1993/08/01
74. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Logika lantzen
Inork entzun nahi ez zion gizona
Lagun hura bere psikoanalistaren bulegora, Donostiako Aiete streetekora, sartu zenean, hizketan sartu zen. Dibanean etzan zenean ere, hizketan ari zela etzan zen eta psikoanalista besaulkian egokitzen zen bitartean ere hizketan ari zen.
- Ai, doktore anderea!, triste nago, benetan triste. Ekarri nauen taxistak gogoeta depresiboetan sartu nau ... Taxista gorra da, gaixoa! Taxia Gipuzkoa Parkean hartu dut. Taxista kezkaturik zegoelakoan, eta mintzatzen ez zenez, ene drama familiarrak, zeuk ondo ezagutzen dituzun horiek, kontatuz bere kezkatik urruntzea otu zait. Ene istorioak interesgarriak izan arren, taxistak ez dit erantzun honako hau esan didan arte: “Jauna, ezpainen mugimenduengatik nirekin hitz egin nahi duzula ondorioztatzen dut, baina, tamalez, hori ezinezkoa da; erabat gorra bainaiz eta ene entzungailuak egun osoan ez dit funtzionatu”. Orduan, goibeldu eta ixildu egin naiz, eta orain zuri kontatzen dizut ... Zergatik deprimitu nau gizon horrek?
- Ez al zaizu iruditzen deprimitzen zaituena gizon horrek zure istorioak entzun nahi ez izana dela? -galdetu zion psikoanalistak taxista pazienteaz libratu deneko erraztasuna irrikiz.
- Zergatik diostazu hori?. Gorra ez dela esan nahi duzu, baina zer proba duzu?
- Oh! jauna, hori nabaria da.
Zergatik da horren nabaria? Psikoanalista zeu bazina, nola frogatuko zenioke pazienteari inork ez diola entzun nahi eta taxistak ziria sartu diola?
Txaluparia
Merkatari batek negozio-bidaia bat egin behar zuen. Karga guztia txalupa batera igo ondoren, morroiaren zain geratu zen. Minutuak joan, minutuak etorri, morroia ez zen azaltzen. Bitartean, txalupariak pentsatu zuenez, oso erraza izango zen leku apartatu hartan merkataria desagertaraztea eta bere merkantzia guztia lapurtzea. Bitan pentsatu baino lehen, txalupariak kolpe azkar batez uretara bota zuen merkataria eta bertan ito.
Hiltzaileak merkantzia hartu eta bere etxera eraman zuen. Ondoren, merkatariaren etxera joan zen, atera deitu eta ea etxeko jauna txalupara zergatik ez zen joan galdetu zuen. Emazteak morroiak bidali zituen bere senarraren bila, baina ez zuten honen arrastorik ere aurkitu. Merkatariaren morroi minari galdetu zionean, honek txalupara berandu joan zela eta han ez zuela etxeko jauna ikusi esan zion.
Familiak poliziari eman zion desagerpenaren berri. Poliziek, txalupariari eta auzokoei galdetu ondoren, ez zuten arazoa argitu.
Azkenean epaile baten eskuetara iritsi zen kasua eta zerikusia zuten guztiak atera zituen gelatik, merkatariaren emaztea izan ezik. Emazteari honakoa galdetu zion: mesedez konta ziezaiola, ezer ezkutatu gabe, txaluparia bere senarraz galdezka joan zen momentuaz gero gertatutakoa.
- Denbora dexente igaro zen senarra joan zenetik —esan zuen emazteak—, txaluparia agertu eta deika hasi zen arte. Atea ireki baino lehen, ozenki galdetu zuen: “Etxekoandre, zergatik ez dator zure senarra? Berandutu egingo zaigu”. Hauexek izan ziren bere hitzak.
Epaileak emaztea etxera bidali eta txalupariari egin zion galdeketa. Honek emazteak emandako bertsioa errepikatu zuen.
- Beno, orduan argi dago dena -zioen epaileak irribarretsu-. Merkataria hil egin dute eta zu zara hiltzailea. Zuk zeuk esan duzu.
- Nola? Nik aitortu dudala? -oihukatu zuen txalupariak harrituta.
Nola asmatu zuen epaileak hiltzailea txaluparia izan zela?
Su eta gar
Itsaso erdian irla txiki bat dago. Bertara ailegatu den naufragoak palmera bat eta sasiak besterik ez du aurkitu. Egoera larritzeko, irla gosetutako marrazoez inguraturik dago.
Egun batean sua piztu da irlako mutur batean, eta zoritxarrez, haizeak indarrez jotzen du alde horretatik.
Zer egin dezake naufragoak bere burua ez erretzeko?
Jakina, Josetxo, jakina!
Josetxo azkoitiarrak, EKOL-a31 espaziuntziko zientzilari nagusi zenak, Lurretik heldu berriak ziren aginduak jaso zituen.
- Zein da oraingo helburua, aita? -galdetu zion Nagorek, 12 urteko neskatxak.
- Galaxiaren muturretik gertu eguzki-sistema berri bat aurkitu dute. Ikertzera joan behar dugu.
- Eta, bizitzarik ba al dago planetaren batean?
- Bai, izar nagusitik gertuen dauden lehenengo bost planetetako hirutan bizitzarik badagoela esan didate.
- Zein aztertuko dugu lehenbizi?
- Bostgarrena. Nagorek txalo jo zuen.
- Hau zirrara! Hango bizitza karbonoan oinarritutakoa ote den galdetzen diot neure buruari. Josetxok bekainak altxatu zituen.
- Nola dakizu bostgarren planeta bi antzuetako bat ez dela?
Josetxori, erantzuna entzundakoan, aurpegia gorritu egin zitzaion.
Zer erantzun zion Nagorek bere aitari?
Kale iluna
Kale iluna da. Hormak eta zorua beltzak ditu. Ez dago farolik. Hotz handia egiten du. Kale erditik lagun bat zirkin-zarkun dabil. Arropa beltza du. Kapela eta tapauka (bufanda) beltzak ditu. Begien aurrean betaurreko beltzak ditu. Ez zaizkio ez begiak eta ez hortzak ikusten. Kaletik automobil beltz bat hurbildu zaio. Automobilak ez du argirik. Automobila harrapatzear dago. Bapatean saihestu egiten du.
Zergatik portatu da horrela gidaria?
Ustegabeko azterketa
- Datorren astean azterketa bat egingo dizuet -esan zien ostiralean irakasleak ikasleei. Arratsaldean izango da astegunetako batean, eta ustegabean izango da. Horrez gain, baten bat azterketa zein egunetan izango den badakiela esanez badatorkit, azterketa ez da egun horretan izango. Jon astelehen goizean irakaslearengana hurbildu eta hauxe esan zion:
- Azterketa ez da inoiz egingo. Argi dago azterketa ez dela ostiral arratsaldean izango, goizez jakingo genukeelako. Baina, ostiralean ez bada, astelehen eta ostegun bitartean izango da. Hala ere, arrazoi berberagatik, ostegunean ere ezin da izan. Beraz, hiru egun besterik ez dira geratzen. Zertarako jarraitu? Ezin da inoiz izan.
Hala ere, asteazken arratsaldean irakasleak azterketa egin zien.
Zergatik? ...
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.