Haur behartsuentzako ordenagailua, teknologiaren aitzindari

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

"Emaiozu gizon bati arrain bat, eta gaur jango du; erakutsi iezaiozu arrantzan, eta egunero jango du", dio txinatar esaera zahar batek. Eta horri kasu eginez dihardute One Laptop Per Child (OLPC) proiektukoek. Hirugarren munduaren aurrerabidea hezkuntzaren bidez etorriko delakoan, eta hezkuntzan atzera ez gelditzeko IKTak eta Internet beharrezkoak direla sinetsita, herrialde behartsuetako haurrei ordenagailu eramangarri bana helarazi nahi dien proiektua jarri zuen martxan GKE horrek. Horretarako, ordenagailu merke baina ahaltsu eta funtzional bat diseinatu zuten. Eta, poliki-poliki, mundu osoko teknologia iraultzen ari da.

Haur behartsuentzako ordenagailua, teknologiaren aitzindari
2008/03/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea

(Argazkia: OLPC)
Hirugarren mundu edo garabidean dauden herrialde esaten zaie ezaugarri hauek dituzten herrialdeei: nekazaritzan oinarritutako ekonomia, lehengai gehienak esportatzea, herrialde industrializatuagoekiko zorra, azpiegitura urriak, analfabetismo-tasa handia, teknologia atzeratua... Azken urteetan, beste ezaugarri bat ere gehitu zaie: IKTen (Informazio eta Komunikazio Teknologien) eta Interneten eskuragarritasun- eta hedapen-maila txikia, eta, horren ondorioz, gizartearen alfabetizazio teknologiko apala. Herri garatuen eta azpigaratuen arteko ezberdintasun berri horri haustura digital deritzo.

OLPC proiektua

Haustura digitalak etorkizunean beste ezberdintasunak areagotu besterik ez dituela egingo sinetsita, hura txikitzen laguntzeko eratu zuten One Laptop Per Child edo OLPC (Ordenagailu Eramangarri Bat Haur Bakoitzeko) izeneko fundazioa 2005eko urtarrilean. Haren helburua hirugarren munduko haurren hezkuntza da, IKTak erabiliz eta alfabetizazio teknologikoaren bidez.

Proiektuak hainbat enpresa ezagunen laguntza ekonomikoa jaso du, tartean AMD, eBay, Google eta Red Hat. Baina OLPCren ernamuina eta arima MIT (Massachusetts Institute of Technology) ezaguna da, harekin modu batean edo bestean lotutako informatikaren hainbat pisu astunek osatzen baitute fundazioa; fundatzaile eta zuzendaria Nicholas Negroponte da, MITeko Media Lab-eko zuzendaria.

XO ordenagailua

OLPC proiektuaren helburua lortzeko, ezinbestekoa da garabidean dauden herrialdeetako haurrek ordenagailuak eskura izatea eta, haien bidez, baita Internet ere. Jomuga hori buruan, ordenagailu eramangarri bat diseinatzeari ekin zioten, baina ez ohiko irizpideen araberakoa, herrialde behartsuetako haurren beharren araberakoa baizik: arina, kontsumo txikikoa, iraunkorra, eguzki-argitan ere pantaila ongi ikusiko dena... Eta, gainera, merkea. Asmoa zen hirugarren munduko gobernuek kantitate handietan erostea, gutxienez milioi bat unitateko lotetan, eta kantitate horietan ekoitzita kostua 100 dolarrekoa izatea. Hortik etorri zaio proiektuari bere ezizen ezagunenetako bat: 100 dolarreko ordenagailua .

XOaren ezaugarrietako batzuk: heldulekua, pantaila birakaria --liburu elektroniko bihurtzeko--, kanpoko gailuak konektatzeko atakak, SD txartel-irakurgailua eta teklatu iragazgaitza.
E. Carton

Esan eta egin, 2005eko azarorako diseinatuta zuten lehen prototipoa, eta geroztik garatzen eta hobetzen joan da, gaur egun produkzio-fasean dagoen XO izeneko modelora iritsi arte.

Ikuspuntu askotatik begiratuta, oso ezaugarri onak ditu XO ordenagailuak. Batetik, 1,5 kg besterik ez du pisatzen, eta 7,5 hazbeteko pantaila du, 1.200 x 900 pixeleko erresoluziokoa. Baina ez da LCD edo TFT pantaila, tinta elektronikozkoa baizik, eta paperean inprimatuta balego bezala ikusten da, baita kanpoan eta eguzki-argitan ere. Gainera, beste pantailek baino askoz gutxiago kontsumitzen du. Horrez gain, pantaila biratu egin daiteke eta, tapa ixtean, liburu elektroniko baten gisan gelditzen da, teklaturik gabe, liburuan zehar mugitu ahal izateko geziekin soilik.

