Ilargiko harrien patua

Ilargiko harri hitzak esan eta jendea ahozabalik geldituko da. Baina Houston-eko (Texas) Johnson Zentru Espazialeko zientzilariak ez ordea. Zientzilari-talde txiki honek, Ilargiko harriek ez dituztela beren sekretuak argitu esango dizu, eta baita beste hau ere: eginiko lehenengo ikerketen ondorioz Ilargiari buruz emandako irudia guztiz okerra ez bada ere, ez dela osoa.

Houston-eko Johnson Zentru Espazialean gordetzen da sei Apolo bidaietan ekarritako Ilargi-materialik gehiena. Bi eginkizun dauzka Zentruak: materiala gordetzea eta materiala ikertzea. Bertan, Ilargiko harriak, lurra, laginak, harea eta hautsa gordetzen dira.

Biltegi hau, helburu konkretu eta zehatz batekin eraiki zen; laginen kutsadurari ihes egitea. Lurrean guztia edo ia guztia kutsaturik dagoenez, helburua ez zen erraza. Har dezagun beruna adibide moduan. Soldadurako berun-tanta bakar batean, jasotako 382 kg Ilargi-materialetan baino berun gehiago dago. Beruna, oso gutxi baldin badago ere, nahitatezkoa da laginen adina kalkulatzeko.

Beste substantzia arruntago batzuek Ilargi-materialaren purutasunari eraso diezaiokete. Oxigenoa hauetako bat izan daiteke. Oxigenoak, Ilargiko materialek duten burdinarekin erreakziona dezake herdoila emanez. Ura beste zenbait osagairekin nahas liteke, buztina sortuz. Eta kasualitatez ikerlari baten eraztunak laginak urrez kutsatuko balitu, "baten batek urre-sukarra piztu dezake Ilargian" adierazi digu John Dietrich arduradunetako batek.

Hasiera batean, Ilargi-materialak bere jatorrizko egoeran (hutsean alegia), gordetzea pentsatu zen. Teknikoki hau ezinezkoa gertatu zen. Orduan, egurats-presio normala erabiltzea erabaki zen. Hori mantentzeko nitrogeno-gasa (geldoa eta ez-erreaktiboa da) erabiltzen da. Nitrogenoak ez lituzke laginak kutsatuko.

Apoloek ekarritako altxorra, nitrogenoz betetako eta ondo itxitako kutxetan aztertzen da. Kutxen beirazko paretetan itsatsiak, teflonez gainestalitako kautxuzko eskularruak daude. Honela, ikerlariek laginak maneia ditzakete zuzenean ukitu gabe.

Kutxen barneko nitrogenoaren presioa laborategiko egurats-presioa baino zerbait handiagoa da. Kutxak guztiz hermetikoak izango ez balira, barneko nitrogenoaren presioak kanpoko aireari sartzen ez lioke utziko. Gainera, laborategira sartzen den airea arreta handiz iragazten da eta etxeko airearen presioa baino zertxobait handiagoan mantentzen da. Presio-hesi bikoitzak, Houston-eko airea laginak dauden tokitik at mantentzen du.

Biltegi batean, jadanik analizatu diren laginak gordetzen dira. Lagin guztiak, beren azken egoera edozein izanik ere, biltegi horretan biltzen dira. Lagin bakoitzarekin dossier zehatz eta detailatu bat dago. Dossier horretan laginak zein analisi eta froga jasan dituen adierazten da. Bigarren biltegian, oraindik aztertu gabe daudenak, beren osotasunean daudenak, gordetzen dira.

Zientzilariak lanean.

Ilargiko zenbait lagin, dauden egoeran aztertzen da. Hala ere baten bat hautsi behar denean, arreta handiz eta poliki-poliki zerratzen da diamantezko hortzak dituen altzairu herdoilgaitezko zerra bat erabiliz. Zerrak nitrogenoz betetako kutxetan daude eta laginak bertara transferitzen dira. Zerraketaren urrats guztiak arretaz fotografiatzen dira, lagin berri bakoitzaren hasierako kokatzea erregistratzearren. Doug Blanchard arduradun nagusiak adierazi digunez, "lau bider bost zentimetroko harri bat zerratzea, hilabete osorako proiektua da".

Apoloek ekarri zituzten laginen %74 ukitu gabe dirau oraindik, %3 beste zenbait ikerketa-zentrutan utzita daude, %5 aztertua eta gordea izan da, %2 hezkuntz lanetan erabiltzen da (erakusketa etab...) eta %2 guztiz hondatua izan da, analisi-teknika hondatzaileak erabili direlako. Gelditzen den beste %14, Iparrameriketako Aire-Armadaren Broaks basean gordetzen da. Horrela, Houstonen laginak hondatzeko zerbait gertatuko balitz, ikerketak jarraitzeko ziurtasun-ondare bat balegoke.

Apoloek ekarritako materialik gehiena oraindik aztertzeke badago, eta horri atera zaion informazioa exhaustiboa izan ez bada ere, Ilargiko materialen azterketak Ilargiaren jatorriari buruz zueden ideiak sinpleegiak zirela erakutsi du.

Horietako teoria batek, Ilargia Lurraren fisio batetik sortu zela proposatzen du. Bigarren batek ko-akrezioa proposatzen du, hau da, Ilargia eta Lurra une berean eratu zirela hauts eta gasezko eskualde berean. Hirugarrenak, Ilargia Lurraren grabitateak harrapatutako gorputz ibiltaria dela esaten du. Zientzilarien ustetan, harrapatzearen teoria ez da oso fidagarria; oso zirkunstantzia berezi eta konkretuak behar bait dira horretarako. Koakrezioaren eta fisioaren teorien zailtasunak Ilargiaren kimikaz dakigunean oinarritzen dira.

Urtutako harri bolkanikoak presio baxutan bapatean jartzen direnean, gasak bortizki ateratzen dira egitura porotsu hau utziz. Basalto hau, Mare Imbrium delakoan bildu da. Burdina asko eta aluminio gutxi du Lurreko harriekin konparatuta.

Datazio isotopikoak, Lurra, Ilargi eta meteorito gehienek adin berdina dutela dio: 4600 milioi urte. Lurraren eta Ilargiaren gainazaleko materialak (burdina, aluminioa, magnesioa, kaltzioa) berdintsuak dira, nahiz eta proportzio desberdinetan egon. Baina Ilargia Lurrarekin konparatzen badugu, lehenak oso material hegaskor gutxi dauka, hots kadmio, indio, bismuto eta zinkak bezalako fusio-puntu baxuko elementuak urri dira. Nikela eta urrea ere eskas dira.

Doug Blanchard-en eritziz, diferentzia hauek zera adierazten dute: Ilargia eta Lurra ez direla hauts eta gasezko hodei berdinetik eratu eta Ilargiak Lurraren fisio-jatorririk ez duela. Horrela gertatu izan balitz ere, Ilargiak ezingo zituzkeen elementu hegaskorrak maila horretan galdu. Bestalde, gainazalaren konposizioan antzekotasunak dituztenez, gorputz arrotzak ez direla garbi dago.

Ilargiaren jatorriari buruzko egungo teoriek, arazoari erantzuna emateko, harrapatzea eta fisioa konbinatzen dituzte. Proposatzen denez, Lurraren historiaren hasieran planetoide batek talka egin zuen gure planetarekin. Talka horren ondorioz Lurrak gainazaleko material asko jaurti zuen. Hau gertatu zen unean, material astunak Lurraren gunean pilatuta zeuden eta arinak gainazalean jadanik. Ilargia, hondakin horien akreazioaz eratu zen. Teoria guztiak, oinarrizko ideia honen barianteak dira.

Teoria hauek, Apoloek ekarritako laginen etengabeko analisiaren ondorio dira. Houston-eko Graham Ryder geologoak, zera dio: "Harriei so eginez gero, argi eta garbi dago duela 4.400 eta 4.600 milioi urte gutxienez Ilargiaren erdia urtu zuen zerbait gertatu zela". Ilargia Lurretik banandu egin zen eta azalean aluminio ugariko materialak gelditu ziren, magmazko Ozeano baten gainean.

Ilargiaren historiaren hurrengo fasea, duela 3,9 milioi urte izan zen, eta meteoritoen bidezko bonbardaketa handi batez markatuta dago. Honek, Ilargiaren azala guztiz aldatu zuen. Zeharka bada, Ilargiak bide ematen die geologoei gorputz planetarioen adina ezagutzeko. Ilargiaren azaleko kraterizazio-geruza erreferentziatzat har daiteke kraterizatutako planeten adina kalkulatzeko.

Duela 3.300 edo 3.600 urte, bulkanismoa hasi zen Ilargian eta itsaso leunak (zimurtasunik gabeak) sortu zituen. Hau izan zen azkeneko gertakizun garrantzitsua Ilargiaren historia geologikoan.

Ilargiaren eboluzioan erantzunik gabeko arazo ugari dago oraindik. Maskoiak (itsasoekin erlazionatutako eskualde supertrinkoak) badaude esaterako. Hauek 200 km-ko erradioa daukate eta masa-kontzentrazio handiegiak daude; grabitate-eremua ingurutan baino 9,1 aldiz handiagoa izan dadin eragiten dutenak hain zuzen. Maskoiak oso laba trinkoz botatako sakonuneak edo inpaktu-gorputzen hondakinak diren inork ez daki.

Ilargiaren beste bitxikeria bat, bere masa-zentruaren kokapena da. Masa-zentrua, Lurretik 2 km gertuago dago zentru geometrikoa baino. Gainera Ilargiaren kanpo-geruzak Lurrari begira dagoen aldean 60 km-ko lodiera duen bitartean, alde izkutuan 100 km-koa du. Pasa diren denboraldi neurrigabe edo eoietan, nahikoa denbora izan du Ilargiak bere aurpegirik astunena Lurrari begira jartzeko.

Ilargiaren beste arazo bat, magnetismoarena da. Magnetismorik ez dago. Zundetatik egin diren neurketek, Ilargi guztia hartzen duen eremu magnetikorik ez dagoela erakutsi dute. Apolo misioek ekarritako laginek, hondar-magnetismoa oraindik badute. Magnetismo hau, aspaldiko erlikia da; harriek garai batean, orain desagertua den eremu magnetiko batean kristalizatu zirenean hartu bait zuten. Zer gertatu zaio eremu magnetikoari? Zergatik desagertu zen?

Inork ez daki.

David Mckay, zentruko beste ikerlari bat, Ilargiko zoluaren (regolitaren) barietateak aztertzen ari da. Eguzkiaren historia hurbila ezagutu nahi du. Eguzki-haizearen partikula energetikoek harrietan utzitako arrastoen bila dabil. Ilargiko harri zaharrek, garai batean gainzalaean egon eta milioika urtetan lurperatuak egon direnek, agerian egon zireneko arrastoak dauzkate. Arrasto fosil hauek, garai batean eguzkiaren aktibitatea zein izan zen erakutsi dezakete.

Hala eta guztiz ere, Ilargiko harrien azterketei jarraipena emateko badago beste arrazoi nagusi bat. Mckay-k dioenez, Apoloen ondoren utzitako ideiari (Ilargira betirako itzultzeari) berriro eusteko garaia heldu da. Laginen azterketak Ilargiaren baliabideak zeintzu diren esango digu, eta baita espazioaren kolonizazioaren bidea zabalduko duen Ilargiko basea nola eraiki ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila