Kosmonautak "Soyuz" izeneko espazialuntzietan iristen ziren bertara eta kargak banatzen zituzten. Ikerketa-programa bete ondoren, joandako espazialuntzietan itzultzen ziren lurrera. Honela bada, eta estazio hauei esker, gizakiak Lurrarekiko orbitan (gehienez ere bi hilabetez) lana egiteko aukera izan zuen. Bestalde, bidaia hauek, hobekuntzak egiteko behar adina informazio eman zuten motopropultsore, orientazio-sistema, energiaz hornitzeko era, biziraupen-kontrol, etab.i buruz.
Saliut-en lehen bidaiek zientziaren ezagupideak datu berriz osatzeko aukera eman zuten: Lurraren baliabide naturalaren estudioan, astrofisikan eta geofisikan eta neurtezina aztertzen duen fisikan batipat. Honez gain, ikertzen ari ziren unean Kosmoan zeuden pertsonek ikerketan parte aktiboa hartzen zutela demostratu zuten.
Halabaina, zientziak hauen lanaren etekina hobe zitekeela adierazi zuen, horretarako estazioaren hornidura-sistema berrantolatu behar zela baieztatuz. Berrantolaketa honen menpe zeuden, hein handi batean, kosmonautek burututako ekintzen emaitzak. Kosmonautek zenbat eta behar gutxiago izan, are eta etekin hobeagoak lortuko zituzten. Beraz aurrerantzean, gastatutako substantziak (erregaia, jana –15 kg pertsona eta eguneko, gutxi gorabehera–, pelikula zinematografiko eta fotografikoak, materialen eta objektuen lagin esperimentalak, bidaietan ordezkatu behar ziren tresnak etab.) eroso eskuratzeko aukera eman behar zuten estazio espazialek.
Sobietar zientzilari eta espazialuntzigileek ikusi zutenarekin, bigarren belaunaldiko estazio orbitalak eraikitzera jo zuten. Hauek bi akoplamendu-sistema zituzten, beharrezkoa balitz garraiorako bi ibilgailu espazialak aldi berean akoplatu ahal izateko. Pertsonen desplazamendurako (Lurra eta orbitaren artean) erabiltzen ziren "Soyuz" eta ondoren "Soyuz T" espazialuntziez gain, garraiorako aireuntziak ere martxan ipini ziren: "Progress" izeneko aireuntzi arinak batetik eta "Kosmos" sateliteen serieko ibilgailu astunak bestetik.
"Saliut-6" eta "Saliut-7" estazio orbitalek izandako arrakastak ez zuen ikertzaileen ikuspegia lainotu. Alderantziz baizik: "Saliut" estazioak erabiltzean lortutako esperientzia kontutan hartu zen MIR estazio berria sortzerakoan.
1986ko otsailaren 20an MIR estazio orbitala iraupen lu-zeko bidaia batera jaurti zuten "Proton" jaurtigailuaz. Jaurtigailu hau, sobietarrek duten potenteenetariko bat da eta horrelako beste lan askotan hartu du parte. MIRen hasierako masa 21 tonakoa zen. Gertaera hau burutu baino bi hilabete lehenago, "Luch" satelite igorlea jarri zen orbita geoegonkorrean. Honek, MIR estazioak lurreko postuekin komunikazioa mantentzeko ardura du.
MIR estazio orbitalak lurreko postuekin ia egun osoan komunikazioa mantentzen du, "Luch" satelite igorlearen bidez.
MIR estazioaren berezitasunik nagusienetariko bat kosmonautak atseden hartzeko eta lan egiteko eskaintzen duen hobakuntza da: "Saliut" serieko estazioek ez zutena hain zuzen. Langela da bertako gela nagusia. Tripulazioak bertan igarotzen du denborarik gehiena, eta horrexegatik erosoa izan dadin diseinatu da. Aurrekoekin konparatuz gero, askoz ere handiagoa dela esan daiteke. Bestalde, ikerketarako ekipo zientifikoak eta gainerako tresnak bertatik atera dira eta, espezializazioko ikerketak egin ahal izateko isolatutako moduluetan bildu. Modulu hauek, geroxeago ipiniko lirateke orbitan estazioan lotuz.
MIR estazioko langela, lurreko usarioari jarraituz pintatu da: zolua kolore ilunez eta hormak eta sabaia kolore argiz. Honek, grabitaterik gabeko egoeran, zolua eta sabaia bereizten laguntzen du. Nahi izanez gero, 28 gradurainoko tenperatura lor daiteke. Esfera higigarria, kosmonauten begiak erlaxatzeko eran diseinatu da; hauek edozein lekutara begiratzen dutenean, gela osoa (eta ez horma soilik) ikusteko eran. Espazio handiko gela amankomunaz gain gela bakunak ere badituzte, non ikertzaileek beren atseden tarteetan bakarrik egon bait daitezke.
Iraupen luzeko bidaiatan, hain garrantzitsua den gauza arruntetan konforta izateaz gain kosmonautek programadun monitoreekin lana egiteak dakarren erosotasuna aipatu zuten. Bertan tripulazioarentzat interesgarria den edozein informazio argiztatzen da. Bilketaz, sailkapenaz eta aztertzeaz kalkulagailu elektronikoak arduratzen dira. Honelako zazpi kalkulagailuz hornituta dago estazioa. Ordenadore-zentru bat arduratzen da eragiketa asko egiteaz. Adibidez, estazioa kontrolatzen laguntzen du, tripulazioaren lan-banaketa egokiena zein den adierazten duen grafikoa egiten du, "Luch" satelite igorlearen jarraipena egiten du, etab. Asma dezakegunez, estazio berri hau konfortaren adierazgarri da.
Honez gain, martxan ipini berria den MIR/Luch tandem honekin laborategi orbitala Lurrarekin komunikatzeko sistema berriaz baliatzen dela aipatuko dugu. Orain, nahiz eta SESBeko lurrak ez zeharkatu, lurreko postuekin komunika daiteke. "Luch" satelitea Lurrarekiko puntu finko batean kokaturik dago, Lurrarekin batera biratuz. Baikonur inguruan aurkitzen da, meridiano gainean eta plano ekuatoriarrean.
MIR estazioak bira bakoitzean inguru hau zeharkatzen du eta honi esker 40 minututan Lurrarekin irratiz hitz egin dezakete. Honez gain, munduko ozeanoetan zehar banandurik dauden itsasuntzi bereziak kontutan hartzen badira, ia egun osoan Lurrarekin kontaktuan manten daitekeela esan daiteke. Guzti honek, kosmonauten lana nabarmen hobetzen eta erosotzen du. Ondorioz, estazioko ordenadore elektronikoak eta Lurrekoak konplexu bakar batean elkartzea lortu da. Honek estazioko sistemen, multzoen eta aparatuen aginteak automatizatzeko bidea irekitzen du. Kosmoan eta Lurrean aurkitzen diren gizaki-makinen sistemen elkarrekintzak konpontzen ahalegindu dira espezialistak, elkarrekintza estuagoa eta etengabea izan dadin. Gaur egun, ideiatatik esperimenturako aurrerapausoa eman da eta ikus daitekeenez arrakastaz.
Estazio berriko irtenbide teknikorik egokiena, (gainerako berrikuntzen abiapuntu dena), lotura anizkoitzeko portua izatea da. Sei lotune ditu eta hauetako bi nagusiak dira. Lotune nagusi hauek, estazioaren ardatzeko bi muturretan aurkitzen dira eta garraiorako untziak onartzea du bere eginkizuna. Hauez gain beste lau modulu amarra daitezke alboetan. Modulu hauetako bakoitza lan-eredu bati (astronomia, biologia, metalurgia, ...) lotzen zaio. Modulu guztiak luzetarako ardatzaren norabidean atrakatu behar dira. Ondoren, eta beso luze baten bidez, estazioaren alboetara transferitzen dira. Ondorioz, Lurra-Kosmo ibilbide nagusian, merkantzi fluxua hazi egingo da, kosmonautek tresna zientifiko eta ekipo gehigarri gehiago eskura dezaketelarik. Bestalde, bertara iristen den merkantziak (modulu baten barnean mantentzen denez) ez du oztoporik egingo. Tripulazio-kopurua ere 5 edo 6 pertsonez haz daiteke, hauentzat behar duten lekua gehitzea aski delarik. Horretarako, pentsa daitekeenez, moduluetako bat kosmonautek bizi ahal izateko kondiziotan bidaltzea izango litzateke irtenbidea. Beharrezkoa balitz, "MIR" estazioari beste estazio batzuk lotu dakizkioke eta horrela estazioaren uneko masa eta bolumena bikoiztu, dimentsio handiko estazio orbitala lortuz.
Modulu zientifiko gehigarri hauek karga/deskargarako lan astuna ebitatzen dute denbora irabaziz. Honez gain, lanerako erosotasuna eskaintzen dute. Adibidez, biologiarako prestatu den modulua astrofisikarako prestatu den beste batez ordezka daiteke eta behar izanez gero, elkarlanean iharduteko prestatu. Teknologi moduluak, ez du hasierako tresnekin beti iraungo. Bere garaian, egokitutako tresnez ordezkatuko dira. Egia da aurreko estazioetan bezala ezin zaiola bibrazioaren eraginari itzuri. Bitartean, eta jakina denez, badaude erabateko barealdia behar duten saiakuntzak. Baina, espezialistek badute kasu hauetarako irtenbide posiblea pentsaturik: libreki flotatuko duten moduluak sortzea hain zuzen, estazioarekiko inolako lotura mekanikorik gabe flotatuko duten modulu autonomoak sortzea alegia. Ikerketa-programa burutu ondoren, ikerketaren emaitzak pasatzeko eta behar duten materiaz hornitzeko denbora-tartean, estazioari atxekiko zaizkio moduluak. Beste posibilitate bat, noizbehinka moduluak estazioari lotu beharrean orbitan jarraituz kosmonautak bertara garraio-ibilgailu batean hurbiltzea litzateke, bertan lana egin, material berriz hornitu eta ondoren estaziora itzuliz. Beraz eta ikus daitekeenez, MIR estazioak modulu autonomoekin lan egin dezake. Leonid Kizim eta Vladimir Soloviov kosmonautek "Soyuz T-15" untziaren bidez gauzatu zuten printzipio hau. MIR estaziotik "Saliut-7" estaziora jo zuten, bertan zenbait lan burutu ondoren MIR estaziora itzuliz. Itzulbidean, ikerketaren emaitzak eta guztira ia 400 kg pisatzen zuten 20 gailu ekarri zituzten MIR estaziora.
Horrela bada, MIR estazioak bide berri bat ireki du teknika espazialaren garapenean. Modulu espezializatu gehigarrien loturaz gain espazioko beste untzien zerbitzurako ongi hornitutako base orbitaltzat erabil daiteke MIR estazioa.
Estazioa moduluz hornitzen doan heinean, honen hasierako masa eta inertzia handituz joango dela kontutan hartu dute diseinatzaile eta erakitzaileek. Baldintza hauetan, oso zaila izango litzateke akoplamendurako posizioa erosotasunez lortzea. Egoera honetan erregai gehiegi erreko litzateke. Beraz eta honi itzurtzeko, untzia bera izango da estazioa inguratuko duena, lotune-gunera hurbildu artean. Antzeko sistemaz baliatu zen "Soyuz TM" espazialuntzia MIR estaziora hurbildu eta lotu zitzaionean.
Aldi berean, estazioak maniobra batzuk burutu behar ditu. Maniobratan erregaia eta denbora irabaztearren orientazio-sisteman berrikuntza sartu da. Azelerazio-sentsoreen informazioa memorian gordetzen da eta espazioan estazioaren ardatzen posizioa zehazteko erabiltzen da. Norantza berrorientatu beharko balitz, biraketa-angelurik egokiena automatikoki kalkulatzen da eta beharrezko aginduak atal eragiletara bidaltzen.
1987ko udaberrian, Lurra inguratzen duen espazioaren konkistan eta espazioaren lankidetza internazionalaren historian aurrerapauso berri bat eman da MIR estazioan. Apirilaren 11n gauez, Yuri Romanenko eta Alexander Laveikin kosmonautak "Soyuz TM-2" bigarren bidaiaren ibilgailuan estaziora iritsi eta bi hilabetera, astrofisikako "Kvant" modulu astuna lotu zitzaion estazioari (Protón jaurtigailuaz orbitaratu zuten). Horrekin orbitan zegoen estazioaren masa 51 tonara pasa zen eta 35 metroko luzera hartu zuen. Bestalde, egia da "Kvant"en maniobrak burutzeko erabili zen sistema askatu ondoren 10 tona galdu zituela ere. Baina ez luzarorako; garraio-ibilgailuren bat akoplatuz gero, berriro masa irabaziko bait du.
Kvant modulua berezia da. Zazpi urtez SESBeko eta munduko laborategi eta unibertsitate askoko espezialistek ihardun ondoren burutu zen. Erabilpen desberdin askotarako diseinatua dago. Kvant da MIR estazioari lotu zaion lehen modulua. Guztira, eta epe laburrera, espezializatutako beste lau modulu bidaltzea espero da. Ondorioz, 100 tonako masa duen estazio adarkaduraduna sortuko da orbitan.
Dena dela, Kvant modulua programa anizkoitzetan erabili ahal izan arren modulu astrofisiko izenaz bataiatu izan zen, zeren bertan izarrak, galaxiak, kuasareak, etab. ikertzeko gailu konplexu eta potenteak bildu bait dira.
MIR estazioa orbitan egoteak eta helburu desberdinetarako zitzaionmodulu zientifikoen erabilpenak, bide berri bat ireki dute kosmoan; gaur egun garrantzi berezia hartzen duen bide bat: "Pake-bidea".
Baina, zoritxarrez ez da daramagun bide bakarra.