Itsasontzi hondoratuen ibilbideko geltoki garrantzitsu bat Kontxako badia da. Milaka lagun ibiltzen dira urtero, uda-garaian, Donostiako Kontxan plisti-plasta... baina, ziurrenik, gutxik jakingo dute ur horietan bertan, metro batzuk beherago, hainbat itsasontzi zaharren hondakinak daudela. Donostiako INSUB Itsaspeko Ikerketa Elkarteak dituen datuen arabera, hamar itsasontziren hondakinak daude Kontxako itsas hondoan. Horien artetik adierazgarrienak 'erlojuen itsasontzia' eta 'zumitzen itsasontzia' dira.
'Erlojuen itsasontzia' bederatzi metroko sakoneran dago, Kontxako erlojuen pare-parean... hortik datorkio izena. 1999an sakonki aztertu zuten ontzia, eta ikusi zuten egitura osoaren bosten bat soilik kontserbatzen dela: branka eta popa falta zaizkio, eta kroskoaren egurrezko pieza batzuk baino ez dira geratzen. Hala ere, pieza horiek bata besteari nola mihiztatuta dauden aztertuta jakin dute ontzia XVI. eta XVII. mendeen artekoa dela. Hala ere, testuinguru arkeologikoa ez dute ontziaren egur-zatiek soilik osatzen... testuinguru horren parte da ontzi osoa estaltzen duen uharri-tontorra ere. Ikerketaren ondorioz jakin dute uharri horiek guztiak ontziaren lasta zirela. Lasta horren helburua zen ontziak uretan gehiegi ez flotatzea karga gutxirekin zihoanean. Ontziak zeraman kargari dagokionez, ez dute ezer aurkitu.
Bestea 'zumitzen itsasontzia' da. INSUB elkarteak 70eko hamarkadaren hasieratik ezagutzen du itsasontzi hori. Badiaren sarrerako barran hondoratuta dago, gutxi gorabehera Aquariumen parean. Hamalau metroko sakoneran dago, eta aurkitu zutenean karga soilik geratzen zitzaiolako jarri zioten izen hori: zorroztarriak eta burdina forjatuzko zumitzak.
Arkeologia-teknikariek uste dute karga hori inguruko burdinoletakoa zela. Izan ere, zumitzen bidez komertzializatzen zen burdina gehien XVIII. mendean. Gero, burdina hori, ontziolekin lotutako forja-tailerretan erabiltzen zen. Ontziaren egituratik, berriz, ez da ezertxo ere geratzen... ez dago egur zatien inolako arrastorik. Desegin egin da itsasoaren indarraren eraginez, baina baita teredo navalis delako zizareagatik ere... hondarraren azpian ez dagoen egur guztia jaten du zizare horrek.
Baina zergatik hondoratu ziren bi itsasontziak? 'Zumitzen itsasontziaren' kasuan, baztertu egin dira hondamendiaren hipotesia edo ontzia irauli izana. Zumitz-fardelak eta zorroztarriak elkarren jarraian eta bata bestearen ondoan daudenez, uste dute ontzia bere kasa hondoratu zela, maniobra txar baten ondorioz edo. 'Erlojuen itsasontziaren' kasuan, berriz, zailagoa da esatea. Errautsak aurkitu dira itsas hondoan; beraz, baliteke sute baten ondorioz hondoratu izana edo, bestela, ekaitz baten ondorioz.
Jakin-minak jota norbaiti bururatuko balitzaio bi itsasontzien hondakinak ikustera joatea, ezer gutxi aurkituko luke; izan ere, hondakinek osatzen duten multzo arkeologikoa babesteko, legarrez estaltzea erabaki zuten duela urte batzuk.
Donostiako kostaldetik ekialderantz joz gero, Orio da itsasontzi hondoratuen Donostiako kostaldetik ekialderantz joz gero, Orio da itsasontzi hondoratuen ibilbidean hurrengo geldiunea.
Historikoki, Orioko itsasadarra bide garrantzitsua izan da merkataritzako nabigaziorako, eta, ondorioz, hondoratze askoren lekuko. Itsasadarraren hondoa maiz dragatu behar izaten dute garbitzeko, eta lan horien ondorioz agertu zen 1992an lehenengo txalupa.
INSUBekoek aurkikuntzaren abisua jaso zutenean, berehala urperatu ziren ikertzeko. Bostehun urperaketa-ordu egin zituzten eta 800 argazki atera zituzten, baina hura hasiera baino ez zen. 2003. urtera bitartean, beste lau txaluparen hondakinak eta haien zamak agertu ziren, guztiak XVI. eta XVIII. mendeen artekoak. Zama burdin lingoteek eta burdin mineralak osatzen zuten, eta txalupen hondakinak, berriz, berrehun bat egur-piezak. Ontzi guztiei Orio izena jarri zieten: Orio I, Orio II, Orio III, Orio IV eta Orio V .
Uretan murgilduta ordu piloa pasatu zuten INSUBeko teknikariek ontzi bakoitzaren egitura ikertzen, pieza bakoitzaren jatorrizko antolamendua marrazten eta pieza guztiak etiketatzen. Bestalde, GPS bidez, txalupa bakoitzaren kokapen zehatza erregistratu zuten.
2003an, berriz, sorpresa tristea jaso zuten arkeologoek: Oria ibaiaren ezkerraldean nasa berria eraikitzen ari ziren, Orio IV txalupa zegoen tokitik oso gertu. Arriskua ikusirik, INSUBekoek jakinaren gainean jarri zituzten obretako arduradunak, baina alperrik izan zen... nasa berriak bete-betean harrapatu zuen txalupa. Haren heren bat nasaren azpian geratu zen betiko. Arkeologoak sutan jarri ziren. Neoprenoa jantzi, uretako kamera hartu eta berehala egin zioten argazkia Orio IV txalupari, nasaren azpian harrapatuta. Argazkia UNESCOra bidali zuten, eta erakunde hartako lehendakariak, ikusi zuenean, erakundearen argitalpen berezi batean salaketa gisa ateratzea erabaki zuen, kontrazalean.
Haserrea alde batera utzi eta ekindako lanarekin jarraitzea erabaki zuten INSUBekoek. Hurrengo pausoa bost txalupen piezak eta itsas hondoan sakabanatuta zegoen karga uretatik ateratzea zen. Lan horretan ari zirela, hainbat objekturekin egin zuten topo. Orio II txaluparen ondoan eztainuzko pitxer bat aurkitu zuten, ziurrenik ardoa gordetzeko. Ikerketen ondoren, pitxerra 1510. urtekoa dela ondorioztatu dute.
Orio IV txalupan, berriz, zapata baten hondarrak aurkitu zituzten egurren artean. Zapata Kanadara bidali zuten ikertzeko, eta, ardo-pitxerra bezala, XVI. mendekoa dela esan dute. Orain, zaharberritzen ari dira zapata hori. Txalupen 200 piezak itsas hondotik atera ondoren, guztiak Aiako Agorregiko burdinolara eraman zituzten. Gaur egun, hango urmaeletan gordetzen dira, uretan murgilduta. Hala egon behar dute kontserbatu ahal izateko; izan ere, hainbeste denboraren ondoren, ura bihurtu da pieza horien medio naturala. Uretatik kanpo utziko balira, uzkurtu egingo lirateke.
Txalupen tipologia aztertu eta gero, guztiak patatxak direla ondorioztatu dute. Ontzi mota hori kostaldean zehar minerala garraiatzeko erabiltzen zen, baina burdinoletaraino ere iristen zen; izan ere, zingo txikiko txalupak zirenez, erreketan gora ibil zitezkeen. Ibietan idi-gurdiak zain izaten zituzten burdin minerala jasotzeko, eta, ondoren, burdinoletaraino eramateko.
Kantauriko kostaldetik irten gabe, Gernikako itsasadarra dugu beste 'altxor' baten kokaleku.
Gernikako itsasadarra Euskal Herriko ibai-nabigazioko bide garrantzitsu eta zaharrenetako bat izan da historian zehar. Itsasadarraren sakonera handiari esker, ontziak erraz sartu ahal izan dira itsasotik Gernikaraino, kostaldetik barrualdeko lurretara dauden 6 kilometroak gaindituz.
1998ko uztailean, Gernikako itsasadarra bideratzeko lanak egiten ari zirenean, hondeatzeko makina batek hainbat egur-zatirekin topo egin zuen lau metroko lokatz-geruza baten azpian, Urbieta izeneko inguru batean. Ontzi baten hondakinak ziren. Gernikako Udalak obrak gelditu eta azterketa arkeologikoa egiteko agindu zuen. Zientzialariak lanean hasi, eta erradiokarbonoaren analisiek emaitza zirraragarria ekarri zuten: ontzia 1450ekoa zen, Amerikako aurkikuntza baino lehenagokoa. Horrela deskubritu zuten, ustekabean, Euskal Herriko ontzi zaharrena.
Garrantzi handikoa zelako, ontzia lokatzetatik ateratzea erabaki zuten, berreskuratzeko. Hiru urtez egon zen aska batean, ur desmineralizatuz eta argizari likidoz osatutako nahaste batean. Helburua zen egurrak xurgatutako ura argizari likidoarekin ordezkatzea pixkanaka-pixkanaka. Hala, piezek, jatorrizko bolumena eta forma mantenduko zuten lehortutakoan.
Ontziaren arkitektura aztertu ondoren, gainezarritako sistemarekin eraikitakoa zela ikusi zuten arkeologoek. Sistema horrek Eskandinavian du jatorria, eta handik Atlantikoko beste herrialdeetara zabaldu zen Erdi Aroan. Uste dute Euskal Herriko kostaldera Akitaniatik iritsi zela. Ontzia, jatorriz, 12 metro luze eta 4 metro zabal zen, eta, kostan eta ibaietan ibiltzeko, bela eta arraunez baliatzen zen.
Euskal Herriko ontzi zaharrena duela urtebete erakutsi zuten lehenengo aldiz jendaurrean, eta, gaur egun, Bilboko Itsas Museoan dago ikusgai.