Zer esan nahi du edo zer adierazi nahi da hainbestetan entzun ohi dugun garapen jasangarriaren kontzeptu horrekin? Garapen jasangarriaren definiziorik ezagunena 1987an eman zuen Brundtland txostenak. Definizio haren arabera, garapen jasangarria da "gaur egungo beharrizanak asetzen dituena, etorkizuneko belaunaldien beharrizanak asetzeko gaitasuna kolokan jarri gabe". Txosten hartan bertan, ingurumenaren babesa, gizartearen garapena eta hazkunde ekonomikoa gai bakartzat hartzea eskatzen zen.
Baina ez da batere kontzeptu erraza barneratzeko; izan ere, gaur egungo bizimoduan termino kontrajarriak dirudite garapenak eta jasangarritasunak. Garapena hazkundearen sinonimotzat hartzen dugu, eta ekonomiaren helburua mugarik gabeko hazkuntza da. Hazkuntzak, ordea, behar-beharrezko ditu baliabide naturalak, eta horiek mugatuak dira.
Azken batean, garapena bizi-kalitatea hobetzearekin lotzen da, baina baliabide naturalak ahalik eta gutxien hondatuz.
Etorkizun jasangarria eraikitzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak, arestian aipatu bezala, garapen jasangarriaren inguruan hezi nahi ditu herritarrak. Izan ere, nork ezagutzen du udalerria herritarrek baino hobeto? Inork ez, argi dago. Horregatik da hain garrantzitsua haien iritzia aintzat hartzea; bai herriaren egoeraren diagnosia egiteko, bai zer ekintza egin behar diren aukeratzeko.
Horrekin lotuta, Iraunaraztearen Arloan Hezteko Ekintzen Egitaraua (IHEE) gidaliburua egin du Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko gizartean jasangarritasunaren kultura zabaltzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak garapen jasangarriaren alde aspaldian duen konpromisoarekin dago lotuta. Konpromiso hori Bizkaia 21 egitarauan dago jasota. Alde batetik, Bizkaiaren garapena lortu nahi du, eta, bestetik, garapen jasangarriaren hiru zutabeak --ongizate ekonomikoa, gizarte-justizia eta ingurumen garbi eta osasuntsua-- bateragarri izatea.
Dokumentu horrekin, ingurumen-hezkuntzan zer aurrerakuntza lortu diren erakutsi, eta jasangarritasunera iristeko jarduera berriak abiarazi nahi dituzte.
Dokumentuak bi atal ditu. Lehenengo zatia teorikoa da, batez ere; testuinguru orokorra, jasangarritasunean hezteko abiapuntu diren ildo nagusiak, lortu nahi dituzten helburuak eta horiek lortzeko tresnak eta bitartekoak garatzen ditu. Halaber, gai horri buruz nazioarteko zenbait konferentziatan egin diren planteamenduak eta aholkuak biltzen ditu.
Bigarren zatia, berriz, erabat praktikoa da. Zati horretan, gaur egun arte Bizkaian ingurumen-hezkuntzaren arloan egin den lanaren balorazioa eta diagnostikoa egin dira. Aldi berean, jarduteko 9 ildo eta 48 ekintza proposatu dituzte, era askotakoak; ekimen berriak nahiz zaharrak.
Jarduteko ildo hauek proposatu dituzte: gizartearekiko komunikazio- eta informazio-bideak hobetzea, garapen jasangarriaren arloko hezkuntzara heltzeko ekipamenduen sarea hobetzea eta herritarren sektore guztietara iristea, Bizkaiko Foru Aldundiaren barruan garapen jasangarrira iristeko esku- hartzea eta prestakuntza sustatzea, aztertu behar diren gaietan gehiago sakontzea, informazio- eta komunikazio- arloetako bitarteko eta tresna berriak txertatzea, parte-hartzea bultzatzea, bestelako prestakuntza-jarduerak osatzea eta ikerkuntza sustatzea.
Jarduera horiekin guztiekin, Bizkaiko Foru Aldundian gaur egun arte egin diren ingurumenaren arloko hezkuntza-programetan atzemandako hutsuneak eta akatsak gainditu nahi dituzte. Azken finean, helburua da herritarrek prestakuntza eta gaitasuna izatea garapen jasangarrira iristeko trantsizio-prozesuan esku hartzeko. Izan ere, nahiz eta, oro har, herritarrek kontzientziazio gero eta handiagoa duten, oraindik ere zeregin ugari dagoela esan liteke.