Nazcako lerro-multzoa gizon-emakume guztien kultur ondare izendatu zuten 1995ean. Gizakiak egindako lan bikain honi buruz gauza asko entzun edota irakurri arren, zaila zaigu lanaren edertasunaz jabetzea bertara joan eta goitik ikusten ez badugu. Hegazkinetik primeran ikusten dira irudiak, eta hegazkinik ezean, behar besteko altuera duen begiratokiren batera igotzea ezinbestekoa da.Lerroak lurretik ikustea ezer ez ikustearen parekoa da, geoglifoak marraztean egileek lortu zituzten zehaztasun eta neurri ikaragarrien berri izateko behar-beharrezkoa den ikuspegia galtzen baita lurrean gaudenean.
Orobat, benetan zaila da lurrean gaudela irudi bakoitzaren ingurumaria adierazten duten ildoak aurkitzea. Ildoetan barrena ibiliko bagina ere —erabat debekatuta dago hori—, ia ezinezkoa litzaiguke ildoak eta bertan dauden beste arrasto batzuk bereiztea; besteak beste, urtetan zehar bertatik ibilitako ibilgailuek utzi dituzten gurpil-arrastoak ugari dira, inguru horiek luzaroan babestu gabe egon baitira. Aipatzekoa da ibilgailuek hainbat lerrotan eragin duten narriadura.
Aipatu berri dugunez, lurretik bertatik ia ezinezkoa da lerro-multzoaz ohartzea, eta horren ondorioz, ez genuen geoglifoen berri izan 1939a arte, Paul Kosok estatubatuar zientzialariak ikerketa batzuk egiten ari zela eskualdearen gainetik hegan egin zuen arte. Diogun ikerketa horiek inken aurreko herriek erabiltzen zituzten ureztatze-sistemei buruzkoak zirela. Kosokek lurrean marrazturiko lerroak aurrenekoz ikusi zituenean, inguru idor haietako antzinako biztanleek egindako ingeniaritza hidraulikoko lanen baten partetzat jo zituen. Hala ere, laster aldatu zuen bere iritzia; eskualdearen gainetik berriro pasatzeko hautatu zuen eguna, halabeharrez, ekainaren 21a izan zen, hau da, neguko solstizioari dagokion eguna, eta egun horretan, eguzkia sartzen ari zeneko norabidea eta lurrean marraztutako lerro batena bat zetozen. Nahita ala oharkabean egin zuten hori lerroak marraztu zituztenek? Ba al zekiten astronomiari buruz behar beste halako zehaztasuna erdiesteko?
Lerroen garrantziaz konturatu eta gero, geoglifoek eratutako multzoa munduko astronomi libururik handiena zela adierazi zuen Kosokek. Zientzialari horren hasierako teoria eta lanei Maria Reiche matematikariak eman zien jarraipena. Emakume horrek, jatorriz alemana bazen ere perutar hiritartasuna lortu zuenak, bizitza osoa eman zuen Nazcako irudiak ikertzen. Gaur egun, Ica herritik ehun bat kilometrora, Ica eta Nazca lotzen dituen bidean, Maria Reiche Museoa bisita daiteke; bertan ikertzaileak lerroak neurtzeko-eta erabili zituen tresna batzuk ikus daitezke, baita lurreko irudien argazkiak ere, eta matematikariaren biografia eta urtetan zehar lan egiteko erabili zuen gelaren kopia.
Reicheri esker ditugu eskura gaur egun hareazko itsaso zabal hartako —200 km2 baino zabalagoa da inguru hura— mapa zehatzak.Mapa horiek lurrean egindako irudi guztien berri ematen dute. Nabarmentzekoak dira, zalantzarik gabe, animalien irudiak: baleak, armiarmak, tximinoak, txakurrak, muskerrak eta, batez ere, hegaztiak irudikatuta daude. Guztira 18 hegaztiren irudiak aurkitu dira, besteak beste, kolibria, kondorra, zanga eta papagaia. Horietan ikusgarriena kolibriaren irudia dugu, ehun bat metro luze dena eta zilueta ezin hobea duena; aipatzekoa da txoriaren moko luze eta berezia, mendixka baten gaineko ordoki ilunean nabarmenki agertzen dena.
Dena dela, animali itxurako irudi horiek (15 eta 300 m bitarteko luzera dutenak) irudi guztien zati txiki bat baino ez dira, izan ere, gehienak geometri irudiak eratzen dituzten lerro-multzoak dira. Batik bat, trapezioak, laukizuzenak eta zenbait kiribil daude. Irudi horietako zenbait lerro hamar kilometro luze ere badira.
