Biomasa-energiarako lehengai gisa azukre-kanabera izan da orain arte ezagunena. Baina, esan bezala, Espainian, Burgosen eta Huescan zehatzago esanda, lehengai gisa baratze-kardua erabiltzeko asmoa dute.
Baratze-kardua eskualde mediterraneoko materia organiko ugariko lurretan hazten da. Orburuaren (Cynara scolymus) basaitzindaria da eta baratzeetan ereiten da kapituluaren azpialde mamitsua jateko. 1,5 metro haz daiteke eta lehen urtean ez da loratzen. Udako lehorteetara ondo moldatutako espeziea da, nahiz eta gutxienez 400 mm/urte-ko prezipitazioa behar duen. Hala ere, ez du ondo jasaten lurra putzutzerik. Nahiago ditu kare-harrizkoak eta oso trinkoak ez diren lurzoruak. Haziak neguko izotzen aurretik edo ondoren erein behar dira. Izan ere, erein eta lehenengo hilabetean ez du izotzik jasaten. Bi urteren buruan hartuko du ustiatzeko tamaina egokia.
Moztu, oraindik erabat lehortu gabe dagoela moztu behar da, eta hori da lehenago aipatu dugun azukre-kanaberarekin duen antz ia bakarra. Ez da komeni haziak galtzea, lurrera erortzea alegia, horiek baitute balio handiena energiari dagokionez.
Iaz erein zuten lehen uzta eta bi arazo zituztela ikusi zuten. Batetik, bakanegi erein zuten eta karduak oso lodi hazi ziren. Eta zurtoina zenbat eta lodiago, hainbat eta gogorragoa da, eta horrek arazoak sortzen ditu mozteko eta egoki kudeatzeko. Bestetik landareak gozoegiak ziren eta sagu eta bestelako karraskari ugari zegoen soroetan. Aurten ereiteko garaia iristerako, ordea, genetikoki eraldatutako barietatea sortu eta erabili dute. Barietate berria mikatzagoa da eta, beraz, ez hain erakargarria karraskarientzat. Baina, gainera, 3 metroko altuera eta 7 metroko sustraiak izan ditzake. Sustrai horiei esker zazpi urtez jarraian moztu daiteke eta landarea berriz haziko da erein beharrik gabe. Horrek kostuak nabarmen murrizten ditu eta nekazarientzat erakargarri bilakatzen.
Saiakuntza berri hau15 urteko ikerketen emaitza da, Madrilgo Ingeniari Eskolan Jesus Fernandez Landare Ekoizpenean katedradun denak burututakoena. Burgos eta Huescan eraikitzen ari diren lantegietako, bakoitzak, urtean 105.000 tona kardu-lasto erre ahal izango ditu eta 91,2 GW sortu (30.000 pertsonak urtean erabiltzen duena adina, gutxi gorabehera). Baratze-kardua ereiteak etekinik eman dezan (Europako Batasunak emandako laguntzak kontuan hartuta), urteko eta hektareako 17.000 tona ekoitzi beharko dela kalkulatu dute.