio-industriakoei. Azkenean, hitzarmen baten bitartez, osorik desmuntatu beharrean, hainbat plataformaren hankak han utzi zituzten.
Zuzen jokatu zuten kasu horretan ekologistek? Inguru horretan hazten ez den espezie bat 'ekarri' egin zuten plataformek. Dena dela, beste irakurketa bat ere badu istorio horrek: ustez hain sentikorra den koral-espezie batek hogei urtez hazteko ahalmena izan du isuriak etengabe gertatzen diren gune batean.
Kasu hori itsasoko biologiari buruzko ezjakintasunaren adierazgarria da; ez da hala?
Petrolioak utzitako zuloa
Ez dago arrastorik petrolioa erauzteak berak ingurumenean nolako eragina duen jakiteko. Petrolioa milioika urtean egon da lurpean, eta orain gizakia etengabe ari da ateratzen. Zer ondorio izango du horrek? Hidrosfera, biosfera, atmosfera, ozonosfera eta litosfera aztertu ditu ekologiak.
Baina, 'oliosfera' azter daiteke? Nolako eragina izan dezake petrolioa ez izateak? Adibidez, erauzketa egin den tokietan aldagai geologiko lokalak aldatu dira (presioa eta tenperatura, batez ere)? Lurrazalak hutsuneak izateak ondoriorik izan du? Ingurune horietako konposizioaren gorabeherak aztertzeak merezi du?
Ondoriorik duen ala ez ezin da jakin, eta, izatekotan, neurtezina da. Petrolioa lurrazalaren proportzio oso txikia izan arren, hainbat tokitan zegoen kontzentratuta; izan ere, 37 olio-eremu supererraldoi ezagutzen dira munduan, eta horietatik 26 arro arabiar-irandarrean daude. Dena dela, kalterik eragiten ez badu ere, karbonoaren ziklo orokorrean nolabaiteko etena da, eta bizidunek horretan hartzen dute parte.
Hidrokarburoek jatorri fosila baldin badute, beraz, erreserbak agortzeak arazorik ekar lezake. Helduko dio ekologiak inoiz azterketa-mota horri?