Gora eguneroko kimika

Gora eguneroko kimika

Eguneroko martxak ez digu gehienetan pentsatzeko astirik ematen. Nahikoa lan izaten dugu eginbeharrei erantzutearekin; eta zenbaitzutan, gainera, hurrengo egunerako utzi behar izaten ditugu, egunak dituen hogeita lau orduak ez baitira aski izaten eginbehar guztiak burutzeko. Gauza bera gertatu zitzaien iazko UEUren udako ikastaroetan Iruñean elkartu ziren kimikariei: 24 ordutan oharkabean erabiltzen ditugun konposatu kimikoak eta kimika aztertzera elkartu ziren, baina orduak falta zituztela konturatu ziren, hain da zabala aztergaia! Dena dela, kimikak gure eguneroko bizitzan duen garrantzia berresteko parada izan zuten. Eta orain, esperientzia hori guri helarazi nahi digute, ea gu ere horretaz jabetzen garen.

Aretoa bibliografikoaren ondorioz eskuratuko liburu batzuen erakusketa. (F. Mijangos)

Kimikari-talde batek —eguneroko kimika edo bestela esanda, 24 ordutan oharkabean erabiltzen dugun konposatu kimikoak eta kimika— aztertu ditugu Udako Euskal Unibertsitateak, UEUk, bere zilarrezko ezteiak zirela eta Iruñean antolaturiko 25. ekitaldian. “Iraganak etorkizuna du” izan da bertan erabilitako lema. 1996/97 ikasturtean landu eta garatu genuen ideia; horretarako mintegi iraunkorra osatu genuen eta gure artean galdera bat plazaratu zen: nola heldu gaiari, hau da, zenbat konposatu kimiko desberdin erabiltzen ditugu egun arrunt batean? Nola bana eta deskriba genitzazke horien ezaugarri kimiko-fisikoak era erraz batez? Non aurkitu honi buruzko bibliografia?

Gaiaren ildo nagusia edo ardatza definitzeko eta, noski, horrelako galderei erantzuna emateko bilera-pare bat behar izan genituen eta noraezean ibiltzeko arriskuan geundenean, gutako bati burmuinean argia piztu zitzaion: zergatik ez diogu egun arrunt bateko gure jarduerari so egiten eta hau hizkera kimikoz deskribatzen? Zehatzago eta mugatuagoa egiteko, ohetik altxatzen garenetik berriz oheratu arteko tartea ezarri genuen eta konposatu kimikoak eta kimika hasi ziren azaltzen, hasieran apalki eta gero arrapaladan. Goazen bada, kontaketa hura gogoratzera, konposatu kimikoen izenak soilik aipatuz, ez egitura kimikoak ezta formulazioak ere.

Inbentarioa

Ohean gaudenean arropa erabiltzen dugu, hau da, zuntz naturalak, kotoia esaterako, edota zuntz sintetikoak, hala nola poliesterrak, poliamidak... Hauek aztertzeko, zuntzak makromolekulak direla kontuan hartu beharko genuke eta polimerizazioei esker lortzen direla. Halaber, makromolekulak direla eta, polibinilkloruroa, poliestirenoa edo poliuretanoa sintetikoki ekoizten direla konturatu ginen, baina egon badaude naturalak diren beste batzuk, zelulosa esaterako (paperak). Horrela multzo bat definitu genuen: makromolekulen multzoa, hain zuzen.

Egunero erabiltzen ditugun konposatu batzuen egitura kimikoa. (F. Mijangos)

Ohetik altxatu eta gero, seguraski, garbiketari ekingo diogu guztiok, ura, xaboia, gela, hortzorea, xanpua, eta abar erabiliz, hain zuzen ere; hau da, azido koipetsuen gatz sodikoak erabiliz. Ondoren kosmetikoak, koloniak, alkoholetan disolbaturiko esentzia-olioak, ezpainak koloratzeko argizari bereziak, ilea apaintzeko henna moduko koloratzailea..... Beraz, detergenteak eta kosmetikoak ere landu behar genituela ohartu ginen.

Hurrengo jarduera gosaria izan zitekeela aipatutakoan urduri jarri ginen, zer zetorkigun gainera jakinda: edozein elikagai, gutxienez, karbono-hidratoz, gluzidoz eta lipidoz osatuta dago eta hauek gure metabolismoan oxigenoarekin erre egiten ditugu energia eta abar eskuratzeko. Hau guztia, jakina, elikagaien kimika da. Baina hau ez da dena, zeren gosaria berotzeko agian butanoa edo hiri-gasa edo ikatza erabiliko baitugu; hau da, energia ere erreakzio kimikoei esker eskuratzen dugu.

Beste batzuek, berriz, bitrozeramikak edo berogailu elektrikoak erabiliko dituzte. Beraz, energia nondik eskura daitekeen ere aztertu beharra zegoela ikusi genuen.

Katilu bat edo beirazko edalontziren bat ere erabiliko genuen, edota zilarrezko goilara; eta material ez-organikoen multzoa gure aurrean zabaldu zen.

Gosaria aipatu eta hurrengo jarduera aipatzerakoan desadostasunak azaldu ziren, desberdinak garelako, zorionez: gora polidispertsitatea! baina guztietan agertzen ziren kimika eta konposatu kimikoak.

Laborategian egindako saio praktiko bat. (F. Mijangos)

Batzuek kalera irten nahi zuten apurtxo bat, itota zeudelako eta haizea hartzera joan nahi zutelako. Hauek oxigenoa kontuan hartu behar genuela esaten hasi ziren eta berehala ozonoa, klorofluorokarbonoak, CFC-ak, euri azidoa, poluzioa, berotegi-efektua etorri zitzaizkigun burura; nolabait esateagatik, atmosferaren kimika delakoaren gaia jorratu behar genuela adostu genuen. Honetan ari ginela, poluzioa gora eta poluzioa behera, batzuk egarritu eta ura etorri zitzaien burura, ur-tratamendua, oxigenoaren eskaera biologikoa, hondakin-urak eta abar ere landu behar zirela aipatu zuten.

Kutsadura, poluzioa eta antzeko hitzak, batez ere gas- eta likido-egoerakoak, aipatzen ari ginen bitartean, egoera solidoan horrelakorik gertatzen ote zen galdetu zuen batek eta berehala beste zerrenda luze bat zabaldu zen gure aurrean. Esate baterako, zer gertatzen da biodegradaezin diren plastikoekin? Eta ur-botilen PVC-arekin, kautxuz egindako autoen gurpilekin, edo gaur egun etengabe hedatzen ari diren material konposite berriekin? Konpositeak eta polimeroak, azken finean, oso antzekoak direnez, denak batera lantzea erabaki genuen.

Baina hemen, Euskal Herrian noski, ezin ditugu, zoritzarrez, lindano eta antzeko pestizidak aipatzeke utzi eta beraz, egun erabiltzen diren pestizidak, belar-hilkariak, ongarri nitrogenodunak, eta abar ere eguneroko inbentario honetan sartu behar dira.

Orain arte egindako konposatu kimikoen zerrenda kimikoki lantzea oso neketsua izan zitekeela sumatu ondoren, batek buruko mina zeukala eta ea norbaitek aspirina bat bazeukan galdetu zuen; bai aukera! zeren gure artean zeuden kimikari “organikoek” ez baitzuten egokiera hori alferrik galdu. Farmakoak, printzipio aktiboak, drogak (euskaraz droga eta ingelesez drug izendapenak oso kontzeptu zabala dauka), pilulak, jarabeak... den-dena kimika organikoarekin lotuta zegoela adierazi ziguten, eta konposatu kimiko hauetariko batzuk egunero erabiltzen ditugula ere bai, alkohola adibidetzat. Beste azpimultzo berri bat zabaldu genuen ea azido azetilsalizilikoarekin buruko mina baretzen zen.

Elektrizitatea eskuratezko CH4 gasaren erreketaren makina. (F. Mijangos)

Ez dut ondo gogoratzen, baina uste dut zerrendatze-lan honetan bero-bero geundenean, norbaiti bere erloju elektronikoak pick-pick-pick seinalea eman ziola eta elektrokimikariak zuri-zuri jarri zirela. Egunen batean, erreakzio kimikoei esker lortutako energia elektrikoa erabiliko ez bagenu ez dakit zenbat erloju, irrati, kalkulagailu eta antzeko gailu geratuko liratekeen geldirik. Beraz, pila alkalinoak, bateriak, efektu fotoelektrikoa eta landare berdeen fotosintesia ere redox prozesuak dira eta egunero-egunero erabiltzen ditugu.