Bestetik, oso kontsumo txikia du. Ohiko eramangarriek 10-45 W kontsumitzen badute, XOak 2 W besterik ez du behar; gutxiago liburu elektroniko gisa funtzionatzen duenean, 0,3-0,8 W baino ez. Kontsumo-maila horrekin, orduak edota egunak egin ditzake bateria kargatu gabe. Horrez gain, bateriak 2.000-3.000 karga onartzen ditu, normalek baino 4-5 aldiz gehiago. Entxufatuta bateria kargatzeko osagarria ere badu, korrontearen gorabehera altuentzako prestatuta. Eta, hori gutxi balitz, soka bati tiraka karga daiteke; Horri esker, elektrizitaterik ez dagoen tokietan ere erabil daiteke.

XOak Wi-Fi erabiltzen du Internetera konektatzeko. Bi antena ditu, ordenagailuaren tapa irekitzeko derrigorrez altxa behar direnak, eta horien bidez ohiko Wi-Fi txartelek baino irismen handiagoa du. Gainera, ekipoa itzalita dagoenean ere, Wi-Fi sistemak router gisan funtzionatzen du, eta konexio-puntutik urrutiegi dauden haurren ordenagailuei konexioa ahalbidetzen die. Hori guztia ohiko Wi-Fi konexioek baino askoz gutxiago kontsumituz. Bideokamera, mikrofonoa, bozgorailuak, 3 USB ataka eta SD txartelarentzako slot-a ere baditu, eta 'istripuetarako' ere prestatuta dago: teklatua iragazgaitza da (ura edo lurra lasai bota dakioke, ez da barrura sartzen) eta ez da beste ordenagailu eramangarriak bezain hauskorra, lurrera erorita ez da apurtzen.

Noski, horrelako ezaugarriak prezio txikian lortzeko, beste gauza batzuk sakrifikatu behar izan dituzte. Beste osagai gehienak ez dira ohiko ordenagailuenak bezain azkarrak edo ahaltsuak: mikroprozesagailua AMD etxekoa da, 433 MHz-ko abiadurakoa eta kontrolatzaile grafikoa integratuta du; 256 MBeko DDR memoria du, eta ez du disko gogorrik, 1 GBko flash memoria bat baizik.

Gainera, kontsumo txikia lortzeko, XO ordenagailuak ez du inongo parte mekanikorik: ez du disko gogorrik, diskete-unitaterik edo CD/DVD irakurgailurik (horrelako periferikoak USB atakatik konektatu daitezke nahi izanez gero). Eta haizegailurik ere ez du, ez baitu behar; prozesagailuak duen abiadurarekin ez da apenas berotzen.

XOaren programa guztiek elkarlanerako aukera ematen dute: nahikoa da aplikazioa partekatzea, jarduera taldeka egin ahal izateko, norbera bere ordenagailutik arituta.
www.olpcnews.com/C. Gomez Monroy
Laburbilduz, XO ordenagailua gaur egun merkatuan dagoen beste edozein baino askoz ahalmen txikiagokoa izanagatik, ez du ezer horiei inbidiatzekorik. Ordenagailu batek egin ditzakeen ia gauza guztiak egin ditzake, ia besteen abiadura berdinean. Ingeniaritza-lan ikusgarria egin dute, eta geek eta teknologiazale ugari liluratuta ditu XO txikiak.

Hezkuntza helburu

Baina Negropontek berak maiz esan duen bezala, OLPC ez da ordenagailu eramangarri baten proiektua, hezkuntza-proiektu bat baizik. Horregatik, oso garrantzitsua da softwarea ere. Daukan guztia software librea da, normala denez hirugarren mundurako proiektu batean. Linux sistema eragilea du, Fedora banaketa zehazki. Interfaze grafiko gisa, proiektu honetarako berariaz diseinatutako Sugar izenekoa dauka, ohituta gaudenetatik oso ezberdina baina haurrentzat edo ordenagailu bat lehen aldiz hartzen duen batentzat oso intuitiboa.

Hainbat software orokor ditu instalatuta, ikasteko balio dutenak: Internet nabigatzailea, RSS-irakurgailua, testu-prozesadorea, txat-programa, audio- eta bideo-grabaziorako eta -erreprodukziorako programak, komando-lerroko terminala, marrazteko programa, dokumentu-irakurgailua, kalkulagailua... Eta hezkuntzarako beste programa asko, horietako asko jokoak, Piageten irakaskuntza konstruktibistaren teorian oinarrituak: bikoteen jolasa, musika konposatu eta ikastekoak, programatzen ikasteko jokoak, osziloskopioa, bi XOren arteko distantzia neurtzeko programa...

Horrez gain, mundu osoko laguntzaile askok XOrako sortutako programa ugari oso erraz jaits eta instala daitezke, eta egunetik egunera berriak agertzen dira. Eta, Linux sistema bat denez, Linuxerako egindako edozein software jaits eta instala dakioke.

Azken bi urteetan, hainbat herrialdetako herrixka batzuetan esperientzia pilotuak egin dituzte XOaren prototipoak eskoletan banatuz, eta badira hilabete batzuk produkzioko modeloa erosi duten herrialdeetako eskola batzuetara XOak iritsi direla. Haurrek egin dioten harrera eta balorazioa ezin hobeak omen dira. Bizitza aldatu die, mundu berri bat ireki. Aurrez imajinatu ezinezko erabilerak ematen dizkiete, batak bestearengandik ikasiz.

Herrixka askotan, XOa iristeak benetako aldaketa ekarri du, eta esperientzia oso politak irakur daitezke sarean. Adibidez, Peruko Arahuay herrixkan eskolara doazen haurren kopurua 10 aldiz handiagoa da XOa iritsi zenetik, lehen txikitatik nekazari-lanetan hasten baitziren haurrak. Eta Indiako Khairat herrixkan bueltaka dabiltzan behiak erabiltzen dituzte dinamo baten bidez eskolako XOentzako elektrizitatea lortu eta haurrak eskuz kargatzen ez ibili behar izateko.

Indiako Khairat herrixka: behiak lanean eta haurrak eskolan.
OLPC/India

Hedapena, ez behar bezalakoa

Beraz, OLPC proiektuaren balorazio kualitatiboa ezin hobea da. Makina bikaina diseinatu dute, eta helburuak ederto bete ditzakeela erakutsi du. Alabaina, proiektuaren balorazio kuantitatiboa ez da hain ona. Tunisian 2005eko azaroan izandako Informazioaren Gizarteari buruzko Goi Bileran lehen prototipoa aurkeztu zutenean, oso harrera ona izan zuen, eta gobernuburu askok adierazi zuten interesa. Eta Davosen 2006ko urtarrilean izandako Munduko Ekonomia Foroan, Nazio Batuen Garapenerako Programak OLPC proiektua babestu zuen. Hori guztia ikusita, oso aurreikuspen baikorrak egin zituen OLPCk: 2007an 10 milioi eta 2008tik aurrera urtero 100 edo 150 milioi unitate saltzea espero zuten. Eta oraindik milioi batera ere ez dira iritsi salmentak...

Arrazoiak asko dira. Hasteko, behin betiko lehen modeloaren fabrikazioa 2007ko azarora arte berandutu da. Gainera, iragarritakoaren ia bikoitza balio du. Igoeraren zati handienaren errua, baina, ez dute OLPCkoek, azken urteetako dolarraren jaitsiera etengabeak baizik. Alabaina, igoerak atzera bota ditu hitza emandako hainbat herrialde, Txina adibidez, eta ordenagailu merkeak egiteko euren programa propioak garatzen hasi dira batzuk, India eta Venezuela kasu.

Beste arrazoi nagusietako bat, zalantzarik gabe, konpainia handi askok proiektuaren aurka dituzten interesak dira. Orain arte herrialde behartsuengatik batere kezkatu ez diren ordenagailu- eta software-ekoizle askok, etorkizuneko merkatu handi bat beste batek eraman ez dezan, euren produktuak eta kontraeskaintzak atera dituzte. Microsoft, adibidez, Windows eta Office hiru dolarretan eskaintzen hasi zen iazko apirilean garabidean dauden herrialdeetako haurrei. Eta Intel-ek, OLPCri lehia egiteko, Classmate ordenagailua atera du, erabiltzaile berdinentzat, eta ezaugarrietan antzekoa izan nahi duena, nahiz eta lortu ez (garestiagoa da, hamar aldiz gehiago kontsumitzen du, Wi-Fiak irismenaren herena du eta ez du proxy gisa funtzionatzen...).

Bi produktu horiek ez liokete round bat ere eutsiko XOari, baina, hala ere, hainbat herrialde eurenganatu dituzte, bi enpresa erraldoiok OLPCk ez duen beste gauza batzuk dituztelako: azpiegitura komertziala lurralde askotan, lehentasunezko tratua medioetan eta, zergatik ez esan, multinazional guztiek bezain eskrupulu gutxi. Eroskeria eta intoxikazio-kanpainetan adituak izan ohi dira multinazionalak, eta kasualitatea izateko gauza gehiegi gertatu dira: OLPCren aurkako teoria konspiranoikoak (Negroponteren anaia John AEBko inteligentzia-zerbitzuen zuzendaria delako, XOen kokapena satelite bidez jakin dezaketela eta XOen edukiak ikus ditzaketela esan izan da), Nigerian XOaren teklatuak patente bat hausten omen duelako auzitara eraman dute, eta ezin da banatu, herrialde batzuek Windows instalatuta izatea eskatu diote...

