Loreak aurkitu dituzte Paleolitoko hilobi batean

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Duela 15.500 urte inguru, emakume bat ehortzi zuten El Mirón izeneko kobazuloan (Kantabria). Garai hartan, hildakoak lurperatzea ez zen batere ohikoa; horregatik, ehorzketak interes handia piztu du ikertzaileen artean. Orain, hilobiko landare-arrastoak ikertu dituzten ikertzaileek beste berezitasun bat ere baduela jakinarazi dute: hildakoaren inguruan loreak utzi zituzten.
loreak-aurkitu-dituzte-paleolitoko-hilobi-batean
El Mirón kobazuloa (Kantabria). Duela 15.500 urte inguru, emakume bat ehortzi zuten bertan, eta loreak utzi zituzten inguruan. Arg. UPV/EHU

EHUko María José Iriarte Chiapusso palinologoak zuzendu du aztarnategiko landaretzari buruzko azterketa, eta hark berretsi du aurkikuntza apartekoa dela, ohiz kanpokoa: "Hildako bat ehortzi eta hilobian loreak utzi zituztela frogatu den lehen aldia da". Journal of Archaelogical Science aldizkarianeman du ikerketaren berri, EHUko Alvaro Arrizabalagarekin eta Zaragozako Unibertsitateko Gloria Cuencarekin batera.

Iriartek azaldu duenez, ez da erraza landare-arrastoak topatzea aztarnategietan: "Beste material batzuen aldean, zaila da landare-jatorriko arrastoak topatzea, zaila izaten baita haiek fositzea. Hau da: aztarnategiak aztertzen ditugunean, ez dugu zegoena topatzen, baizik eta, era batera edo bestera, irauteko gai izan dena. Oso garrantzitsua da hori argi izatea, bestela, interpretazio okerrak sor daitezke".

Horren adibide bat eman du jarraian: "Esate baterako, duela urte batzuk uste zuten Paleolitoko jendea haragijalea zela nagusiki, haiek bizi ziren kobazuloetan pertsonek jandako animalia-hezur asko aurkitzen zituztelako. Aurrerapen teknologikoek azterketa finagoak egiteko aukera eman digutenean, ordea, ohartu gara landare-jatorriko elikagaiak ere jaten zituztela. Horrelako gauzak jakiteko, haien bila joan behar dugu, ez baitira agerikoak".

Ahalik eta ikuspegi zabalena izateko, beraz, ezinbestekoa da landaretza kontuan hartzea, eta, hain justu, alderdi hori aztertzeaz arduratu da Iriarte, El Mirón kobazuloan. "Aspalditik ari gara lanean haitzulo horretan. New Mexicoko Unibertsitateko Lawrence Straus eta Kantabriako Unibertsitateko Manolo González Morales dira aztarnategiko zuzendariak, eta haien zuzendaritzapean, nazioarteko hogei unibertsitate eta ikerketa-zentro baino gehiagoko ikertzaileak ari gara aztertzen kobazuloa, mailaz maila. Kontuan izan behar da kobazulo handia eta zabala dela, eta denbora-tarte luzez izan zen gizakien bizileku".

Polena multzokatuta egotea, gako

Orain aztertu duten maila duela 15.500 urte ingurukoa dela jakin dute, han topatutako bi hezur, bat ugaztun batena eta bestea gizakiarena, karbono 14aren teknikaz aztertuta. Polenaren azterketari esker, berriz, jakin dute espazio irekia zela, zuhaitzak zeudela (pinuak batez ere), garoa, eta landare belarkarak. Horren arabera ondorioztatu dute klima hezea eta hotza zela; "gaur egun baino dezentez hotzagoa", zehaztu du Iriartek. Eta datu esanguratsu bat ere jaso dute: hilobiaren inguruan, polenaren ia erdia Chenopodiaciae taxonekoa zen (% 49,5)".

Maria Jose Iriarte EHUko palinologoak ikertu ditu el Mirón kobauzloan aurkitutako polenak. Arg. UPV/EHU

"Chenopodiaciae taxoneko landareen nagusitasun hori deigarria da oso", adierazi du Iriartek. "Kobazuloaren beste lekutan, ez da hori gertatzen. Gainera, polena ez zegoen normalean agertzen den moduan, hau da, aske. Horren ordez, multzokatuta zegoen". Hain zuzen ere, landarea heltzen denean, polena sakabanatu egiten dela azaldu du Iriartek. "Hortaz, polen-aleak banaka azaltzen dira. Lurperatutako emakumearen inguruan jaso genuen polena, ordea, lorean dagoen bezala zegoen, seinaka multzokatuta".

Horri esker jakin dute loreak utzi zituztela hildakoaren ondoan. "Ez dago beste azalpenik polena horrela agertzeko: emakume harekin bizi zirenek nahita utzi zituzten loreak hilobian", esan du, garbi, Iriartek.

Erantzunik gabeko galderak

hilobiaren inguruan aurkitutako polena. hilobiaren inguruan, polenaren ia erdia Chenopodiaciae taxonekoa zen (% 49,5), eta hori ez da gertatzen kobazuloko beste lekuetan.

Iriartek azaldu duenez, gaur egungo Chenopodiaciae taxoneko landareen artean daude espinakak, ziazerbak... "Ez dituzte lore ikusgarriak izaten; guk apaintzeko erabili ohi ditugunen modukoak. Baina hori erabat kulturala da. Azken urteotan, adibidez, jartzen dira azak eta baratzeko beste landare batzuk lorategietan. Argi dago, beraz, lore-motagatik ezin dugula ondorioztatu zer erabilera zuten edo zergatik jarri zituzten hilobian".

Izan ere, Iriarteren iritziz, hilobi batean loreak aurkitu direla jakitean, askok pentsa dezakete lore horiek funtzio errituala zutela. "Uste hori erabat okerra da. Orain ere hildako guztiak ez dira hilobiratzen erritu baten barruan, eta denei ez zaizkie loreak jartzen. Hilobiratzeko arrazoia, gainera, ez da soilik erritu bati jarraitzea, baizik eta osasun-arazoak saihestea".

El Mirón kobazuloko hilobian ere, loreek funtzio higienikoa izan zezaketela esan du Iriartek: "Kontuan hartuta Chenopodiaciae taxoneko landare batzuek mikrobioen, onddoen eta birusen aurkako ahalmena dutela, litekeena da infekzioak eta usain txarra eragozteko jarri izana lore haiek hilobian".

Edonola ere, interpretazio horiek hipotesi hutsa direla azpimarratu du Iriartek: "Ezin dugu jakin zergatik jarri zizkioten loreak hildakoari, ehortzi zutenean. Baina badakigu portaera ezohikoa dela, eta horrek egiten du berezi".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila