Gurpil-aulki berrirantz

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Gurpil-aulkiaren beharra duten mugikortasun gutxiko pertsonek ohiko jardueretarako ezintasuna sentitzen dute maiz. Esaterako, ezgaitasun fisikorik ez duen pertsona batek ez du aparteko ahaleginik egin behar atea irekitzeko. Aldiz, mugikortasuna gutxitzen dion arazo fisikoren bat duenarentzat, ate hori ezin gaindituzko muga bihur daiteke.
Gurpil-aulki berrirantz
2006/01/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: artxibokoa)

Gurpil-aulkian eserita gelditu diren pertsona horien kasuan, askotan, teknologia oso baliagarria izan da, eta izango da, haien bizitza errazteko eta eguneroko mugak gainditzeko.

Horrekin lotuta, Tekniker zentro teknologikoak gurpil-aulki berri bat garatuko du, Kutxaren Gizarte Ekintzaren laguntzari esker. Proiektuak bi urte iraungo du, eta, beraz, gurpil-aulkia 2007rako prest izatea espero dute.

Gurpil-aulki berriaren ezaugarriak kontu handiz aukeratu dituzte, Bidaideak, Elkartu, Gene eta minusbaliatuen beste hainbat erakunderekin bildu ondoren. Hala, garatuko den prototipoak oinarrizkotzat jotzen diren hainbat ezaugarri izango ditu: merkea izan beharko du (gutxi gorabehera, 9.000 eta 12.000 euro bitarteko prezioa izango du), mantentzeko erraza, esekidura egokikoa, ergonomikoa eta erregularra, autonomia handikoa, koskak igotzeko gaitasuna duena, iraulketen aurkako sistemaduna eta argiak dituena, gauez erabili ahal izateko.

Berrikuntza, zertan?

Gaur egun, gurpil-aulkiaren beharra duten mugikortasun gutxiko pertsonek ere egiten dute kirola.
artxibokoa

Oinarrizko ezaugarri horiez gain, merkatuan dauden aulkietatik bereiziko duten beste hainbat izango ditu. Esate baterako, minusbaliatuak aulkian bertan igotzeko aukera izango du, armairuetara edo salmahaietara iristeko, edo oinezkoekin aurrez aurre hitz egiteko, haien aurpegien parean jarrita; alegia, aulkia altuera ezberdinetara egokitzeko modua egongo da. Horrez gain, urruneko agintea izango du, aulkia kanpotik mugitu ahal izateko, hau da, norberarengandik urruntzeko nahiz norberarengana hurbiltzeko. Aldi berean, aulkiak mugimendu-askatasun handia izango du --bira osoa eman ahal izango du--.

Hemendik aurrera, lur irregularretan ibiltzea ez da oztopo izango. Izan ere, aulki berri horrek eremu zailetan, kanpoan nahiz barruan, ibiltzeko gaitasuna izango du, betiere, azelerazioaren kontrol adimenduna izanik. Hau da, azelerazioak nolabaiteko muga batzuk ditu, eta, gurpil-aulkiari gehiegizko azelerazioa ematen zaion kasuetan, sistemak mugak ezartzen ditu. Izan ere, azelerazioak pixkanakakoa izan behar du. Bestela, oharkabeko azelerazio bortitz batek arriskuan jar dezake gurpil-aulkiaren erabiltzailea.

Gurpil-aulkia hainbat aginteren bidez kontrolatzeko aukera egongo da, besteak beste, joy stick-a (oro har, horrelakoak ikustera ohituta gaude), begirada, buruaren mugimenduak etab. Dena den, ohiko metodoak ere izango ditu, hau da, aulkia eskuz kontrolatzeko aukera eta esku-frenoa izango ditu. Bestelako garraiobideetan --hala nola, trenetan, autobusetan eta abar-- seguru joan ahal izateko, ezinbestekoa izango da baita ere gurpilak blokeatzeko aukera izatea gurpil-aulkiak. Azkenik, euritik babesteko sistema berezi bat ere izango du, kapota antzeko bat.

Beste hainbat ezaugarri aztergai

Gurpil-aulkiaren beharra duten pertsonek zailtasunak dituzte eguneroko hainbat jarduera egiteko; eskailerak igotzeko edo jaisteko, esaterako.
mec

Nolanahi ere, gurpil-aulkiak, prezioan ez ezik, ezaugarrietan ere automobil baten antz handia izango du. Horrexegatik, aipatutako ezaugarri horiez guztiez gain, beste hainbat ere aztertuko dituzte.

Gurpilak aldatu behar direnean, esaterako, horiek azkar aldatzeko sistemak aztertuko dituzte, eta baita zulaketen aurkako sistemak ere. Bestetik, eguraldi hotza nahiz beroa ez dira aurrerantzean oztopo izango gurpil-aulkian ibiltzeko, minusbaliatua goxo-goxo sentiarazteko, kasuan kasuko hozte- eta berotze-sistemak ikertzen ari baitira adituak. Garabien antzeko sistemak ere ari dira aurkitzen, aulkira eta aulkitik egin beharreko mugimenduak errazteko, eta baita aulkia desmuntatzeko aukera ere, garraiatu ahal izateko. Azkenik, domotika aulkian integratzea ere aztergai dute proiektu honetan lanean ari diren adituek.

Zalantzarik ez dago teknologiak gure bizimodua aldatzen jarraituko duela. Fikzioa dirudi horrek guztiak, baina ez da hala. Gaur egun gizartean dagoen eskaera nahiko zabala da. Gurpil-aulkiari lotuta bizi diren mugikortasun gutxiko pertsonek aulki berrien eta aurreratuen beharra ikusten dute. Eta hala jarri da martxan egitasmoa. Helburua bat eta bakarra da: teknologia aurreratuenak eta berrienak gizarteratzea, eta, ahal den neurrian behintzat, mugikortasun gutxiko pertsonentzat eguneroko oztopo bilakatzen diren ekintza horiek guztiak egiteko bideak aurkitzea.

Kortabitarte Egiguren, Irati
3
216
2006
1
038
Teknologia; Ikerketa-zentroak
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila