Istorio eta uste erromantiko horiek gizakiok espazioa zunda eta sateliteen bidez esploratzen hasi ginenean amaitu ziren. Mariner 9k planeta gorriaren kanaletan urik ez zegoela eta erreskatatu beharreko printzesa exotikoak idazle buruberoen asmazioak zirela argi eta garbi utzi zuen 1971n. Hala ere, Martitzen bizia izango zelaren esperantzan iraun zuten oraindik zientzilari askok, baina duela hogei urte, 1976ko uztailaren 20an zehazki, Viking1 Zirse lautadan martitzeratu zenean, bizia, arrastorik txikiena ere, ametsa zela baietsi zen.
Datu horien ondorioz, Martitzen elkortasunean sinetsita egon gara urtetan. Baina, zokotik argi, martiztar jatorriko meteorito batean bakterio primitiboen arrastoak izan daitezkeenak aurkitu dituzte Antartikan. Berri honek zientzilariak aztoratu zituen abuztuan eta Martitzeko biziari buruzko eztabaidari su eman zaio berriro. Martiztar berderik ez dagoela seguru da, baina bakterio xume batzuk nahikoak lirateke bizitzaren unibertsaltasuna aldarrikatzen dugunok helduleku sendoak izateko.
Hilabete eta erdi geroago, 1976ko irailaren 3an, Viking 2 zunda bikia pausatu zen Martitzen. Harekin bukatu ziren gizakiok Martitz bertatik hobeto ezagutzeko egin ditugun ahaleginak, geroztikako misioek, 1979ko sobietarren Fobos zunda bikiek presezki, huts egin baitute.
Alabaina, mila urte irauten duen gaitzik ez omen dago eta aurten Martitzen esplorazioa pil-pilean jarriko da berriro. Hiru misio, hiru, abiatuko baitzaizkio espazioan barrena gure auzo gorriari bisita egitera: errusiarren Martitz 96 eta estatubatuarren Martitzen Esploratzailea (Mars Pathfinder) eta Martitzen Lur-Neurtzaile Globala (Mars Global Surveyor).
Misio hau berri handia da errusiaren espazio-programan. Izan ere, Fobos misioen porrotaz gero, (duela zortzi urte) hau izango da espazio sakonera jaurtitzen duten lehen misioa.
Azken berriek diotenez, azaroaren 16an abiatuko da Martitz 96 Baikonurreko espazio-zentrutik. Horrela adierazi du, bederen, Alexander Moisheiev-ek misioaren buruak.
Egun horretan, Proton jaurtigailuaren koheteek Baikonur-eko lurra astinduko dute. Suzko lorratza gibelean utzirik, zundaren 5.000tik gorako kiloak espazioratuko ditu. Hamar hilabete geroago, 1997ko irailaren 12an zehazki, Martitzera ailegatuko da. Ez da, ordea, lanean berehala hasiko, aste batzuk beharko baititu planeta orbitatzen ari den zundak lanean asteko. Hala ere, misioa abian izango da jada.
Martitz 96 espaziuntziak hiru osagai ditu: orbitatzaile bat, bi lurreratze-modulu txiki eta bi zulagailu. Martitzeko orbitara iritsi baino bost bat egun lehenago, zundak lurreratze-moduluak egotzi eta hauek Martitzeko gainazalean pausatzera abiatuko dira. Zulagailuak denbora gehiago egongo dira untzi nagusiari lotuta eta planetaren orbitan sartu eta bi astetara abiatuko dira Martitzen gainazala zulatzera. Lurreratze-moduluak zein zulagailuak hiru bat hilabetez arituko dira lanean. Misio osoak, berriz, urte beteko iraupen minimoa izango du.
Abenduaren hiruan espazioratuko du Delta II jaurtigailu batek Martitzen Esploratzailea . Zortzi bat hilabete geroago, 1997ko uztailean, 819 kilogramoko zunda bere itura iritsiko da. Untziak bi elementu nagusi izango ditu: lurreratze-modulua eta mikrolurrorotakoa. Lehena martitzertze-puntuan geldi-geldi geratuko da eta inguruko datuak transmitituko ditu Lurrera, mikrolurrorotakoak, aitzitik, noraezean ibiltzeko aukera izango du eta lursail zabalagoa estaliko dute igorritako datuek.
Misio estatubatuar hau Martitzerantz abiatuko den lehena izango da, bere jaurtiketa-data azaroaren 6a izango baita. Data zehaztu gabe dago oraindik. Delta II jaurtigailuak espazioratuko du 1.000 kilo pasatxoko orbitatzailea. 1997ko irailean Martitzera iritsiko da, baina ez da berehala lanean hasiko. Hurrengo urteko apirila edo maiatzean hasiko da Martitzeko gainazala kartografiatzen. Zazpi hilabete horietan untziaren abiadura txikiagotuko da aerobalaztatzearen bidez eta Martitzen goi-atmosferan sartuz, bere behin-betirako orbita jadetsiko du. Prozesu hau astiro eta tentuz egin behar da.
Espazioaren esplorazioa, eta Eguzki-sistemako planetena bereziki, zeregin garrantzitsua dela pentsatzen dugunok, badugu, itxuraz, zergatik poztua. Izan ere, hiru misio hauek abiatzeak aro oparoago baten atarian gaudekeela adieraz dezake. Zorte on!
Misioa
Martitz 96 Martitzen Esploratzailea Martitzen Lur-Neurtzaile Globala