Isotopo erradioaktiboak sendagile

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Nafarroako Unibertsitate Klinikan, bularreko minbiziaren aurkako tratamendu berri bat garatu dute: isotopo erradioaktiboak erabiltzen dituzte minbizia sendatzeko. Paladio-103 isotopo erradioaktiboa aukeratu dute kasu honetan gaixo dagoen ehuna deuseztatzeko. Lehenengo emaitzak baikorrak izan dira, eta, beraz, minbizi larri eta erasokor horri aurre egiteko beste aukera bat zabaldu da.
Nafarroako Unibertsitate Klinika

Erabili duten teknikaren izena brakiterapia da, eta ez da teknika berria. Hain zuzen ere, besteak beste estatu espainiarrean duela hamar bat urtetik hona erabiltzen da prostatako minbiziari aurre egiteko. Nafarroako Unibertsitate Klinikakoek lortutako aurrerapausoa, beraz, ez dago teknikan bertan, baizik lehenengo aldiz paladio-103 isotopoa erabiltzean bularreko minbizi-kasuak tratatzeko. Isotopo hori kapsula txiki batzuen bidez —haziak— injektatzen zaio gaixoari.

Emaitzak onak badira, paladio 103a beste minbizi-kasu batzuetan aplikatu daitekeela aurreikusten dute medikuek, eta, ondorioz, tratamenduak dibertsifikatu egingo dira. Gainera, teknika horren bidez, kirurgia erabiltzea eragozten da. Hala ere, bularreko tumore txikietan edo hasi berrietan bakarrik probatu dute.

Brakiterapiak abantaila nagusi bat du: minbizia deuseztatzen du aldamenean dauden ehun eta organo osasuntsuak kaltetu gabe. Gainera, askotan nahikoa izaten da hazi erradioaktiboen sorta bakarra jartzea minbizia guztiz deuseztatzeko; beraz, tratamendua errepikatu beharrik ez da izaten.

Ziztada zehatza

Terapia hasteko tumorearen irudiak eta planoak ateratzen ditu lehenik medikuak eta irudi horiek ikusita, tumorea non dagoen eta nolakoa den jakiten du. Hala kalkulatzen du zenbat hazi erradioaktibo ezarri behar dituen eta non, hori baita garrantzitsuena. Kontuan izan behar da tratatu beharreko gunea zehatz-mehatz aukeratu eta mugatu behar dela, eta, horregatik, oso garrantzitsua da hazi bakoitza koordenatu jakin batzuetan jartzea.

Hori egiteko, esan bezala, ez da kirurgiarik behar; orratz batzuek egiten dute kirurgiaren lana. Tomografia-sistema bat erabilita sartzen dira orratzak gaixoaren bularrean, eta medikuek une oro pantailan ikusten dute haien ibilbidea. Behin nahi den tokira iritsi direnean, haziak sartzen dituzte orratzetan eta bularrean kokatu.

Medikuek irudiak eta planoak erabilita kalkulatzen dute zenbat hazi erradioaktibo ezarri behar dituzten eta non.
Nafarroako Unibertsitate Klinika

Titaniozko kapsula edo hazi horiek erretxin erradioaktibo bat izaten dute barruan, kasu honetan paladio-103 elementua. Elementu horrek erradiazioa askatzen du eta horixe erabiltzen da inguruan dagoen minbizia desegin ahal izateko.

Terapia hau arrisku kirurgiko handiko gaixoetan soilik aplikatu dute; adibidez, birika-edukiera txikia duten pertsonetan edo bigarren gaixotasun bat dela eta kirurgiarik jasan ezin dutenetan. Horientzat teknika segurua da, ez baita erradioterapia edo ebakuntza bat bezain erasokorra, eta, hala, gaixoa azkar eta ia minik gabe bizkortzen da.

Teknika honek bi arazo izan ditzake: toraxean airea sartzea eta odol-jarioak gertatzea. Baina horiek ebakuntzan bertan ikusten dira, eta, ondorioz, berehala egiten zaie aurre. Hala ere, ebakuntza egin zaien gaixoetan ez da horrelako arazorik ez bestelakorik gertatu.

Brakiterapia iraunkorra

Dagoeneko lau gaixori ezarri zaizkie paladio 103aren hazi erradioaktiboak. Denboraldi baterako edo betiko jar dakizkioke gaixoari haziak, eta paladioaren kasuan betiko izaten da. Hau da, sartzen diren haziak gaixoaren gorputzean geratzen dira, baina, energia gutxiko erradiazioa askatzen dutenez, aste gutxi batzuetan tratamendua amaitutzat eman daiteke. Horregatik, ez dago inolako arriskurik ez gaixoarentzat, ez senitartekoentzat eta ez medikuarentzat ere.

Laugarren ebakuntza hori amaitu ondoren argitaratu ditu emaitzak Unibertsitate Klinikak. Bradytherapy aldizkariari eman dio terapiaren berri; esan bezala, lehenengo aldia da bularreko minbizi-kasuetan paladio-103a erabiltzen dena. Espero dezagun lehenengo aldi horietako arrakasta izatea aurrerantzean ere.

www.basqueresearch.com

Paladio-103a eta iodo-125a: bi isotopo aurrez aurre

Bi isotopo erradioaktibo erabiltzen dira batik bat brakiterapia-inplanteetan: paladio-103a eta iodo-125a.

RT.NO.SAPO.PT

Paladioaren eta iodoaren haziak oso antzekoak dira, arroz-ale baten tamaina dute, eta berdin ezartzen dira. Erradiazio baxua igortzen dute biek, baina erradiazio hori askatzeko behar duten denbora da ezberdina.

Isotopo baten erdibizitzak definitzen du denbora hori. Isotopoak bere erradiazioaren erdia galtzeko behar duen denbora da erdibizitza. Hain zuzen ere, iodo-125ak 60 eguneko erdibizitza du; beraz, bere indarraren erdia galtzen du 60 egunean. Beste hirurogei egun pasata, indarraren laurdena izango du; hau da, urtebete behar du indarrik gabe geratzeko.

Paladioak, aldiz, 17 eguneko erdibizitza du, askoz motzagoa. Hiru hilabetera energiaren % 97 galdu du jada, eta sei hilabetera ia energiarik gabe gelditzen da. Horregatik da batez ere egokia minbizi azkar eta erasokorren kasurako, eta hori dela eta aukeratu dute Unibertsitate Klinikan bularreko minbizia tratatzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila