Bere artasoro txikian, Emerencia Ngwa-k intsektu luze eta arre bat hartu du kontu handiz landare batetik. "Hauek landareak zulatzen dituzte" dio etsipenez begiratzen dion bitartean. "Asko daude gure soroetan" gehitu du. Zientzialariek Coleoptera deritzen intsektu hau lurrean bizi da, baina une batetik aurrera landarera igo eta zurtoina zulatzen hasten da. Landarea nano geratu eta uzta eskasa ematen du. Ngwaren modura artoa ereiten duten nekazarien etsai nagusia zurtoin-zulatzaile goseti hau da, askotan beranduegi denean sumatzen dena. Hori frogatzearren Ngwak, osasuntsu dirudien landare bat apurtu du eta, bertan ere, zurtoin-zulatzailea agertu da.
Arto-, artatxiki- edo basarto-uzta eskasa familia osoen hondamendia bilaka liteke Kamerungo hainbat lurraldetan. Agian, pestezidak erabil ditzaketela pentsa genezake, baina horren ordez, Ngwa-k eta Kamerungo ipar-mendebaldeko probintzian dagoen Ndop herriko beste nekazariek arroz-azalak erretzen dituzte. Hauek, montzoi-garaia baino egun batzuk lehenago ereindako sailetan zabaltzen dituzte, jarraian montzoiek ekarritako euriek errautsetako osagai basikoak lurperatu eta bertako zurtoin-zulatzaileak hil ditzaten.
Alboko herrixkan, Andrew Kule tabako-orriak lehortzen ari da. Berak, ordea, ez du tabakoa lantzen, barazkiak baizik, eta orain dituen tomate- eta aza-landareak izurritetatik babestuko dizkion nahastea prestatzen ari da. Tabako-orriak gau batez uretan beratzen jarri eta berotan xehetutako piper-hautsa gehitzen dio likidoa iluntzearren. "Nahastea oso gogorra da; landareak ihinztatu eta 24 ordurako ia intsektu guztiak hilak daude", dio Kulek harrotasun apur batez.
Kule eta Ngwaren moduan, Afrikako zein garapen-bidean dagoen edozein herrialdetako milaka nekazariren lurrak eguneroko izurriteen aurkako borrokarako gudu-zelaiak direla esan daiteke. NBEko Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak egindako balioespenen arabera, garapen-bidean dauden herrialdeetan ereindako lurren % 30 baino gehiago gaixotasun eta izurriteek hondatzen dituzte. Are gehiago, uztak bildu ondoren ere gal ditzakete.
Hala ere, pestizidak erabili ordez, nekazari txiro asko tokian-tokian sortu eta denborak balioztatutako metodoak erabiltzen dituzte izurriteak kontrolatzeko zein bildutako uzta kontserbatzeko. Horren arrazoiak hainbat dira. Batetik, pestizidak, askotan, eskuraezinak dira urruneko lurraldeotan. Bestetik, eskuragarriak izan arren garestiegiak gerta daitezke. Azkenik, gaur egun nekazari askok badu pestizidak gehiegi erabiltzeak osasunerako eta ingurugirorako dituen arriskuen berri ere.
Irtenbide lokal hauek ez dira elikagai-landaketa edota izurriteetara mugatzen, nekazarien eguneroko jarduna baita euren uzta gordetzeko egin beharreko borroka ere. Adibidez, urruneko lurraldeetako nekazariek zailtasunak dituzte gertuen duten merkatari edo merkatura iritsi bitartean eguneko esnea gordetzeko. Esne irakinak 48 ordu irauten du, gehienez, eta hori ez da nahikoa.Elektrizitaterik ez dutenez, hozketa-sistema edo pasteurizazioan pentsatu ere ezin dute egin. Baina hor daude Fulanis-ak, ganadu-zaintzaile nomadak. Hauek euren tradizioen bidez metatutako ezagutza eskaintzen diete esnea ekoizten duten nekazariei. Ma`u Dannire fulanis-ak dioenez, esne-ekoizle guztiek, esnea irakiten ari denean babaaho deritzon iratze-zurtoina gehitu beharko liokete; "esneak lautik zazpira egun iraungo luke mindu gabe".
Njimbi herrixkako Sara Ngum-ek dioenez betidanik jasan izan dituzte uzta bildu ondorengo izurriteak. "Neure arazoa gurgurioak dira", dio.
Gurgurioak akabatzeko duen modurik sinpleena, eguzkitan lehortzen jarritako artotan eukaliptu-hostoen geruzak jartzea da. Eukaliptu-olioak egingo du gainerako lana.
Bere bizilaguna den Florence Fru-k garatutako bertsioan, artoa, gehienetan banbuz egina dagoen sukaldeko sabaian lehortzen du. Berak altzifre-hostoak eta nachaachor deritzan landarea (biak intsektizida ezagunak) sukaldean erretzen ditu ateak itxita. Hostoek botatako kea sapaiko banbuaren artetik irtengo da eta gurgurioak hil egingo ditu.
Nachaachora, babaahoa, arroz-hostoen hautsa, piper beroa,... guztiak Kamerungo nekazariek erabili eta gogoan dituzten teknika batzuk besterik ez dira. Hiefer Project International (HPI) gobernuz kanpoko erakundeko adituen arabera bertako teknika hauek 400dik gora dira.
HPIko Joseph Toyang-ek dioenez, egiten ari diren guztia informazioa bildu eta antolatzen saiatzea da. Gainera, pestiziden alternatiba gisa, norbera bere kasa moldatzea eta ustiaketa-tekniketan indigenen ezagutza erabiltzea bultzatzen ari da. Bere iritziz, programaren arrakasta nekazarien partaidetza, konfidantza eta lankidetzaren menpe dago.
Toyangen ustez indigenen jakituriak asko lagun dezake Kamerun eta antzeko lurraldeen garapen orokorrean, bertan langile-populazioaren % 80 baino gehiago nekazaritzari lotuta baitago (ekonomia nazionalean bigarren jarduera da, petroliogintzaren ostean). Bestalde, garapen-bidean dauden beste lurraldeen gisa, Kamerunen jabetza txikiek dute sektorean erabateko nagusitza, plantazio zabalak (gehienak esportaziorako gaien landaketak) % 10 baino gutxiago direla eta.
FAOren arabera, herrialde industrializatuetan debekatuta edo zorrotz mugatuta dauden hainbat pestizida arriskutsu garapen-bidean dauden herrialdeetara esportatu ohi dira oraindik ere. Nazio Batuen Erakundeko Ingurugiro Programak pestizida arriskutsuen ondorioz urtean milaka pertsona pozoitzen direla dio. Nekazari txikiek, askotan, produktu kimiko hauek eskuratu ere ezin dituzte egin.
Gainera, pestiziden merkatu orokorra oraindik ere emendatuz ari da; FAOren kalkuluen arabera, 30 mila milioi dolarreko irabaziak izan ziren 1996an. Europako mendebaldeko konpainiak dira munduko gai kimiko eta pestiziden ekoizle handienak, azkarren hazten ari diren merkatuak Latinoamerika eta Asian dauden bitartean. FAOk dioenez, Afrikan ere gero eta pestizida gehiago erabiltzen da esportaziora bideratutako plantazioetan. Toyangen iritziz, indigenen metodoak seguruagoak izateaz gain, nekazaritzarako sail txikiak dituzten nekazari txiroek duten alternatiba bakarra dira askotan.
Badira, dena den, metodo hauen inguruan aipatu beharreko zenbait alderdi. Hainbat aditu kezkatuta dago, deforestazioaren edota gehiegizko erabileraren ondorioz indigenek baliatzen dituzten landare asko desagertze-arriskuan baitaude eta horren aurrean HPIk kontserbazio-lorategiak prestatu ditu landare hauek hazteko.
Bertakoek erabiltzen dituzten landareak, hala nola basa iratzeak, euren izen zientifikoaz identifikatzeko beharra ere badago, batetik ezagutzaren eskuragarritasuna areagotzearren eta, bestetik, metodo hauek azterketa zientifikoaren bahetik pasatu eta sinesgarritasun handiagoa ematearren. Edonola ere, ezagumendua formula zientifiko zehatzekin "gehiegi arautuz" gero, nahasmena sortu eta nekazariengandik urrundu egingo litzatekeela ohartarazi du Emergencia Ngwak.
Adituen iritziz, honek lana ondo neurtzea eskatzen du. Adibidez, indigenen izurrite-kontrolerako errezeten dosifikazio-zerrenda orokor bat egitea lagungarria izan daiteke, baina hori lortzea oso zaila da. Nekazari askorentzat, neurketak, "eskukada bat piper tabako-apur batekin nahastuta" esatea bezain zehatzak dira.
Era berean, HPIkoek tabakoa/piperra nahastea toxikoa dela eta elikagaien bidezko pozoiketa eragin dezakeela ohartarazi dute eta, beraz, nekazariei, euren barazkiak merkaturatu aurretik ondo garbitu behar dituztela azaldu zaie. Dosifikazioa finkatzeak errezetak neurriz erabiltzen lagundu beharko luke.