Elhuyar Fundazioa
1809. urtean xaboiak aztertzen hasi zen, eta jakina denez, gehienetan koipeen bidez fabrikatzen dira. Koipeak azido klorhidrikoz tratatu zituen eta azido organiko disolbaezinak ur-disoluzioan flotatuz gelditu zitzaizkion. Azido estearikoa, azido palmitikoa eta azido oleikoa isolatu zituen; koipe eta olioen osagai garrantzitsuenak hain zuzen. Balearen espermak ordea desberdin jokatzen zuen eta horren ondorioz koipea ez eta argizaria zela zioen Chevreulek.
1825. urtean, Chevreulek azido koipetsu hauen bidez kandelak fabrikatzeko patentea atera zuen (Gay-Lussac-ek ere bai aldi berean). Gaur egun kandelak gutxi erabiltzen ditugulako Chevreul eta Gay-Lussacen aurrerapen honek ez du garrantzi handirik, baina XIX. mendearen erdi aldeko gizartearentzan abantaila handiak zituen. Azido koipetsuzko kandelak segozko zaharrak baino gogorragoak eta distiratsuagoak ziren, errazago erretzen ziren eta beren usaina ez zen hain txarra.
Chevreulek ordea, koipeenaz gain beste alor batzuk ere landu zituen. 1815. urtean diabetiko baten gernutik azukrea isolatu zuen, eta baita mahats-alearen azukre berdina zela frogatu ere. Orduan hasi ziren diabetesa azukrearen metabolismoarekin zerikusia zuen gaitz bezala hartzen.
Chevreul substantzia organikoak aztertzen ere aitzindari izan zen eta gai horretaz liburu bat argitaratu zuen 1824.ean. Geroxeago kolorearen psikologia ikertzeari ekin zion eta arlo horretan arau orokor batzuk ematen saiatu zen.
Bere azken urteetan, laurogeitamar urte bete zituenetik aurrera batez ere, zahartzaroaren eragin psikologikoa beste inork baino hobeto ezagutu zuen eta Chevreul gerontologiaren aitzindaritzat hartzeko ez dago inolako oztoporik.
Ehun eta hiru urte bizi izan zen, lanean atertu gabe. Izan ere bere bizialdi luzean ez zuen erretiratzeko astirik izan. Gauza asko ikasi eta ikusi zituen bere bizitzan. Gaztetan Frantziako Iraultza eta gillotinaz pertsonei lepoa mozten ikusia zen. Zahartzaroan berriz, Eiffel dorrea eraikitzen ere bai.
Parisen hil zen 1889. urteko apirilaren 9an (duela ehun urte hain zuzen) eta Chevreul kimikari frantsesaren ehungarren urteurrenak Elhuyar. Zientzia eta Teknika n aipamen hau merezi duelakoan gaude.