Hegan egiteko gogoa lasterketa ero bihurtu zenekoa

Araolaza, Oier

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hegan egiteko gogoa aspaldikoa bazen ere, XVIII. mendearen azken zatian, globoen asmakuntzak, norabidea eta abiadura gehiegi menderatzeko aukera handirik gabe, baina, gutxienez, lurra zerutik begiratzeko parada eskaini zuen. Hilabete gutxian globo-hegaldi ugari egin ziren Frantzia, Ingalaterra, Italia eta Amerikako Estatu Batuetan, eta 1785eko urtarrilean, Mantxako kanala airez gurutzatzea izan zen norgehiagoka horren emaitza.

1782an, Joseph Montgolfier industriari eta asmatzaile frantsesak airean gora igotzen ziren lehenengo globoak asmatu zituen anaia Etiennek lagunduta. Montgolfier familiak paper-ola zuen eta etxeko lantegirako paper-mota berriak asmatzeaz gain, aire beroko globoak ere asmatu zituzten bi anaiek. Hainbat saio egin ondoren, Frantziako Annonay herrian, 10 m 3 inguru zituen zetazko puxika 30 metroko altuerara igoaraztea lortu zuten.

1783ko azaroaren 21a, Montgolfier anaien globoa Paris gainean.

Hurrengo saioan, 32 m 3 zituen puxika lortu zuten aireratzea. Lehenengo globoa 1783an egin zuten, 8.600 m 3 zituen eta 400 metroko altuerara igotzea lortu zuten. Asmakizuna jendaurrean erakusteko garaia zela pentsatu zuten Montgolfier anaiek, eta horrela, ia 10.000 m 3 zituen globoa eraiki zuten. Gondola bati bi zutabe eta sua egiteko laztargia jarri zizkioten, zutabeen gainean paperezko estalkia osatu zuten, eta paperari kotoizko ohiala josi zioten. Globoak hamar minutu iraun zuen airean, 2.000 metroko altuera hartu zuen, eta gero, goitik-behera zelai batean erori eta sutan kiskali zen. Hala ere, Montgolfier anaiek asmakuntza Frantziako Zientzia Akademian erregistratzea lortu zuten.

Montgolfier anaien lorpenak hegan egiteko norgehiagoka bizi bezain eroa jarri zuen abian. Etienne Montgolfier bere globoa Parisen erakusten ari zen bitartean, Jacques Charles fisikariak eta Robert anaiek zetaz eta gomaz eraikitako hidrogenozko globoa egin eta arrakastaz zeruratu zuten. 900 metroko altuera hartu zuen globoak eta 25 kilometro egin zituen airean. Globoa lurreratu zenean, zerutik eroritako munstroari eraso egin zioten inguruko zenbait nekazarik eta sardeekin zulatuz erabat hondatu zuten globoa.

1783. urtea bukatu aurretik aurrerapauso gehiago izan ziren. Francis Pilatre de Rozier fisikari paristarrak bere burua boluntario aurkeztu zuen Montgolfierren globoan bidaiatzeko; horrela, globoan hegan egingo zuen lehen gizakia izan nahi zuen de Rozierrek. Frantziako Luis XVI.a aurrean zela erakustaldi bat egin zuten. Oilo, ahate eta ardi bana igoarazi zituzten globora eta aireratu egin zuten. 8 minutu iraun zuen hegaldiak globoak lurra jo eta txikitu zen arte. Sokarik gabe, globoan hegan egingo zuen lehen gizakia izateko aukera erregeari berari eskaini zioten, baina Luis XVI.ak, oilo, ahate eta ardiaren hegaldia ikusita, nahiago izan zuen ohore horri muzin egin.

Francis Pilatre de Rozier, globoan hegan egin zuen lehen gizakia eta globo-istripuz hil zen lehena.

Montgolfiertarren globoak sokaz lurrera lotuta, hainbat saio egin zituen Francis Pilatre de Rozierrek. Globoa nola-hala gidatzen zuen irudipena izan zuenean egin zuten sokarik gabeko lehen hegaldi tripulatua. Hiru konpartimendu zituen saskiak: erregailua jarri zuten batean, de Rozier bigarrenean eta armadako komandantea zen Arlandes markesak hartu zuen hirugarren lekua. Paris gainean 28 minutuko hegaldia egin zuten eta 1.000 metroko altuerara igo ziren. Eta, gainera, ezbeharrik gabe lurreratzea lortu zuten Paristik 5 kilometrora zegoen mahasti batean. Nekazariek mesfidantzaz jarraitu zioten zerutik jaitsitako herensuge hegalariari, eta de Rozierrek eta Arlandes markesak xanpaina atera zuten nekazariekin adiskidetu eta hegaldiaren arrakasta ospatzeko. Globo-hegaldi bakoitzaren ostean xanpainaz ospatzeko ohitura gaurdaino iritsi da.

Montgolfier anaiek eta de Rozierrek beren izenak historia-liburuetan agertzeko moduko balentria egin zuten azkenean. Baina lorpenak ez zuen hegaldien lasterketa eroa geldiarazi; oraindik biziagoa bihurtu zuen. Han eta hemen, airean gehien nork iraungo, urrutiago nor iritsiko eta puxika handiena nork aireratuko jardun zuten hainbat ikertzaile, asmatzaile eta abenturazalek. De Rozier eta Arlandes markesaren hegaldi arrakastatsua izan eta hamabost egunera, Jacques Alexander Charles eta Nicholas Louis Robert-ek gasezko globo batekin Paristik abiatu eta 20 kilometro egin zituzten, bi ordu eta erdi iraun zuen hegaldian.

Gero eta globo handiagoak egiteko ahaleginean, Montgolfiertarrek 200.000 m 3 zituen globo erraldoia egin zuten. Inoiz egin den globo handienetakoa. Joseph Montgolfierrek berak gidatu zuen, baina 20 minutu baino ez zuen iraun airean, oihalean urratu batek uste baino lehenago lurrerarazi baitzuen.

Montgolfier anaien lehen globoetako bat, 1783. urtean.

Lehia bizi horretan buru-belarri sartuta zeudela, 1785eko urtarrilean, Jean-Pierre Blanchard frantsesa eta John Jeffries amerikarra, hidrogenozko globo batean Ingalaterratik abiatu eta Mantxako kanala airez zeharkatu ostean, Frantziara iritsi ziren. Marka horrek ospe handia eskaini zion Blanchardi eta de Rozierrek, inbidia eraman ezinda, bueltako bidea egiteko, Frantziatik Ingalaterrara bidaiatzeko globo berri bat eraikiarazi zuen. Aire beroa eta hidrogenoa, biak konbinatzen zituen globo berriarekin abiatu zen de Rozier Franziatik 1985eko urtarrilean bertan. Hegaldia hasi eta minutu gutxira su hartu zion globoak eta bertan hil zen Francis Pilatre de Rozier, globoan hegan egin zuen lehen gizakia eta globo-istripuz hil zen lehena.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila