Lifou 2000, altxorraren bila

Mendiburu, Joana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Kaledonia Berriko koral-arrezifeak itsasoko biodibertsitatearen erakusleiho garrantzitsua dira, eta hori nabarmendu dute Lifou 2000 ikerketaren emaitzek.
Lifou 2000: Krinoidea eta gorgoia.
Pierre Laboute IRD

‘Leialtasunaren uharteak’ duela 10 milioi urte inguru izandako erupzio bolkanikoetatik sortu ziren. Jarduera bolkanikoaren ondorengo egoera koralezko atoloiak sortzeko aproposa zen, eta horrela eratu ziren arrezife aberats horiek. Bestalde, plaka australiarraren mugimendu tektonikoek gaur egungo mailara azaleratu zituzten kuaternarioan urperatuta zeuden ‘Leialtasunaren uharteak’.

Emaitza aipagarriak lortu dituen Lifou 2000 ikerketa Ozeano Bareko ‘Leialtasunaren uharteetako’ handiena den Lifou irlan egin dute Frantziako Historia Naturaleko Museoko eta Garapenerako Ikerketa Institutuko kideek. Uharte hori paradisua da mundu osoko biologoentzat eta ekologistentzat, bere koralezko arrezifeek izugarrizko biodibertsitatea baitute. Baina ikerketa hori lehena ez bada ere, baieztatu eta nabarmendu egin du hango aberastasun biologikoaren tamaina.

Irla horrek ez dauka lur gaineko sare hidrografikorik, hau da, ez errekarik ezta aintzirarik ere. Hortaz, euri-ura itsasokoarekin topo egin arte iragazten da eta, dentsitate txikiagoa duenez, geruza fin txiki bat sortzen du. Higadura karstikoaren ondorio den infiltrazioak barnealdean ur gezak eta kostaldean itsasoko urak beteriko leize eta amildegiak sortzen ditu.

Biodibertsitatearen lekuko

Inbentario-lana 4.500 hektareatan (45 km 2 ) egin da eta, oraingoz behintzat, muskuilu espezieen kopuru handia nabarmendu da. Izan ere, lan horretan aritu diren 35 zientzialariek orain arteko marka guztiak gainditu dituzte, uste zena baino 2,5 aldiz muskuilu-espezie gehiago dagoela baieztatu baitute.

Ondorio horretara heltzeko, zortzi muskuilu-familiaren kontaketetan oinarritu dira. Aurreko inbentarioetan familia horietako 266 espezie kontatu ziren, eta oraingoan, berriz, 627 espezie! Ratio hori gainerako muskuilu-espezieei aplikatuz gero, hau da, orain arte identifikatutako 1.076 espezieei, 2.500 espezie legoke inguru horietan! Mediterraneo osoan (2,9 milioi km 2 ) baino 1,5 aldiz gehiago!

Saron sp . izkira 5 metroko sakoneran.
Pierre Laboute IRD

Gainera, Koumac auzo-eskualdean erabateko inbentarioa egin da eta zortzi familia horietako muskuiluak (603 espezie) espezie guztien % 22 direla ikusi dute. Datu hori Lifouko faunari aplikatuz gero, berriz ere 2.500 inguruko espezie-kopurura hurbiltzen gara.

Dena dela, jasotako lagin guztiak ikertzeko urte batzuetako lana dago oraindik eta ikusi egin beharko da zehazki zenbat espezie identifikatzen dituzten.

Biodibertsitatea ez da erreserba batean sartzen

Gomophia watsoni itsas izarra 30 metroko sakoneran.
Pierre Laboute IRD

Esan bezala, ikerketa honetan milaka muskuilu-espezie kontatu eta identifikatu dira, eta beren banaketak harridura sortu du. Guztira 66 eremutan egin da inbentarioa, eta espezieen % 26-29 eremu bakarrean aurkitu da. Gainera, espezieen % 40 baino gutxiago aurkitu da sei eremu baino gehiagotan.

Hortaz, argi dago koral-arrezifeak espezie arraroz betetako eremu konplexuak direla. Bakantasun hori bi mailatan neurtzen da: bakantasun biologikoa eta bakantasun ekologikoa. Lehena espezie bakoitzeko indibiduo-kopuruaren araberakoa da, eta bigarrena espezie bera aurki daitekeen eremu-kopuruaren araberakoa.

Aberastasun eta bakantasun hori aintzat harturik, ikerketa honek zalantzan jartzen du itsas erreserben funtzioa eta hausnarketarako galdera hau luzatzen du: eremu zabal bat babesteak eskualdeko biodibertsitatea babestea bermatzen ote du?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila