Euskaldunok txiki-txikitatik ikusi izan dugu gure artean lau buruko ikur bitxi bezain eder hau. Beste garai batzuetan abertzaletasunaren ikurtzat hartzen genuen, kanpoan guztiz galerazirik zegoena bere barruan eskutaturik bailegoen. Bera zen gure nazio-sentimenduen iturri isila, gure euskal nortasunaren altxor gordea, eta berarengan jartzen genuen askotan gure herri-nortasunezko konfidantza; gure izaera bereziaren oinarria, gure euskal kontzientzia zanpatuaren zimendu bizia bera balitz bezala.
Bera zen aldi berean bandera eta suzia; iragan ezkutu, orainaldi latz eta etorkizun askearen lotura magikoa, itsaso eta izarra, sufrimendu eta esperantza, sustraiak eta geroko hagalak; izaera bakar baten “lehena, oraina eta geroa” hitz batean esanda. Eta horregatik, gure haur-esku dardartiaren bidez, geure karpetak, liburuak eta koadernoak, makina bat lauburu oker, itsusi eta ez horren itsusi, handi eta txikiz jantzi ziren, ikasle-gogoetak beste dimentsio ezberdin batera eramanez.
Bapatean, bigarren mundu-gerrako film eta komikiekin topo egin genuenean, samin eta tristura handiz gure lauburuak anaia gaizto bat zuela ikusi ahal izan genuen. Gure lauburu ederra hiltzaile nazien sinbolo bihurturik; nola ote?. Ezin genuen ulertu. Gure idealen ikurra, gure izakera eta askatasunaren sinboloa alemaniar nazien eskuetan eta banderetan, nola eta zergatik?.
Zorionez, laster bilatu genuen irtenbidea; bereizketa. Alemaniar naziena karratua zen bitartean, gurea biribildua zen, eta beraienak ezkerrera begiratzen zuen bitartean, gureak eskuinera. Eskerrak!
Handik aurrera bide hartatik abiatu ginen, gure lauburu biribildu guztiak eskuin alderantz orientatuz. Hala ere, zenbait hilobi eta etxetako lauburu karratuak eta ezker alderanzkoak ikusterakoan kezka eta zalantza pizten zitzaigun gure baitan, baina aurrera jarraitzen genuen geurearekin. Beraiek beraiena eta guk gurea; horixe!.
Nahiz eta lauburua gure kulturan elementu handia izan, gaurko euskaldunok ondotxo dakigu lauburua edo bere izen jenerikoaz ezagunagoa den swastika, ez dela gurea bakarrik; munduko lau haizetara zabaldurik dagoenez, gizateria osoarena baizik.
Europa, Asia eta Ameriketako zibilizazioetan ikus daiteke; baita India, Txina eta Tibetetik, Alemania, Euskal Herria eta Islandiaraino ere. Aztekarrengandik grekoenganaino. Beraz, munduko mutur batetik beste muturreraino.
Kontutan hartu beharra daukagu swastikak oso tankera bereziak har ditzakeela. Hori bai, mamizko izakera ondo gordez. Alde batera edo bestera begira dezake, hiru, lau, sei, zortzi, ... beso edo buru eduki ditzake, nahiz eta gure artean lau burukoa zabalduena izan; eta bere besoak karratuak edo biribilduak izan daitezke.
Swastika zaharrena Trasilvanian aurkitu da eta dirudienez, Neolitos aroko azken garaian egina omen da. Kristo aurrerko XIV. mendeko zenbait arrastotan agertzen zaigu berriro, eta baita Ilioneko (Troiako) aztarnen artean ere. Kristo aurreko IV. mendean Indiako kulturan ikus daiteke, eta Txinan Kristo ondorengo V. mendean. Mende bat geroago, hots VI.enean, Japonian azaltzen da eta une hartan garatzen ari zen budismoak bere ikurtzat hartu zuen. Geroztik mundu guztian zehar zabaldurik ikusi ahal izan da: Grezian, Erromatar Inperioan, Germaniar Herrietan, Euskal Herrian, Britainian, Errusian, Tibeten, wikingoen artean, Ipar eta Ertamerikako indiar kulturetan, ...
Geroztik, gure mendean, alemaniar nazismoak aryar odolaren sinbolotzat hartu zuen, berarekin batera bere teoria arrazistak zabalduz. Bitxikeria gisa, aipatu beharra dago 1925. urtean Panamako “kuna” indiarrak matxinatu zirenean (goardia nazionalak akatuz eta beren lurretan “Tule” izeneko errepublika independentea sortuz) hondo laranjako ehunean egindako gurutze gamatua banderatzat hartu zutela.
Lehen esan dugunez, swastika edo gurutze gamatua mundu guztian zehar zabaldurik dago, baina lurralde semitikotan, Egypton, Kaldean, Assirian, Fenizian, Palestinan, ... ez da ia ezagutzen. Honetaz oharturik, Haushoffer ideologo alemaniarrak swastika garai batean (antzinatean) zabaldurik egon zen herri aryarren ikurra zela atera zuen ondorio, eta herri alemaniarrraren entseina bezala proposatu zuen.
Aurretik, 1891.ean, Ernest Krauss-ek gauza bere defendatu zuen, eta 1908. urtean, Guido List-ek gurutze gamatua “Edda” izeneko epopeia errunikotik ateratako ezagupen esoterikoen eta aryarren odol garbiaren sinbolo zela argudiatu zuen.
Ikertzaile guztiek, swastikaren iluntasunetan sartzerakoan, “Thule” izen misteriotsuarekin egiten dute topo. Bai, kurioski askotan, swastikaren inguruan “Thule” garai bateko wikingoen urrutiko herri ezezagunaren izen santua azaltzen da, eta aurreko atalean ikusi dugun Panamako “kuna” indiarren lekukoa dugu eredu.
Esan dezagun ere, Errusiako tsarren gortean, eta agian teosofoen eraginez, aspaldi sartua zegoela Alexandra Ferodovna tsarinaren eskutik. Badakigu jakin azken tsarinak bere exekuzio aurretik Ipatieven etxeko horma batean swastika eta gutun misteriotsua idatzi zuela. Soldaduek dena ezabatzeko agindu zorrotza hartu arren, ba omen dago nonbaiten gorderik aurretik ateratako argazkia ekintza haren adierazgarri. Gutun horren inguruan azalduriko pertsona guztiak hilik suertatu ziren, eta kasualitatez hauetako baten itsasuntziak, Otto Bautenas baroiarenak, “Asgärd” (irlandar ipuinetan Thuleri ematen zaion izen jatorra) izena zuen.
1925. urtean, nazional-sozialismoa, Horbiger ideologoaren teorietan oinarrituz, bere kideak erreklutatzen ari zen. Garai hartan sinesten zutenez, duela 30 edo 40 mende Gobi basamortuan zibilizazio handi eta aurreratua zegoen; hondamendi (agian atomikoa?) ikaragarri baten ondorioz gero desagertuko zena. Baina esaten zutenez, salbatu zirenak, Thor jainkoak gidaturik, Iparreuropako eta Kaukasoko lurraldeetarantz abiatu ziren, lur berrietan beste zibilizazio txiroagoak eta atzeratuagoak berreraikiz. Horregatik ideologo naziek sustraietara itzultzea predikatzen zutenean, Ekialdeko Europa, Turkestan, Pamir, Gobi eta Tibet konkistatzea ere aldarrikatzen zuten; beren ustez, munduaren bihotz eta ardatza zen lurralde zabal hura menperatzen zuena munduko nagusi bihurtuko bait zen.
Hitlerrek ondo ezagutzen zuen swastikaren indarra, eta bere sinbologiaz baliatuz, botereaz jabetzen saiatu zen.Hitlerren agintearen garaian, Tibet eta alemaniarren arteko harremanak sendotu eta ugaldu egin ziren, eta tibetar lamategietara makina bat delegazio bidali zuten. 1926.ean, Berlinen eta Münchenen hindu eta tibetar kolonia txikiak instalatu ziren, eta dirudienez, sobietarrak Berlinera sartzerakoan alemaniar uniformez jantzitako himalaiar arrazako mila bat gorpu aurkitu zituzten.
Teoria naziek ziotenez, aryarrek mundu osoa konkistatuko zuten, swastikaren babesetik kanpo zeuden herri semitikoak eta bestelako bigarren mailako herri endekatuak lurbiratik ezabatuz, eta beraien arteko talde gorenenak, hots Thule izenekoak, mundua menperatu eta zuzenduko zuen milaka urtetan, hurrengo uholdea etorri arte.
Guzti hau ikusirik, oso erraza zaigu Bigarren Mundu-Gerran gertaturikoa eta gurutze gamatuak munduaren begien aurrean utziriko heriotz eta odolezko orimen garratza ulertzea.
Bai Europan, bai Asian eta bai Ameriketan, swastika ikur magikotzat hartua izan da. Uste denez, berotasuna eta energiaren iturria, biziaren hazia, ... sinbolizatzen duen eguzkia eta bere etengabeko mugimendua agerterazten digu. Erdigune batetik sortzen diren karratu edo biribil tankerako besoek (hiru, lau, sei, zortzi, ...), eguzkiaren berotasun eta energiaren etengabeko dantza, jira-bira, adierazi nahi omen digute. Ikusten dugunez, swastika bi aldeetara jira daiteke. Ezkerretara mugitzen bada lebogiro deitzen zaio eta eskuinetara begiratzen badu, berriz, destrogiro. Eta dirudienez, aurkako mugimendu bikoitz honetan hartzen du swastikak bere sinbologiaren esanahi handia.
Antzinako gizaki naturistak, mundua, osotasuna, bi alderditan banatzen zuen; bata ezkorra, gaiztoa, itsusia, ankerra, ... eta bestea, berriz, guztiz aurkakoa, hots, baikorra, ederra, ona, goxoa, jatorra, .... Bikoiztasun honen erdian oinarritzen zuen bere izate bera, bere bizia, eta baita bere inguruko izaki guztiena ere. Horregatik, swastika lebogiroak baikortasuna adierazten digun bitartean, destrogiroak bere aurkakoa, hots, ezkortasuna esan nahi du.
Beste batzuek identifikatu egiten dute swastika suarekin eta trumoiarekin (germaniar mitologian egiten den bezalaxe), baina bere barneko bikoiztasuna beti gordez eta agerteraziz. Alemaniar ideologo naziek, tibetar lamek bezala, ondo ezagutzen zuten swastikaren sinbologia ezkutua eta horregatik bai lehenengoak eta bai bigarrenak bere esanahiaz eta bere irudiaz baliatu izan dira beren asmoak eta gogoetak azal erazteko. Ez da kasualitatea, Sobietar Batasuneko frontea irekitzerakoan Hitlerrek Kaukasoetako zenbait menditan, eskalatzaileen bitartez, gurutze gamatuaren entseina gorri-beltza jar eraztea, eta ezta Tibeteko lamategietan garai onak edo txarrak adierazteko gurutze honi ematen dioten erabilera grafikoa ere.
Euskal Herrian, nahiz eta sinbologia hau jadanik guztiz galdurik egon eta duen zeregin apaingarria ahaztu gabe, lauburu eta zortziburuaren erabilpena euskal nortasunaren baieztatze eta indartzearen prozesuan sar genezake. Gauza bera gertatzen da Bretainian hiruburuarekin; beren nortasun eta nazionalismoaren banderatzat harturik bait daukate.
Swastikaren bikoiztasunak antzeko handiak ditu munduko beste hamaika bazterretan; esate baterako ekialdekoen “ying-yang” oinarrizko printzipioan ikur magikoa, edo erromatarren Jano jainkoa eta bere bi aurkako aurpegiak, ... edo euskaldunon sinesmenen artean guztiz aurkakoak diren jainkoen bikote ugariak: Mari eta Maju, Atarrabi eta Mikelats, Eki eta Ilazki, ...
Dena den, swastikak bizi-bizirik irauten du edozein tokitan, hormetan, liburuetan, eraikuntzetan, apaingarrietan, ... bere misterio gordea agerian utzi nahiko baligu bezala, bere magia esoterikoa beti aurrean eduki nahiko balu bezala, ... edo agian, bere besoen arteko loturagunean ezkutatzen duen mugarik gabeko indar ikaragarria berriro gure artera askatu eta zabaldu nahiko balu bezala. Auskalo!