Digitalizazioaren eta adimen artifizialaren iraultza arlo guztietara iritsi da, baita kobazuloen barrunbeetara ere; eta, besteak beste, labar-artea hartu du ikergai. Teknologia berrienen laguntzaz, ezkutuan zeuden altxorrak aurkitzeaz gain, haiek aztertzeko eta hobeto ulertzeko metodo objektibo eta unibertsal bat sortu dute arkeologo garaikideek.
Arkeologia beti izan da diziplinartekotasunaren adibide. Jose Migel Barandiaran Aierbek eta haren ingurukoek ere hainbat ezagutza-arlotatik jasotako metodoak eta ikuspegiak biltzen zituzten beren ikerketa arkeologikoetan, hala nola espeleologia, geologia, paleontologia, antropologia, etnografia, kimika… Denborarekin, are eta arlo gehiagoetako adituek parte hartzen dute arkeologian, iraganeko aztarnekin ahalik eta puzzle osatuena lortzeko asmoz.
Bilakaera horren azken adibidea da Iñaki Intxaurbe Alberdi eta Diego Garate Maidagan Kantabriako Unibertsitateko IIIPC historiaurrearen ikerketa-institutuko arkeologoek egiten duten lana. Haien esanean, digitalizazioak iraultza ekarri du labar-artearen ikerketara, hasi aurretik ikusezinak ziren irudiak aurkitzetik, kontserbaziora eta ondorio berriak ateratzera.
Horren erakusgarri, lehendik ezagutzen zituzten kobazuloetan irudi berriak aurkitu dituzte. Horretarako DStretch aplikazio informatikoa erabili dutela azaldu du Intxaurbek: “Aplikazio horren bidez, kolore naturala aldatu egiten da, eta bestela ikusten ez diren koloreak nabarmentzen ditugu. Horrek laguntzen digu begi hutsez nabaritzen ez diren irudiak ikusten, eta haiek interpretatzen; esaterako, zerbait dagoela susmatzen duzun lekuan, horrekin bisonte bat identifikatu dezakezu”.
Beste adibide bat eman du jarraian: erreplikak. “Gaur egun, digitalizazioari esker, gai gara duela 15 urte ezinezkoak ziren gauzak egiteko. Orain, kobazuloa bera eraman dezakegu gure ordenagailuetara, eta, horrela, laborategitik, unibertsitatetik edo etxetik egiten dugu lan, beste eremu batzuetan egiten duten bezala, urbanismoan edo hirigintzan, adibidez”.
“Hau oso garrantzitsua da”, azpimarratu du Garatek. “Izan ere, kobazulo batzuetan, sarrera oso mugatuta dago edo zaila da. Adibidez, Chauvet kobazuloan, (Ardèche, Frantzia) ez da komeni inor sartzea kontserbazio-arrazoiengatik; proiektuaren ikertzaileak bakarrik sartzen dira, eta epe jakin batzuen barruan. Beste batzuetan, sarrera itxita geratu da mugimendu geologikoengatik, edo oso zaila da. Cosquer haitzuloa, esaterako, Marseillan dago (Frantzia), eta itsaspean dago, Mediterraneoaren azpian. Hortaz, erreplika digitala ez da soilik zabalkuntzarako edo museoetarako; ikerketarako ere ezinbestekoa da”.
Intxaurberen ustez, digitalizazioak ekarri duen beste berrikuntza nabarmen bat interpretazioen edo inferentzien eskutik etorri da. “Pasa den mende erdialdetik aurrera estatistika erabiltzen hasi ziren arkeologian, eta azken aldian pisu handia hartu du”. Hain zuzen, 3D teknologia, informazio geografikoko sistemak eta aldagai anitzeko estatistika erabilita, Paleolitoko labar-artearen funtzioa lau multzotan bana daitekeela erakutsi du Intxaurbek bere tesian.
Azaldu duenez, 1990. hamarkadan ere erabiltzen zuten estatistika horrelako sailkapenak egin ahal izateko, baina zenbait irizpide ez ziren objektiboak; adibidez, zenbateraino den irisgarria leku bat. “Esaterako, biologo batek eta arkeologo batek ikuspuntu diferentea izan dezakete irisgarritasunari buruz. Orain, teknologiaren bidez, programak kobazuloaren irudia aztertzen du, eta zenbakizko balio bat ematen dio irisgarritasunari. Analisi estatistikorako, zenbaki hori erabiltzen dugu, eta horrela lortzen dugun emaitza objektiboa eta unibertsala da. Berdin du nire ordez beste norbaitek egiten badu, edo kobazuloa hemengoa den edo Andaluziakoa”, zehaztu du Intxaurbek.
Zehazki, Euskal Herriko bederatzi kobazulo aztertu ditu; bata iparraldekoa eta besteak hegoaldekoak, eta denak Madeleine aldikoak, hau da, labar-arte paleolitikoaren azken aldikoak (duela 18.000 urtetik 13.500 urtera arte, gutxi gorabehera). Eta irudiak lau multzotan sailkatzera iritsi da: funtzio xamanikoa dutenak, heldutasunera igarotzeko errituen baitakoak, leku ezkutuetan buztinez egindako eskulturak eta grabatuak, eta zeinu abstraktuak.
Garatek gogorarazi duenez, arkeologian, hastapenetatik, interpretazioa oso subjektiboa izan da. “Horregatik, kuantifikazioa funtsezkoa da ondorio objektiboak lortzeko. Gainera, gaur egun open science (zientzia irekia) gakoa da, denok informazio bera partekatzea. Eta hori guk ere labar-artean egin dezakegu gaur egun. Hala ere, badaude mugak. Adibidez, guk erabiltzen ditugun artxiboak eta datuak ezin dira igo Internetera, terabyte pila bat hartzen baitituzte. Helburua hori da, baina bidearen erdian gaude momentuz”.
Zehaztu duenez, beste arloetan bezala, ikerketa arkeologikoan ere FAIR irizpideei jarraitzea da xedea: datuek aurkitzeko errazak izan behar dute, horietarako sarbidea bermatu behar da, beste datu eta tresnekin erabiltzeko modukoak izan behar dute, eta, azkenik, berrerabiltzeko modukoak.
Intxaurbek irizpide horiekin egin du tesia, Garateren eta Martin Arriolabengoa Zubizarretaren zuzendaritzapean. Eta, aitortu du, harrigarria bada ere, neurri batean bere sailkapenak bat egiten duela André Leroi-Gouhan arkeologo estrukturalistak joan den mendearen erdialdean proposatu zuenarekin.
“Leroi-Gouhan ohartu zen irudi batzuk ikusteko eginak zeudela, eta beste batzuk, berriz, ezkutuan gordetzeko. Baina hori ondorioztatzeko erabili zituen metodologiek, jakina, ez zituzten FAIR irizpideak jarraitzen. Hortaz, taulak argitaratu zituenean, inork ezin izan zituen berregin, ez zuelako jakitera eman ondorioetara iristeko egin zuen bidea. Autoritate-printzipioan oinarritzen ziren beren emaitzak zabaltzeko. Gaur egun, ordea, jada ez dago eskolarik; edonork har dezake informazioa, eta, ikerketa zuzena bada, emaitza berera iritsiko da”.
Autoritate-printzipioarekin gertatu den bezala, teknologia baliagarria da beste isuri batzuk gainditzeko. Ildo horretatik, Verónica Fernández Navarro taldekidearen lana ekarri dute gogora Intxaurbek eta Garatek. Izan ere, lehen ez zen zalantzan jartzen labar-artearen egileak gizonak zirela. Fernándezek, teknologia berriak erabilita, eta isuriak bazterrean utzita, metodo objektibo bat garatu du kobazuloetako hormetan ageri diren eskuen margoak aztertzeko, eta frogatu du haietako asko haurrek eginak direla.
Hain zuzen, hori da taldearen xedea: metodologiak garatzea, arkeologian ere zientzia irekiaren bidetik ikertzeko. “Inflexio-puntu batean gaude; ez dauka zentzurik lehengo metodoak erabilita erantzunak bilatzeak”, baieztatu du Garatek.
Horren adibide, beste esparruetara bezala, adimen artifiziala ere iritsi da arkeologiara. Intxaurbek jakinarazi duenez, osasun-arloan ikertzen dabiltzan ikertzaile batzuekin dabiltza elkarlanean: “Duela gutxi, minbizi-zelulak eta infektatutako zelulak adimen artifizialaren bidez identifikatzeko metodo bat argitaratu du talde horrek. Tartean dago Ignacio Arganda Carreras, eta gu haiekin gabiltza lanean, metodo hori bera erabiltzeko, adibidez, ahalik eta zehaztasun handienarekin bereizteko eskuen egileak nor ziren”.
Taldearen hurrengo pausoa prozesuak erraztea da, erabilgarriagoak eta eraginkorragoak izateko. Horretan ere, uste dute adimen artifiziala oso lagungarria izango dela. “Egin kontu kobazulo baten 3Dko irudi bat egin dugula. Bada, adimen artifizialeko programa baten bidez, egiturak eta formak berehala bereizteko aukera izango dugu —esaterako, gizakiok egindakoak—, garai jakinetako egitura geologikoak, labar-artea… Horretara iristeko, ordea, aurrez entrenatu egin behar da adimen artifiziala”.
Bukatzeko, ikertzeko egiten dituzten 3Dko erreplika horiek beste erabilera bat ere izan dezaketela aipatu dute. “Izan ere, guk sortutako erreplikak xehetasun guztiekin eginda daude, eta publiko orokorrarentzat ere gozagarriak izan daitezke”, esan du Intxaurbek.
Zabalkunde hori, gainera, ikertzaileentzat ere mesedegarria da: “Ezagutzen dena babesten da. Adibidez, azken aldian aurkikuntza pila bat egin dira Gipuzkoan eta Bizkaian; Armintxe, esaterako, Lekeitio erdigunean. Zer gertatzen da? Aurkikuntzaren berri ematen denean, oihartzun handia dauka, eta jendeari interesa pizten zaio. Ikerketak egiten dira, eta, gero, ikerketak bukatutakoan eta kobazuloa itxi ondoren, ez da ezer ateratzen argitara, ez bada beste ikerketa bat hasi delako. Orduan, denborarekin jendea ahazten joaten da zer daukan oinen azpian, eta gerta liteke norbaiti bururatzea kobazuloaren gainean etxeak egitea, edo auskalo. Aldiz, beren ondaretzat hartzen badute, estimatuko dute eta babestuko dute”.
Hortaz, ikertzaileek egindako lana oso baliagarria izan daiteke herritarrek ondarea ezagutu eta aintzat har dezaten. Sektore turistikoan ere erabil daiteke, Ekainen bezala erreplikak egiteko, edo bisita birtualak eskaintzeko. Ikerketa gizartearen zerbitzura jartzea da azken helburua.
Elhuyarrek garatutako teknologia