Jende gutxi zientziaren kalean

Mendiburu, Joana

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Interesatzen zaizkizu zientzia-gaiak? Ulertzen dituzu? Nondik jasotzen duzu zientzia-gaiei buruzko informazioa? Gizarteak zientzialarien lana kontrolatu behar du? Eta ba al dakizu zer dioten horri guztiari buruz europarrek?

Europako Batasunak 1992an egindako ‘eurobarometroa’-ri jarraipena ematen dion galdeketaren emaitzak plazaratu ditu. Galdeketa Europako Batasuneko herrialde guztietara zabaldu da. Guztira 15 urtetik gorako 16.029 pertsona galdekatu dira, hau da, herrialde bakoitzean 1.000 biztanle inguru.

Intereseko gaiak

Emakumezkoen % 3,9k dio zientzia-gaiak interesatzen zaizkiola (gizonezkoen % 51,5), baina genetikoki eraldatutako espezieen aurrean gizonezkoak baino fidagaitzagoak dira. Bestalde, galdekatutakoen % 70,8k uste du emakumezkoak zientzia-ikasketak egitera bultzatu behar direla.

Galdeketaren emaitzen arabera, zientzia-gaien inguruko interesa nahiko handia da europarren artean, nahiz interes hori ez den sobera islatzen ulermen- eta jakintza mailan.

Interes handiena pizten duten gaiak hurbilen sentitzen direnak eta komunikabideek gehien aipatzen dituztenak dira: osasuna eta ingurumena. Medikuntzaren aurrerapausoez arduratzen dela dio europarren % 60,3k. Interes handiena dutenak emakumezkoak (% 68,4) eta helduak dira (55 urte baino gehiagokoen % 69,5). Gazteei dagokienez, gehienbat ingurumenari buruzko gaiak interesatzen zaizkie (15-24 urteko % 53,8ri).

Baina interesa edukitzea ez da aski; irakurri edo entzuten dena ulertu ere egin behar da. Dirudienez, hobekien ulertzen diren gaiak airearen poluzioa (% 85,3), behi eroen gaitza (% 76,6), berotegi-efektua (% 72,9), ozono-geruzaren zuloa (% 72,3) eta Lurraren berotze-efektua dira. Genetikoki eraldatutako organismoei eta Interneti buruzko gaiak % 60k ulertzen omen ditu, eta erregai-pilei buruzko berriak herenak soilik; nanoteknologiari buruzko albisteak, berriz, europarren % 67,1entzat ulergaitzak dira.

Adierazitako ideia ‘subjektibo’ hori frogatzeko ordua iritsi zitzaien jarraian galdekatutakoei. Galdetzaileak zientzia-gaiei buruz egindako adierazpenak egia ala gezurra ziren erantzuteko eskatu zitzaien. Emaitza harrigarria da: % 55,7k ozono geruzaren zuloak ekaitz gehiago izatea eragiten duela esan zuen eta, aldiz, % 70ek ozono-geruzaren fenomenoa ulertzen duela uste du. Kontraesana garbia da.

Itxaropenak eta zalantzak

Europarrek zientzia eta teknologiaren onuretan sinesten dute, baina ez garai batean bezainbat. Gainera, zientzia-arloan politikak eta ekonomiak ere eragina dutela uste dute, eta arlo horiei buruz ardura handiagoa dute.

Haurrek gustuko omen dituzte zientzia-gaiak, baina hazitakoan aspergarriak eta zailak iruditzen zaizkie.

Europarren erdiak baino gehiagok uste du zientziak eta teknologiak ez dutela gosetearen arazoa konponduko. % 61,3k ez du sinesten “aurrerapen zientifikoei esker Lurraren baliabide naturalak ez direla agortuko”. Aldiz, % 80,5ek uste du zientziak hiesa eta minbizia bezalako gaixotasun larriak sendatzen lagunduko duela.

Ikerketa aplikatuari dagokionez, galdekatutako askok uste du goi-mailako teknologiako produktuak funtzionalak baino gehiago osagarriak direla. Baina Internet, esaterako, ez da maila horretan sartzen eta, batez ere, jarduera ekonomiko berrietarako dela erabilgarri uste dute. Internetek beren bizi-kalitatea hobetuko ote du? Oso gutxik uste dute horrelakorik, nahiz gazteen artean ideia hori zabalduagoa dagoen.

IKASLE EUROPARREN IRITZIA Zientzia-klaseak ez dira aski erakargarriak % 67,3 Zientzia-ikasgaiak zailegiak dira % 58,7 Zientzia-gaiak ez dira interesgarriak gazteentzat % 53,4 Diru-sariak ez dira aski erakargarriak % 40 Zientziak irudi ezkorregia du % 34

Zientzialarien ardura

Zein dira zientzialariak? Beren jakintzari esker boteretsuak diren gizonezko eta emakumezkoak. Kategoria profesional berezia osatzen dute, eta beren jarduerak galdera etikoak sortzen dituenez, gizartearen kontrolaren pean egon beharko lukete. Hori da europar gehienen iritzia. Baina iritzi bateratua zatitu egiten da asmakizunen erabileran ikertzaileek duten erantzukizuna definitzerakoan.

55 urtetik gorako pertsonak dira osasun-arloko ikerketez interesatzen direnak. Hala ere, europarren % 80,5ek uste du zientziak hiesa eta minbizia bezalako gaixotasun larriak sendatzen lagunduko duela.

Zientzialarien erantzukizunak beste galdera batzuk pausatzen ditu, eta europar gehienek (% 84,4) uste dute aurkikuntza bat, bere horretan, ez dela “ona” edo “txarra”; egiten den erabilera da aintzat hartu beharrekoa.

Arazo etikoetan sartzean, esaterako animaliekin egiten diren esperimentuetan, erantzunak sexuaren eta bakoitzaren usteen arabera aldatzen dira. Gizonezko gehienek (% 50,6) eta politikan eskuineko pentsamoldea dutenen % 55,4k onartzen dituzte esperimentuok. Emakumezkoetan, aldiz, % 59,4k ez ditu begi onez ikusten.

Gehiengoak dio gizarte-kontrola onuragarria dela eta, aldi berean, zientzialariek, betiere arau etikoak errespetatzen badituzte, beren ikerketekin jarraitzeko libre izan behar dutela.

Baina hurbileko arazoen aurrean nori egin kasu? Konfiantza gehien ematen dutenak sendagileak (% 71,1, batez ere adinekoen artean), zientzialariak (% 44,9) eta ingeniariak (% 29,8) dira. Sinesgarritasun gutxien dutenak, berriz, kazetariak, negozio gizon -emakumeak (% 13 inguru biek) eta politikariak dira (% 6,6). Hortaz, inguruan katastrofe bat gertatuz gero, lehenik eta behin zientzialariengan sinetsiko lukete.

Medikuaren esanak ulertu

Demagun sendagileak bikote bati jakinarazten diola duten material genetikoaren arabera, beren haurrak gaixotasun hereditario bat izateko aukera lautik batekoa dela. Horrek zer esan nahi du:

  • Hiru haur bakarrik badituzte, batek ere ez duela gaixotasuna edukiko
  • Lehen haurrak gaixotasuna badu, besteek ez dutela izango.
  • Haur guztiek gaixotasuna izateko aukera bera dutela
  • Lehen hiru haurrek gaixotasuna ez badute, laugarrenak izango duela
  • Ez dakit.

Emaitza zuzena % 68,7k eman zuen.

Informazio-iturrietan telebista nagusi

Europarren % 29,1ek dio zientzia-gaiez interesatzen dela eta, gainera, ongi informatuta dagoela.

Informazio-iturri nagusia telebista da. Galdekatutako gehienek (% 66,4), gai zientifiko bati buruz informatzeko, nahiago dute telebista-saioa ikusi artikuluak irakurri baino; eta hori herrialde guztietan gertatzen da. Ikasketa gehien dutenen artean prentsa idatziak ere badu garrantzia; % 41,5 prentsaren bidez informatzen da eta % 29,2 zientzia aldizkarietatik. Irratia, berriz, adineko jendearentzat da zientzia-albisteen berri izateko medioa eta Internet gazteek erabiltzen dute.

Gazteak dira, halaber, zientzia- eta teknologia-museoetara gehien hurbiltzen direnak (bisitarien % 31). Helduagoek ez dutela interesik edo denborarik eta urrunegi daudela esaten dute. Zientziagune horiek aparteko arrakasta dute Herbehereetan, Danimarkan eta Suedian.

Kazetarien lanari buruz, gehienek (% 53,3) uste dute zientzia-gaiak lantzen dituzten kazetariek ez dutela behar adinako ezagutza-maila edo formazioa. Bestalde, komunikabideetan zientziari eskaintzen zaion lekuari dagokionez, % 65,8k dio ez direla zientziari buruzko nahikoa artikulu eta telebista-saio egiten.

Galdeketan egin ziren galderetako batzuk

EGIA ALA GEZURRA (EHUNEKOAK GALDEKETAREN EMAITZAK DIRA)

EGIA GEZURRA EZ DAKIT

1. Laserrek soinu-uhinak konbertsaraziz funtzionatzen dute

26,6 35,3 38,1

2. Antibiotikoek birusak eta bakterioak hiltzen dituzte

41,3 39,7 19

3. Elektroiak atomoak baino txikiagoak dira

41,3 23 35,7

4. Aitaren geneek haurraren sexua definitzen dute

48,1 30,2 21,6

5. Erradioaktibitate guztia gizakiaren jardunetik dator

26,5 52,6 20,9

6. Lurrak hilabetean ematen dio bira Eguzkiari

22,9 56,3 20,9

7. Lehen gizakiak dinosauroen garai berean bizi ziren

20,3 59,4 20,3

8. Esne erradioaktiboa irakinez gero osasuntsua bihur daiteke

11,8 64,2 24

9. Eguzkiak Lurraren inguruan bira ematen du

26,1 66,8 7,1

10. Gizakia zaharragoak diren animalia-espezieetatik dator

68,6 16,6 14,8

11. Arnasten dugun oxigenoa landareetatik dator

79,7 13,6 6,7

12. Kontinenteak mugitzen ari dira azken milioika urteetan eta etorkizunean mugitzen jarraituko dute

81,8 5,5 12,7

13. Lurraren erdigunea oso beroa da

88,4 3,5 8,1


Irudikatu zientzialarien lana

Zientzialari batek jakin nahi du botika bat gaixotasun baten aurka eraginkorra ote den ala ez. Gaixotasun horrentzat ez dago ez prebentzio-neurririk, ez diagnostikorik, ezta tratamendurik ere. Zein da medikamendu horren eraginkortasuna neurtzeko biderik egokiena?

  • Gaixotasuna duten 1.000 pertsonari botika ematea horietatik zenbat sendatzen diren ikusteko.
  • Gaixotasuna duten 500 pertsonari botika ematea eta beste 500i ez ematea, bi taldeetan sendatze bidean diren pertsona-kopurua alderatzeko.
  • Gaixotasuna duten 500 pertsonari botika ematea eta beste 500i arriskurik eta batere eraginik ez duen beste botika bat ematea, bi taldeetan sendatze-bidean diren pertsona-kopurua alderatzeko.
  • Ez dakit.

Erantzun zuzena % 36,7k eman zuen.

Emaitza: Egia: 3,4,10,11,12,13; Gezurra: 1,2,5,6,7,8,9; Medikuaren esanak ulertu: 3; Irudikatu zientzialarien lana: 3.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.