Kopiatu, patentatu, aberastu. Velcroaren® historia

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Deus ere harrapatu ez eta, gainera, hementxe, lapa-belarrak ezin kendu. Ez dakigu George de Mestral ingeniari suitzarrak halako pentsamendurik izan zuen inoiz, baina lapa-belar asko kendu zituen velcroa® asmatu aurretik. Historiak kontatzen du ehizatik bueltan maiz tokatu zitzaiola zakurrari eta bere arropei lapa-belarra kentzea. Halako batean, lapa gogaikarri horietako bat mikroskopioan aztertu eta kako txiki-txikiz josia zegoela ikusi zuen. Eta estrategia bera kremailerari lehia egiteko erabiltzen bazuen?
Velcroaren 'belariak' mikroskopioan. De Mestralek mikroskopioari esker jakin zuen lapa-belarren sekretu zein zen.
THE BIOIMAGING LABORATOY, THE UNIVERSITY OF WALES. ABERSYTWYTH

George de Mestralek (1907-1990) txikitatik izan zuen asmatzeko grina. Pentsa, lehen patentea hamabi urterekin jaso zuen, jostailuzko hegazkin bat diseinatzeagatik. Bere asmakizunek arrakasta izaten zuten, gainera, eta oso gaztetan erabaki zuen bera ingeniaria izango zela. Denetariko lanak egin zituen Lausanako Eskola Politekniko Federalean ikasketak ordaindu ahal izateko, baina bere ametsa bete egin zuen: ingeniari elektriko titulua eskuratu zuen.

Norberaren asmakizunetatik bizimodua ateratzea ez da bat-bateko kontua izaten, ordea, eta, ikasketak amaituta, makinak egiten zituen enpresa batean hasi zen lanean. Haatik, ez zuen asmoz aldatu, eta 1940ko hamarkadan bizitza aldatuko zion ideia izan zuen ehizatik bueltan.

Ez dago oso argi zein urtetan eman zuen zorioneko paseoa; iturri batzuetan 1942a aipatzen da, beste batzuetan, 1948a. Tira. De Mestrali asko gustatzen zitzaion mendian eta ehizan ibiltzea eta hamarkada hartan ehunka buelta emango zituen ziur aski. Beraz, horietako edozeinetan, etxera itzuli eta arropari eta zakurraren ileei itsasten zitzaizkien lapa-belarrak mikroskopioarekin aztertu zituen. Haiek kentzeaz nazkatuta egongo zen agian, eta hain ondo nola demontre eransten ziren jakin nahi izan zuen.

Mikroskopioak berehala erakutsi zion lapa-belarraren sekretua zein zen. Haziek ehunka kako txiki zituzten eta haiei esker itsasten ziren hain ondo. Arropetan, esaterako, ehunak dituen zulotxoei katigatzen dira eta oso nekeza izaten da gero kentzea.

De Mestralek sekretu hura bere probetxurako erabiliko zuela erabaki zuen, eta natura nola imitatu asmatzen pasatu zituen hurrengo urteak.

Natura imitatu eta aberastu

De Mestralek lapa-belarrek bezala funtzionatzen zuen itxigailua asmatu nahi zuen. Itxigailuak kakoak izango zituen alde batean; bestean, kako horiek preso hartzeko belarri-itxurako egiturak eta, bata bestearen kontra zanpatzean, lapa-belarrak bezain sendo itsatsiko ziren elkarrekin. Kremailerari lehia egingo zion.

Asmatzaileak Lyonera jo zuen ideia garatzeko laguntza bila, ehungintza-industriaren hiriburua baitzen Lyon garai hartan. Baina kondairak dio inor gutxik babestu zuela suitzarraren ideia, eta gustatu zitzaienek ez zuten dirurik arriskatu nahi izan. Eskuz lan egiten zuen ehule batek bakarrik nahi izan zuen De Mestralekin batera lan egin.

Orduan, ingeniari-lana utzi, bankuari mailegua eskatu eta itxigailua egiteko ehunik egokienaren bila hasi ziren biak. Lehenengo diseinu arrakastatsua kotoiarekin izan zuten, baina prozesua garestiegia zen asko zabaltzeko. Hortaz, beste ehun batzuekin saiatu ziren. Azkenean, berriz ere mikroskopioaren laguntzaz, De Mestralek konponbidea topatu zuen. Argi infragorriarekin behaketak egiten ari zela, nylonak ia suntsiezinak diren kakoak sortzen dituela konturatu zen. Halaxe jaio zen Velcroa®. Frantsesezko ‘velours’ eta ‘crochet’ hitzei zor die izena. ‘Velours’ modu jakin batean landutako felpa izendatzeko erabiltzen da eta ‘crochet’-ek kako esan nahi du.

De Mestralek 1951n patentatu zuen asmakizuna Suitzan eta urtebete geroago Velcro S.A. konpainia sortu zuen. Hurrengo urteetan gauza bera egin zuen Europako beste hainbat herrialdetan, Kanadan eta Estatu Batuetan, hau da, patenteak eskuratu. Horrela, berak, eta ez beste inork, ekoitzi ahalko zituen itxigailu iraultzaile haiek. 1950eko hamarkadaren amaierarako begi-bistakoa zen jada ingeniari suitzarrak bete-betean asmatu zuela. Ordurako, ia 55.000 kilometro velcro® saltzen zituen urtean.

Gaur egun ia edozer lotzeko erabiltzen da velcroa®. Adibidez, horren bidez lotzen diote taula hankari surflariek.

Gaur egun ia edozertarako erabiltzen da itxigailu-mota hau. Oso ohikoa da larrukigintzan, medikuntzan, ortopedian, automozioaren industrian edota espazioan. Baina askok uste duenaren kontra, velcroa® ez da espazioaren ikerketari zor zaion asmakizun bat. Espazioa aplikazio-esparru garrantzitsua izan da, baina ez zen propio horretarako sortu.

1979ra arte, merkatuaren errege

Patenteak eskuratzeko izan zuen ardurari esker, 1979ra arte beste inork ezin izan zituen De Mestralenak bezalako itxigailuak fabrikatu, eskubideak ondo ordainduta ez bazen. Urte hartan, ordea, jatorrizko patentea iraungi egin zen eta, geroztik, izena izan da konpainiaren borroka. Beraiek, eta ez beste inork, ekoitz ditzake velcro® izeneko produktuak. Nylonarekin, zelofanarekin edo kleenexarekin gertatu den moduan, euren produktuaren izena generiko bihurtzerik ez dute nahi eta oso tentuz zaintzen dute izenaren ondoan erregistratutako markaren ikurra agertzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila