Beste zenbait arlotan aritzean gertatzen den legez, gure inguruan bizi diren ugaztunei buruz ikasten hasten garenean, gehienetan beren ugaritasuna eta eragin ekologikoa direla eta garrantzi handieneko taldeak osatzen dituztenak dira aztertzen ditugunak.
Horregatik, zaletu gehienek ondotxo ezagutzen dituzte gure lurraldetako ungulatuak, eta baita kanido, felido, mustelido eta beste hainbat ugaztunen bizimodu eta ohiturak ere, baina aldi berean, klaseko talderik ugarienak diren mikrougaztunak —intsektiboro eta karraskariak—, eta saguzarrak dira oro har gutxien ezagutzen ditugunak. Azken hauek, kiropteroen ordenean sailkaturikoak, hegan aktiboki egiteko ahalmena duten ugaztun bakarrak ditugu, eta munduan guztira 900 espezie baino gehiago diren arren, beren jatorria, eboluzioa eta biologia orokorra ezezagunak dira oraindik hein handi batean.
Ipar-belarrihandia (Plecotus auritus) Euskal Herrian aurki daitezkeen saguzarren artean nabarmenenetakoa dugu.Gure inguruko kulturetan, saguzarrak beti ere sorgin, zorigaizto eta mota guztietako ifernukeriekin loturik ageri izan zaizkigu, eta ondorioz, gaur egun ere oraindik jendeak beldurra, edota gutxienez nazka somatzen du animaliatxo bitxi hauek ikusita. Sentipen hauek, ordea guztiz zentzugabekoak dira. Izan ere ugaztun txiki hauek, beren izaera intsektiboroa dela eta, mesedea baino ez bait digute egiten, eta bestalde, beren iharduerak eta bizimodua aztertzeko aukera izanez gero, sekulako gozamena eskain bait diezagukete.
Ipar-belarrihandia (Plecotus auritus) Euskal Herrian aurki daitezkeen saguzarren artean nabarmenenetarikoa dugu; izenak dioenez sekulako belarri bikain eta xelebreak bait ditu. Bestalde, ipar-belarrihandia tamaina ertaineko saguzarra da, eta 25 cm inguruko hegal-zabalera, eta 4,1-5,1 cm bitarteko luzera izaten du buru eta soin-enborraren artean. Isatsa berriz luzea izaten du —3,4-5 cm bitartekoa—, eta bere pisua 5,5 eta 14,4 g bitartean alda daiteke animaliaren tamaina eta urtesasoiaren arabera. Kolorazioari dagokionez berriz, alde dortsala arre argia izaten du, eta sabelaldea berriz zuriska. Mintzezko hegal edo patagioari dagokionez berriz, zabala izaten du, eta isatsa luzea dela eta uropatagioa —hanken eta isatsaren artean dagoen zatia— nabarmen geratzen zaio hegan ari denean.
Nolanahi ere, eta jadanik aipatu denez, belarriak dira espezie honen ezaugarririk adierazgarriena. Hauek egitura handiak dira, ia soin-enborra adina luzekoak, eta zeharkako tolesdura ugariz hornitutako mintz gardenez osatuta daude. Belarri bakoitzaren aurrekaldean bestalde, trago izenez ezagutzen den egitura luze eta estu bat izaten du, hauetariko bakoitzak belarriaren luzeraren erdia izaten duelarik.
Belarri bakoitzaren aurrekaldean, trago izeneko egitura luze eta estu bat izaten du.Ipar-belarrihandiaren biologia espezifikoari buruz ezer gutxi esan daiteke saguzarrei buruzko ezaugarri amankomunetik. Izan ere eta hasieran aipatu denez, ordena honetako espezieen bizimodua eta ekologia nahikoa ezezagun zaizkigu oraindik. Edozelan ere, eta gainerako mikrokiroptero gehienak bezala, ipar-belarrihandia ere bizimodu gautarra burutzen duen intsektiboroa dugu. Egunez berriz, enbor-zulo, ganbara edo beste babeslekuren batean mantentzen da buruzbehera zintzilik. Ilunabarra baino orduerdi bat lehenago ordea, eta nolabaiteko “barne-kronometroren” baten eraginez, ipar-belarrihandia esnatu eta ehizera abiatzen da.
Jakina denez, saguzarrek, beren ikusmen eskasa dela eta, ultrasoinuen bitartezko ekokokapena erabili ohi dute, bai ehizerako eta bai iluntasunean inolako bazterrik jo gabe hegan ibili ahal izateko, baina horretarako ahalmena ez da talde guztietan berdina. Ipar-belarrihandiari dagokionez, berau izan bide da bespertilionidoen familian ekokokapenerako ahalmen handiena duena, belarri eta trago handiak izateari esker.
Saguzar honen kasuan —eta beste zenbait espezietan gertatzen den legez—, ultrasoinuak sudurzuloetan zehar kanporatzen dira. Horrela, eta animalia jaten ari den bitartean ere sistema bera erabili ahal izateko, laringea zuzenean narinetaraino iristen zaio, eztarrian ahoarekin bat egin gabe. Bestalde, ipar-belarrihandiaren sudur-zuloak atzerantz begira daude, eta horrela, ultrasoinuak igortzen dituenean, belarrietara iristen dira lehenik, hauek “pantaila” edo “anplifikadore” gisara erabiltzen dituelarik. Bestalde, hotsak jasotzeko ere belarriek “pantailarena” egiten dute, eta aldi berean tragoak diapasoi baten modura dihardu, hots horiek hobeki bilduz.
Ipar-belarri-handia bizimodu gautarreko burutzen duen intsektiboroa dugu.Hots-seinale bakoitzaren iraupena 2 ms ingurukoa izaten da, eta tonuak beherantz egiten du emisioan zehar. Gainera, soinuen maiztasuna desberdina izan daiteke premien arabera: normalean 10 soinu inguru egiten ditu segundoko, baina ehizaki edo objekturen batera hurbiltzen den heinean maiztasuna areagotu egin dezake, segundo bakoitzeko 200 hots egitera irits daitekeelarik.
Sistema honen bitartez, ipar-belarrihandiak 4 edo 5 m-rainoko erradioan dagoen edozeren berri lortzen du zehaztasun osoz, ikusmen beharrik izan gabe. Eta teknika bera erabiltzen du bere premia metabolikoak asetzeko behar dituen intsektuak ehizatzeko ere. Dirudienez, ipar-belarrihandiaren ehizakirik arruntenak tamaina ertaineko lepidopteroak izaten dira, eta baita koleopteroren bat edo beste ere. Ehizatzean, ornogabe hauek bere hortz zorrotzez harrapatzen ditu lehenik, eta berehala, handiak badira uropatagioan biltzen ditu, euskarriren batean gelditu eta irentsi aurretik.
Ipar-belarrihandiaren bizi-zikloari dagokionez, araldia udazkenean hasten da, eta orduan gertatzen dira kopulak ere, baina ernaldia ez da udaberria arte hasten. Izan ere hibernazioa burutu artean emeak ez bait du obulurik garatzen, eta beraz espermioa emearen ugal-konduktuetan mantendu egingo da udaberria iritsi arte. Hotzaldia iristen denean beraz, ipar-belarrihandiek, eskualde epeletako gainerako saguzarrek bezala, hibernatu beharra izaten dute, besteak beste sasoi honetan intsekturik ez delako eta zer janik izaten ez duelako.
Ilunabarra baino orduerdi lehenago, eta nolabaiteko "barne-kronometroren" baten eraginez, ipar-belarrihandia esnatu eta ehizera abiatzen da.Beraz, ingurune-baldintzek agintzen dutenean ipar-belarrihandiak kobazulo edo leizeren bat bilatzen du negua bertan emateko, eta hori gehienetan bakarka edo bikoteka burutzen dute, hormaren batetik zintzilik, buruzbehera, eta belarri handiak soinaren kontra bildurik dituztela. Nolanahi ere, ipar-belarrihandiaren hibernazioa ez da erabatekoa izaten, eta aldika esnatu eta babeslekuz aldatu ere egin daiteke; eta zenbait autorek dioenez, kopularik ere gertatzen da aldika neguan.
Dena dela, udaberria iritsiz gero emearen obulazioa eta obulu horren ernalketa gertatzen dira. Ernaldiaren iraupena 5 edo 6 hilabete bitartekoa izan daiteke klimaren arabera, eta epe horren buruan kume bat edo bi mundura daitezke. Hauek bestalde, 5 hilabete inguru ematen dituzte amari titia hartzen, eta heldutasun sexuala bigarren urterako lortuko dute. Nabaria denez beraz, ipar-belarrihandiak ere, gainerako saguzarrak bezala, ugalkuntz tasa baxuko animaliak ditugu.
Egunez enbor-zulo, ganbara edo beste babeslekuren batean egoten da buruzbehera zintzilik.Ipar-belarrihandiak bizilekutzat aukeratzen dituen habitatei buruzko kontua berriz, ez dago oso argi. Izan ere zenbait autoreren ustetan, saguzar honek begetazio handiko lekuak —basoak— aukeratzen ditu bizitzeko, eta beste batzuen iritziz berriz, batez ere leku garbiak hautatzen ditu. Aldiz, guk Pirinioetan 2.200 m-ko altitudean aurkitu ditugu kobazulo batean negua pasatzen (baso-gaineko eremuan beraz).
Banaketari dagokionez, ipar-belarrihandia Europako mendebalde osoan aurki daitekeen espeziea dugu, Eskandinaviako iparraldean izan ezik. Iberiar penintsulan Kantaurialdean, Galizian, Pirinioetan, Iberiar mendikatean eta Ekialdeko mendikatean ikusi da. Euskal Herrian zoritxarrez ez da lan sakonegirik egin kiropteroei buruz, eta ondorioz datuak oso gutxi dira. Nolanahi ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikusi izan dira, eta Nafarroan eta Iparraldean ere izanen dira zalantzarik gabe.
FITXA TEKNIKOA: IPAR-BELARRIHANDIA |
ESPEZIEA: Plecotus auritus FAMILIA: BESPERTILIONIDOAK ORDENA: KIROPTEROAK KLASEA: UGAZTUNAK |