Badira 20 minutu eguzkiak mendebaldeko tontorren artean ezkutatuz bihar arte esan duela. Zeruan izar-mordoska piztu da eta ilargia ere, laster azalduko dela soma dezakegu. Elizako dorretik, itxura liraineko hegazti zuria irten da eta bi edo hiru itzuli eman ondoren, aldameneko baserriko alorrera abiatu da. Atakan pausatu da tente-tente, erne baino erneago eta aza artean “krax” suabea entzun eta ixil-ixilik baina zuzen hegatu da harantz.
Sataina ikusi duelarik, hankak aurreraka luzatu eta gainera erori zaio ezpatak bailiran azkazal zorrotzak haragitan sartuz. Karraskaritxoak ez du garrasi-erdia ere egiteko betarik izan. Sataina mokoan hartuta itzuli da elizara gure ehiztari zuria eta leihoan agertu orduko kantu arraro batzuek egin diote ongi etorria.
Euskal Herri guztian agertu eta gizakiaren inguruan bizitzeak, hontza zuria ( tyto alba ) aski ezagun bihurtu du. Elizetan bizi, gauez ibili, eta zurrungaren antzeko kantu berezi hori direla eta, sineskeria eta kondaira ugari sortu da hegazti honen inguruan.
Tamaina ertaineko hontza dugu hau, 33-39 cm-ko luzera eta batezbeste 350 gramoko pisua duelarik. Hegal-zabalera, ordea, 90-95 cm-koa da; handia, alegia. Hontza hau, “belarririk” ageri ez duen horietakoa da eta buru biribilean, bi begi beltz handi nabarmentzen dira bihotz-eitea duen aurpegi zurian. Ehizarako tresnak, berriz, gako itxurako moko zorrotz zuriska eta zortzi azkazal beltzez armatutako atzaparrak dira. Ehizakiak gauez atzemateko, ikusmen eta entzumen harrigarriaz baliatzen da.
Aurrera orientaturiko begiek, ikusmen binokular (hiru dimentsiokoa) zabala ematen diote, eta aurpegiaren pabilioi itxurak, belarrien modura soinuei antzematen laguntzen du. Kolorazioari dagokionez, lehenengo begiradan janzkera argiaz ohar daiteke. Azpialdeak, oro har, zuriak izaten dira, baina krema-kolorekoak eta pintta beltz txikiez apaindutako aleak ere badira. Gainaldea, berriz, hondar-kolorekoa, horixka edo laranja-kolorekoa da eta zilarkara eta grisez tartekatua egoten da. Hanka luzeak, azkenik, luma zuriz daude behatzetaraino apainduta.
Hegazti hau nekazal lur irekietan, herri eta baserri inguruetan, eta oro har ehizarako garbiuneak eskaintzen dizkioten lekuetan agertzen da. Hauxe da Erronkari aldean eta basoz estaliriko antzeko eskualdeetan oso dentsitate txikiak egotearen arrazoia. Lotarako, berriz, eliza, borda, zuhaitz zahar eta harkaitz-labarrak atsegin zaizkio. Bera somatzeko era errazenetakoa, botatzen dituen egagropila delakoak detektatzea da.
Hauek, liseritzeko zailtasunagatik eta hesteetatik pasa gabe ahotik kanporatutako hezurtxo, luma, harrapakinen beste zati gogor eta ilez osaturiko pilota luzeskak izaten dira. Hontza zuriaren kasuan 2,5-3,5 cm-ko diametroa dute eta kanpoaldetik gris-arre ilunak eta oso leunak dira.
Egagropila hauen azterketak eman diezaguke, halaber, gaueko ehiztari honen elikaduraren berri. Mikrougaztunak dira gehien jaten dituen ehizakiak (dietaren % 90), eta askoz gutxiago txori txiki, anfibio eta intsektuak (% 10). Egoera ezberdinetara ederki molda daitekeen hontza hau, batzuetan txolarre eta araba-zozoen ehizan espezializa daiteke hauek ugari diren lekuetan.
Kumaldia martxoa eta uztaila bitartean izaten du gehienetan. Habiarik egin gabe, eliza edo ganbarako leku ilunen batean 4-7 arrautza zuri jarriko ditu. 40 x 31 mm-ko arrautza biribil samar hauek, gutxi gora-behera bi eguneko tarteaz erruten ditu. Txitatzeaz emea arduratzen bada ere, arrak jakiak eskuratzen ibili beharko du.
Lehenengo arrautza jarri zuenetik emea txitatzen hasi zenez, lehen kumea hurrena baino bi egun, zaharragoa izango da, eta hirugarrenari lau eramango dizkio. Azken anaia, berriz, bi aste gazteagoa izatea gerta liteke. Hori dela eta, lehenbizi jaiotako txitoek probabilitate handiagoa dute aurrera ateratzeko, eta hilkortasuna askoz ere handiagoa izango da txikienetan. Sistema hau, kontrakoa dirudien arren, egokia da ahalik eta kume gehien aurrera ateratzeko. Horrela, janaria oso ugari den urtean hontzak txito guztiak hazi ahal izango ditu. Bazka nahikoa lortzen ez badu, ordea, jaiotako lehenek askoz ere aukera gehiago izango dituzte aurrera ateratzeko, gazteenak mokadu-erdia ere ahoratu ezinik, segidan hilko direlako.
Sistema bitxi honez gain, arrautzak erruten hasi baino lehen ere, hontza zuriak, harrapakin-ugaritasunaren arabera, zenbat arrautza jarriko dituen kalkulatzekonolabaiteko gaitasuna du, eta ehizaki eskasia handia denean, ugaltzen saiatu ere ez egitea gerta liteke, alferrikako energi gastu guztiak saihestu egingo dituelarik. Era beran, karraskari-populazioak oso handiak izanez gero, hontza populazioak ere gora egingo du bi aldiz kumatuz.
Edonola ere, errundako arrautza hauek 30-34 eguneko txitaketa behar dute, eta beste 50-60 egun kumeek habia uzteko. Aipagarria da hontza zuriaren habian egoten den zalaparta. Txitoak, beti gose, izugarrizko soinutan aritzen dira eta arnas hartze sakonaren antzeko kantu berezi hau ezagutzen ez dutenentzat harrigarria (eta bakarren batentzat beldurgarria ere) gerta liteke. Habiara hurbilduz gero berriz, ama eta kume, denak harrotzen dira, burua alde guztietara mugituz, “shh” eginez, argi eta garbi bisitaria ez dela ongi etorria adieraziz.
Ehiztari hau gure lurralde osoan ager daiteke, oso ingurune industrializatu edo arras basotsuetan izan ezik. Europan ere, ondo zabalduta dago; Eskandinavia eta Herrialde Baltikoetan baino ez baita falta. Badirudi, beraz, negua gogorregia izan daitekeen eskualde horietan falta dela, eta hemen ere, elurte handietako urteetan hontza zurien hilkortasuna handia dela ikusi da.
Hegazti elizkoi hau, langile jator nekaezina dugu, batez ere mikrougaztunen populazioa kontrolatzen, eta txitoak hazten ari den bikote batek, gau bakar batean 50 sagu harrapa ditzakeela kalkulatu da. Hala ere, eraikuntza zaharren botatzea, txitoen lapurtzea, tirokatzea, errepideetako hilkortasuna eta bestelako arazo franko konpondu beharko dira familiaren planifikatzaile zuhurrak gure herri guztietan bizitzen segi dezan.
Espeziea: Tyto alba |