Meridiano asko edukitzeak, ordua kalkulatzerakoan ezadostasunak sortzen zituen, eta estatu desberdinetako nabigazio-mapek erreferentziak ere desberdinak zituzten. Zailtasunak zituzten beraz marinelek Herri bateko mapatik bestera aldatzen zirenean. Europa eta Ameriketa bitartean dabiltzan hegazkin militarrek oraindik ere oztopo berbera dute. Estatu Batuetako eta Europako kartografoek sistema desberdinak erabiltzen bait dituzte Lurra definitzerakoan.
1884.eko urrian, 25 Herritako ordezkariak bildu ziren Washington-en 0 longitudeko meridianoa zein izango zen erabakitzera. Nahiz eta frantziarrak kartografia modernoan aintzindari izan eta haiek gustora gelditu ez, Greenwich-eko meridianoa hartu zen erreferentziatzat.
Batzuek diotenez, Britainia Haundia itsas potentziarik handiena zelako aukeratu zen Londres-eko meridianoa. Beste batzuen eritziz ordea, untzietan %65ak Greenwich-eko meridianoa eta gainontzekoek beste hamar meridiano desberdin erabiltzen zituztelako aukeratu zen.
Sestante eta kronometroak, latitudea eta longitudea neurtzeko aparatuak alegia, XVIII. mendeko hasieran hobetuak izan ziren. John Hadley-k oktantea egina zuen 1730.ean, eta bost urte geroago John Harrsion-ek itsas zabalerako lehen kronometroa burutu zuen. Harrison-en kronometroa, penduludun lehengo erlojuaren ordez erabili zuten. Penduludunak, bi pisu zintzilik zituenak, ez bait zuen balio itsaso txarra zegoenean.
Posizioa zehatz-mehatz definitzeko neurgailuak agertu zirenean, kartografoek beren mapetan ozeano eta kontinenteak egiazko forma errespetatuz marraztea lortu zuten. Jean Picard-ek gradu baten zabalera neurtua zuen Pariseko meridianoan 1669.ean. Hiru urte geroago, Pariseko behatokia eraiki zenean, kartografo frantziarrak jo eta ke hasi ziren lanean. 1682. urterako, eklipseak eta Jupiter-en sateliteak aztertuta, Frantziako kostaldeko 24 lekuren posizioa finkaturik zuten. Datu hauek Guillaume Delisle-k 1700 eta 1726. urte bitartean argitaratutako mapak egiteko erabili zituen. Guillaume hau hartzen da hain zuzen lehen kartografo modernotzat.
Lurrak neurtzen ari ziren topografoek, posizioa definitzeko beste sistema osagarri batzuk ere asmatu zituzten. Puntuen artean lurrean hagak edo kateak ipintzen zituzten. Puntu arteko distantzia 8 km edo gehiagokoa izan zitekeen. Distantzia honela neurtu ondoren, beste puntu batzuk finka zitezkeen triangelaketaz. Hagen luzera standarda 20 oinekoa zen (6,1 metrokoa) eta kateena 100 oinekoa (304 metro).
Hagez distantzia neurtzeak baditu bere oztopoak; Beren luzerak zerbait aldatu egiten bait dira tenperatura eta hezetasunaren eraginez. Hori dela eta, triangelaketarako oinarria neurtzerakoan egindako akatsak biderkatu egiten ziren gero eta gehiago.
Agrimentsore italiar eta frantziarrek, kobre edo letoizko muturrak zituzten zurezko hagak erabiltzen hasi ziren. Hagen artean tartetxo bat uzten zuten eta tartetxoak zurezko konpasez neurtzen. Sistema korapilotsua zen, baina hagak luzatzea eta batak bestea bultzatzea ekiditen zuten.
William Roy-k 5 miliako (8 kilometroko) lerro bat 1784.ean Ingalaterrako hegoaldean neurtu zuenean, pinuzko hagak erabili zituen 100 oineko (30,48 metro) altzairuzko kateaz neurtu ondoren. Azken neurketa, beirazko tutuez egin zuen. Beste batzuek, elkar konpentsatzen zuten metalezko hagak erabili zituzten; zabalkuntz koefiziente desberdinetako hagak alegia. Borda frantziarrak kobrea eta platinoa erabili zituen 1792.ean eta Bessel-ek Prusiako triangelaketa burutu zuen 1836.ean burdina eta zinkezko hagaz.
1825.ean, Thomas Colby-k haga konpentsatu berezia asmatu zuen. Burdina, letoia eta altzairuaz konpentsatzen zituen zabalkuntza desberdinak. Colby-ren neurgailua, 1827/8.ean erabili zuten Irlandako lehen triangelaketan eta Ingalaterran 1849.ean. Neurketa-abiadura, orduko sei haga edo eguneko 140 metrokoa zen.
Nahiz eta sistema hau arlotea izan, oso zehatza zen. Roy-k Hounslow Heath-en (oraingo Heathrow aireportuan) neurketak egin zituenean, beirazko tutuak euskarri batzuen gainean ipini zituen, eta euskarri hauek soldaduek gordetzen zituzten gauaz behiek honda ez zitzaten. Egiaztapena egin zenean, 1/158.000eko akatsa aurkitu zuten; bost zentimetro zortzi kilometrotan.