Paleolitoko argiztapen-sistemak ikertu dituzte esperimentalki

paleolitoko-argiztapen-sistemak-ikertu-dituzte-esp
Horma-irudiak dituzten kobazuloetan erabilitako argiztapen-sistemak ikertu dituzte esperimentalki. Arg. IIIPC

Horma-irudiak dituzten kobazuloetan bildutako ebidentzietatik abiatuta, ikerketa esperimentala egin dute, kobazuloak argitzeko erabiltzen zituzten sistemak deskribatzeko. Kantabriako ikerketa prehistorikoen IIIPC institutuko Marian Medina Alcaide eta Diego Garate Maidagan arkeologoek zuzendu dute ikerketa, eta PLOS ONE aldizkarian argitaratu dute.

Paleolitoko gizakiek, kobazuloen iluntasunean horma-irudiak egiteko, ezinbestekoa zuten sua piztu eta leku batetik bestera eraman ahal izatea. Ikertzaileek Atxurra (Berriatua) eta Nerja (Malaga) kobazuloetako argiztapenaren arrastoak bildu dituzte, eta Lascaux (Dordoina) eta Chauvetekoekin (Ardèche) alderatu dituzte. Azaldu dutenez, argiztatzeko hiru sistemaren aztarnak topatu dituzte: zuziak, beheko suak eta gantz-lanpara eramangarriak. Haiek egiteko materialak ere ikertu dituzte; eta hala jakin dute Atxurran, adibidez, haritza eta ipurua erabili zituztela.

Informazio horrekin, argiztapen-sistemak esperimentalki probatu dituzte Isuntza I kobazuloan (balio arkeologikorik gabekoa). Besteak beste, ipurua lehorra erabili dute zuziak egiteko; hareharria lanparak egiteko, bobidoen hezur-muina eta erretxina baliatuz erregaitzat; eta ipurua eta haritza, beheko sua egiteko. Esperimentuen bidez, sistema bakoitzak bere ezaugarriak dituela baieztatu zuten, eta beharren arabera erabiltzen zutela bata ala bestea.

Argiztapen-sistemen ezaugarriak ez ezik, kobazuloarenak (oxigenazioa eta aire-korronteak, esaterako) eta giza ikusmenarenak ere kontuan hartu dituzte ikerketan. Hala, ondorioztatu dute  bi sistema batera erabilita lortzen dela argiztapen onena; hala nola zuziak eta gantz-lanparak. Horrez gain, frogatu dute sistema horien bidez argi beroa lortzen zutela; horrenbestez, kolore batzuk besteak baino hobeto ikusten zituzten, bereziki, gorria, laranja eta horia.

Halaber, kobazuloen sakonean argia izateko egin behar zuten ahalegina kalkulatu dute; hau da, zenbat material behar zuten eta zenbat joan-etorri egin behar zituzten. Azken finean, planifikazio zorrotza eskatzen zuen. Ikerketa, beraz, baliagarria izan da argiztapenaren ezaugarri nagusiak argitzeko eta garai hartako gizakiak hobeto ezagutzeko.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.