Ingurugiroa, lehiakortasunaren alderdi berria

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bilboko Erakustazokan PROMA Ingurugiroaren Nazioarteko Azoka burutu berri da. Martxoaren 23an euskal industriak ingurugiro-erronkaren aurrean joka dezakeen papera aztertu zuen IHOBE Sozietate Publikoak antolatu zuen “Lehiakortasuna eta Ingurugiroa. Teknologia Garbiak eta Ingurugiro Kalitatea” Biltzarrak. Han entzundakoaren oihartzuna dakarkizuegu ondorengo orrietara.

Hondakinik sortu gabe produzitzea ez da erraza. Orain arte, enpresa gutxi batzuren ahalegina izan da eta ez industriaren helburu nagusia. Alabaina, merkatuko eskakizunak aldatu egin dira eta berarekin batera, erritmo motelagoan bada ere, industriaren produkzio-ohiturak. Kantitatearen parean kalitatea jarri da. Orain dela gutxi arte kalitatearen bilaketa nagusi izan den modu berean, berau baztertu gabe, produkzio garbia bultzatzen da gaur egun, ingurugiroan arrastorik utziko ez duen industri iharduera, hain zuzen. Produzitzeko modu “garbiak” iristen ari dira jadanik eta aurki joera horretara biltzea ezinbestekoa izango da etorkizunean lehiakor izateko.

Martxoan zehar Bilbon burutu da PROMA Nazioarteko Ingurugiro Azoka. Hilaren 23an euskal industriak ingurugiro-erronkaren aurrean joka dezakeen papera aztertu zuten.
Egunkaria

Euskal enpresa prest al dago erronkari aurre egiteko?. Are gehiago, ingurugiro kudeaketaren alde egiten ez badu, euskal enpresak irauterik izango al du?. Galderei erantzuteko eta zalantzak argitzen laguntzeko, Bilbon bildu zen Martxoaren 23an “Lehiakortasuna eta Ingurugiroa. Teknologia Garbiak eta Ingurugiro-Kalitatea” gaia aztertu zuen Biltzarra.

Biltzarra antolatzeko ezin zitekeen testuinguru aproposagorik aurkitu. Martxoan zehar Bilbon burutu da PROMA Nazioarteko Ingurugiro-Azoka eta makina bat saio egin da gai honen inguruan. Besteak beste, bideo-emanaldi, hitzaldi, erakusketa eta eztabaida askotan ingurugiroaren egoera aztertu da Bilboko Erakustazokan. Gizartean oihartzun handiegirik lortu ez badu ere, erreferentzi-gune bilakatu da eguneroko lanabesa ingurugiroa dutenentzat. PROMAren ostean ez zen ondorio argietara iristerik espero eta horrela gertatu da.

Zerbait azpimarratzekotan, industriaren inguruko azterketa xehetua azpimarra liteke. Bilbon bildu ziren aditu guztiak bat etorri ziren industri iharduerak ingurugiroarekiko duen garrantzia eta erantzunkizuna aztertzerakoan. Gizakiak burutzen dituen ihardueren artean poluigarriena industria dela zalantzarik gabe esan daiteke eta horrela berretsi du PROMAk.

Gaiari zuzenean helduta, enpresetako zuzendariei eta kalitate- zein ingurugiro arduradunei begira antolatu du IHOBEk, hau da, Ingurugiro Iharduketarako Sozietate Publikoak “Lehiakortasuna eta Ingurugiroa. Teknologia Garbiak eta Ingurugiro-Kalitatea” izeneko Biltzarra.

Industriak gainditu behar duen erronka berriari buruzko iritzi asko entzun ahal izan genuen bertan. Alemaniatik edo EEBBetatik etorritako hizlariek beren lurraldeetako ereduen eta egoeraren berri eman ziguten. Euskal Herrian egindakoaz ere luze hitz egin zuten. Egiteke dagoenaz ere bai.

Bidean lagundu beharraz

Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak gai honekiko dituen asmoen berri eman zuen Bilbon. Esther Larrañaga Ingurugiro Sailburuordeak esan zuenez, “ hondakinik gabe produzitzea da gure helburua. Hondakin Berezien Kudeaketa-Plana ahalbideratu genuenean, helburu hori lortzeko behar diren tresnak atontzeari ekin genion. Edonola ere, ez gara bidearen urrats horretan gelditu eta jadanik abian da ERAIKITZEN Osoko Plana, teknologia eta produkzio-prozesu garbien aldeko egitasmoa ”.

Epeak ezin dira finkatu, baina etorkizunari begira eskuratu beharreko lorpenak ezin dira begibistatik kendu. 2000. urterako euskal industriak sortzen dituen hondakinak % 25 murriztuko direla eta, hondakin guztien ezaugarriak ezagututa, kudeaketa zuzena egitea espero da. Helburu hauek lortzea ez da erraza izango baina bidea urratsez urrats egiten dela garbi utzi nahi izan zuen Esther Larrañagak. Hitzaldian zehar azpimarratu zuenez, “ minimizaziorako teknologien bidez burutzen da aurrezaintza-politika eta lehengaien ordezkatzea eskaileraren azken urratsa da. Aurretik, gainerako pausuak eman beharko dira, bertatik abiaraziko delako hondakinen kudeaketa zuzena. Ondorioz, lehentasun osoa duen eta izango duen urratsa da .”

Esther Larrañaga Ingurugiro Sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailaren asmoak azaldu zituen.
Egunkaria

Arestian aipaturiko helburua ezerezean gera ez zedin, ingurugiro-kudeaketak enpresatan sarbidea izan zezakeela frogatzeari ekin zitzaion. Ingurugiro-politika finkatu duten herrialdeen eredua hona ekarriz, Eusko Jaurlaritzak XUME edo Xumetzerako Bulego Teknikoa sortzea eta IHOBE Sozietate Publikoan integratzea erabaki zuen. Funtsean, lau dira XUMEren iharduera-lerro nagusiak: teknologia berrien bideragarritasun ekologiko eta ekonomikoa aztertzea, ikuskaritzak egiteaz eta hauen koordinaketaz arduratzea, erakusketa-proiektuen eta I+G proiektuen bidez teknologia garbiak sustatzea eta aurrezaintza-politikarako oinarriak finkatzea.

Eguneroko ihardunean industriarekin eta ikerketa-zentruekin harreman zuzena izaten du XUMEk. Horri esker, enpresaren beharrak eta puntako teknologiak zehatz-mehatz ezagutu ditu. Minimizaziorako Bulegoa sortu zenetik bi urte baino ez dira iragan eta jadanik bere lanaren emaitzak ezagutzen dira. Urdaibaiko Industri Hondakinen Kudeaketarako eta Minimizaziorako Plana da horren adibiderik garbiena.

Joera nagusira egokituz

Euskal enpresek badakite zein garrantzitsua den lehiakorrak izatea. Merkatu bakarraz hitz egiten denean, bere buruari mugak jarriko dizkion merkatuaz ari garela diote, kalitateak lehentasuna izango duelarik. Hondakinik sortu gabe garbi produzitzea lege bihurtu da enpresan eta hortxe kokatu behar da ingurugiro-aldagaia. Produkzioaren joera berria aintzakotzat ez hartzearen ondorioa epe laburrean merkatu handiaren ateak ixtea litzateke, zenbait kasu konkretuetan jadanik baieztatu ahal izan denez. Izan ere, atzerriko inbertsiogileek zerbait erosi edo harreman komertzialak finkatu baino lehen, enpresaren ingurugiro-kudeaketaren egoera hartzen dute kontutan eta faktore horren arabera hartzen dira erabakiak.

Bilboko saioan IBERDROLA enpresak ingurugiroaren kudeaketarako hartu dituen erabakien berri izan genuen. IBERDROLAren asmo nagusia bere hornitzaileek ingurugiro-konpromezura biltzea da. Osoko kalitatea lortu nahi du IBERDROLAk eta hori bere hornitzaileen menpe dago neurri handi batean. Europako Elkarteak onetsi dituen ingurugiro-arauak betetzen direla ziurtatzeaz gain, IBERDROLAk ikastaroak eta formazio programak eskaintzen dizkie 150 hornitzaileei. Helburua produkzio-prozesua gaurkotzea, teknologia garbiaz baliatzea eta hondakinen kudeaketa zuzena egitea da.

Kontsumitzailea eta ingurugiroarekiko kezka

Hori guztia, jakina, ez da goizetik gauera egiten. Industriak tresnak behar ditu garbi produzitu ahal izateko. Diru-laguntzaz eta aholkularitzaz gain, industriak bere ahaleginaren onarpen publikoa behar du. Erakundeek ezezik, merkatuak ere jaso beharko du egindako lanaren oihartzuna. Industria eta kontsumitzailearen arteko harremana eskaria/eskaintza-legearen arabera neurtu izan da beti. Oraingoan ere, merkatuak egin beharko du ingurugiro-kudeakearen aldeko apustua. Horri dagokionean, zein da euskal kontsumitzailearen jarrera?

Bilboko Ihardunaldietan jakin ahal izan genuenez, euskal kontsumitzaileak badauka egoeraren berri eta ezkor azaldu da. EROSKI taldeak 1.700 kontsumitzaileengana jo du ingurugiroarekiko dituzten kezkak ezagutzeko. Euskal Autonomia Elkartean eta Nafarroan egin zen galdeketa eta Bilbon izan genuen lanaren berri. Inkestaren arabera, populazioaren % 90k ingurugiroaren egoera txarra edo oso txarra dela uste du eta epe motzera neurriak hartzearen aldekoa da. Kontsumitzaileen jarrerari dagokionez, partehartze aktiboaren aldekoak gara zalantzarik gabe eta horrela baieztatu ahal izan da hainbat esperientzi konkretutan; hala nola, beiraren birziklapena eta bilketa selektiboa. Horrez gain, euskal kontsumitzaileak bere egiten du ingurugiroaren arazoa. Gehiengoak, % 70 hain justu, norberaren erantzunkizuna onartzeko prest azaldu zen.

ERAIKITZEN plana, jokabide garbia sustatuz

Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Antolamendua, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak enpresek erronkari aurre egiteko behar duten tresna nagusia Bilboko Ihardunaldietan aurkeztu zuen, “ERAIKITZEN. Teknologia eta Produktu Garbien Ekintza-Plana”, hain zuzen. Antton Azkona, IHOBEko Zuzendari Teknikoak egin zuen Egitasmoaren aurkezpena, Sozietate Publikoaren esku baitzegoen etorkizunean industriaren “gida liburua” izango dena lantzea.

ERAIKITZEN Planaren filosofia Europako Elkarteak ingurugiro-kudeaketarako finkatu dituen oinarrietan datza. Guztietarik garrantzitsuena garapen eramangarriaren aldeko apustua da. Horrekin, edozein giza nahiz industri iharduerak bere ingurunearekiko duen erantzunkizuna inguruaren iraupena dela esan nahi da. Horretarako, etorkizuneko belaunaldiekin dugun zorra gaurdanik hasi behar dugu kitatzen.

Garapenaren eredua filosofia horretara egokitu behar da eta Rio de Janeiroko Gailurraz geroztik, Garapen Eramangarria deritzo horri. Filosofia ezezik, Estatu askoren betebeharra da jadanik Ingurugiro-erronka. GATT akordioen eztabaida-saioan onartu zutenez, Nazioarteko Foroetan hartutako ingurugiro-akordioak estatu guztiei dagozkie eta bete egin beharko dituzte. Halaber, Maastricht-eko Sorrera Agirian ondokoa dio Europako Elkarteak: “Elkartearen helburu nagusia iharduera ekonomikoen garapen orekatua bultzatzea izango da, hazkunde jasangarria eta ingurugiroarekiko begirunez jokatzen duten produkzio-ereduak bultzatuz”.

Hauek guztiak idatzita baino ez daude. Hastapenetik abiatu eta lanean hasteko, arauak edo legeak behar dira eta orain arte hutsune nabaria egon da Euskal Autonomia Elkartean.

ERAIKITZEN Planaren lehen urratsa lehentasunak finkatzea izan zen. Minimizaziorako politikaren abiapuntua hondakinak sailkatzea izan zen. Industri Hondakin Berezien Kudeaketa-Planaren arabera, industri sektore edo prozesuekin aldera daitezkeen 80 hondakin-korronte edo mota daude. Sailkapenaren araberako lehentasunak finkatu egin ziren: lehenik, kuantitatiboki handiak diren hondakin-korronteak hartu ziren eta hauek sorrarazten dituzten ihardueren gaineko kontrol-neurriak atondu. Bestalde, industrian eragin handia eduki nahi da, enpresa ertain eta txikietan bereziki. Hartuko diren neurriek balio estrategikoa izango dute; hau da, inguruko enpresetan hondakinak minimizatzearen aldeko giroa sortzen lagunduko dutela uste da.

EROSKIk egin duen inkestaren arabera, populazioaren % 90a ingurugiroaren egoera txarra edo oso txarra dela uste du.
EROSKI

Bigarren urratsean, ERAIKITZEN Planaren eragin-eremua finkatu egin zen. Non eta nola bideratu behar dira neurriak?. Mundu osoko joera nagusiak aztertu eta gero, eremu geografikoak, sektorearen araberakoak eta prozesuen araberako eremuak finkatu egin dira.

Arestian esan bezala, Europako Elkatearen ingurugiro-politikarekin bat dator ERAIKITZEN Plana. Beharrak, izan ere, antzekoak dira. Batetik, legearen hutsunea bete egin behar da eta bestetik, laguntza-ekonomikoak bideratzeko modua bilatu egin behar da. Europako Elkarteak zehaztu duen bide beretik jo du ERAIKITZEN Planak: legea betetzera mugatzen ez diren industri iharduerak saritzea da honen helburua.

ERAIKITZEN Planaren ildo nagusiak Bilboko Ihardunaldian aurkeztu zituzten. Aitzitik, egitasmoak bide luzea egin beharko du oraindik 1997an behin-behineko testua irakurri ahal izateko. Planaren egutegian finkatu denez, lehentasunak ezartzea izango da aurtengo lana. 1996an sektoreak zein prozesuak definitu egingo dira. Lan hauek burutzen diren bitartean, minimizaziorako tresna berriak landuko dira: teknologiak ahalbideratzeko sistemak, lege edo arauak, pizgarri ekonomikoak, formazio-kanpainak, etab. Bidea amaitu baino lehen, ERAIKITZEN Planean parte hartu duten erakunde eta lan-talde guztien artean sakon eztabaidatuko da, azken testuak guztien edo gehienen adostasuna izan dezan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila