Gazteok Euskal Herriko ibai nagusienak beti zikin eta kiratsu ezagutu izan baditugu ere, badirudi, eta horrela diote gure guraso eta aiton-amonek, garai batean ur garden eta garbiak isurtzen zituztela. Kolore deskribaezinezko estolda nardagarriak, elur zikin itsurako apar harroak eta itotzen gaituen kirats higuingarria, badirudi lehen ez zirela. "Begira, bestela, ibaien errepresetan izokinentzako dauden mailak" diote batzuk. Eta guk, zuhurrak garenez, eta izokinek ur garbiak laket dituztela jakin badakigunez, sinetsi egiten ditugu istorio mitologiko horiek.
Komunitate Autonomoko hiru euskal probintziak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hurrenez hurren, 25 ibai-arrotan banaturik daude hidrologiaren ikuspegitik. Hauetako batzuk Bizkaiko Golkora isurtzen dituzte beren urak eta besteak Ebro ibaiaren bidez Mediterranio itsasora isurtzen dituzte. Mazela mediterraniar eta kantauriarraren muga, ia bat dator Araba/Bizkaia eta Araba/Gipuzkoa probintzi mugekin.
Gipuzkoako sei arroek Bizkaiko Golkoan dute bukaera. Hauek, Oiartzun(2), Urumea(3), Oria(4), Urola(5) eta Deba(6) ibaienak dira (*). Bidasoa ibaiak, Euskal Herriko garbienetako batek hain zuzen, Gipuzkoako lurraldean uzten ditu urak itsasoan, nahiz eta bere tarterik luzeena Nafarroan eduki.
Bizkaian 11 ibai-arro bereizten dira. Hauek ere Bizkaiko Golkora eramaten dituzte euriaren ondorioz biltzen dituzten urak. Bi ibai-arro nagusi dira: Ibaizabal(13) eta Kadaguarenak(14) alegia. Gainera, Butroe(10), Oka(9), Lea(8), Artibai(7), Karrantza(18) eta Barbadun (16) ibaiak ditugu tartean.
Azkenik, Araban 6 arro kokatzen dira, eta beraien ur guztiak, Ebro ibaiaren partaide bihurturik, Mediterraniora joaten dira. Probintzia honetako azaleraren gehiengoa Zadorra(21), Baia(20) Omecillo(19) eta Ega(24) ibai-arroek osatzen dute. Badira Araban beste arro batzuk ere: Mayor(17), Inglares(22), Araia(23) eta Errioxa(25) alegia, baina hauek oso txikiak dira eta ez daukate garrantzi berezirik.
Bestalde, Arabako Aiara eta Laudio bailarek, Bizkaiko Kadagua eta Nerbioi ibaiei ematen dizkiete heuren urak, eta Aramaio herri arabarra Deba arroaren parte da. Era berean, Bizkaiko Otxandio eta Ubide herriak, Zadorraren sisteman sartzen dira.
Ibaien uraren kalitatea (eta edozein ur-masarena orokorki) adierazteko, erizpide desberdin asko erabil daiteke. Erabilitako erizpidea ur hori zertarako erabili nahi denaren araberakoa izango da. Erizpide desberdinak egongo dira, ur horrek bete behar dituen baldintza biologiko/kimiko/fisikoak, kontutan harturik: ura industria bateko hozte-sisteman erabili nahi bada edo herri baten ur edangarriaren hornikuntzarako erabiltzen bada, adibidez.
Artikulu honetan hiru erizpide desberdinetatik aztertuko da Komunitate Autonomoko ibaietako uraren kalitatea: biziaren euskarri izateko balio duen, elikapenerako erabil daitekeen eta aisian erabil daitekeenaren arabera.
Eusko Jaurlaritzak agindutako ikerketa honek, denok somatzen genuena atera du agerira; Komunitate Autonomoko ibaien egoera guztiz tamalgarria eta grabea dela alegia.
Ondorio asko eta eritzi asko sor litezke egoera honen iturburu eta kausari buruz eta baita hondamena zuzentzeko hartu behar diren neurriez ere. Hori norberaren lana da eta norberak iritsi beharko du ondorioetara eta ondorio horiek defendatzeko hartu behar diren jarreretara. Orain, behinik behin, gertatzen ari dena ezagutzen ez dugunik ezin esango dugu.
1. MAPA: Euskal Komunitate Autonomoko uren egoera, biziaren euskarri diren heinean.
Hiru klasetan banatzen da ura biziaren euskarri izan daitekeen ikuspegitik, Europako Ekonomi Elkartearen arabera.
2. MAPA: Euskal Komunitate Autonomoko uren egoera, elikapenerako erabil daitezkeen heinean.
Lau klase bereizten dira ikuspuntu honen arabera:
Aurreko mapari egindako irazkinek ia-ia osorik balio dute honetarako, zenbait kasutan egoera, itxuraz, hobeago dela badirudi ere. Hala ere, azpimarragarria zera da: kasu honetan ere, Oria, Deba eta Ibaizabal ibaien arroak hilak egotea.
3. MAPA: Euskal Komunitate Autonomoko uren egoera erabilpen laketgarrien ikuspegitik.
Bi ur-klase desberdintzen dira atal honetan.
Euskal ibai eta erreketan ez bainatzea hobe dela ondorioztatzen da hemendik.