Eragozpen eta arazo horiek guztiak medio, OLPC proiektuak egin nahi ez zituen hainbat gauza egitera behartuta ikusi du bere burua. Esaterako, OLPCk kritikak jaso zituen AEBn bertan ere badituztelako IKTak eta hezkuntza-arloan beharrak dituzten zonaldeak, eta, azkenean XO batzuk bertako eskola batzuetan saldu behar izan dituzte. Edo proiektua bera finantzatzeko Give One Get One kanpaina martxan jarri behar izan dute, AEBn eta Kanadan erabiltzaile indibidualei XO ordenagailua prezio bikoitzean erosteko aukera emanez eta, hala, hirugarren munduko haur bati beste bat oparituz --83.000 saldu dituzte--.

Uruguaik ehun mila XO unitate erosi eta banatu ditu Ceibal proiektuaren baitan.
www.proyecto-ceibal.blogspot.com
Azkenaldian gainera, Microsoft-ekin elkarlanean hasi behar izan dute Windows-en bertsio bat XOan instalatzea lortzeko, hainbat herrialdetan Windows instalatuta izatea eskatzen baitzieten. Hau izan da erabaki zail eta gogorrena, proiektuaren filosofia eta hasierako helburuekin guztiz aurka baitoa: batetik, proiektuari kostua gehitzen dio, eta, nahiz eta hasieran Microsoft prest egon XOrako Windows doan lizentziatzeko, etorkizunerako sistema garesti batera lotzen ditu hirugarren munduko haurrak; eta, bestetik, proiektuaren aprobetxamendu egokirako eta etengabeko hobekuntzarako software librea da aukera onena. Baina OLPCk exijentzia horietara makurtu behar izan du...

Aldaketa teknologiaren munduan

Edozein modutan, dela XOaren bidez nahiz beste batzuen ordenagailuen bidez, hirugarren munduko haurren alfabetatze teknologikoan aurrerapenak egingo direla ez dago dudarik, dena OLPCk irekitako bideari esker. Baina hirugarren munduko hezkuntzaren egoera ez da OLPCk aldatzea lortu duen gauza bakarra, teknologiaren mundu osoan ere eragin du.

Izan ere, ordenagailu eramangarrien ekoizleak hasi dira herrialde garatuetarako ere modelo merke eta arinak komertzializatzen. Lehenengoa eta ezagunena Asus-en EEE PC da, baina beste batzuk ere badira: Longmeng txinatarra, VIAren Nanobook... Eta mahai gaineko ordenagailuetan ere 200 dolarretik beherakoak ateratzen hasi dira AEBn, azalera handiko denden bidez banatuta: Everex gPC (Wal-Mart), Mirus Linux PC (Sears), Shuttle KPC... Urtarrilean Apple-k aurkeztutako Macbook Air famatuak ere, gutun-azal batetik aterata aurkeztu zuten munduko ordenagailurik meheena omen den horrek ere, asko zor dio XOari. Noski, ezin dira biak konparatu, Macbook Air askoz ahaltsuagoa da (beharko, 10 aldiz gehiago balio baitu!), baina XOaren iturrietatik asko edaten du: arina, prozesagailua ez hain potentzia handikoa, disko gogor txikia, CD/DVDrik ez, Ethernet atakarik ez...

Ohiko eramangarriak baino askoz eramangarriagoa da XO txikia.
E. Carton

Azken finean, XOa diseinatzean erabilitako irizpideak (merkea, arina, kontsumo txikikoa) eta hori lortzeko bidea (flash memoriak disko gogorren ordez, CD/ DVDrik ez, potentzia baxuagoa); herrialde garatuetarako ere egokiak dira, zalantzarik gabe. Hemen, ordenagailu eramangarrien ekoizleek markatu izan dute orain arte bidea: beti gero eta ordenagailu azkarragoak, disko ahaltsuagoekin eta gaitasun grafiko hobeekin egin izan dituzte, baina pisutsuak eta garestiak. Auskalo zergatik egin duten hori, inertziagatik, edo ekoizleen arteko lehiagatik, edo prezioak ez jaistea justifikatzeko...

Behintzat, orain, ordenagailu-ekoizleak konturatu dira potentziagatiko lasterketa zoroaren antzuaz eta, neurri baten bederen, irizpide praktikoagoekin hasi dira lanean (prezioa, pisua, kontsumoa, baliabideen aprobetxamendua eta optimizazioa...). Azkenean, OLPC apalaren XO txikiak enpresa teknologiko handien mundua ere irauli du.

Informazio gehiago:

http://en.wikipedia.org/wiki/One_Laptop_Per_Child

http://www.olpcnews.com

http://www.laptop.org

Leturia Azkarate, Igor
3
240
2008
3
032
Hardwarea; Softwarea
Artikulua
37

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.