Eguna aurrera joan da eta neka-neka eginda gaudenez ohera joateko ordua ailegatu dela konturatzen gara, beraz, argia amatatu eta… Argia! Fluoreszenteak edo wolframiozko bonbilak edo neon gorria edo sodio horiak kimikari esker ikusten ditugu, hain zuzen ere. Nolabait esateagatik, argiaren kimika. Laserrak, su artifizialak, ipurtargiak, poxpoluak, kandelak erreakzio kimiko eta konposatu kimikoei esker ikus ditzakegu; beraz, hor ere landu beharko genuke.

Argia amatatu eta gero oraindik ezin dugu lorik hartu, egunean zehar erabiltzen ditugun konposatu kimikoen eta kimikaren irudiak etengabe ari baitira pasatzen gure burmuinean. Eta horien artean gure zilarrezko eraztuna, edo urrezko belarritakoak, edo karea, pintura, porlana ikusten ditugu. Azkenean loak hartzen gaitu eta bihar arte.

Ikastaro honetan, dibulgazio-mailan kokatuta, egunero erabiltzen ditugun konposatu kimikoak eta kimika aipatu eta beren ezaugarri kimiko-fisikoak landu nahi izan ditugu, hain zuzen ere, kimika eta konposatu kimikoen garrantzia agertarazteko. Halaber, Estatu Batuetako datuak erabili baino, ahal izan dugun neurrian, Euskal Herrikoak eskuratu nahi izan ditugu, hemengo irudiak, arazo ekologikoak, eta batez ere konposatu kimiko hauek ingurugiroan sortzen duten eragina landuz. Ikastaroa aipaturiko gai guztiak lantzeko laburregia geratu zaigula aitortu behar dugu. Dena dela gauza batzuk, agian deigarrienak, azpimarratu nahi nituzke:

  • Laborategian egindako saio praktikoak; esate baterako, estropadetarako traineruak materiak konpositeez nola egin daitezkeen, eta gai honetaz enpresario kimikari batek kontatutakoa entzun ahal izan genuen.

  • Iruñeko farmazeutikoek osatutako kooperatiba eta lantegi honetan ekoizten dituzten farmakoak. Bertatik etorritako teknikari euskaldun batek, bideo bat emateaz gain, oso hitzaldi adierazgarria eskaini zuen. Eta gero laborategian farmako batzuen printzipio aktiboak identifikatu genituen kromatografiaren bidez, kalitate-kontrola eginez.

  • Hondakin-urak purifikatzeko Iruñean dagoen Aratzuriko zentrora joan ginenean, bertako kiratsa a zer nolako gorakadak eragin zizkigun! Hala ere, interesgarria izateaz gain, bisitaldi gidatua euskaraz jaso genuen eta aurrerapen teknologiko interesgarri batzuk bertan ikusi ahal izan genituen. Esate baterako, hondakin-uretatik ateratako lehengai organikoen hartzidura anaerobikoez metanoa ekoizten zuten, eta hau makina termiko batean erre ondoren elektrizitatea lortu eta “esportatzen” zuten.
Ikastaron parte hartu genuenok azalpenak entzuten eta "itxura ona ematen". (F. Mijangos)

Penaz, agian, energia berriztagarriei dagokienez parke eolikoa behin eta berriro aipatua izan genuen, baina bertara joateko txango bat antolatzea ezina gertatu zitzaigun.

Hala ere, batek esaten zuenez “zeozer laga biu datorren urterako”.

Emandako ikastaro hau unibertsitateetako lizentziatura-ikastaroetan sartu ahal izan da norberak aukera libreko kreditu gisara.

Artikulu hau amaitzeko, ikastaro hau gauzatu ahal izateko emandako laguntzagatik eskerrak eman nahi nizkieke Udako Euskal Unibertsitatekoei.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila