Martitz, gizateriaren bigarren etxea ote?

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Hamazazpi urte ez dira bete gizasemeak bere hatza jaioleku den Lurretik at beste astro batean jarri zuenetik. Armstron-ek Ilargiaren zorua lehendabizikoz markatu zuenean, aro berri bati hasiera eman zion. Honekin konformatzen ez eta haruntzago, inguruko planetei alegia, begiratzen hasi da. Unibertsoaren konkistako hurrengo urratsen helburu haiexek izango bait dira. Hainbeste amets sortu duen Martitz zain daukagu.

Zenbait astronomoren ertiziz, hogeitamar milioi urte beharko ditugu galaxia osoa kolonizatzeko. Gure zibilizazioa 200 mila milioi izarretara esportatzea ez bait da txantxetako arazoa. Guk ez dugu noski, hau ezagutuko. Hala ere, hurrengo urtetan seguru asko, kolonizazio honen lehenengo urratsak ikusi ahal izango ditugu.

Kolonizazioaren hasiera datorren mendearen hasieran gerta liteke. Orduan, teknologiak ahalmena emango bait du Ilargian eta Martitzen base iraunkorrak ezartzeko.

Lehenengo baseak, Ilargian eraikiko dira. Arrazoi ugari dago honela gerta dadin; gertutasuna horien artean. Martitzen ipiniko dira hurrengoak; gertuen ditugun bi planetetan hau bait da egokiena eta "klima" leunena duena. Artizar oraingoz, eskuragaitzagoa da. Hango presio eta tenperatura itzelak medio, ingurune hartan bizitzea ez da gomendagarri.

Oraindik gizasemerik martitzeratu ez bada ere, bertan ipinitako zunda automatikoek datu adierazgarriak eman dizkigute. Ez dituzte, noski, Edger Rice Borroughs-ek deskribatutako printzesak topatu. Ezta Schiaparrelli-ren "kanalen" eraikitzaileak. ere. Baina abiapuntu baliagarria eskaini die zientzilariei Martitzen kolonizazioaz lanean hasteko.

Ilargiko lehenengo maila utzita, Martitzeko bigarrenari ekingo diogu.

Guk ezagutzen dugun bizimodurako Martiz ez da oso planeta erakargarria. Tenperaturak -140° C eta -27° C bitartekoak dira. Poloen inguruan, batezbesteko tenperatura -100 °C ingurukoa da, ekuatorean -20°Ckoa eta latitude ertainetan -40°Ckoa. Bestalde, atmosfera erabat karbono (IV) oxidoz osaturik dago. Zolua gainera, antzua da.

Honelakoa izanik ere, gure beharretara itxuralda dezakegu. Imaginazio eta teknika besterik ez dira behar. Atmosfera guztiz pozointsu horrek ere badu erabilpen posiblea. Thomas Meyer-ek, Colorado-ko Unibertsitatean Martitz projektua lantzen ari den kimikariak, Viking zundek igorritako datuak aztertuta, ondorio interesagarriak lortu ditu.

Ikerlari honen ustetan, 900 m 3 aire martitziar konprimatuz 500 g ur lor daitezke. Honela "distilatutako" uraren kostua ez litzateke izkinako dendan eros dezakezun ur mineralarena baino handiagoa.

Martitz-en zolua.

Tresna konplexurik ez da behar; presio baxupean lan egin dezakeen eguzkitiko energiaz ari den turbina bat nahikoa da.

Zer edana badaukagula, jana topatu beharko dugu eta are garrantzitsuagoa dena, baita zer arnastua ere. Hau ere aurki daiteke. Atmosfera konprimatuz eta ondoren karbono (IV) oxidoa ezabatuz gero, gas-nahaste bat lortzen da. Honetan argona eta nitrogenoa dira nagusi, oxigenoa arrasto moduan dagoelarik.

Nahaste hau ez da oso arnasgarria baina "Tanpon" gas moduan erabil liteke, habitakuluen aire arnasgarri eta kanpoko aire toxikoaren artean. Arnasteko oxigenoa, Sabatier-Senders izeneko prozesuaz karbono (IV) oxidoa hautsiz lortuko litzateke. Karbono (II) oxidoa eta ura sortzen ditu. Elektrolisiz uretik oxigenoa erauzten da, hidrogenoa birsortzen delarik. Hidrogeno hau birziklatuz...

Martitzeko atmosferak fruitu gehiago eman lezake oraindik Nitrogeno eta hidrogenoarekin, amoniakoa, CNH 3 sintetiza liteke. Berau, landareak elikatzeko edota pila elektrolitikoetan erabil liteke. Amoniakoa lehengaitzat hartuta, hidrazina (NH 2 NH 2 ), koheteentzako erregai ideala, ekoiz liteke. Kimikari martiztarrak, ura, hidrogenoa eta karbono (II) oxidoa erabiliz metanola ere, lurgaineko ibilgailuentzako erregaia, sintetiza liteke...

Lurra; gure sorlekua eta oraindik gure.

Martitz projektu horren zuzendari den Penelope Boston-ek ura planeta gorriaren zorutik ateratzea nahiago du. Viking zundaren datuak darabiltza honek ere. Bere erituz, Martitz estaltzen duen hautsaren 100 Kg kiskaliz 1 Kg ur lor liteke.

Boston andereak hiru etapa ikusten ditu Martitzen kolonizazioan. Lehenengo urratsean, alga- eta bakterio-koloniak esportatuko lirateke, planetan erein asmoz. Hauek sustraituko ez balira, lehenengo kolonoen jangaia izango lirateke.

Hurrengo urratsean "domu" puzgarri batzuk puztuko lirateke. Bertan, alga eta bakteriaz nazka-nazka eginda egongo liratekeen kolonoek, barazkiak haz litzakete, Martitzen zoru hezea substratutzat hartuta. Hirugarren urratsa oso ekosistema miniaturatua osatzea litzateke.

Martitzeko kolonoen lan bakarra ez litzateke nekazaritza izango. Lehen mailako beharrak ase ondoren, inguruko parajeak ustiatzen hasi beharko lukete. Meagintza izango lukete lehenengo lana, segidan transformazio-industria txikiak eraikitzea eta azkenik lurraren kopia txarra sortzea akaso.

Ibilgailu automatikoa.

Azaldu dugun hau Martitzen kolonizaziorako eskematako bat da. Badaude tartean beste batzuk ere, Horien artean aipagarriena handi-mandi itxurakoa delako agian, James Lovelock kimikari atmosferikoarena dago. James Lovelock oso ezaguna da Lurrean sortutako biziaz "GAIA" izeneko liburuan planteatzen duen hipotesi erakargarriaren kausaz

Ikus "Elhuyar. Zientzia eta Teknika" 1, 74 orr.

Lovelock-ek truko errazen bidez Martitzen bizia ereitea proposatzen du. Lurrean kaltegarri diren elementuak erabili nahi ditu bere projektuan: buru nuklearren eramate diren koheteak eta klorofluorometanoak. Azken hauek aerosol moduan gure planetan erradiazio ultramoreetatik babesten duen ozono-geruza honda dezaketela susmatzen da.

Desarme-hitzarmenak egin ondoren, koheteak Martitz projektuaren eskuetan jarriko lirateke (hau da dudarik gabe asmo honen punturik ahulena). Hauek erabilita gasak Martitzerantz jaurtiko lirateke eta bere atmosferan barreiatu. Bertan berotegi-efektua sortuko lukete: hots, eguzki-beroa atmosferara sartuko litzateke, baina atera ez. Martitz honela berotuko litzateke; izotzez eta karbono (IV) oxido solidoz osatutako poloak urtuko lirateke eta lurrin bihurtu. Honela, soberazko karbono (IV) oxidoak tenperatura are gehiago igoko luke eta era berean atmosfera hezeagotu egingo litzateke.

Martitzen honelako bizimodua izango genuke. Etxeak, produkzio-zentruak etab. egokitu beharko lirateke. Nahiz eta irudi hau fikzio hutsa izan, orain arteko ikerketen arabera era honetako eraikuntzak egin beharko genituzke. Hala ere, gure Lurrean baino zoriontsuago bizitzerik izango al dugu?

Lurretik bidalitako beste kohete batzuk, atmosfera berri horretan, liken heltz eta algen esporak sakabatuko lituzkete. Espora hauek azkarki ugalduko lirateke. Aintzindari hauek, lurra kimikoki prestatzeaz arduratuko lirateke. Lurretik bidalitako hurrengo kargamentuak, goi-mailako landare, graminea eta zuhaixkez, osaturik izango lirateke. Atmosfera karbono (IV) oxidotan oso aberats denez, ikaragarri ugalduko lirateke gainera, oxigenoa sortuz.

Plan honek arrakastarik izango balu, hamarkada gutxi batzutan 10.000ren bat pertsona bizi litezke Martitzen...

Amets egitea oraingoz zilegi denez, (eta espero dezagun beti izango dela) ametszaleok izarrak agian, nahiago izango ditugu, Borrough -en paisaje exotikoak errealitatearen eremu latzak baino.

Begiak ireki nituenean, paisaia arrotz eta ez-natural batez inguratuta nengoela ikusi nuen. Banekien Martitzen nengoela. Ez nion nere buruari ea esna eta erne nengoen galdetu. Ez nengoen lo, ez nion neure buruari imurtzi egin behar. Nire subskonszienteak Martizen nengoela esaten zidan, beste edonori Lurrean dagoela esaten dion bezalaxe. Inork ez du zalantzarik horretaz...

... Hots leun hark birarazi egin ninduen, eta han nere bularretik hiru metro eskasera, azkon itzel haren punta zegoen. Hamabi metro luzeko azkon bat, metal distiratsuzko puntaduna eta behatzen ari nintzaien deabrutxo haien itxurako beste izaki handi batek eutsia.

Honelako propultsatzaileek jarriko dituzte untziak Martitzerako bidean.

Gizona, nolabait izendatu behar bait dut, bost metro luze zen eta Lurrean berrehun kilo baino gehiago pisatuko zituzkeen. Gu gure zaldien gainean jartzen garen bezalaxe zegoen jarrita. Hori bai, animaliaren lepoari bere beheko menbroek euskten zioten. Bitartean, bere eskuineko bi besoen eskuez azkon itzel hari eusten zion, bere zaldiaren aldamenean. Bere ezkerreko bi besoak zabaldu egin zituen oreka mantetzeko. Berak gidatzen zuen animaliak ez bait zuen ez balaztarik, ez bridarik eta ezgidatze-sistemarik...(*)

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila