Kantauriko mendiak, ezagutu beharreko parajea

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Euskal Herria lurraldez txikia izanik ere, bazter ezezagunak baditu oraindik. Gaur azalduko duguna, Kantauriko Mendikatea alegia, horietako bat da. Errioxa aldera joateko askok zeharkatzen dituzte bertako mendateak (Herrera edo Rivas) eta gutxik erreparatzen du mendikateak ezkutatzen dituen txokoen edertasunaz.
Toloñoko ipar-isurbidean dagoen larrea. Eskuinean Toloñoko azken aldatzean dagoen pagadia ikus daiteke.
I.X.I.

Kantauriko mendilerroa, Arabako hegoaldean kokatzen den eskualdea da. Mendebaldean Toloñoko mendilerroarekin bat egiten du (guk azalpenean biak bat direla kontsideratuko dugu) eta ekialdean Kodes-eko mendilerroa du muga. Hegoaldean Ebro harana zabaltzen da. Ikuskizun ederra dira Toloño edo Herreratik, Errioxako mahasti eta soroak.

Ikuspegi ekologikotik begiratuta oso ingurune interesgarria da Kantauriko mendilerroa. Bere gailurrek (altuenak 1400 m ingurukoak dira) klima heze eta lehorren arteko muga egiten dute. Iparraldera dauden isurbideak haize hezeen menpe daude eta klima atlantiko hezea pairatzen dute. Hegoaldera begira dauden isurbideak ordea, haize lehorren eraginen menpe daude eta klima mediterranio lehorragoaren domeinu dira. Egoera hau paisaian eta ekologian isladatzen da noski, eta bertan laiotzeko baso hezeak eguterako baso lehor nola bihurtzen diren ikus daiteke.

Ohar geologikoak

Toloño, Kantauri eta Kodes-eko mendilerroek, altuera ertaineko mazizoa osatzen dute. Mendien batezbesteko altuera 1000 metrokoa da eta asko dira 1300 metro gainditzen dituztenak (Gaztelu-haitza, 1430 m; Lehoin-haitza, 1391 m); San Tirso haitza, 1338 m; eta Kodes 1421 m). Iparraldeko haranetan Inglares eta Ega ibaien arroak daude.

Kantauriko mendilerroaren material osagarri gehienak, kretazikoan sortutakoak dira. Kararriak, dolomiak, kalkarenitak, hareak, harearriak eta buztinak dira materialik ugarienak.

Izkiz-eko ameztia.
I.X.I.

Iparraldeko haranetan ibai-sedimentazioaren ondorioz buztinak, hareak eta limoak daude nagusiki. Mendilerroaren hegoaldean (itxuraz maldatsu eta urratua izanik) karraria da nagusi, baina buztinak, hareak eta harearriak ere agertzen dira.

Baso aldakorra

Lurralde hau estaltzen duten basoak ugari izateaz at aldakorrak dira. Bertan bi klimen arteko trantsizioa gertazen denez gero, baldintza desberdinak daude toki batetik bestera. Zati batean ia Euskal Herri osoan nagusi den klima ozeanikoaren eragina dago. Bestean aitzitik, Mediterranio kutsuko klima lehorragoak (Errioxa eta Nafarroako Erriberan dauden klimak alegia) eragiten du. Mendilerroaren kokapena da fenomeno honen kausa.

Kantauriko mendilerroa ekialdetik mendebaldera zabaltzen da eta hesi natural garrantzitsua da haizeen ibilbidean. Bere iparralde eta hegoaldeko malden artean desberdintasun klimatiko nabarmenak sortzen ditu. Atlantikotik datozen haizeek iparmendebaldeko norabidea daramate. Hezetasunez kargatutako haizeak laiotzean gora egiten du eta hoztean berehala uzten du hezetasuna laino edo euri moduan. Eguteran behera haize lehorra jaisten da. Horrexegatik, laiotzean pagoa hazten da eta eguteran artea.

Beraz eskualde honetan bi motako landaredia agertzen da: baldintza hezetan hazten dena eta baldintza lehorretan hazten dena.

Pagadia

Urizaharra.
I.X.I.

Iparraldera begira dauden maldetan pagadi handiak daude Kantauriko mendilerroan. Kararria da baso hauen substratua. Pagoarekin batera ezpel arrunta agertzen da ugari. Ezpela agertzeak, klima iparralderagoko pagadietan baino lehorragoa eta kontinentalagoa dela adierazten du. Pagadi hezeagotan gorostia eta ahabia dira pagoaren lagun.

Pagadi hauetan basoetako hegazti harrapariak, miru gorria eta zapelatza esaterako, ugari dira eta erraz ikus daitezke. Malda txikiko sailak dira horretarako egokienak; Urizaharra, Pipaona eta Lagran ingurukoak batez ere.

Ameztia

Ametza oso ugaria da Kantauri mendilerroan. Izkiz-ezko ameztia Arabako handiena da eta interes ekologiko handia du. Baso hau lur hareatsuen gainean hazten da. Lurzoru hauek nekazaritzarako ez dira egokiak eta ondorioz oso baldintza egokitan mantendu da Izkiz-eko basoa. Izkiz-en ametzarekin batera zuhaixkak (hala nola gorostia, ipurua, txillarra eta otea) ugari dira.

Izkiz-eko basoak ornodun asko biltzeko baldintza ekologiko egokiak sortzen ditu. Basurdea, azkonarra, erbia eta azeriak jana eta ezkutaleku aproposa aurkitzen dute bertan. Bestalde hegazti harrapari anitz dago (miru beltz eta gorria, gabiraia, arrano txikia, zuhaitz belatza eta belatz gorria), baina gauzarik interesgarriena zera da: oso urria den aztorearen ugalketa eskualde honetan frogatu izana.

Erkameztia

Izkiz-eko arroileko hormatzarrak egokiak dira sorbeltzak edo antzeko hegaztiek habiak egin ditzaten.
I.X.I.

Erkametza izan zen garai batean haranen hondoa kolonizatu zuen zuhaitz-espezie nagusia. Baina lurzoru hauek nekazaritzarako oso emankorrak direnez, erkameztiak asko murriztu dira nekazaritzarako sailak lortzearren. Erkametza ez da normalean bakarrik hazten eta arte, pago edo ametzarekin batera ikusten da. Hala eta guztiz ere, Urizaharra-tik iparraldera badira erkamezti huts interesgarri batzuk. Bertan hegazti harrapariek ingurugiro egokia aurkitzen dute eta ondorioz arrano txikia, arrano sugezalea eta mirotz urdina dira gehien ikusten direnak.

Pipaona eta Lagran artean pagoekin nahastuta dagoen harizti batean zapelatz liztorjalea detektatua izan da.

Ugaztunetan, erkameztian topa daitezkeenetan, basakatuak, lepazuriak eta basurdeak aipa daitezke.

Artadia

Garai batean arteek Arabako lurraldeen zati handia estaltzen zuten, baina aspalditik jasan behar izan duten gizakiaren presioak asko murriztu du gaur egun Arabako artadien hedadura. Kantauri mendilerroaren inguruan artadi helduak aurkitzea zaila da. Ale txikiz (txaparroz) osatutako karraskalak ugariagoak dira.

Sai arrea.
I.X.I.

Artadiaren ohianpea ezpelez, gurbitzez, ipuruz eta berberis arruntez osatuta dago nagusiki. Hezetasuna dagoen goi-zonetan txilarra eransten zaie aurrekoei eta behe-zona lehorragoetan espezie mediterraniarragoak; hala nola, ezkaia, azeri-mahatsa eta izpikilu fina.

Oso ugari eta oparoa da ugaztunen taldea artadian. Besteak beste hauek aipa daitezke: basakatua, katajineta, azeria, erbinudea, lepazuria, ipurtatsa eta basurdea. Bestalde, zenbait hegazti harraparik, arrrano txikia eta arrano sugezaleak esaterako, oso gustokoak dituzte artadiak habiak egiteko.

Ibai-ertzetako landaredia

Jakina da ibai-ertzean hazten diren basoek, ibarbaso deitutakoek alegia, oso ekosistema aberats eta garrantzitsua osatzen dutela. Kantauri mendilerroaren inguruko ibarbasoek, garai batean zegokiena baino azalera txikiagoa estalten dute. Nekazaritzarako lurrak lortzea izan da gertaera honen arrazoirik nagusiena. Baso hauek oso paper berezia jokatzen dute uholdeen erregulatzaile moduan, baina egun presio handia jasan behar izaten dute. Egurgintza eta ibilguen garbiketa-lanak dira ibarbasoei gehien erasotzen dieten ekintzak.

Haltzek, sahatsek, lizarrek, zumarrek, hurritzek, astigarrek, zumalakarrek, zuhandorrek, gogortxuek eta atxaparrek osatzen dute ibarbasoaren landaredia. Ingurugiro hau hegazti askorentzat oso egokia da eta urarekin zerrikusia duten hegaztien sorta adierazgarria aurki daiteke: basahatea, uroilanda, kopetazuria, kuliska txikia eta martin arrantzalea.

Igaraba.
I.X.I.

Bestalde, bere jatortasunean mantentzen diren ur-korronteetan, Euskal Herrian oso urri den igaraba ere ikus liteke (zorte handia izanik noski!).

Haitzetako komunitateak

Kantauri mendilerroko hartxingadi eta harkaiztegiak oso ingurugiro aproposa sortzen dute zenbait hegazti bizi dadin. Gaztelu Haitzeko harkaiztegietan hegazti harraparien komunitate oso aberatsa kokatzen da. Bertan arrano beltza eta belatz handia bezalako espezie ez-ohizkoak ikus daitezke. Bestalde, malkar-sorbeltzek eta haitz-usoek bertan egiten dituzte habiak eta ez da hori Euskal Herriko beste toki askotan jazoten.

Gainera Arluzea inguruan, eskualde honetako sai arre bakanek egiten dituzte habiak.

Zer ikusi eta nora joan

Lehenago aipatu dugun Eusko Jaurlaritzaren argitalpenean Kantauri mandilerroaren ingurutan bisitariak egin ditzakeen ibilbide batzuk aipatzen dira. Guk horietako bi gomendatuko ditugu.

Basakatua.
I.X.I.

Lehenengo ibilbidea Rivaseko mendatetik abiatzen da. Mendatearen gainean mendilerroaren ipar isurbidetik doan pista bat jaiotzen da. Pista emeki-emeki hasten da mendiaren iparraldeko isurbidean gora egiten. Bistak ederrak dira eta Urizaharra eta bere inguruen edertasunaz gozatzeko aukera egokia eskaintzen du. Ordu t'erdiko ibilaldi lasaiaren ondoren eta azkeneko aldatz gogorxeagoa igo ondoren, Toloño mendiaren iparraldean dauden larretara iristen gara. Hortxe aziendak eta berauek maneiatzeko borda eta itxiturak aurkituko ditugu. Gure ezkerraldean, maldan gora egiten duen pagadi baten atzean Toloñoren harkaitz gorriak daude. Igoera neketsuagoa da orain, baina gora iritsita eskaintzen zaigun Errioxako bistak esfortzua konpentsatzen du. Gure oinetan eta Ezkaraiko mendiak horizontean ditugularik, Ebro ibaiak meandro biribil handiak lantzen ditu mahastien artean.

Bigarren ibilbideari esker, Izkiz-eko arroila ezagutuko dugu. Bidea Korres herrixka kutunean hasten da. Herrian zehar igarotzen den errekaren ondoan doan bideari jarraituz, Izkiz-eko arroilean sartuko gara. Izkiz ibaiaren ingurutan ibarbaso itxia dago. Arroila erdialdean zabaldu egiten da eta urtegi txiki bat dago bertan. Urtegiko presa ondoan urjauzi txiki bat dago eta hortik aurrera bi bide aukera ditezke. Orain artean ekarri dugunak gora egiten du pixka bat, altuera hartuz. Berriak, urtegian jaiotzen den ubidearen ondoan dauden zuhaitzen artean egiten du aurrera eta gure irudiz bestea baino politagoa da. Ubidea eta hasiera batean hartutako bideak altuera berdinera iristen direnean, arroila bukatu dela esan dezakegu eta orduan bi aukera dauzkagu: aurrera jarraitu eta Bujanda herrira iritsi edo atzera egin.

Artikulu honetan hegazti harrapari askoren izenak aipatzen dira eta honek nahasbidea sor dezake irakurleengan. Gehienentzat zapelatza, mirua, aztorea edo arranoa bereiztea zaila gertatzen da. Guk identifikazio horri lagundu egin nahi diogu eta horrexegatik hegazti horietako batzuen ar gazkia emateaz aparte, deskribapen laburra ere egingo dugu.

Miru beltza: 55 cm.
Lumaia marroi-gorrixka iluna. Isatsa pixka bat urkilatua.

Aztorea: 48-61 cm.
Lumaia iluna bizkarrean eta arre ilun zerrendatua bularraldean.

Miru gorria: 60 cm.
Lumaia gorrixka. Isatsa oso urkilatua.

Zapelatz arrunta: 51-51 cm.
Lumaia kolore aldakorrekoa, grisetik arre ilunera. Bularraldean marra argia. Isatsa motza.

Gabiraia: 28-38 cm.
Arrak lumaia grisa bizkarrean eta gorrixka zerrendatua bularraldean. Emeak lumaia arre-kolorekoa bularraldean.

Zuhaitz-belatza: 30-36 cm.
Izterrak gorrixkak. Bularraldea zerrendatua. Bizkarra marroi iluna.

Belatz txikia: 34 cm.
Isatspuntan zerrenda beltza. Arrak bizkar gorrixka eta emeak zerrendatua.

Mirotz urdina: 41-47 cm.
Arrak burua eta bizkarra grisa. Hegoak grisak, puntak beltz-beltzak eta bi lerro beltz. Emeak bizkarra arre iluna eta hegoetan bi lerro beltz baino gehiago.

Arrano sugezalea: 62-67 cm.
Hegan dabilenean behekaldea ia guztiz zuria du. Bizkarraldea arrea.

Arrano beltza: 80-86 cm.
Lumaia arre ilun uniformea. Burua eta garondoa urre-kolorekoa.

Arrano txikia: 43-45 cm.
Lumaia arre iluna edo argia. Hankak lumaz estalirik dauzkate.

Belatz handia: 38-50 cm.
Emea arra baino askoz handiagoa. Bizkarra gris urdinxka.
Bularraldea gorrixka, lerro beltzekin. Ale helduek bibote handiak masailetan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila