Gaur egun, ikerketa teknologikoek duten garapena gauza jakina da, eta ez pentsa gero, medikuntzan eraginik ez dutenik. Ingeniari eta sendagileak etenik gabe ari dira elkarlanean lan-teknika eta robot berriak sortzeko.
Europako Batzordeak dioenez, 2002 urtean, robotika erabilita 800.000 ebakuntza egingo dira.
Azken urte hauetan medikuntzan teknologia berriek egin dituzten ekarpenak ez dira gutxiesteko modukoak. Mikroteknologia, endoskopia eta informatika bateratzeak iraultza sortu du ebakuntza-geletan lan-teknikak goitik behera aldatu baititu.
Jadanik ebakuntza zenbait egiteko ez da 10-15 zentimetroko ebakia egin beharrik, ebakidura txiki batzuekin nahikoa da. Kirurgialariek zulo horretatik, ebakuntza egingo den lekuraino 1,8 eta 10 milimetro bitarteko diametroa duten tutu luzeak sartzen dituzte. Tutu horietako batetik gas karbonikoa insuflatzen da kirurgialariak lan egiteko leku gehiago izan dezan. Beste tutuetatik berriz, muturrean mikrokamera bat eta tresna kirurgikoak lerratzen dituzte. Mikrokamerak hartzen dituen irudiak pantaila batean agertzen dira, eta horiei esker gidatzen ditu sendagileak bere mugimenduak. Bideo-jokoetan lez, kirurgialariak guraize-itxurako aparatuekin egiten du lan.
Ebakuntzak egiteko teknika berri horrek abantaila asko ditu, bai sendagilearentzat eta bai gaixoarentzat. Kameraren irudietan, kirurgialariak gorputz-zatiaren irudi osoagoa du begi-bistan, eta horrek zehaztasun handiagoarekin lan egiteko aukera ematen du. Gaixoari ere hainbat onura ekarri dizkio, ebakia txikiagoa izanik suspertze-fasea ez baita hain mingarria. Ebakuntza ondorengo odol-transfusioa saihestearekin batera, anestesia arinagoa eta orbaitze errazagoa bermatzen ditu.
Informatikari esker, ebakuntza egiten ari den kirurgialaria ez da inoiz bakarrik sentitzen. Hain zuzen ere, telekirurgia delakoan, mikrokamerak hartzen dituen irudiak ebakuntza-gelatik kanpo ikus daitezke ordenagailu bidez konektatuta egonez gero. Horrela, ebakuntza egitean kirurgialariak dudarik badu, une berean, beste aditu bati aholkua eska diezaioke. Horixe da, hain zuzen ere, hain oihartzun handia izan duen ebakuntza interaktiboa.
Informazioa trukatzeko ez ezik robot telegidatuekin ebakuntza-gelatik kanpo ebakuntzan esku hartzeko aukera ere badago. Oraindik oso erabilia ez den teknika izan arren, arteria txikien suturetan, adibidez, erabilia izan da. Izan ere, ebakuntza horrek zehaztasun handia eskatzen du eta ebakuntza zehatz eta kontuzkoak egiteko orduan kirurgialariak espezialistari parte hartzea eska diezaioke. Dena dela, adituen arabera arriskutsuegia litzateke edozein ebakuntza munduaren beste puntan dagoen sendagileak egitea. Argi-indarra moztea nahikoa izango litzateke pazientearen bizia arriskuan jartzeko. Teknika hori zehaztasun handia eskatzen duten lan jakin batzuk egiteko erabiliko da.
Ikertzaile eta kirurgialariek orain duten helburuetariko bat ebakuntza kontuzkoak gaixoa ireki baino lehen prestatu ahal izatea da. Orain arte ezinezkoa bazirudien ere, gibeleko ebakuntzan ikerketak oso aurreratuak daude.
Programa informatiko bati esker, eskaner bidez hartutako gibelaren irudiak hiru dimentsiotara pasa daitezke. Programa hain da konplexua, ezen ordenagailuak ordu-erdi behar baitu bere lana egiteko. Konplexua bai baina eraginkorra ere bada, 3 milimetroko tumore txikiak ere detektatzen ditu.
Ondoren, kirurgialariak birtualki tumorea detektatu duen zatia mozten du. Gibelean hiru puntu markatzen ditu eta ordenagailuak ablazio horren ondorioak zein izango liratekeen erakusten du. Horrela, kirurgialariak erauzketa hori edo beste bat egitea erabakitzen du.
Ideia berarekin 2006rako, aldez aurretik programatu ahal izango den roboscope robota sortu nahi dute. Hemen ere, eskanerrari esker ebakuntza egin behar den organoaren irudia pantailan ikusiko da. Roboscope ordenagailuarekin konektatuta egongo denez, kirurgialariak, organoan ariko balitz bezala, pantailako irudian eginen ditu ebakuntzak. Horrela, norabide lanjerosak identifikatu eta robotaren besoa norabide horietan ez mugitzeko programatuko da. Gainera, beso artikulatua kirurgialariak batere zailtasunik gabe higitzen du, baina mekanikoki mugatua dago ezustean mugimendu zakarrik egin ez dezan. Segurtasun osoa bermatzen du, beraz.
Bestalde, ebakuntza aldez aurretik irudikatzeak ikasleak trebatzeko ere balioko du. Beraiek mugimenduak nahi adina bider errepika ditzakete konfiantza eta eraginkortasun osoa lortu arte. Medikuntzaren ikuspegitik sendagileak bat datoz mugimendu zehatza egiteko era horretako aparatuak ezinbestekoak direla esatean.
Robotikaren helburua ez da medikua ordezkatzea, bere lana erraztea eta hobetzea baizik. Sendagilea nekatuta edo urduri dagoenean gerta daitezkeen ezusteko edo lan eskasak saihestuz segurtasun handiagoa bermatu nahi da.
1999an egin zuten Aescop robota "kirurgialariaren hirugarren eskua" izendatu zuten. Robot hori artikulazio bat duen beso luzea da eta bere "eskua" ebakuntzetan behar-beharrezkoa den mikrokamera da. Hainbatetan ikusi diren beso luze horietakoa dela iruditu arren, badu berrikuntza handia: kirurgialariak aginduak hitzez ematen dizkio. Jacques Marescaux, Telekirurgiako Institutu Europarra eskolaren sortzailearen iritziz, "benetan garrantzitsua da ebakuntzak irauten duen lau edo sei orduetan, kamerari eusten inork egon behar ez izatea. Lan aspergarria izateaz gain, nekeak eraginda gizakiaren besoan dardara sortzen da, eta ordu batzuen buruan, ez dira oso irudi garbiak lortzen". Aescop robota gidatzeko, aldez aurretik, kirurgialariak "argia piztu", "jaitsi", "eskuinera" eta era horretako 23 agindu grabatu behar ditu.
Diseinatzen diren robot guztiak ez dira ebakuntza kirurgikoetan erabiliko. Adibidez, Frantziako Tolosako SINTER enpresan egiten ari diren Hippocrate robota gaixotasun kardio-baskularren prebentziorako erabiliko da. Ordenagailu batek gidatzen duen beso luze batez osatua dago. Beso horren "eskua" ekografia egiteko erabiltzen den zunda da. Diseinu burua den J. Gariepy sendagileak adierazi digunez, "gaur egun, ekografia oso erabilia bada ere, ekografoarenmugimendu txikiengatik ezinezkoa da arterien jarraipen zehatza egitea." Robot horrekin, ekografia egitean arteriari egiten zaion presioa kontrolatu ahal da. Horrela, ultrasoinuen seinalea iragaiteko beharrezkoa den presioa lortzen da, baina arteria deformatu gabe. Denboran zehar jarraipena egiteko beharrezkoa da beti presio berdinarekin lan egitea. Esterosklerosia, hau da arterietan plaken agerpena, galarazi nahi da. J. Gariepy sendagileak azpimarratu duenez, "pantailan agertzen den plaken irudia hiru dimentsiotan pasa daiteke eta horrek asko errazten du plaken detekzioa".
Montpelier-eko Lirm laborategiko M. Dombre ingeniaria berriz, Dermarob robotaren diseinatzailea da. Robot hori gorputzaren edozein lekutatik azala hartzeko erabiliko da, batez ere, erretako guneak konpondu eta ortopediako ebakuntzak egiteko. Azal-laginaren sakonera zenbait milimetro-hamarrenekoa izaten da eta estetika zaintzeko ahal bezain erregularra izan behar du.
Medikuarentzat lan hori biziki zail eta neketsua da hamar bat kiloko indarrarekin zanpatu behar baita. Gainera, adibidez, burualdeko azala hartzean ez da beti posizio erosoetan lan egiten. Bestalde, mugimendu horrek jakintza eta esperientzia handia eskatzen du eta trebetasuna ez galtzeko ebakuntzak eten gabe egitea beharrezkoa da. Ortopediaren kasuan, adibidez, hori ezinezkoa da gisa horretako ebakuntzak ez baitira usu egiten.
Oraingoz proiektuaren alde mekaniko eta elektrikoa egina dago eta 2001. urtean hilotzekin esperientziak egingo dituzte.
Teknologia ez da soilik ebakuntzetako segurtasuna bermatu eta pazienteak jasan beharreko ondorio latzak saihesteko landu. Izan ere, kondizio egokietan lan egiteko ideiarekin, ebakuntza-gela askotan bokalizazio bidezko sistema batek kirurgialariak gelako argia egokitzeko agindua hitzez emateko ahalmena du.
Bestalde, telekirurgia informatikaren erabilera bat bada ere, ez da bakarra! Medikuntzan informatika sarri eta gauza askotarako erabiltzen da. Harritzekoa bada ere, Internet bidezko komunikazioaren % 20 medikuntza-arloko gaiek hartzen dute. Zifra horretan sartzen dira medikuen arteko puntako informazio-trukaketak, jende ororentzat irekiak diren osasunari buruzko orrialdeak eta "Net-sendagileen" kontsultak.
Aurrerapen horiek guztiek onurak ez ezik beste ondorio batzuk ere ekarri dituzte. Izan ere, teknologia berrien erabilera eraginkorra lortu nahi bada ezinbestekoa da kirurgialarien prestakuntza egokitzea.
Asmo horrekin sortu zen 1994an Telekirurgiako Institutu Europarra (EIST), 17 ebakuntza-gela interaktibo dituen eskola. Jacques Marescau sortzaileak azpimarratzen duenez, "elkarlana ezinbestekoa zen eskola horren jarduerak finantzatzeko. Astebeteko klaseetan erabiltzen den materialaren kostua 400.000 liberakoa (10 milioi pezeta) da. Martxan jarri denetik 50 nazionalitateko 4.000 kirurgialari trebatu dira".
Hospitale eta kliniketan ere, aurrerantzean mantentze-lanerako gero eta jende espezializatu eta ikasiagoa edukitzea ezinbestekoa izango da.