Beste irudi bitxi bat, astronauta deritzona da. Mendixka baten hegalean dago eta Spilberg-en filmeko E.T. ospetsuaren antza dauka, "etxerantz" erakusten duen hatzamar eta guzti. Giza itxurako irudi hori eta beste muino batzuetan dauden antzeko beste batzuk ordokietan marraztutakoak baino zaharragoak direla ematen du.
Nazcako geoglifoak lurrean marrazteko 20 bat cm sakon ziren ildoak egiten zituzten zoruan eta, ondoren, ildoak nabarmentzeko asmoz, beste tokiren batetik ekarritako harri-kozkorrak jartzen zituzten ildoen alboetan. Harri-kozkor horien osagai kimikoetako bat burdina da, etaEguzkiaren eragina urtetan jasan ondoren, oxido-geruza ilun bat eratu da harrien gainean. Horrela, beraz, koloreen kontraste dotorea lortu zuten: ildoetako harearen eta legarren argitasunaren parean harri-kozkorren iluntasuna ageri da.
Irudiek gaur egun arte iraun dute, bi arrazoi hauei esker: batetik, hango lurzoruaren geologi ezaugarriengatik eta, bestetik, klima hura hagitz idorra delako. Harritzekoa bada ere, datuen arabera, inguru haietan euria ordu-erdiz baino ez du egiten bi urteren buruan.
Nazcako lerroen ezaugarri nagusia, zehaztasuna eta neurri handia alde batera utzita, honako hau da: haiei buruz ezer gutxi jakitea. Maria Reicheren jardun nekagaitza hor egon bada ere, oraindik ere ez dugu batere argi lerroen jatorria, lurrean marrazteko erabili zuten metodoa edota irudien helburua zein den. Baliteke, hala ere, Nazcako geoglifoen inguruko misterio hori izatea, hain zuzen ere, lilura handiena eragiten duena.Besteak beste, irudien gaineko makina bat azalpen bitxi ere eman delako.Teoriarik sinesgarriena Reicherena dugu, zalantzarik gabe. Baina horrez gainera, mota guztietako interpretazioak ere badira.
Zenbaiten ustez, lerro-multzoak jainkoen irudikapenak dira, eta egileen asmoa jainkoek zerutik soilik ikusi ahal izatea bide zen. Beste batzuek diotenez, ura gurtzeari loturik daude irudiak. Izan ere, basamortu hartan bizi izandako kulturek garrantzi itzela eman diote urari beti.
Eta, jakina, azalpen xelebreak ere hor ditugu: Lurretik kanpoko izakiek lurreratzeko erabiltzen zituzten pistak omen dira zenbaiten aburuz. Edo, bestela, Ica herrian Harrien Museoa ireki duen Javier Cabrera doktoreak dioena: giza zibilizazio aurreratuaren espaziontzietarako pistak dira. Zibilizazio hori, gainera, dinosauruen garaikidea bide zen. Cabrerak plazaraturiko Gizateriari buruzko teoria bitxiaren arabera, duela milioika urte Lurrean bizi ziren gizakiek aurrerapen handia erdietsi zuten, baina hondamendiren baten —ziurrenik, gizakiek eurek eragindakoa izango zenaren— ondorioz, desagertu egin zen antzinako zibilizazio hura. Zertan du oinarri teoria honek? Cabrerak dio ehundaka harri aurkitu dituela berak bakarrik ezagutzen duen tokiren batean, eta harrietan era honetako irudi ikusgarriak grabaturik omen daude: gizakiak dinosauru handien aurka borrokan ari direnekoak, bihotza irekitako ebakuntza korapilatsuak ageri direnekoak edota mapa mundi batena, zeinetan bost kontinenteak ez ezik Atlantida delakoa ere ikus daitekeen. Bistakoa da, beraz, Cabreraren argudioak benetan nahaspilatuak direla; hala ere, gustura azalduko dizkio Cabrerak berak Harrien Museora sartzen den edonori, dagokion sarrera ordaindu eta gero, jakina. Gizon honek toki guztietan aurkitzen ditu bere teoria babesten duten arrazoiak, baita Paracas kulturaren usadiozko tapizetako irudi batzuetan ere.
Cabreraren azalpenen arabera, dinosauruen garaikideak izan ziren antzinako zibilizazio aurreratu hartako gizaki batzuek aipaturiko hondamendiari aurre egin ahal izan zioten eta Lurretik ihes egin behar izan zuten; Pleiadeetara joan bide ziren espaziontzietan, eta Nazcako lerroak, hain zuzen ere, espaziontzi horiek aireratu eta lurreratzeko pista magnetikoak ziren.
Harrien Museo berezi hori bisitatzera joaten direnetan denetarik dago; zenbaitek teoria horien berri libururen baten bidez izan ondoren, bertara joatea erabaki dute, baita munduko tokirik urrunenetatik ere. Baina gehienak, noski, sinesgogor azaltzen dira bertara, ulergaitza baita zergatik ez duen harrien jatorria oraindik ere plazaratu, harriak, berak dioen bezala, benetakoak badira. Horrelako xelebrekeriak bazterturik, agerian dago lerroak ikuspegi historikotik ikertu nahi baditugu Nazca kulturaren nondik norakoetara jo beharko dugula.
Kultura hau Peruko hego-itsasaldeko eskualde batean finkatu zen; hiru haran hauek mugaturikoan, hain zuzen ere: Nazca, Ica eta Pisco. Nazca kultura K. a. 350etik K. o. 650era egon zen goren aldian, eta inken aurreko kultura aipagarrienetakoa izan zen. Kultura hau Paracas zibilizazioaren zuzeneko oinordekoa izan zen, eta hainbat arlotan nabari daiteke hori, batik bat, Nazcako ehungintzak lortu zuen garapenean eta gizakiei egindako ebakuntza batzuetan; izan ere, nazcatarrak, Paracas zibilizaziokoak bezala, iaioak ziren garezurrak deformatu eta trepanatzen. Hala eta guztiz ere, beste zenbait eremutan, zeramikan esaterako, nazcatarrek nabarmen gainditu zituzten aurrekoak.
Gizarte sedentarioa izan zen, nekazaritzan eta llamak hazten aritu zena. Haien sistema politikoa demokratikoa zela esan daiteke; aurkitutako aztarnen arabera badirudi ez zutela buruzagi boteretsurik, eta ondorioz, klaseen arteko alde nabarmenik ez zegoela uste izan da. Halaber, ez dirudi erlijioari garrantzi handirik ematen ziotenik, eta gizonen eta emakumeen arteko harremanei dagokienez, berdintasunezkoak bide ziren. Ez zituzten neurri handiko tenplu edo oroigarririk eraiki, geoglifoak izan ezik, jakina. Baina zeramika- eta ehungintza-lanak benetan ikusgarri eta ederrak dira. Eskualdearen hiriburua Cahuachi-n zuten, gaur egungo Nazca herritik hogei bat kilometrora dagoena.
Peruko hego-itsasaldea, batez ere Nazcako Rio Grande ibarra, oso lehorra denez, denbora ahalik eta doitasun handienarekin neurtzeko metodoak asmatu behar izan zituzten bertako nekazariek, nekazaritza-ekoizpenari behar bezala eutsi ahal izateko, hau da, ekoizpenaren atal guztiak —ereitea, uzta biltzea, luberritzea eta ureztatzea— kontrolatu ahal izateko. Arkeologoek Nazcako eskualdean egindako aurkikuntzetan, aipatzekoak dira nekazaritza-terrazak (lurra arreta handiz zaintzen zuten seinale garbia), ubideak, akueduktuak eta, antza denez, presa txiki batzuk ere bai. Arestian aipatu dugunez, horrelako ikerketa izan zen geoglifoak aurkitzeko abiagunea.
Dirudienez, erabiltzen zuten egutegia arras korapilatsua zen, zeinaren oinarria Nazcako ordoki idorretan marraztutako lerro-multzo ikaragarriak ziren.
Nazcako lerroak marraztu ziren garaiari buruz, ez dakigu gauza handirik. Reiche ikertzailearen lanei esker, badakigu Nazca kulturaren garaian egin zirela lerroak, K. o. lehen milurtekoan. Doitasun handiko datua ez bada ere, aintzat hartu beharko dugu besterik ezean.
Bestalde, Gerald Hawkins, Dorothy Menzel eta John Rowe zientzialariek burutu zituzten azterketek lurreko lerroen eta nazcatarrek egindako zeramikazko ontzien arteko loturak erakutsi zituzten; horrela, geoglifo gehienak Nazca kulturaren bi aro jakini lot dakizkieke, lurreko irudiak eta aro horietako ontzietan ageri diren irudiak oso antzekoak baitira.
Azpimarratzeko da, orobat, lerro-sorta batzuk beste batzuen gainean marraztuta daudela. Badirudi, beraz, zenbait kasutan irudigileek ez zekitela aurretik beste batzuek toki berbera aukeratu zutela marrazteko. Edonola ere, lurreko lerroak dauden eremuen inguruetan sarri askotan aurkitu izan dira zeramikazko ontzi-zatiak, harri-piloak, baita zaborra ere. Itxuraz, lan bakoitza nork egina zen agerian utzi nahi izaten zuten lerrogileek.
Dakigunez, geoglifoen gainean egindako ikerketa sakonenak Maria Reicherenak dira. Lerroak marrazteko erabili zuten teknikaren berri jakiteko hainbat neurketa egin zituen eta irudien esanahiaz ere arduratu zen. Reicheren teoriaren arabera, Nazcako lerro gehienek astronomiarekin zerikusia dute, beti ere nekazaritza-kontuetarako erabiltzeko asmotan. Ez zuen esan lurreko lerro-multzo guztiak izarren, Eguzkiaren eta Ilargiaren higidura neurtzeko tresnak zirenik, baina ikertzaile guztiak bat datoz irudietako askok solstizioak eta beste astronomi gertaera batzuk behatzeko balio dutelako iritziarekin.
Badirudi, hortaz, geoglifoak ez zirela zerutik begiratzeko egin, lurretik bertatik erabiltzeko baizik. Aipa dezagun gisa horretako lerroak ez daudela Nazcan soilik, Peruko basamortuko beste zenbait lekutan ere antzekoak aurkitu baitira. Gehienetan, astronomiari loturiko eginkizunetarako edo egutegi gisa erabiltzeko egin ziren, baina bestelako zeregina zuten irudiak ere bazeuden: bidaiarientzako bide, pista eta seinaleak ziren. Adibidez, Paracasen, badiaren aurrealdean, muino baten hegalean marraztutako kaktus erraldoi bat dago; nabigatzaileentzako seinaletzat har daiteke irudia, eta inguruko arrantzaleek zutargia esaten diote.
Halaber, Reiche zientzialariak lerro-multzo asko konstelazioen adierazpenak zirela esan zuen, eta seguruenik, biztanleek geoglifoetan bertan ospatuko zituztela nekazaritza eta erlijioarekin zerikusia zuten errito eta jaiak. Teoria horren aldeko aurkikuntzetakoak, irudi guztiek dituzten sarrera antzeko batzuk ditugu: armiarmaren kasuan, sarrera hanka batean dago, hegaztietan, berriz, mokoetan, eta tximinoek buztanean dute sarrera hori. Sarrera horietatik aurrera eginez, antzekoak diren enparantza handi batzuetara helduko gara; baliteke enparantzak astrologi kontuei loturik egotea.
Maria Reiche ez ezik, beste ikertzaile ospetsu batzuek ere jardun dute Nazcako lerroak aztertzen. Horietan, gorago aipatu dugun Gerald Hawkins nabarmenduko dugu. Zientzialari hori antzinako astronomian da aditua, eta ardura handiz aztertu du lerroek zeruko gorputzen higidurarekin izan dezaketen harremana. Erdietsitako ondorio nagusia hauxe da: ezinezkoa da lotura zehatzak aurkitzea zeruko gorputzen irteera- eta sarrera-puntuen eta lurreko lerro bakoitzaren norabidearen artean. Emaitza horrek, dena dela, ez du Reicheren teoria koherentea baliogabe uzten. Nazcatarrek lerroak egin ziren garaiko baliabide tekniko eta zientifikoei dagozkien zehaztasuna lortu zutela esan daiteke, eta ezin da ukatu lerro-multzoak marrazterakoan helburu garbiak izan zituztela.
Beldurrik gabe adieraz dezakegu, beraz, Nazcako ordokietan marrazturiko irudiak astronomiari loturiko antzinako egutegiaren modukoa direla, non nazcatarrek erritoak egiten zituzten.
Edozelan ere, Nazcako lerro misteriotsuak gaur egun ikustea gauza ikaragarria da, bai bertan prestaturiko behatokitik so eginez, bai inguru haien gainetik hegazkinez edo helikopteroz hegan eginez.