Kostaldearen ezaugarririk nabarmenena bere edertasuna da. Matxitxakotik Ogoñoraino dauden hondartza eta itsaslabar malkartsuek milaka turistarentzat erakargarritasun handia dute. Izaro irla, estuarioaren erdigunean kokatuta dagoena, eta Ogoñoko aldapa bertikalak Euskal Herrian dauden paradisu ornitologiko bakarrenetarikoak dira. Izan ere, Ogoñon ur-hegaztien populazio garrantzitsuak kokatzen dira (Kaio hauskara, Kaio iluna eta Ubarroi mottoduna) eta baita zenbait harrapakari harkaiztar (Belatz handia eta Belatz gorria) ere.
Itsasadarrean sartuz gero, Mundakako barratik aurrera, hondartzak eta limoz eta buztinez osotutako eremuak (zentzu ekologian padurak deitzen direnak) aurki ditzakegu. Padura hauek beraien alderik altuenetan lezkadiz ordezkaturik agertzen dira, Foru eta Kortezubi igarotzean Oka ibaiak egiten dituen meandroek sorterazten dituzten eremu hezeetan hain zuzen.
Alderdi heze hauetako flora eta fauna garrantzi handikoa da, hainbat ikerketa zientifikok frogatu duenez. Gernikako padura honek hegazti migratorio eta negutarrentzat duen garrantzia, nazioartean guztiz onartuta dago eta horregatik zenbait erakunde europarrek bere interesa agertu du eremu hau babes dadin. Itsasadarrean ikusi diren hegazti desberdinak 200 baino gehiago dira eta hauetatik 100 baino gehiago horrelako leku hezeekin erlazionatuta daude. Bestalde, desagertzeko zorian dauden ur-hegazti batzuen superbizipenak (mokozabalarena adibidez) Gernikako paduren moduko eremuen babesa eskatzen du.
Baserria inguratzen duen nekazal aldea, landeta izenekoa, Euskal Herriko kostaldeko paisaiaren benetako arima da, eta garrantzi ekologiko handikoa gainera. Beronen ezaugarririk garrantzitsuena paisaia artifiziala izaten da; gizakiaren eraginez sortu bait da. Paisaia honen egitura konplexua da; larrebelardiz, laborantzaz, baserriz, hostozabalen eta pinuen zuhaiztiz osatuta bait dago. Honen ondorioz aberastasun botanikoa eta faunistikoa lehen mailakoa da. Animalia desberdinei behatzeko habitatik onena izatez gain, ikerketa zientifiko desberdinek adierazi dute Ipar Europatik datozen hegazti txiki askoren superbizipenerako oso garrantzitsua dela; 1985 eta 1987ko negu gogorren moduko sasoietan batez ere.
Haraneko eremu garaiak, basoz estalita agertzen dira. Baso gehienak naturalistikoki behintzat oso pobretuta agertzen dira; gizakiak burutu dituen neurriz gaineko mozketen ondorioz batez ere. Izan ere, gure arbasoen garaian, haranaren zatirik handienak betetzen zituzten harizti eta hostozabalen baso mistoak, gaur egun ia desagertuta daude. Baso, landare eta animalia desberdinen kontserbazioa, aipatutako azken ostozabalen zuhaiztien babespenaren menpe dago maila handi batean. Artadi kantauriarra, berriz, oraindik nahikoa hedatuta dago. Ereñozar, Atxerre, Foru eta Busturiko kararrizko mendietan agertzen da eta ukaezinezko garrantzi botaniko-geologikoa du. Bere baitan, aurki daitezke oraindik Basakatua, Katajineta eta Lepazuria. Bestalde, duten garrantzi historikoa dela eta, ezagunak dira Atxeta (Foru), Ereñuko Arizti (Ereño) eta Santimamiñe-ko (Kortezubi) kobak.
Eremu zabal honen kontserbazioa, askotan aipatu da azkenaldi honetan komunikabideetan. Kezka hau, egin izan diren ikerketa zientifiko desberdinen ondorio izan da.
