Hondakinak murrizteko bideak

1993ko udaberrian aurkeztu zen Euskal Autonomi Elkarteko Hondakin Berezien Kudeaketa Plana. Giza iharduerek eta industriak inguruan duten eragin kaltegarria saihestea zen planaren helburua, hondakin-ekoizpena 2000. urteari begira % 25 gutxiagotzea, alegia. Horretarako bi ildo nagusi jorratu beharra ikusi zen: hondakin-ekoizpena murriztea eta hondakinok berriro erabiltzeko bideak sustatzea. Testuinguru horretan, hainbat azpiegitura sortu dira azken urteotan, Administrazioak berak bultzatutakoak gehientsuenak.
Hondakin Berezien Planak berehala tratatu beharreko hondakinen artean aipatzen du olio erabilia. OLEAZen analizatu egiten da olioa eta Birziklatzeko Zentro Aurreratuan tratatu. EAEn 17.000 tona olio erabili ekoizten da urtean; gaur egun, 10.000 tona inguru tratatzen dira.
IKERLAN

Hondakinak murrizteko sustapen-politikari eutsirik, praktika eta teknologia desberdinak ezartzeko aukerak aztertzeko bulegoa sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak (gaur egun Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Saila denak). XUME izena eman zion bulego tekniko horri eta sailaren menpekoa den IHOBE Sozietate Publikoaren baitan kokatu zuen. Murrizketa-estrategiak garatzeko funtzioaz gain, badu bulego honek beste zeregin garrantzitsu bat: enpresei informazio-zerbitzua eskaintzea. EAEko hondakin berezien bolumena murrizteko funtsezko tresna izan da XUME bulegoa.

XUME ez da, baina, IHOBEren itzalean sortutako zentro bakarra. EAEko hondakinen kudeaketa-faltari konponbidea bilatu nahian, Birziklatzeko Zentro Aurreratua deiturikoa sortu zen. Enpresa pribatu batek ustiatzen duen zentro honek hondakinak berreskuratzeko teknologiak garatzen ditu nagusiki. Hondakin Berezien Kudeaketa Planak, hain zuzen ere, berehala tratatzen hasi beharreko hiru hondakin-mota hauteman zituen: olio erabiliak, agortutako taladrinak eta disolbatzaile-hondarrak. Birbalorazio energetikoa, berreskurapena eta birziklapena dira, hurrenez hurren, hiruontzat Planak proposatzen dituen irtenbideak. Hiru hondakinokin, bada, lan egiten du Birziklatzeko Zentroak bere Zamudioko plantan, Hondakinen Planak garai batean adierazitako ildoari segituz.

Olio erabilien tratamendua

EAEn 17.000 tona olio erabili ekoizten da urtean automobil-, industria- eta itsas sektoreetan. Horietatik 9.500 tona kontrolik gabe kudeatzen ziren, hots, edonora eta edozein modutara isurtzen ziren Plana burutu zen une hartan. Birziklatzeko Zentro Aurreratuan 10.000 tona tratatzen dira urtean ura, jalkinak, metal astunak eta olioa berrerabiltzea eragozten duen substantzia oro olio zikinetik bereiziz. Beroketak, desemultsioak, malutapenak, dekantazioak eta bukaerako zentrifugazioak dira tratamendu horren muina.

Prozesu honetatik eskuratzen den olio garbia enpresa kudeatzaile batek erretzen du energia elektrikoa ekoizteko; hau da, berriro balioa ematen zaio olioari, EAEko Planak proposatu bezala.

Taladrinak anitz prozesutan erabiltzen dira. Birziklatzeko Zentro Aurreratuan ezezik, LEIAn ere (Teknologia Aurrerapenerako Zentroan) arduratzen dira substantzia hauek behar bezala tratatzeaz. Emultec 100 izeneko tratamendu-sistemari esker, esaterako, taladrinen bizitza luzatzea lortu dute. (TACI)

EAEko legearen arabera, ingurugiro-organoak Lurralde Historikoetan sortutako olioa edo kanpotik iritsitakoa kimikoki analizatzeko ahalmena du. Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailak IHOBEren esku utzi zituen analisi- eta kontrol-lan horiek. Honek orduan Olio Erabiliak Analizatzeko Zentro Ofiziala (OLEAZ) jarri zuen martxan. Olioek dauzkaten substantzia poluitzaileak (PCBak, kloroa, metal astunak,…) analizatzen dira OLEAZen, ezaugarri fisiko-kimikoak olioari emango zaion tratamenduarekin bateragarriak direla bermatzeko.

Disolbatzaile eta taladrinak ere tratatzen ditu Zentro Aurreratuak

Pinturen eta tindagaien ekoizpena eta metalen deskoipeztapena dira Euskal Herrian disolbatzaile-hondar gehien sortzen duten industri prozesuak. Urtean 2.000 tona hondakin ekoizten da EAEn. Plana egin zen garaian % 60a baizik ez zen modu ezagunean kudeatzen. Disolbatzaileak hutsean distilatuz tratatzen dira produktu purua eta jalkinak elkarrengandik bereizteko; eskuratzen den disolbatzaile garbiak berriro erabiltzeko balio du.

EAEn 48.600 tona taladrina-hondar ekoizten da urtean. Koantifikazioa egin zenean % 73 modu ez-kontrolatuan kudeatzen zen, hau da, ibai, lurzoru eta saneamendu sareetara botatzen zen zuzenean. Birziklatzeko Zentro Aurreratuan 6.000 tona tratatzen dira zentrifugazio, ultrairagazpen eta lurrinketa bidez.

Eta taladrinak berriro ere ikergai

Gasteizen kokatua dagoen Teknologi Aurrerapenerako Zentroan (LEIAn) taladrina eta konposatu organiko hegazkorren (VOC) inguruko ikerketa-lanak burutzen dituzte, horretarako Administrazio desberdinen dirulaguntzaz baliatzen direlarik. Ikerlan horien helburua teknologia garbiak ezartzea eta prozesuen kostua jaistea da. Taladrinei dagokienez, Emultec 100 deituriko tratamendu-sistema jarraia garatu dute eta tresneri eta galdaketarako ekipoen fabrikazioko industri plan batean frogan ipini dute. Sistema horrek taladrinaren bizitza ikaragarri luzatzen du, materiala aurreztea ahalbidetuz.

Taladrinak anitz prozesutan erabiltzen dira. Birziklatzeko Zentro Aurreratuan ezezik, LEIAn ere (Teknologia Aurrerapenerako Zentroan) arduratzen dira substantzia hauek behar bezala tratatzeaz. Emultec 100 izeneko tratamendu-sistemari esker, esaterako, taladrinen bizitza luzatzea lortu dute. (TEKNIKER)

Bestalde, pintaketa-prozesuetan emititzen diren konposatu organiko hegazkorrak zurgatzeko/garbitzeko ekipo bat garatzen eta altzairua urtzeko ekoprozesu bat ikertzen dihardute buru-belarri zentro honetan. Lehenari dagokionez, konposatu organiko hegazkorrak harrapatu eta araztuko dituen plan pilotua garatzen ari dira, disolbatzaileak pintaketaren esparruan (pintura-kabina batean sar ez daitezkeen tamaina handiko egitura metalikoetan, zurezko xaflak itsasteko, seriean ezarritako pintaketa-lerroetan, inprimaketan, pintura-kabinetan, etab.) berriro erabiltzeko moduan berreskuratu ahal izateko. Bigarren arloari dagokionez, azkenik, zinka eta lehengaia ahalik eta energia gutxien erabiliz bereiztea ahalbidetzen duen teknologia termorreduktorea ari dira ikertzen. Prozesuaren funtsa ondokoa litzateke: labe elektriko bateko kearen berotasuna labe termorreduktore bat funtzionarazteko baliatzea, energiaren % 5-10 aurreztea lortuz eta, bidenabar, materialen erabilera (elektrodoak...) eta galdaketa-denbora murriztuz. Horrek labearen ekoizpena nabarmen emendatuko luke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila