Kaioak hegazti oportunistak dira. Batez ere itsasoko baliabideak ustiatzeko diseinatuak badaude ere, ez diote muzinik egiten jateko modukoa den ia ezeri. Horrez gain, ausart samarrak ere badira, eta, beste animalia oportunista askok bezala, gizakiongana hurbilduta topatu dute pagotxa.
"Pertsona bat dagoen tokian, seguru jateko zerbait dagoela" izan liteke arratoien, saguen, usoen eta gizakitik gertu bizitzeko aukeraren alde egin duten animalia askoren urrezko araua. Baita kaioena ere. Euskal Herrian, kaio hankahoria ( Larus michahellis ) da antxeten artean ugariena, eta ondo daki pertsonen inguruko oparotasunaren berri.
Aranzadi Zientzi Elkartearen datuen arabera, azken 30 urteetan hirukoiztu egin da kaio hankahorien populazioa Euskal Autonomia Erkidegoan. Eta antzeko zerbait gertatu da Iberiar penintsula osoan ere. Demografia-hazkuntza hori hainbat arazo eragiten ari da --besteak beste, hirietako teilatuetan kolonia berriak sortzen ari direlako--, eta, horren ondorioz, zenbait lekutan populazioak kontrolatzeko ekintzak egin dituzte. Hori guztia aztertzeko, jardunaldi bat antolatu zuen urrian Aranzadi Zientzi Elkarteak.
Kaio hankahorien hazkuntza demografikoaren zergatiak aztertzea zen jardunaldiaren helburuetako bat. Esan beharra dago, hala ere, hankahoria ez dela azken urteetan gora egin duen itsas hegazti bakarra. CSICeko Ikerketa Aurreratuen Institutu Mediterraneoko (Imedea) biologoak, Daniel Orok, egindako azterketa baten arabera, beste bederatzi espezie hankahoriak adina hazi dira, edo, kasu batzuetan, dezente gehiago. Hala ere, hankahorien populazioa askoz handiagoa da beste espezieena baino, eta, horregatik, besteak baino nabarmenagoa da.
Euskal Autonomi Erkidegoan, 5.000 bikote inguru daude, Bizkaian gehienak. Kolonia handiena Izaro uhartean dago; 1.000 bikote baino gehiago. Eta Gipuzkoako handiena, berriz, Uliakoa da; 500 bikotetik gora daude han.
Zenbaki horiek txiki gelditzen dira Galiziakoekin konparatuz gero. Izan ere, han bizi da penintsulako kaioen % 60. Galiziako Arcea Xestión de Recursos Naturais-eko Jorge Mouriñok azaldu zuenez, 1975etik 90eko hamarkada arte 10.000 bikotetik 50.000ra pasatu ziren han. Eta gero, kaio-kopurua zertxobait egonkortu arren, kolonia-kopuruak gorantz jarraitu du.
Hainbat arrazoi aipatu ziren jardunaldian hazkuntza demografikoa azaltzeko. Baina nagusia elikagaien eskuragarritasuna izan zen. Batetik, arrantza-bazterkinek kaioen dietaren zati handi bat betetzen dute. Itsasoan dabiltzan arrantza-ontziei begiratu besterik ez dago; seguru hankahoriak hurbil dabiltzala, arrantzaleen soberakinen zain.
Bestetik, gure zabortegiak benetako self-serviceak bihurtu dira haientzat, eta milaka eta milaka elikatzen dira egunero zabortegietan. Bizkaiko Foru Aldundiko Aitor Galarzak Bizkaiko hiri-hondakin solidoen bilakaera erakutsi zuen: 1983an, 300.000 tona eskas; gaur egun, 700.000 tonatik gora. Galarzak argi ikusten du: "hankahorien populazioa kontrolatu nahi bada, zabortegietan esku hartu beharra dago".
Bestalde, gerraosteko urteetan, ohikoa zen kaioen arrautzak eta txitak jatea. Eta presio hori desagertu izanak ere izan dezake bere garrantzia, neurri txikiagoan bada ere; ez populazioaren hazkuntzan bakarrik, baita hirietara hurbiltzean ere. Honela zioen Galarzak: "Hasiera batean, harraparientzat --gizakia barne-- helezinak ziren uharteetan egiten zituzten habiak. Gero, iristeko errazagoak diren uharteak, istmoak eta abar kolonizatzen hasi ziren: esaterako, Gaztelugatxe edo Getariako Arratoia. Eta, azken urteetan, eraikuntzetan ere hasi dira habiak egiten".
Kaioen ugaritzeak arazoak sor ditzake. Batetik, ekologikoak; ekosistemen oreka galtzen delako. Batez ere Mediterraneoko kostan egindako ikerketek erakusten dute landaredia erabat eraldatzen dutela. Beste hegazti-espezie batzuei kalteak eragiten dizkietela ere aipatu izan da, nahiz eta kasu askotan ikerketek atzera bota dituzten uste horiek. Baina alarma piztu dutenak oso bestelako kalteak dira: gizakioi eragindako kalte sozial eta ekonomikoak.
EAEko teilatuetan ezagutzen den lehenengo kasua 1994koa da, Bermeokoa. Gero, Mundakan ere agertu ziren, eta Lemoizko zentral nuklear abandonatuan. "Han ez dute arazorik sortzen --dio Galarzak--, baina orain Nerbioiko estuarioan ere hasi dira habiak egiten, eta hori kezkagarria izan daiteke: bikote bat Sestaon, beste bat Portugaleten...".
Entzuleen arteko batek, Pasaiako portuko pabiloiak atera zituen mahai gainera. Kaioen zirinak pabiloien txapan korrosio-arazoak eragiten omen ditu. Baina han aurkitu dute konponbidea. Nylonezko hariak jarri dituzte estrategikoki pabiloien txapazko estalkietan.
Pasaiakoek Vigon ikusi zuten nylonaren sistema. Ez da harritzekoa; EAEn oraindik kasu bakan batzuk baino ez dira teilatuetako habiak, baina Galizian 30 kolonia daude hiri eta herrietako teilatuetan. Mouriñok emandako datu bat: "aurten egin berri dugun kontaketan, 1.023 bikote kontatu ditugu Vigoko teilatuetan".
Teilatuetako kaioek bizilagunei hainbat arazo sortzen dizkiete. Batetik, oso zaratatsuak dira; batez ere, txitekin daudenean. Bestalde, teilatuak eta etxaurreak zikintzen dituzte. Batzuetan, teilatu-hodiak buxatzen dira eta hezetasun-arazoak sortzen dira etxeetan. Eta, txitekin daudenean, erasokorrak ere izan daitezke. Horregatik, bizilagunen kexuei erantzuteko, administrazioek teilatuetako populazioak kontrolatzeko ekintzak egin dituzte Vigon, Ferrolen, Coruñan eta Viveiron.
Teilatuetatik arrautzak eta habiak kentzea izan dira ekintza horiek. Baina, Mouriñoren esanean, ezer gutxirako balio du horrek: "mundu osoan ikusi da horrek ez duela ezertarako balio; diru asko gastatzen da, eta ekintza bukatutakoan, lehengora bueltatzen da berehala. Dirua botatzea da, eta dirua ez dago sobran ingurumen- eta kontserbazio-ekintzetarako".
César Álvarez ornitologo asturiarra ados dago horretan. Gijonen eta Avilesen ere antzeko ekintzak egiten ari dira. "Urtero milioiak gastatzen dituzte udalek --dio Álvarezek--, baina esfortzu guztiak alferrik dira: hirietako populazioek gorantz jarraitzen dute. Kaioak oso egoskorrak dira. Esaterako, bikote berari habia hiru aldiz kendu behar izan zaio, eta urtero habia kenduta ere toki berean egiten hamar urtez jarraitu izan dutenak ere badira".
Mouriñoren ustez, kexak eragin dituzten habia zehatzen kasuan bakarrik du zentzua kentzeak. Hartu beharreko neurriek bestelakoak izan behar dute. "Kasu batzuetan, nylonaren gisako sistemek balio dute, betiere ongi jartzen badira. Baina, garrantzitsuena prebentzioa da. Inbasio biologiko guztietan bezala, hasierako faseetan eragiten baduzu, arrakasta izango duzu. Kolonia bat finkaturik dagoenean, oso gutxi egin daiteke".
Horregatik, Mouriñorentzat, garrantzitsua da oraindik koloniarik ez duten udalek zaintza-sistema bat ezartzea, eta lehenengo habiak ikusitakoan haiek kentzea. "Merkea da, eta eraginkorra. Kaioak habiak egiten hasi baino ez direnean, leku hori ona ez dela ikusten badute, beste nonbaitera alde egingo dute".
Bestalde, jardunaldian adostu zen kolonia naturaletan ez zela komeni kontrol-ekintzarik egitea, non eta ez dagoen hankahoriek balio ekologikoren bat arriskuan jartzen duten ebidentzia zientifikorik. Dena den, kolonia naturaletan eragitea ere oso zaila da. Jardunaldiko poster batek Chafarinas uharteetako esperientzia bat kontatzen zuen. Hainbat urtez aritu ziren han hankahoriak akabatzen, baina ez zuen ezertarako balio izan; ekintza bukatu eta urte gutxira, lehengoan zegoen. "Gai hauetan, bi gehi bi ez da beti lau --dio Álvarezek--. Populazioen dinamika konplexua da, populazioek mekanismo erregulatzaileak dituzte".
"Arazoa konpontzeko, arazoaren jatorria konpondu beharra dago --Mauriñoren arabera--. Ezinbestekoa da zabortegietarako sarrera mugatzea, arrantza-bazterkinak erregulatzea, eta hiriak eta portuak ahalik eta garbiena mantentzea. Gaur egun, hiriak leku bikainak dira kaioentzat. Zientifikoki frogatuta dago ugaltze-arrakasta nabarmen handiagoa dela kolonia hiritarretan naturaletan baino". Elikagaiak mokoen aurrean jarri dizkiegu. Eta badirudi hori dela arazoaren jatorria.