Prismatiko arrunt batzuk hartuta ikus daitezke Jupiter eta haren inguruan dabiltzan lau satelite handienak. Izan ere, ez zen prismatiko arrunt bat baino askoz gehiago Galileok erabili zuen tramankulua 1610ean deskubritu zituenean. Lehen une hartatik hasita izan dira oso baliagarriak gizakiarentzat: unibertsoaren egitura eta funtzionamendua ulertzen lagundu dute, eta argiaren abiadura zehazten, besteak beste.
"Gizakiak ezagutu zuen lehenengo sistema independentea izan zen", nabarmendu du Santiago Pérez-Hoyos EHUko astrofisikariak. Hau da, lehenengo aldiz ikusi zen badaudela Lurrarekiko independente mugitzen diren gorputzak. Eta erabilera asko eman zizkioten sistema horri, baita astronomiatik kanpo ere. Adibidez, XVII. mendeko itsasgizonek satelite horiei begiratuta jakiten zuten Lurreko zein longitudetan zeuden. "Galileok berak asmatutako sistema bat erabili zuten horretarako", gaineratu du Pérez-Hoyosek.
Handi samarrak direnez, Lurretik bertatik azterketa asko egin dituzte satelite horiei buruz, eta oraindik ere egiten dituzte. Baina satelite galileotarrek egindako ekarpenak izugarri handitu ziren espazio-agentziek haraino zundak bidali zituztenean. "Lehenengo zundek, Pioneer 10 eta 11 k, eta, bereziki, Voyager 1 eta 2 k, eragin zuten eguzki-sistemari buruz genuen ezagutza goitik behera aldatzea", dio Pérez-Hoyosek.
Adibidez, Voyager zundek agerian utzi zuten Ion sumendiak daudela, eta izugarrizko jarduera geologikoa duela. Oso sumendi bortitzak daude Ion, eta Everest baino altuagoak diren mendiak ere bai. Hori guztia Lurraren laurden bat den satelitean.
Horrelako satelite txikiek hain jarduera geologiko handia izateak ez zuen bat egiten aurrez zeuden usteekin. "Betidanik pentsatu dugu espazioko edozein gorputzek ezin zuela jarduera geologikoa izan. Uste genuen masa eta tamaina jakin bat izan behar zutela beren barneko energia nahikoa handia izan zedin jarduera eragiteko" dio Jesús Martínez-Fríasek, CSIC-INTAren Astrobiologia Zentroko planeta-geologoak. Alabaina, satelite galileotarrek erakutsi diete ez duela zertan horrela izan, eta Io bezalako gorputz txikiek jarduera bolkanikoa izan dezaketela baldin eta beharrezko energia kanpotik jasotzen badute.
Kasu horretan, kanpoko energia-iturria Jupiter bera da, hein handi batean. Duen masa handiak izugarrizko marea-indarra eragiten du Ion. Horren eraginez, Io pixka bat deformatzen da Jupiterren inguruan biraka joan ahala. Deformatzean, Ioren osagaiak, arrokak eta izotz-zatiak, elkarren kontra igurzten dira; igurtzaldietan beroa sortzen da, eta bero horrek eragiten ditu sumendiak.
Jupiterrez gainera, dena den, badaude beste faktore batzuk marea-indarra handitzen dutenak. Horietako bat da Iok, Europak eta Ganimedesek eratzen duten grabitate-sistema berezia. Ez dira edonola biratzen, eta denek denei eragiten diete. Esaten da erresonantzian daudela, 1:2:4 deritzon erresonantzian, alegia. Horrek esan nahi du Ganimedesek, hiru horien artean Jupiterretik urrunen dagoenak, bira bat emateko behar duen denbora-tartean Europak bi bira ematen dituela eta Iok, hurbilen dagoen sateliteak, lau bira ematen dituela.
Marea-indar handiak ez dio Iori bakarrik eragiten; Europan ere somatzen da haien eragina. Europaren gainazala distiratsua eta oso laua da; horrek iradokitzen du, eta egindako neurketek ere adierazten dute, ia izotza besterik ez duela gainazalean. "Dena den, litekeena da hango izotzak inongo zerikusirik ez izatea Lurrean dugunarekin", adierazi du Martínez-Fríasek. Europan, tenperatura -160 ºC da ekuatorean, eta -210 ºC poloetan. Kondizio horietan, granitoa bezain gogorra da izotza, eta izotzarekin lotuta geologia konplexua dago Europan: "Azken batean, izotza beste mineral bat da, eta, kondizio horietan, kriomagmatismo deritzon jarduera bolkanikoa eragiten du: sumendiak egon badaude, baina sumendietatik ateratzen den magma ez da hemengoa bezalakoa, silikatozkoa, baizik eta izotzezkoa", dio.
Izotzezko gainazal horren azpian ere izotzarekin lotutako osagaiak daudela iradokitzen dute Europan egindako behaketek. Ion gertatzen den bezala Europa ere marea-indarraren eraginpean dagoenez, adituek uste dute oso litekeena dela ur likidozko ozeano handi bat egotea Europan, elkarren kontra igurztean urtu direlako, nonbait.
Ideia hori indartzen dute Europaren gainazalean ikus daitezkeen zartadurek: "Oso interesgarriak dira, adierazten baitute sateliteak jarduera geodinamikoa duela" argitu du Martínez-Fríasek. Gainera, haraino hurbildutako zundek espektrometro bidez detektatu dute Europan gatzak ere badaudela. "Leku jakin batean ura, gatzak eta jarduera geodinamikoa egoteak pentsarazten digu litekeena dela nolabaiteko bizia egotea Europan" zehaztu du.
Batak oso jarduera handia duelako, ikusgarria delako, eta bestea bizidunak izateko hautagai sendoa delako, azkenean Iok eta Europak bereganatzen dute adituen arreta osoa. Hala, bada, Ganimedes eta Kalisto alde batera gelditu dira, nahiz eta haiek izan satelite galileotar handienak. "Lau senideko familia horretan, bik izugarrizko protagonismoa dute; horrek ez du esan nahi besteak interesgarriak ez direnik, baina ez da arreta nahikorik jartzen haietan", arrazoitu du Martínez-Fríasek.
"Eta litekeena da Ganimedesek ezustekoren bat ematea", gaineratu du. Izan ere, litekeena da Ganimedesek ere ur likidozko itsaso bat izatea azalaren azpian. Baina ez dago hain argi, Ganimedesko ereduak ez baitaude Europakoak bezain landuta. Dirudienez, dena den, Europan baino sakonera handiagoan egongo litzateke. Horretaz gainera, bere eremu magnetikoa duen satelite bakarra da galileotarren artean, ehundura edo egitura desberdineko materialak ageri ditu gainazalean, beste biekin batera erresonantzian orbitatzen du eta abar. Hau da, lehentasunak ezartzeko orduan galtzaile atera bada ere, Ganimedesen egon badago zer aztertu, zalantzarik gabe.
Berezitasunak izanda ere Ganimedesek ez baditu bereganantz erakarri ikertzaileak, pentsa non dagoen Kalisto lehentasun-zerrenda horretan. Kalisto kraterrez josia dago; oso gainazal zaharra duela adierazten du horrek. Beraz, jarduera geologikoa izango balu ere, jarduera hori ez litzateke nahikoa handia izango gainazala birmoldatzeko. Gainera, ez dago besteekin erresonantzian, eta, ur likidoa izatekotan, Ganimedeskoa baino barrurago egongo litzateke.
Io eta Europa artean, bigarrena da, zalantzarik gabe, zientzialarien kuttuna. Eta datozen urteetan ere badirudi hala izaten jarraituko duela. Izan ere, ez dirudi zientzialariek aukera galdu nahi dutenik jakiteko Europan bizidunik dagoen, egon den, edo inoiz egoteko kondizioak ote dituen.
Horrenbestez, Estatu Batuetako NASA, Europako ESA eta Japoniako JAXA elkarlanean ari dira, bereziki Europa eta Jupiter aztertuko dituen EJSM/Laplace misioa aurrera atera dadin. "Misioa onartzeko azkeneko faseetan daude, eta indar handia egiten ari dira horren alde agentziak" azaldu du Pérez-Hoyos astrofisikariak.
Misio horretan, Europaren askoz xehetasun gehiago ezagutuko dituzte. Oraindik izango dute, hala ere, gainditu beharreko erronka bat: Europak ustez duen ozeano horretara iristea; alegia, Europaren barrura sartzea. Baina helburu hori oso urruti dago oraindik.