Udazkenean gure basoetan gauez ibili denak sarritan entzungo zituen pago-haziek edota ezkurrek lurrera erortzean egindako hotsak. Askotan ezkur horiek berez erortzen dira noski, baina batzuetan animaliatxo xelebre bat izaten da hazi horien azal hustuak botatzen dituena. Horrelakoetan gure gaineko adarrak argitzen baditugu, zorte-apur batez muxar grisa ikusteko parada izan genezake.
Muxar grisa ( Glis glis ) karraskarien taldean sailkatutako ugaztun txikia dugu. Burutik uzkira 13-18 cm neur ditzake, isats iletsua berriz 12-15 cm-koa duelarik. Bere pisua 150 eta 250 gramo bitartekoa izan daiteke urte-sasoiaren arabera. Itxurari dagokionean, lehen begiratuan arratoia edota urtxintxa gogoraraz badezake ere, hobeto begiratuz gero erabat animalia desberdina dela esan dezake. Larru leuna, gris arrea edo gris zilarkara du gaineko aldetik, sabel-aldea zuriska izanik. Urtxintxaren antzerako atzaparrek, eta oreka mantentzeko erabiltzen duen isats iletsu luzeak bere bizimodu arborikolaren berri ematen digute. Era berean, bere begi beltz handiek, eta ukimen-funtzioa duten bibote luzeek, iluntasunean iharduteko moldatuta dagoela adierazten dute.
Muxar grisa beraz, urtxintxaren ahaide gautarra dela esan genezake. Bere habitatari dagokionean, zuhaitz hostogalkorrez edota koniferoz osatutako basoetan bizi da, nahiz eta pagadi eta hariztiak nahiago dituen. Era berean, parketan, lorategitan, eta baserri edo bordetako ganbaretan ere egin dezake habia, baldin eta inguruan jakirik lortzeko aukerarik badu. Espezie palearktikoa da, eta egun Erteuropa osoan aurki daiteke, ekialdetik Pertsia eta Turkestaneraino hedatuta dagoelarik. Hegoaldetik berriz, Mediterranioa du muga, eta Iberiar Penintsulan Kantauri aldeko isurialdean bakarrik ikusi da.
Animaliatxo bitxi honek zuhaitz-zuloren batean, edota berak eraikitako habiaren batean igarotzen du eguna, eta ilunabarrera arte ez da kanporatzen. Ez da harritzekoa, beraz, hain itxura maitagarria izan arren kaletar gehienentzat erabat ezezaguna gertatzea. Gauarekin batera ordea, muxarra lanean hasten da: zuhaitzetan gora eta behera oso arin mugitzen da jakiaren bila, eta atzeko oinetako kuxin heze itsaskorrei esker gainazal leunean gora lauazka igotzeko gai da. Ez da harritzekoa, beraz, baso ingurutan dauden baserri eta bordetako ganbaretara iristea eta bertan lapurretan aritzea.
Muxarra animalia fitofagoa da batez ere, nahiz eta batzuetan intsektuak eta hegazti txikiren bat ere jan ditzakeen. Udaberrian eta udan kimuak, zuhaitz-azalak, orriak, eta beste landare-zati berdeak ditu elikagai nagusi. Irailetik aurrera berriz, gantzetan jori diren fruituak bilatzen ditu batipat, horrela negu luzeari aurre egin ahal izateko adina erreserba metatzen duelarik. Sasoi honetan beraz, ezkurrak, pago-haziak, urrak, eta koipez hornitutako beste fruitu lehorrak izango ditu nahiago, eta jaki hauen balio energetiko handiaren ondorioz, muxarra gizendu egiten da urtean zeharreko pisurik handiena lortuz.
Azarotik aurrera, eta lehen izozteak iristearekin batera, muxarra hibernaziorako prest dago. Orduan zuhaitz-zulo lehor eta goxo bat bilatu, eta bertan gordetzen da, gorputza kiribilkatuz eta isats iletsuaz burua eta lepoa estaliz neguko loaldian sartzen delarik. Une horretatik aurrera animaliaren metabolismoa balio minimoetara mugatzen da: bere barne-tenperatura 35†C-tik 1†C-ra jaisten da, eta minutuko bihotz-taupadak ere 450etik 35era murrizten zaizkio.
Era berean, arnasketa-erritmoa ere ikaragarri baxua du egoera horretan: arnas hartze bat bakarra izaten du orduko! Hala ere, animaliaren metabolismoaren erantzuna azkarra da oso, eta kanpo-tenperatura igo orduko balio metabolikoak bere onera itzultzen dira berehala. Maiatz aldera, hibernazioa amaitu denean, animaliak bere pisuaren % 50 galdu du, eta gantzezko erreserbagai guztiak agortuak ditu. Beraz, neguak hautespen zorrotza ezartzen dio muxar-populazioari. Nahikoa erreserbagai pilatu ez duten aleak, edota beranduegi jaio diren muxar gazteak, ez dira neguko loaldi luzea jasateko gai eta ez dira udaberrira iristen.
Araldia hibernaziotik atera eta hilabetera hasten da gutxi gorabehera, eta sasoi horretan animaliaren garrasi kexatiak entzun daitezke. Ernaldia 30-32 egunez luza daiteke eta urteko umaldi bakarra abuztuan zehar eta irailaren lehen asteetan izaten du, umaldi bakoitzeko 3-9 kumez erdi daitezkeelarik, nahiz eta kume-kopuru normalena 5-6koa izan.
Muxarraren etsai naturalen artean aipagarrienak lepahoria ( Martes martes ) eta harrapari gautar handiak ditugu, hala nola hontza handia ( Bubo bubo ), hontza ertaina ( Asio otus ) eta urubia ( Strix aluco ). Hauez gain, gizakiak ere aspaldidanik ehizatu du, bai bere okelaren izaera fin eta goxoagatik, eta baita bere gantzei atxekitako bertute sendagarriengatik ere, hauek erreumaren kontrako sendagaiak egiteko erabili direlarik. Egun ordea, muxarra ehizatzea debekatuta dago Euskal Herrian, eta bere bizileku nagusiena osatzen duten hostogalkorrezko basoak osasuntsu mantentzen baditugu, ohianetako iratxo polit hau gurekin izango dugu denbora luzean. Hala bedi!