Lan hauen artean garrantzitsuena Aranzadi Zientzi Elkarteak burutu zuen eta berori izan zen UNESCOren oinarria, eskualde hau Gizaki- eta Biosfera (MAB)-Programan sartzeko. Programa hau eremu naturalen eta berorietako baliabide genetikoen kontserbazioaz arduratzen da. Horretarako, Biosfera-Erreserba izeneko eremu babestuen nazioarteko sare baten sorrera bultzatzen da. Eremu babestu hauen helburuak ondoko hauek dira:
Eremu bat UNESCOren Erreserba bezala onartzeko, arrazoiak desberdinak izan daitezke. Erreserbarik gehienak gutxi eraldatutako eremu naturalen adibide adierazgarriak (baso tropikalak, goimendiko ekosistemak...) izaten dira. Urdaibai, berriz, gizagintzaren ohizko eraginez sorturiko paiasaia orekatu gisa oso eremu egokia delako Erreserba izendatu zen.
MAB programaren barruan estatuko bederatzi erreserba sartzen dira, eta haren eraginez erreserbek ikertzeko eta heziketa eta azterketa ekologikoak egiteko posibilitateak eskaini behar dituzte. Horretarako, dagozkien gobernuek babestu egin behar dituzte aipatutako erreserbak, UNESCO-k eman dituen urratsak, Urdaibai erreserbak gizartearentzat duen garrantzia azpimarratzeko balio du eta aldi berean bere kontserbazioa gauzatzeko laguntza morala eskaintzen du.
Tamalez, Mundadako itsasadarraren babeserako behar den legeak egin barik segitzen du, nahiz eta behar-beharrezkoa izan. Beraz ahalik eta arinen egin beharko litzatekeena, Busturialderako lege berezi bat burutzea da. Lege horrek patronatu baten eraketa eskatuko luke, erakunde hori eskualdeko udaletxeek, baserritarren elkarteek, talde kulturalek, ekologistek etab.ek osatuko luketelarik. Patronatuaren funtzioa eremu horretan egiten diren ekintza sozio-ekonomiko, ekologista eta pedagogikoak bultzatzea litzateke. Lege horren arabera, babes berezi batez, eremurik garrantzitsuenak eta ondoen kontserbaturik daudenak mugatu egin beharko lirateke.
Beraren erabilpena kulturala eta zientifikoa izango litzateke batipat. Ildo honetatik, kostaldeko itsaslabarrak, Izaro irla eta padurak bereziki, botere publikoek erosiko balituzte guztiz interesgarria litzateke. Horrela kontrola zehatzagoa litzateke eta ekintzak aproposagoak.
Erreserba ekologiko hauek inguratzen, eta babesten, baserriak kokatzen direneko nekazal aldea aurkitzen da. Beronetan aipatutako Patronatuaren lehenengo zereginak, baliabideen ikerketa, ohizko gizagintzaren bultzada eta baserritarren ekonomiaren hobekuntza izan beharko lukete. Patronatuak izan beharko lituzkeen funtzioen barnean, hauek ere egon beharko lukete: paisaia kontserbatzeko ekintzak (ohizko basoak mantentzea, baserri zaharrak berriztatzea...) burutzen dituzten baserritarrentzat edo gizagintzaren ohizko lanak mantentzeaz gain ingurune naturala babesten dutenentzat gordailu ekonomiko bat eratzea. Horrela, aipatutako ekintzetarako diru-laguntza eskaini ahal izango litzateke.
Azkenik, eremu babestu horretan ikerketa zientifikoak eta ingurune-heziketak izan beharko lukete eginkizunik garrantzitsuenetakoak. Nekazal, abelazkuntz eta arrantz baliabideen bultzada, beste garapen-mota baten ikerketa, eta ikasketa botaniko eta zoologikoak landu beharko lirateke. Adibide bezala, oso interesgarri litzateke hegaztiak aztertzeko eta ikertzeko Ornitologi Zentru bat eratzea. Bestalde, oso eremu txikian habitat desberdin asko dagoenez, oso toki egokia da ingurugiro-heziketarako programak egiteko eta bultzatzeko.