Dagoeneko aldizkari espezializatuetan Voyager 2-ak azken abuztuan Neptunoren ingurutik igarotzean bidalitako informazio-kantitate eskergaren lehenengo azterketak argitaratu dira. Ale honetan azterketa hauek Neptunori buruz eskaini dizkiguten emaitzarik garrantzitsuenak aipatuko ditugu, hurrengo alean bere satelite den Trinon-i buruz arituko garelarik.
Datorren abuztuaren 20an beteko da Voyager 1 eta 2 jaurti zireneko hamahirugarren urtea, eta joan den otsailean Voyager 2-ak (1-a Saturnorainoko azterketetan bakarrik erabili zen) Eguzki-sistema osoaren lehenengo argazkiak egin zituen, hots, Eguzkia bere planetez inguratuta agertzen deneko lehenengoak. Esan beharrik ez dago, beraz, zunda honek erabateko arrakasta lortu duela. Are gehiago bidaiaren azken etapatan eskaini dituen prestazioak jaurti zenean eskaintzen zituenak baino hobeagoak izan direla kontuan hartzen badugu. Hobekuntza hau zundako ordenagailuaren birprogramaketaz lortu da, noski. Neptuno, Voyager 2-aren azkeneko eskala, uste baino interesgarriago gertatu da, zientzilariak harritu dituzten zenbait ustegabe ezaguterazi dituelarik.
Has gaitezen, baina, planetaren eta bere orbitaren datu fisiko batzuk emanez (I. taula) eta argazkietan eman duen itxura azalduz. Taulako datuetatik ondoriozta daitekeenez, Neptunoren diametroa Lurrarena baino lau aldiz handiagoa da gutxi gorabehera. Bestalde, bera dugu planeta erraldoietan dentsoena. Argazkietan Neptuno kolore urdinez agertzen da, Lurrak espaziotik ikusita duen itxura gogoraraziz. Bi fenomeno ditugu honen oinarrian: lehenengoa, Neptunoren eguratsak eragiten duen Eguzkiaren argiaren dispertsio edo sakabanaketa (fenomeno berak ematen dio kolore urdina Lurreko zeruari) eta bigarren eta nagusiena, eguratsean aurkitzen den metanoaren jokaera.
Eguzkiaren batezbesteko distantziaMetanoak argi gorria zurgatzen du, argi urdinaren nagusitasuna sorteraziz. Dena den, Neptunon metano-kantitatea oso txikia da osagai nagusiak hidrogenoa eta helioa direlarik. Ikusi diren kanpo aldeko geruzen tenperatura -220°C ingurukoa dela kalkula daiteke. Hala ere, geruza hauetan detektaturiko aktibitatea izan da ustegabeetako bat.
Lurraren klimaren eta eguratsaren aktibitatearen gorabehera denak Eguzkitik datorkigun energiak eragiten ditu. Neptunoren Eguzkiarekiko urruntasuna dela eta, irradiazioa Lurrean baino 1000 aldiz txikiagoa da (edo Jupiterren baino 20 aldiz txikiagoa). Beraz, bere eguratsa hilik aurkitzea espero zen. Voyager 2-ak, aitzitik, oso haize bortitzak eta orban batzuk aurkitu ditu; bi ilun eta
zenbait argitsu. Lehenengo bietan “Orban Ilun Handia” deitu dena nabarmentzen da.Luzeran 12.000 km eta zabaleran 8.000 km ditu eta Neptunorekiko neurri erlatiboak Jupiterren “Gorriune Handiak” planeta honekiko dituenen antzekoak dira, kokapena bezalaxe. Aipatutako Beltzune Handiak nahikoa azkar aldatzen du bere itxura, eta higiduraren abiadura ere handia da; 325 m/s-koa, mendebalderantz. Beltzune honen ondoan, eta berarekin batera higituz, aipatutako une argitsuetako bat dugu; S1 izenekoa. Hau, esan bezala, aurrekoari lotuta dago, hegoaldean, eta badirudi duela urte batzuez gero Lurretik ikusten zena dela. Uste denez, altuera handietan (50 km-ra) kondentsatzen diren metanozko hodeiez osatuta dago. Kondentsazioa, Neptuno estaltzen duten hidrogeno-geruza altuenetako haizeak traba bat aurkitzean (kasu honetan Beltzune Handia) gorantz egin eta daramaten metanoa hoztuta gertatuko litzateke.
Hegoalderago beste une argitsu bat dugu; S2. Honek agertzen duen berezitasuna bere abiadura da: 16 ordu baino ez ditu behar Neptuno inguratzeko. Hori dela eta, Scooter izenaz ere ezagutzen da. Baina beraien eboluzioa ez da fenomeno hauek aurkezten duten arazo bakarra. Lehen esan dugunez, Eguzkiaren ekarpen energetiko hutsak nekez sor dezake horrenbeste aktibitate. Non sortzen da orduan beharrezko energia hori? Agian Neptunok berak izango du energi iturri txikiren bat.
EGUZKIA:
ILARGIA:
|
Eremu magnetikoari buruzko neurketek ere emaitza harrigarriak lortu dituzte. Voyager 2 aren magnetometroak erakutsi duenez, eremu magnetikoaren ardatza 50 bat gradu inklinatuta dago planetaren biraketa-ardatzarekiko, eta gainera ez da planetaren zentrutik pasatzen; zentrutik 8.000 km ingurura baizik. Eremu magnetikoaren berezitasun hauek Uranoren eremuaren antzekoak izateak ez du beraien azalpena errazten. Aitzitik, beharbada Uranoren ardatz magnetikoaren inklinazioa neurtu zenean zientzilariek eremu horrek Lurrarenak jasan izan dituen inbertsio edo alderanzketen antzekoren bat jasaten ote zegoen proposatu zuten, baina Neptuno prozesu berean aurkitzeko probabilitatea infinitesimala litzateke.
Beraz, badirudi azalpen ona aurkituko bada, planeta hauen izaerarekin lotuta dagoenen bat izango dela. Eremu magnetikoaren azterketaren emaitzak, gainera, garrantzi handikoak dira, beraiek planetaren barne-egiturari buruz lor dezakegun informazio bakarra ematen digutelako. Hala nola, eremu magnetikoaren biraketa-periodoak (16 ordu eta 3 minutu) ematen ditu kanpo aldeko geruzen barneko nukleoarekiko abiadura erlatiboak kalkulatzeko erreferentzia bakarra.
Hala ere, eginiko aurrikuspenen artean bat behintzat bada erabat bete dena; satelite berrien aurkikuntzari zegokiona. Lurretik eginiko behaketek bi sateliteren existentzia baino ez zuten baieztatzen: Triton, handiena, eta Nereida. Orain, berriz, zortzi direla badakigu. Batek gainera Nereidak baino diametro handiagoa du, baina hain aldebo handia duenez, Lurretik detektatzea ezinezkoa izan da.
Beste planeta erraldoiek bezala, Neptunok ere bere eraztun-sistema du. 1984-85ean Lurretik eginiko behaketek eraztun-arkuen existentzia agerian jarri zuten. Orain, Voyager 2-aren tresnak toki egokira zuzenduta ikusi ahal izan denez, eraztunak hiru direla eta osoak direla baieztatu ahal izan da. Lurretik ikusitako hiru arkuak Neptunotik urrunen dagoen eraztunean aurkitu diren materi pilaketa anormalak dira. Arku hauek azaldu beharreko arazo zail bat planteatzen dute, eraztunean zehar sakabanatuz talken ondorioz berez desagertu beharko luketelako. Batzuk arrazoia arkuaren inguruan leudekeen satelite artzain etan aurkitu nahi izan dute, baina dirudienez arazoaren erabateko azalpena oraindik urrun dago.
Kanpo aldeko eraztun biak oso meheak dira; kilometro batzuk lodi baino ez bait dira. Barruenekoa, berriz, oso difusoa da, eta zabaleran 2.500 km hartzen ditu. Aurreko biak tamaina ezberdinetako harkaitz eta hautsez osaturik badaude ere, barnekaldekoa gehienbat hautsez osaturik dago. Azkenik, kanpo aldeko bi eraztunen artean oso hauts fineko askoz eraztun zabalagoa ere ikusi da; aurrekoen aldean oso-oso difusoa.
Zer esanik ez, Voyager 2-ak bidalitako datuen azterketa urtetan luzatuko da. Aipatutako arazo guztiak argitzeko lanak hasi besterik ez dira egin eta buruhauste handiak emango dituzte.
|